Zer espero daiteke 1-2 urteko etapan?

Haurtxoak zelanbaiteko “hauskortasunez” iristen dira “mundu” honetara. Izatez, jaiotzean espezierik heldugabeena gara. Azkar sortu behar izaten ditugu atxikimendu-loturak, segurtasuna emango digun eta bizirautea ahalbidetuko digun beste “bilgarri babesle” bat lortzeko.  Horregatik, jaioberriek, amaren umetokitik kanpo egon arren, zaintza oso gertukoak, jarraituak eta egokiak behar dituzte. Horrela, hilabeteak igaro ahala, seguru sentitzea lortzen dute, hazi egiten dira, beraien konexio neuronalak biderkatu egiten dira eta trebetasun gehiago lortzen dituzte. Horretarako, hurbileko babesa behar dute eta pixkanaka arakatu edo esploratuz joatea. Beren jagole edo zaintzaileekiko harremana, errutinak eta jolasa funtsezkoak dituzte. Urtebetetik aurrera, hori ere behar izaten jarraitzen dute, baina zaintzaileengandik distantzia apur bat gehiago hartzen dute eta aurrerapen handiak egiten dituzte. Hori guztia betiere ingurune seguruetan baldin badaude, esploratzen joaterik baldin badute, arau babesleak, afektu handia eta harreman-denbora baldin badituzte.

Batzuetan, zalantza izaten dugu etapa bakoitzean zer gerta daitekeen edo beraien garapena zelan izatea espero den. Zer gertatzen da lehenengo eta gero, zer adinetan egiten duten hau edo bestea, zelan estimulatu edo nola jakin zerbait txarto doan edo ez. Artikulu honetan “pista” txiki batzuk emango ditugu, jakinda haur bakoitzak bere bilakaera edo eboluzio-erritmoa eta funtzionaltasunak dituela, eta badaudela kanpo-faktore batzuk baldintza dezaketenak. Gainera, urtebetetik 2 urtera bitarteko aldia oso zabala da aurrerapenei dagokienez, hilabetez hilabete.

ELIKADURAZ

Urtebetetik aurrera, haien dieta helduarenaren antzekoagoa izango da, eta gero eta elikagai oso gehiago sartzen dira, murtxikatzen joan daitezen. Bakarrik jateko koilara erabil dezakete, baina hasieran ez dute hain ondo koordinatuko, zikindu egingo dira eta gure laguntza beharko dute.

Une garrantzitsua da elikadurari buruzko ohitura osasungarriak sartzeko. Fruta eta barazkiak sartu; gatza, produktu azukredunak edo ultra-prozesatuak saihestu. Arraina jan dezakete, baina arrain urdin handia mugatu egin behar da (hegalaburra, ezpata-arraina, orratz-arraina…), dituzten merkurio- eta metal-kopuruengatik.

Kontuz ibili behar da gerta litezkeen eztarri-trabatzeekin, eta ez eman fruitu lehorrak, olibak, mahatsak, fruta-zati handiak, saltxitxak edo antzekoak… (oso txikituta eman diezazkiekegu, oso xehatuta, edo hobe aurrerago emateko itxarotea).

Ona da behin baino gehiagotan elikagai berriak probatzeko ematea behartu barik, ez “obsesionatzea” gutxi jaten dutelakoan, janariarekin “xantaiarik” ez egitea, ahal den guztietan familian jatea, lasai eta pantaila barik jatea eta beren “orbanekin” pazientzia izatea. Beraien erritmoa errespetatu behar da, eta otordu bakoitzerako 40 minutu inguruko denbora proposatu ahal izango da otordu bakoitzeko. Txupetea erabiltzeari uztea gomendatzen da, betiere agur emozional egokia eginez.

LOA, HIGIENEA ETA BESTERIK.

Atsedena funtsezkoa da etapa honetan. Egunean 11 eta 14 ordu bitartean lo egin behar dute, eta oraindik siestak ere behar dituzte. Gauez, oro har, ez dute esnatu beharrik elikatzeko, baina “esnatze” naturalak izan ditzakete. Lo-errutinak ahalbidetu behar dira, eta modu autonomoagoan lokartzen lagundu behar zaie, afektuzko ikuspegiekin.

