Zer irabaziko dugu bikotea sendotuz?

Haurtzaroan adituek diotenez, familia bat gure seme-alaben oinarrizko beharrizanak, hala nola elikadura eta jantziak, asetzea baino askoz gehiago da. Eragin handia du beraien garapen sozial eta emozionalean. Bertan lortzen dituzte pertsona heldu gisa bizitzari aurre egiteko eta beren ahalmen guztia garatu ahal izateko beharrezkoak diren trebetasunak. Bertan ikasten dituzte mundua ikusteko, pentsatzeko, portatzeko eta beren eta besteen bizitza baloratzeko moduak.

Familiekin lan eginez lortu dudan esperientzia profesionalak eta neure esperientzia pertsonalak, familia bateko kide eta ama naizen aldetik, baieztapen horretan sinestera naramate. Eta uste dut gure seme-alabak hazi eta hezteko ingurune seguru bat sortzeko zeregin honetan, elkarrekin eraikitako familia-proiektu bat izateak lagundu egiten digula.

Familia-proiektu bat familia-talde batek bizi gura duen modua baino ez da. Oso baliagarria da bizikidetzarako, zailtasunak gainditzeko eta eten barik hobetzeko. Baina behin eta berriz egiaztatzen dugu ez dela erraza horretarako denbora aurkitzea, eta astia dugunean, ez da oso ondo jakiten zelan jarri egunean.

Gogoeta egin dezagun gure familia-proiektuaz

Irudimen-ariketa txiki bat proposatuko dizuet. Demagun gure familia-proiektua gure etxea dela. Ez dugu egunero egiten, noski, baina noizean behin “garbiketa orokorra” egin behar izaten dugu. Lan edo beharrari ekiten diogu, eta zerekin topo egiten dugu orduan?

Lehenik eta behin, leiho guztiak irekiko ditugu egurasteko eta argia sartzeko. Lehen begiratu orokor bat eman eta zein gelatatik hasi erabakiko dugu, eta banan-banan joango gara, behar den denbora hartuta.

Lehen begirada honetan, ahaztuta genituen gauzaki edo objektuak topatzen ditugu: bidaia bateko argazki bat, edo tea hartzeko oso atsegin nuen katilu bat, pixkanaka armairu hondoan ahaztuta geratu dena, … hartu egiten dut, nire aurkikuntza pozez partekatu, haren historia gogoratu eta berreskuratu izana eskertzen dut.

Gauza apurtuak edo, jada baliagarriak ez zaizkigulako, erabiltzen ez ditugunak ere topatzen ditugu: pilarik gabeko erloju bat, ura irteten zaion pitxer pitzatu bat, …  Horiekin zer egin erabaki behar dugu:  berriro pilak jarriko dizkiogu erlojuari, pitxerra konpondu egingo dugu ala botatzea erabakiko dugu, lekua libre utz dezan?

Zelan hartzen dugu gure bikotekideak iradokitzen diguna?

Bat-batean, nire bikotekideak ideia bat du, oso argi ikusten du hainbeste gustatzen zaidan altzari hori beste paretara mugitu behar dugula. Zelan erreakzionatzen dut? Nik ez dut planteatu ere egiten, niri gustatzen zait dagoen tokian egotea, ohitu egin naiz hor egotera, …  ala haren arrazoiak entzun eta balizko aukerak, alde on eta txarrak, eztabaidatzen hasten gara …  ala pentsatzen dut: “Zertarako nekatu neure iritzia ematen, azkenean beti berea egiten badu”. Zelan iritsiko gara bi aldeak aseko gaituen akordio batera?

Garbiketarekin aurrera jarraitzen dugu, gure etxean baztertuago dauden eta hain erabiliak ez diren leku horiek arakatzen eta itxura txarreko pitzadura bat topatzen dugu. Baliteke sortu berria izatea, edo guk aspalditik jakitea hor zegoela baina ahaztua izatea, ez baitago agerian. Hala ere, berarekin zerbait egiteko garaia dela uste dugu agian, …  Nahikoa izango ote da pintura-eskualdi batekin, edo laguntza profesionalagoa beharko ote dugu?

Ia-ia amaitu dugu. O, ez! Konturatu naiz neure garbitu behar horretan bikotekidearen lotarako kamiseta kutuna piltzar bihurtu dudala. Ez dut oraindik ulertzen, baina balio sentimental handia ematen dio berak. Nahikoa ote da “sentitzen dut” esatea? Zelan konpentsatu dezaket galera hori? Zer sentituko nuke nik alderantziz izan balitz?

Orain bai. Pozik begiratzen dugu geure ingurura. Etxea argitsuago dago, energia berriarekin. Aldaketa handirik egin ez dugun arren, erosoagoa sentitzen dugu, gure egungo premia edo beharrizanetara egokituagoa.

Gelditzeak eta une honetan gure familia zelan bizi garen begiratzeak bikote-bizitza indartzen laguntzen digu, biderako tresnak eta baliabideak bilatzen eta, Anna Mascarok dioen legez, “gure kontzientzia-mailarekin dakigun bezain ondoen egiten”.

Horixe da Family Checken bidez egin gura duguna: bikoteei zuzendutako doako online programa bat da, zuen familia-proiektua berrikusteko.

Lau saiotan zehar, bikotekidearekin gogoeta egin ahal izango duzu zuen bizikidetzaz, zelan hartzen dituzuen erabakiak, zelan hobetu dezakezuen komunikazioa, zelan bihur ditzakezuen krisiak aukera on, ….

Bikote-bizitza indartzen dugun heinean, familia-sistema hobetzen dugu. Askotan, errutinak ez digu pentsatzen uzten, eta gelditu egin behar dugu eta gure proiektua zelakoa izatea gura dugun hausnartu. Family Checkek horretarako aukera emango dizue.

Bi orduko lau saio izango dira ekaineko ostegunetan: 3, 7, 17, 24. Ordutegia: 18:00etatik 20:00etara.

Ikastaro honetan izena ematen duzuenean, mezu elektroniko bat bidaliko dizuegu dokumentu batekin, zuen familiaren aurkezpen labur bat eginez bete dezazuen. Gero, elkarrizketa pertsonal bat egingo dizuegu (telefonoz edo online), programa zuen premia edo beharrizanetara egokitzen den ikusteko eta tailerra zelakoa izango den azaltzeko.

Lekua mugatua da eta maiatzaren 28ra arte eman dezakezue izena. Erreserbatu zure doako lekua.

Elena Ruizek, psikologoa, emango du

BBK Family Learning

×