Nork ez du zainketarik behar uneren batean? Norbait zure ondoan, txarto zaudenean. Erosketak egiteko laguntza, irteterik ez duzunean. Zeure bizitza egiteko laguntza … Horrela hasten da BBK Familyren sentsibilizazio-bideoa, eta gogorarazten digu zainketak guztion ondasun bat direla, pertsona, familia eta komunitate gisa onuragarriak. Hala ere, nork egiten ditu gehienbat zainketa horiek? Benetan baloratzen al dira?
Joan den asteazkenean, Farmamundi GKEak bultzatutako “El peso sobre mí” dokumentala estreinatu zen. Bertan, mendeko senideren bat zaintzen diharduten lau emakume agertzen dira, eta zaintza horiek ezinbestekoak direla egiaztatzen da.
Dokumental horretan agertzen diren datuen artean, bat oso esanguratsua da: Euskadin 10 gizonetik 3k bakarrik parte hartzen du zaintzarekin lotutako jardueraren batean. Zehazki, 2020an, 10 eszedentziatik 9 emakumeek eskatu zituzten, eta gutxienez % 10 zelanbaiteko zaintzaren batean aritzeko eskatu ziren; horrek are larriago bihurtzen ditu genero-arrakala ekonomikoak.
Albo-kalteak ikusaraztea
Itxaso Díaz dokumentalaren egileak dioenez, “gure ustez, oso beharrezkoa da zaintzei eta etxeko lanei buruzko gizarte-hausnarketa egitea. Errealitateak islatzea, albo-kalteak ikusaraztea eta, gizon-emakumeok batera, erantzunkidetasuna onartzeko beharra planteatzea, ez bakarrik generoari dagokionez, baita familiari eta instituzioei dagokienez ere”.
Dokumentalean agertzen diren lau emakumeen ezaugarri komun bat da, eurek esan dutenez, gainezka sentitzen direla, erabat ahaztu dutela beren burua zaintzea, eta ez dutela laguntzarik eskatu gura, beren lana dela uste dutelako, nahiz eta, batzuetan, ahul eta indarge sentitu. Eta galdera hau litzateke: Zer egin dugu gizarte gisa emakume horiek dena eurek bakarrik egin behar dutela sentitzeko, laguntza eskatzen badute “ardurabakoak” direla sinesteko? Esan genezake erantzun posibleetako bat Mikel Sanchezek ematen duela, dokumentalean bere hiru seme-alaben zaintzaile erantzunkide gisa agertzen den gizon bakarrak. Bere ustez, sentsibilizazio-proiektuek ia beti emakumeak zuzendaritza-postuetara iristea dute ardatz, beren lan profesionalarekin jarraitzea, etxeko lanetan ematen duten denboraz ohartu daitezela, baina ez hainbeste gizonengan erantzunkidetasuna bultzatzea beraiei zuzenean dei eginez.
Egitate objektibo bat da, senide bat zaintzeko lan edo beharra utzi behar denean –eta hori da, adibidez, Nerea Panduroren kasua: garun-paralisia duen Haizea neskatoaren ama da, eta “El peso sobre mi” dokumentalean agertzen da–, soldata handiagoa, opor gehiago, baldintza hobeak, … nork dituen baloratzen da. Eta horretan emakumeok galtzen dugu ia beti. Baina, lanik utzi behar ez bada ere, balantza genero femeninoaren aldera makurtzen da beti, kultura- eta hezkuntza-kontuagatik ziur asko.
Izan ere, Gema Coira Fernandez eta Emilia Bailon Muñoz Gijóngo eta Granadako familia-medikuek egindako “La invisibilidad de los cuidados que realizan las mujeres” (Emakumeek egiten dituzten zainketen ikusezintasuna) azterlanak dioen bezala, “gizarte-babeseko sistema gehienek familia-ereduetan oinarritutako konnotazio ideologikoek markatuta jarraitzen dute, eta konnotazio horiek ez dute kontuan hartzen genero-sistemaren dekonstrukzioak eta geldiarazterik ez dagoen ondoriozko gizarte-rolen simetriak esan gura duten gizarte-aldaketa sakona; eta horregatik, temati, indarrean jarraitzen du beste garai bateko gizarte-ikuspegian oinarritutako ereduak, hau da, lanaren sexu-banaketa, gizon eta emakumeei zeregin, eginkizun eta jokabide ezberdinak esleitzen zizkiena”.
Kontziliazioa eta enpresa
Ikusten dugunez, oraindik bide luzea dugu egiteko, baita enpresa-mundutik ere. Duela urte batzuk pentsaezina zen gizonek emakumeen baja berberak izatea seme-alaba bat edukitzean, eta orain erakundeek erabat integratuta daukate hori. Baina zer gertatzen da zainketekin? Kontuan hartzen dira horiek?
Lehiaketa zela-eta iaz azaldu genuen lez, familia eta lana bateragarri egiteko neurriak abian jartzeak berekin dakar “erakundeetan lan egiten dutenen konpromisoa 8 puntu baino gehiago handitzea, erakundearen produktibitatea % 22 hobetzea eta absentismoa % 17ra jaistea”, Más Familia Fundazioaren datuen arabera. Eta zainketen alde egiteak gizarte gisa ere mesede egingo liguke; izan ere, gehienok bizitzaren une batean edo bestean zainduak izan beharko dugu, eta BBK Familyren sentsibilizazio-kanpainan esaten den legez, “gutarrentzat denbora irabazteko unea da erantzunkidetasunez, eta kontziliazioa eta zainketak elkarren eskutik joateko unea. Zaindu ditzagun zainketak, guztion ondasun bat baitira”.
BBK Family Esperientzia Berritzaileak Kontziliazioan lehiaketa
“BBK Family: Esperientzia Berritzaileak Kontziliazioan” lehiaketan parte hartzera animatzen zaitugu; hezkuntzaren alorrean lan egiten duten erakundeei (ikastetxeei, guraso-elkarteei, aisialdiko taldeei, elkarteei, …) eta Bizkaiko enpresei zuzenduta dago. Erakunde horiek irailaren 13tik azaroaren 15era arte aurkeztu ahal izango dituzte beren proposamenak.
* Farmamundi GKEak bultzatutako dokumentala, Itxaso Diazek zuzendutako “El peso sobre mí”, Galdakaoko Erabide Emakume Elkarteko emakume-talde batekin batera egin da. Helburua zainketetan arreta jartzea zen ikus-entzunezkoen bidez.