Kezkatu gaitezke ume batek oso ordu gutxi lo egiten duenean (siestetakoak ere zenbatu behar dira), edo ezin bada une batez ere ama edo aitarengandik banandu lo egiteko (ezta lo sakonaren fasean ere), edo lokartu eta oso modu deigarrian eta bat-batean denbora gutxira esnatu egiten bada, eta hori behin eta berriz askotan gertatzen bada denboraldi luze samarrean (apnea bezalako arnasketa-arazoak egon litezke).

Etapa honen amaieran, heldutasun biologiko handiagoa lor dezakete esfinterrak kontrolatzeko eta “pixoihala kentzeko”. Edozelan ere, 2 eta 3 urte bitartean gertatzen da hori. Batzuek lehenago egingo dute, eta beste batzuek geroago. Garrantzitsua da ez behartzea eta beraien erritmoa errespetatzea. Formula batzuek aukera ematen digute jakiteko noiz dauden helduago horretarako, “bidea prestatzeko” eta errespetuzko ikaskuntza egiteko.

MOTOR-MAILAN

Etapa honetan, pixkanaka, mugitzeko trebetasuna irabaziz joango dira. Katuka has daitezke, eta gero zutik jarri, pauso batzuk eman, hatz erakusleaz gauzak seinalatu… Aurrerago, gauza bat hartzera makurtu daitezke, laguntzarekin eskailerak igo eta jaitsi zutik, korrika egin, eskuetatik helduta jauzi edo salto txikiak egin, pilota bat hankaz jo, eraikuntza-dorre errazak egin, orri batean zirriborratu, edalontzi bat ahora eraman, galtzerdiak eta zapatak kendu, eskuak laguntzaz garbitu, txalo egin…

Garrantzitsua da mugimen-trebetasunak metodo inbaditzaile edo desegoki barik estimulatzea (adibidez, taka-takak saihestea). Formarik onena bat-bateko jolasa da. Beren mugimen-erronkak aztertzeko aukera eman behar zaie, baina baita zelanbaiteko arretaz ibili ere, minik har ez dezaten. Ez dira behartu behar eskuineko eskua erabiltzera ezkerra baino gehiago, baizik eta berez espontaneoki gura dutena erabiltzen utzi behar zaie.

Ume batzuk lehenago hasten dira ibiltzen eta beste batzuk geroago. Normalean, 2 urte betetzerako lortzen dute. Adin horretarako joan-etorri autonomorik (katuka ibiltzea, oinez ibiltzea, …) ez dutela ikusten badugu, kontsulta egin dezakegu. Gauza bera jokabide edo mugimendu arraro, errepikakor, deigarri eta “ageriko” zentzurik gabekoak (estereotipiak) hautematen baditugu.

SOZIALIZAZIOAZ

Oraindik ere, pertsona heldu zaintzaileekiko harremanean zentratzen da batez ere haien “sozializazioa”. Une jakin batean gure keinuak, hitzak, jokabideak… imitatzen hasiko dira: adibidez, orrazten, jaten ematen, telefonoz hitz egiten, eskuarekin agurtzen… Helduaren laguntza behar dutenean ulertarazten hasten dira, erakargarri zaizkien gauzak erakusten dizkiote helduari…

Zaintzaileekiko harremanetan, zaintzaileek asko adierazi behar dute afektua. Batez ere, “presagatik” ez dakigula ahaztu hori egitea egunaren hasieran eta amaieran. Halaber, aginte-esparru bat sortu behar da, balizko arriskuen aurrean segurtasuna emango duena, errutinak eta autonomia-ohiturak estimulatuko dituena eta bizikidetzako lehen arauak irakatsiko dizkiena (pixkanaka haurtzaroan zehar egingo dugu hori). Eranzten eta janzten, gauzak jasotzen… laguntzeko eskatuko diegu. Gainera, komunikatzeko elkarri begiratzen diogula erakutsiko diegu.

Beraien bilakaeraren barruan, beste haur batzuek eta haien jostailuek erakarrita senti daitezke, eta uneren batean haiengana hurbildu. Horren ondorioz, lehen gatazkak ere sor daitezke, jostailuak “eurek besteei edo besteek eurei kentzen dizkietenean”, adibidez. Oraindik ez dute gizarte-enpatia garatuta, partekatzea kosta egiten zaie, eta gatazketan lagundu egin behar zaie, bai eta bizikidetzako lehen arauak ikasten ere (hori guztia pixkanaka joaten da haurtzaro osoan zehar).

