Zertan lagundu zidan eta zelan lagundu ahal dit “Nerabezaroari… beste begirada batekin” tailerrak?

“Nerabe izatea ez da inoiz erraza izan, lurralde nahasia eta oso ezegonkorra da”. Horrela hasten zen Ana Bazak, Gestalt terapeutak, idatzi zuen artikulua; maiatzean eta ekainean bere taldearekin batera BBK Familyrako eman zuen “Nerabezaroari… beste begirada batekin” tailerra ezagutarazteko idatzi zuen.

Bertan hamasei gurasok parte hartu zuten, “etapa korapilatsu hau kudeatzen jakiteko tresnak hartzeko” itxaropenarekin etorriak. Oro har, seme edo alabarekiko harremana hobetu gura zuten, ulertzen saiatu, gutxiago eztabaidatu, haiengana hurbildu, “presente egon modu osasuntsuan, positiboan”.

Eta egun osoa iraun zuten bi saio trinkotan zehar, nabarmendu beharreko lehenengo gauza da 17 pertsona haien gaitasuna taldea sortzeko, harremana ezartzeko eta elkarrekin ikasteko. Ez dakigu oso ondo identifikatzen zer gertatu zen, baina aurkezpenen txandan konfiantza-giroa sortu zen, eta horrek asko erraztu zuen ikaskuntza, kontrastea, egiteko moduen trukea, … Denok agertzen gara ahul edo zaurgarri hazkuntzaren aurrean, eta are gehiago nerabezaroko adinetan, eta hori abiapuntu egokia izaten da geure buruari beste era batera begiratzeko eta seme-alabei ere beste era batera begiratzeko.

Entzutea

Jorratu genuen lehen gaia entzutea izan zen. Badirudi beti berdin entzuten dugula, berdin diola norekin gauden ere, entzutea ez dugula aldatzen. Baina ez da horrela… Berdin entzuten al diozu lagun bati arazoren bat kontatzen dizunean, edo alabari berea kontatzen dizunean? Zure seme edo alabak kontatzen dizunarekin beldurtu egiten zara eta errieta egiten diozu?  Mugikorrari begiratu edo arropak esekitzen dituzu entzuten diozun bitartean? Umeen kontuak direla esanez balioa kentzen diozu kontatzen dizunari? ¡Epaitu egiten duzu egin zuenagatik?

Argi dago ez dugula berdin entzuten. Askotan, afaria prestatzen dugun bitartean egiten dugu, begietara begiratu barik, egin zutena epaituz, zalantzan jarriz, azkar konta dezaten presa sartuz, gutxietsi edo balioa kenduz… Beraz, aukera asko galtzen ditugu haiei entzuteko, gune bat sortzeko, non senti dezaketen kontatzen digutena garrantzitsua dela guretzat, baliozkotu egiten ditugula, edozein hurbiltze-une harremana ezartzeko une preziatua dela; izan ere, hori da garrantzizkoena, prest gaudela agertzea, beraientzat presente egotea, kontatzen digutenari adi egotea, zelan kontatzen diguten, eta gure komunikazioa indartu eta hobetzeko egiten dugunaz edo ez dugunaz jabetzea.

Errua

Ongi egiten ez ditugun gauza batzuez ohartzeak errudun sentiarazten gaitu. Gure seme-alabetako batekin liskar baten ostean txarto egindako guztia esaten diogunean geure buruari, lan-kargak eta nekeak geuretzako gune edo espazio bat behar izatea eragiten digunean… Askotan agertu ziren erruaren sentipen hori eta barruan genituen ahots txiki horiek…, askotan ahots hori ikaragarri gogorra izaten delarik gure buruarentzat, guraso gisa. Baina ahots txiki hori gure seme-alabekin erabiltzen dugunaren antzekoa izan daitekeela jakitea ere argigarria izan zen. Ez digu asko laguntzen etengabe zalantzan jartzeak, errieta egiten digun epaile bat edukitzeak, baizik eta askoz ere interesgarriagoa da huts egiteko baimena ematea geure buruari, zeren eta baimen horretan gure seme-alabei esaten ari gatzaizkie huts egin dezaketela eta hori ez dela porrota, arrakasta baizik. Kontuz baina huts egiten uztea, esploratzeko askatasuna uztea… eta horrek ez du esan nahi gura dutena egin dezaketenik. Mugak daude, mugarik ezean sentituko dutelako ez zaizkigula axola, ez zaizkigula interesatzen eta paso egiten dugula. Futbol-zelai baten irudia etorri zitzaidan burura, metro asko daude korrika egiteko, esperimentatzeko, salto egiteko eta, aldi berean, zelaia mugatuta dago. Hazten doazen heinean, joko-zelaia gero eta handiagoa da, baina beti dago mugaketa bat, eta hori da, eusten dion sare baten bidez, nork bere burua zaintzeko eta autokudeatzeko… erantzukizuna bere gain hartzeko modua.

