Zer gertatzen da umeak hazi eta hezteko familia bakarrik nahikoa ez denean

Duela ez urte asko arte, familia zabaletan oinarritzen zen umeen hazkuntza: orduan amamek, aititek, neba-arreba zaharragoek, izebek, … ere laguntzen zuten horretan, eta logistika ez zen arazo bat. Gabezia afektibo handiagoko garaiak ere baziren, maitasuna gutxiago erakusten zen eta autoritatea gehiago.

Baina 70eko hamarkada iritsi zenean, familiak “argaldu” egin ziren, seme-alaba bat edo bi izaten ziren, eta eredu indibidualistago eta hiperbabestuago batera igaro ginen. Ordutik, irudipena dugu hazkuntza zerbait pertsonalagoa dela, eta horrela dena kontrolatu eta dena egin dezakegula. Hala ere, hori ez da horrela, beharrean eta familia-ingurunean gogor aritu behar baitugu lanean, eta, azkenean, hainbeste gauza ditugunez egiteko, ez gara guztietara iristen.  

Eta hori gutxi balitz, sistema osoa bota digun pandemia iritsi da:  gure seme-alabak jagoten zituzten aititak eta amamak, lan-ordutegiak eta hazkuntza uztartzeko eskolaz kanpoko ekintza amaigabeak, eskolara sartu aurreko haurtzaindegiak, eskolako jantokia…

Urte hauetan laguntza-sarea profesionalizatzeko joera izan dugu, eta orain, sare horrek porrot egin duenez, gure sistema osoak huts egin duenez, familia nuklearra itotzen eta beste eredu bat bilatzen hasi da. Izan ere, Pepa Horno psikologoak dioen lez, hazkuntza logistika eta maitasuna da. ¡Orduan, eskolaz kanpoko ekintzarik, eskola-kirolik, eskolara sartu aurreko haurtzaindegirik, … ez badago, zer egingo dugu?

Tribuaren bila etsi-etsian

Orain tribuaren bila gabiltza, beste guraso batzuekin antolatzen gara gure seme-alabak jasotzeko ezarritako burbuilak errespetatzen saiatuz, edo auzokoarengana, lehengusu edo lehengusina batengana, … jotzen dugu, gure umeak jagon edo zaindu ditzan. Tribuarekin ere zalantzak ditugu, kezkak sortzen zaizkigu, gure eredua agerian jartzen baitu beste batzuen aldean.

Inoiz galdetu diozue zuen buruari norekin utziko zenuketen semea edo alaba, heriotza etorriko balitzaizue? “Ahizparekin, nahiz eta mugak jartzeko duen modua ez zaidan gustatzen; edo nire lehengusuarekin, baina ez luke modu osasuntsuan jango; edo nire lagunarekin, baina erraz jartzen da bere onetik aterata; edo…”.

Tribua aukeratzeak beste pertsona batzuen, beste familia batzuen ereduarekin toleranteagoak izaten ikastea eskatzen du. Izan ere, koronabirusak tribua aukeratzeko ala gure seme-alabei ematen diegun larregizko babesarekin bizitzen jarraitzeko egoeran jarri gaitu. Horregatik, zein da egin behar dugun aldaketa? Ba, ez esatea nirea da balio duena, eta zurea ez. Ziur nago noizbait oporretan joan zaretela beste familia batzuekin eta pentsatu duzuela: “Ez dakit zelan onartzen dion hori bere semeari”, “Ez dut ulertzen zelan ez dion beste horretan mugarik jartzen”, … eta ez zarete konturatzen beste familia hori gauza bera ari dela pentsatzen zuenari buruz, baina beste gai batzuetan; izan ere, eredu guztiek dituzte akatsak, bestela ez ginateke gizaki izango.

Ondorioz, tribuak izan beharko luke “hau partekatzen dut, hori ez” esango dugun eremu bat; hots, ikusi zelan eraiki lotura afektibo hori, onuragarria, denboran luzea eta egonkorra izango den harreman hori, azkenean ezin baitugu ahaztu hazkuntza logistika eta maitasuna dela, eta, beraz, tribu bat aukeratzeak maitasunetik aukeratzea eta harremanak maitasunez sortzea eskatzen duela.

Izan ere, Pepa Horno psikologoak azaldu duen lez: “Sare afektibo sendo eta positiboa neska-mutikoen eta nerabeen babes eta garapen osorako baldintza da. Covid 19ak gogorarazi digu denok bat garela. Gure “tribuari” balio berri bat eman dio, fisikoki maite ditugun pertsonengandik bananduta egotea zein mintsua zaigun gogoraraziz. Baina sare afektibo hori eraikitzeko erabiltzen genituen mekanismoak ere ─topaketak, taldea, kontaktu fisikoa, …─ zaildu egin ditu. Guraso-figurak garen aldetik, kontzienteki eraiki behar dugu sare afektibo sendo bat, gure haur eta nerabeen babesa bermatzeko. Merezi du horretarako dauden modu ezberdinetan pentsatzea aldi batez”.

Argi baitago garai honetan familiak gero eta gehiago beharko duela sare afektibo bat ehuntzea horretaz baliatu ahal izateko, baina zelan egingo dugu familia beste eredu batzuetara zabaltzeko trantsizio hori?

Ainhoa Allende psikopedagogoa eta gizarte-hezitzailea, Anna Pallarés, pedagogo eta gizarte hezitzailea, eta Andrea Alfaro, kazetaria. BBK Family taldea

Pepa Horno psikologoaren hitzaldira gonbidatzen zaitugu; hitzaldi horretan jarraibide batzuk emango dizkigu: “Criar en tribu, crecer en red: La red afectiva como clave para integrar la incertidumbre”.

BBK Familyk Pepa Horno psikologo eta haurtzaroko aholkulariaren doako online hitzaldia antolatu du, non ziurgabetasuna integratzeko sare afektibo bat izatearen garrantziaz berba egingo duen.

“Sare afektibo sendo eta positiboa neska-mutikoen eta nerabeen babes eta garapen osorako baldintza da. Covid 19ak gogorarazi digu denok bat garela. Gure “tribuari” balio berri bat eman dio, fisikoki maite ditugun pertsonengandik bananduta egotea zein mintsua zaigun gogoraraziz. Baina sare afektibo hori eraikitzeko erabiltzen genituen mekanismoak ere ─topaketak, taldea, kontaktu fisikoa, …─ zaildu egin ditu. Guraso-figurak garen aldetik, kontzienteki eraiki behar dugu sare afektibo sendo bat, gure haur eta nerabeen babesa bermatzeko. Merezi du horretarako dauden modu ezberdinetan pentsatzea aldi batez”. Pepa Horno.

Pepa Hornoren doako hitzaldia entzun gura baduzu, sar zaitez ondorengo estekan.
Eguna irailaren 29a.
Ordua: 18:00etatik 19:30era
Online ekitaldia: Zoom plataforma. Esteka bat jasoko da hitzaldiaren aurretik.
Hitzaldiak iraun bitartean adinbakoen entretenimendurako materialak eskainiko ditugu.

Hits: 30

Iruzkinak itxiak daude.

BBK Family Learning

×