Kezkagarria izango litzateke etapa hau amaitzean pertsonekin (zaintzaileak barne) begiz begiko harremanik ez badute izaten, axolagabe agertzen badira beren zaintzaile ezagunek ezetz esaten dietenean, ez badute erreakzionatzen “har ezazu edo emadazu” esaten zaienean, ez badute keinurik egiten beren desioak komunikatzeko, edo ez bazaie batere erakargarri gertatzen jostailu berriak esploratzea edo beste ume batzuek egiten dutena (ahaztu barik izaera lotsatiagoa duten umeak ere badaudela). Gauza bera deitzean erantzuten ez badute edo beren izena ezagutzen ez badute.

JOLASAZ

Jolastu egin behar dute. Segurtasun emozionala eta ikasteko aukera ematen die. Gauzen uki edo testurak eta soinuak deskubritzen jolastea gustatzen zaie, gauzak bota edo jaurtitzea, panpinei jaten ematea, ku-ku egitea, ezkutatu eta aurkitzea, gauzak ahokatzea, kaxetan edo hutsuneetan sartzea, bete eta hustea, ireki eta ixtea, sartu eta ateratzea, zirriborratzea… Ispiluan begiratzen, beren burua ezagutzen eta imintzioak egiten jolastuko dira… Ipuinekiko eta ipuinetan dauden irudiekiko interesa areagotzen joango zaie.

Jostailuak lurrera bota ohi dituzte, eta jolastu ostean jasotzeko ohitura hartzen lagundu behar diegu. Beraiekin jolastu gaitezke, eta beste tartetxo batzuetan “beren kasa” jolasten utzi, esploratu eta erronkak izan ditzaten (hurbiletik beha egonez, minik har ez dezaten).  Jolasteko zoru eta leku librea behar dute. Jostailuen pieza txikiekin kontuz ibili behar da, eztarri-trabatzeak ez gertatzeko.

Entretenitzeko edo egoera batzuk lasaitzeko modu gisa pantailak ez dira gomendagarriak. Helduon munduan edonon egon arren, haurtzaroan mugatu egin behar da horien erabilera, eta are gehiago adin goiztiarretan. Dagoeneko ikerketa ugarik aipatzen dituzte teknologiaren erabilera desegokiak eta abusuak maila fisikoan, kognitiboan, emozionalean eta harremanetan dituen ondorio negatiboak, batez ere bizitzako lehen urteetan. “La fábrica de cretinos digitales” liburuan irakur daitezke horren inguruko ondorioak. Beraz, hobe da etapa honetan pantailak saihestea. Beti da errazagoa “ez ematea” “kentzea” baino, eta umeak entretenitzeko eta lasaitzeko beste aukera batzuk bila ditzakegu.

Ikusi eta kontsulta egin beharko dugu elkarrekintza-erantzunik adierazten ez badute jolas sinpleen aurrean (ku-ku egitea…) edo imitatzeko ekintzarik ez badute.

MAILA KOGNITIBOAN

Ikaskuntza eta garapen kognitibo askoko unea da. Batzuk barrutik “prestatzen” ari direla dirudi eta “bat-batean” agertzen dira, eta  beste batzuk era mailakatuagoan pixkanaka ikusten ditugu.

Hizkuntzaren adierazpenari dagokionez, soinuak eta hitz edo berbak ikasten dituzte eta beren erara erreproduzitzen dituzte. Hasieran, hitz bat erabiltzen dute gauza guztietarako, gero hiruzpalau ikasten dituzte eta gero eta gehiago. Silabak edo hitzak elkartzen saiatuko dira espresatu edo adierazteko, nahiz eta oraindik pixka bat “nahastuko” diren. Etapa honen amaieran, animalien eta objektuen soinuak (onomatopeiak) adierazteko eta “ez” erabiltzeko moduan izango dira.

Ulermenari dagokionez, oinarrizko aginduak betetzen joango dira gero eta gehiago ulertuz (jaso, eseri, joan mahaira, …), eguneroko espazioak eta objektuak identifikatuz joango dira eta izendatzen hasiko dira (koilara, edalontzia, jostailuak, etxea, eskola…). Halaber, gorputzeko atal batzuk (begiak, sudurra, ahoa, …) eta argazkietan beren buruak ezagutzeko moduan izango dira.