Ezin da deskribatu jorratutako gai bakoitza, emandako pauso bakoitza, han gertatutakoa desitxuratzeko eta sinplifikatzeko modu bat izango litzateke eta. Jorratutako gai bakoitza sakontasun handiz egin zen eta oso lotuta gure bizipen eta egoera zehatzarekin, baina, aldi berean, umorez. Barre asko egin genuen gure eguneroko jardunaz, geure buruaz, gure seme-alabez… eta horrek asko arintzen du beldurra, antsietatea, larritasuna. Itsasontzi berean elkar ikustea, gertaturikoa hazkuntzaren parte dela, konfiantza izan behar dugula, gure zintzotasunak eta ahuleziak indartsu eta adoretsu egiten gaituela ulertzea.

Konfiantza

Sentitzen dugu guraso garen aldetik dugun beldurra gure seme-alabekiko sentitzen dugun maitasunarekiko proportzionala dela. Eta beldurra eta konfiantza garunaren alde berean sentitzen dira; horregatik, beldurra sentitzen badugu, ez dugu konfiantzarik sentitzen, eta alderantziz. Beraz, zergatik ez fidatu? Ez dut zertan ez fidatu! Konfiantza aukeratuko dut.

Bi saioko tailerra amaitzean, honako aldaketa hauek identifikatu ahal izan zituzten:

  • Eztabaidatzen dugunean haserrea areagotuz baldin badoa, erlaxatzeko eta lasaiago jarraitzeko denbora hartzea.
  • Komunikazioan, ez dugu elkarrizketarik atzeratuko eta protagonismoa utziko diogu.
  • Arazoren bat dugunean, lasaiago egon arte denbora igarotzen uztea, berba egiteko.
  • Nire seme-alaben lekuan jartzea eta askotan zelan sentitzen diren ulertzea.
  • Komunikazioa lehenestea.Berbetan ari garen bitartean ez egitea beste ezer.
  • Hausnarketa asko egin eta gauza asko aldatu ahal izatea, nire jokabide batzuk, nire ustez hain eragin handia ez zutenak, eta nik egiten nituenik ohartu ere egiten ez nintzenak; onak ez diren eta haiengan islatzen diren nire gauza askotaz ohartzea. Neure burua ezagutzeko aukera eman dit, lasaitasunez hausnarketa egiteko denbora, eta tailerreko lagunen eta zorionez bertan izan genituen profesional bikainen laguntza.
  • Txundituta utzi ninduen batzuetan geure buruari barne-ahotsez esaten dioguna norbaiti esateko ariketak: nire buruari barrutik esan diodan gauzarik txarrena tailerreko kide bati ozen esatea zen kontua, eta txundigarria izan zen ikustea batzuetan zelako gogortasunez tratatzen dugun geure burua guk guztiok. Oso gogorrak gara geure buruarekin.

Ariketa horrek gogoeta asko eragin zizkidan, eta etorkizunean oso baliagarria izango zait hain gogorra den barne-ahots hori gelditu eta isiltzeko. Bizitza egitekotsu edo zalapartatsuan ez dugu astirik zenbait gai merezi duten patxadaz hausnartzeko; hortaz, bi saio hauek oso ondo etorri zaizkit gelditu, hausnartu eta jarraitzeko. Oso sentsazio ona, gogobetegarria, eman didate, dutxatu berria banintz bezala, baina mentalki.

  • Pazientzia handiagoa izango dut semearekin, nerabezaroa etapa iragankor gisa ikusten dut orain, eta ulertzen dut zergatik egiten diguten erronka nerabeek eta zergatik duten jokabide hori gurasoekin.
  • Alaba nerabearekin komunikatzeko orduan kontzienteago izatea eta zenbait gauza bi aldiz pentsatzea, bulkada gutxiago, barrua beste era batera zelan hustu dezakeen esatea, etab.
  • Seme-alabekiko komunikazioa hobetzea eta beraien nerabezaroaz “beste begirada bat” izatea.

Eman gura duzu izena “Nerabezaroari… beste begirada batekin” tailerrerako?

Hiru larunbatetan egingo da, urriaren 21ean, azaroaren 18an eta abenduaren 16an. Saioak goizez eta arratsaldez izango dira eta konpromisoa hiru larunbaterako da. Izena eman behar da eta aurrez elkarrizketa pertsonala egiteko deituko zaizue.

