Nerabeen gurasoak izatea: nola bete leku on bat? Zer da kontua: nerabeen konfiantzazko norbait izatea ala haien lagun izatea?
Ez da erraza nerabe baten aurrean zer jarrera hartu jakitea. Helduek maiz sentitzen dute oker dabiltzala. Larregi hurbiltzen badira, haiek beren baitan ixtea eragiten dute batzuetan, hurbilketa hori mutur-sartzea dela sentitzen dute eta. Beren bizi-espazioaren aurkako mehatxu gisa bizi dute. Gurasoak urrun mantentzen badira, ordea, nerabeek haien presentzia eskatzen dute, premiaz, batzuetan. Zer egin orduan? Helduok prestaturik al gaude nerabeekin behar dena “egiten jakiteko”, nahiz eta ez ditugun larregi ulertzen?
Nerabea, funtsean, “izaki bakartu bat” da, eta bakartze horretatik abiatuta hasten da sozializazio-modu berriak sor ditzakeen prozesua. Ez dugu kezkatu behar bakartze horretaz, larregizkoa edo erabatekoa ez bada, hau da, komunikazio-uneekin txandakatzen bada. Bere intimitatea eraikitzeko beharrezkoa izan daitekeen bakartzea da. Ildo horretatik, nerabeak hainbat bidetatik saiatzen dira bakartze horri tratamendu bat ematen: horrek askotan bultzatzen ditu beste batzuen “keinuak” hartzera edo kopiatzera, horrela nortasun partekatu bat eraikiz. Batzuetan hurkoek legez ere jokatzen dute, aparte edo “bananduta bizitzea” saihesteko. Esan dezakegu bizitzako aldi horretan, bai gorputzean bai nortasunean, bizi dituzten eraldaketek banantzeko eta bakartzeko joera hori indartzen dutela. Horregatik, pertsona helduek, haiei gertatzen zaiena asko ulertu ez arren, garrantzitsua da abandonatuta behintzat ez sentiaraztea.
Gurasoek, nerabeekin egoteko, uko egin behar diote pubertarora arte betetzen zuten posizio bati. Haurtzaroan, guraso batzuk bederen, gida moduko bat ziren beren seme-alabentzat. Neurri batean, seme-alabek errespeta zitzaten lortzen zuten, eta haien gainean autoritatea izatea, guraso izate hutsagatik. Hori, hein batean, apurtu egiten da nerabezaroan. Hau da, nerabezaroak dolu bikoitzeko prozesua eragiten du: alde batetik, nerabeek haurtzarotik bereizi egin behar dute, baina, bestetik, helduek umearentzat zuten lekua galtzen eta aldatzen jakin behar dute. Galtze horren zailtasunari berari buruzko hausnarketatik abiatuta, eraiki dezakete helduek operatiboa izango den ezagutza. Esan dezakegu nerabeentzat presente egoteak esan gura duela “lagun egite isila” deituko dugun modua, baina horrek ez du esan gura ezin denik berba egin.
“Lagun egitea” nerabearen ondoan egote hori izendatzeko modu bat da: ez aurretik, “esperientziaren ahots” gisa, ez atzetik, bertan ez egonda.”Lagun egitea”, orduan, lotura horretan ezarri beharreko distantzia egokia esploratzeko balio digun tresna bat da. Ikusten dugu ez dela gauza erraza, baina ezinezkoa ere ez da. Helduok lan bat egin behar dugu gure nerabeekin berba egiten ikasteko, eta, horretarako, batzuetan, arauen hizkuntzarekin tratatzeari uko egiten ikasi behar dugu: normalizatzeari eta normatibizatzeari uko egiten ikasi.
Nerabe baten aitak honela hitz egiten zuen interkontsulta batean: “Konturatu naiz isilean lagun egin behar diodala. Ondoan, haren eskura egon, nire hurbiltasunaren zantzuak eman, baina larregi esan barik …Une horietan has daiteke semea gertatzen zaionaz zerbait esaten, lehen txorakeriak iruditzen zitzaizkidan gauzak, benetako arazoak saihesteko esaten zituenak… Orain pentsatzen dut, benetan, bera arduratzen duten gauzak direla”. Zer erakusten digu aita honek? Erakusten digu semeari gertatzen zaionari zentzua emateko bere premiarekiko distantzia hartu behar izan duela, zelanbaiteko bakartze bat, harengana hurbildu ahal izateko. Baina, gainera, erakusten digu nerabeek baztertu egiten gaituztela, sumatzen dutenean helduok gutxietsi egiten dugula beraien sufrimenduaren arrazoia eta “txorakeriak” direla pentsatzen dugula.
Zenbait gurasok batzuetan adierazten dutenaren kontrara, nerabeek sentitu behar dute beraiekiko lotura asimetrikoa dela. Hau da, ez direla parekoak, edo bestela esanda, gurasoak ez direla beraien “lagunak”. Horrek ez du esan gura zelanbaiteko “konplizitatea” edo “konfiantza” sentitu beharrik ez dutenik. Izan ere, “konfiantza”-sentimendua da nerabeen aldetik lortzen zailenetakoa den afektuetako bat. Nerabe batzuek kontsultan azaltzen dute gurasoekiko mesfidantza sentitzen dutela, haiek interes handiegia erakusten dutenean lagunekin dituzten harremanekiko. Beste batzuek azaltzen dute gurasoek drogei buruz berba egiten dietenean ez daudela ziur benetan pentsatzen dutena esan ahal izango dieten. Saioan, neska batek azaldu zidan benetan ez zekiela zer erantzun gai horri buruz amari; izan ere, “sakonean”, berak ez zekien zer pentsatzen zuen amak edo nerabezaroan porroekin harremanik izan ote zuen, adibidez.
Hau oso gai garrantzitsua da: batzuetan, gurasoek uste dute seme-alaben aurrean autoritatea mantentzeko “bertute-eredu” gisa agertzea komeni dela. Beldur dira, beren seme-alabei aitortzen badiete nerabezaroan hainbat kontu esploratu behar izan zituztela, ez ote diren horrela kontrol bako ikerketarako bidea zabaltzen ari. Nerabeek azaltzen dutenez, gurasoak “bertutetsu” gisa aurkezten zaizkienean, eskuraezin eta apur bat gizatasun bakotzat ikusten dituzte.
Laburbilduz, kontua ez da “eredugarri” izatea, ezta “guraso bertutetsu” izatea ere. Kontua da gurasoek beren nerabezaroan eraiki zuten “egiten jakitea” transmititu ahal izatea, eta onartzea, halaber, hortik aurrera beren seme-alabek “egiten jakite” berri bat eraiki behar dutela, zalantza barik gurasoek eman dieten zerbait ere integratuko duena.
Susana Brignoni, psikologo klinikoa eta psikoanalista.
Artikulua interesatu zaizu? Seme-alaben hazkuntzari buruzko zalantzak edo kezkak badituzu, BBK Family taldeak zu aholkatzeaz poz-pozik egongo da. On line aholkularitza eskaintzen dizugu. Zerbitzua pribatua eta pertsonalizatua da. Kontsultak ezta erantzunak ere ez dira argitaratuko. Eta helarazi irakurri gura dituzun gaiak.