Tailerrera etorri zirenek ekarritako itxaropenak:

“Bizipenak partekatzeko eta bai beraientzat, bai guretzat, etapa korapilatsu hau eramaten jakiteko tresnak hartzeko, hobeto ulertu ahal izan ditzagun”.

“Nire ustez, garrantzitsua delako seme-alaben hezkuntza beste ikuspuntu batetik ikustea, ez nire gurasoek izan zuten ikuspuntutik”.

“Nerabezaroaren etapari buruzko baliabide eta ikuspuntu gehiago izateko eta nire alaba nerabearekin izaten ditudan arazoei aurre egin eta konponbideak emateko beste modu batzuk aurkitzeko”.

“Orientazioa behar dut gure semearen hezkuntzan sortzen zaizkidan zalantzak kudeatzeko, nerabezaroko egoera tipikoak partekatzeko, baita etapa honetako arazo tipikoak konpontzeko metodoak egoera berean dauden gurasoekin partekatzeko ere”.

Nire seme-alabekin aldi hau igaro edo zeharkatu ahal izateko, haien garapena eta autonomia errespetatuz, baina lagunduko dieten mugekin. Presente egon gura dut modu osasuntsu eta positiboan”.

“Nire semearekin dudan harremana hobetzeko”.

Oso bakarrik sentitzen naiz hazkuntzaren aurrean eta baliabideak eta gidak behar ditudala sentitzen dut”.

“Nerabezaroari buruz jakiteko, etapa honetan lagundu ahal izateko teknikak eta estrategiak ikasteko”.

“Nire alabaren nerabezaro-etapa hau igarotzen berari eta neuri buruari zelan lagundu jakiteko.  Apur bat galduta gaude biok”.

“Beraiei tresnak ematen ikasteko”.

“Beraiei lagundu ahal izateko eta ulertzen jakiteko”.

“Nerabezarorako; izan ere, nik hezi behar dut, eta uste nuen interesgarria izan zitekeela tresnak lortzea bere garapenean hobeto hezteko, balioak dituen pertsona independente gisa”.

“Hezkuntza-zailtasunak. Aldaketa handia egun batean. Zaila alabarekin konektatzea, erantzunak, arlo akademikoa, ez iristea”.

“Zerbait onuragarria ikasten saiatzeko, gero alabari laguntzeko erabili ahal izango dudana”.

“Gustatuko litzaidake alabarekin komunikatzea eta harreman hobeak izatea, gutxiago eztabaidatzea eta gauza garrantzitsuei buruz ere berba egin ahal izatea eta arauak betearaztea”.

“Nerabezaroaren etapetan oinarrizko tresnak ezagutzeko. Fronte asko dauzkadalako irekita, ikasteko asko dudalako, eguneroko jardunerako eta egoerak okerrera egin ez dezan jarraibideak eta tresnak behar ditudalako”.

Tailerraren osteko gogoetak:

“Txundituta utzi ninduen batzuetan geure buruari barne-ahotsez esaten dioguna norbaiti esateko ariketak: nire buruari barrutik esan diodan gauzarik txarrena tailerreko kide bati ozen esatea zen kontua, eta txundigarria izan zen ikustea batzuetan zelako gogortasunez tratatzen dugun geure burua guk guztiok. Oso gogorrak gara geure buruarekin. Ariketa horrek gogoeta asko eragin zizkidan, eta etorkizunean oso baliagarria izango zait hain gogorra den barne-ahots hori gelditu eta isiltzeko”.

“Hausnarketa asko egin eta gauza asko aldatu ahal izatea, nire jokabide batzuk, nire ustez hain eragin handia ez  zutenak, eta nik egiten nituenik ohartu ere egiten ez nintzenak; onak ez diren eta haiengan islatzen diren nire gauza askotaz ohartzea. Neure burua ezagutzeko aukera eman dit, lasaitasunez hausnarketa egiteko denbora, eta tailerreko lagunen eta zorionez bertan izan genituen profesional bikainen laguntza. Eskerrak eman gura dizkizuet tailer hau egin ahal izateagatik, eta eskerrak… egiten duzuen lan handiagatik. Eskerrik asko”.

“Alaba nerabearekin komunikatzeko orduan kontzienteago izatea eta zenbait gauza bi aldiz pentsatzea, bulkada gutxiago, barrua beste era batera zelan hustu dezakeen esatea, etab.”

Ainhoa Allende BBK Family

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

Menu

BBK Family Learning

×