Estimulatzeko, ipuinak irakur diezazkiekegu, eta esan: “Non dago?”, “Zer gertatuko da orain?”, esaten dituzten hitz edo berbak errepikatu osatuz edo ondo esanez, abestu, animalien edo gauzen soinuak imitatu, gauzak aurkitzera jolastu (adibidez: altxorren saskia), gorputzaren atalak izendatu edo ikusten ditugun gauzak xehetasunez beren izenaren arabera  (adibidez: “begira, katu marroi bat”, eta ez: “begira, mitxina edo pitxitxi bat”), margotzen utzi… Estimulatzea beharrezkoa da, baina ez da komeni umeak estutu edo nekatzea, edo behin eta berriz zuzentzea, “hobeto berba egin dezaten” edo “bizkorragoak izan daitezen”.

Aurrerapen kognitiboa oso berezia da ume bakoitzarengan. Urduritu egin gaitezke, adibidez, lehen soinuak edo hitzak egiten bazituzten eta denbora esanguratsu batez egiteari uzten badiote. Baita ere, etapa hau amaitzean axolagabeak direla edo oinarrizko jarraibide batzuen aurrean erantzuten ez dutela ikusten badugu (aparte utzita batzuetan zerbaitetan oso kontzentratuta egon daitezkeela edo “ez entzunarena” egiten dutela esandakoa bete gura ez dutelako).

MAILA EMOZIONALEAN

Askotariko emozioak izaten hasten dira. Haurrei oraindik kosta egiten zaie emozioez ohartzea, ulertzea eta kudeatzea. Beraien burmuin emozionalak “oso azkar eta biziki egiten du salto”, eta ez du oraindik burmuin arrazionalenaren “laguntzarik” “bitartekotza izateko”. Heldutasuna eta eskarmentua irabazi ahala eta kudeaketa emozionalean (gure etsenpluarekin) laguntzen diegun neurrian, haurtzaro osoan aurrera egingo dute. Baina lehenengo urteak “oso emozionalak” izaten dira.

18 hilabetetik aurrera, kasketak has daitezke autoafirmazio edo nork bere burua finkatzeko modu gisa, eta frustrazioa eta amorrua maneiatzen ez dakitelako. Eredu enpatiko, atsegin, afektibo eta irmo baten barruan lagundu egin behar zaie kasketaldietan.

Hainbat gauzaren beldur dira. Beren “atzealde inkontzientean” beren figura zaintzaile edo jagoleak galtzeko beldur dira. Beldur hori gehiago aktiba daiteke beste pertsona batzuen zaintzapean uzten ditugunean, haurtzaindegian hasten direnean, edo gauean. Garrantzitsua da beldurren aurrean ez barre egitea, horrela sentitzen direlako ez haserretzea eta beldurrak hobeto kudeatzen laguntzea. Ipuinak, jolas batzuk, formula batzuk eta gure lasaitasuna lagungarriak gertatzen zaizkie.

Adin honetan eta haurtzaro osoan estimulatu beharreko funtsezko emozio bat jakin-mina da, bizitza osoan ikasteko motorra izango da jakingura hori. Estimulatu bai, baina larregizko gainestimulazio barik, gaindituta eta gogaituta senti ez daitezen.

Laztanak, ferekak egitea, besarkadak ematea, kantatzea, dantzatzea, masajeak (ez inbaditzaileak) ematea, begietara begiratzea, elkarrekin barre egitea, hitz egitea, bainu lasai bat ahalbidetzea, album bateko argazkiak begiratzea, ipuin bat ikustea, … intimitate- eta lotura-une paregabeak dira, zalantza barik, haien segurtasun emozionalari lagunduko diotenak.

Kezkatu gaitezke jokabide “emozionalak” ikusten baditugu, hala nola negar egitea, ostikoka aritzea edo triste egotea, oso modu deigarrian eta etengabean, frustrazioa edo beldurra eragin dezakeen itxurazko arrazoirik gabe. Era berean, oso erreaktibotasun negatibo handia, larregizkoa eta larritasunezkoa, erakusten badute soinu, usain eta uki jakin batzuen aurrean.

ONDORIOA

Orientabide horiek guztiak, horixe dira, 1 eta 2 urte bitarteko etapa honetan haurrengan ikus dezakegunaren orientabideak. Haur batzuek “mugarri” batzuk geroxeago lortuko dituzte, edo lehenago! Garrantzitsua da gu adi egotea garapena zelan doan, laguntzeko zer egin dezakegun… ikusteko, edo alerta egoteko seinale-multzoak ikusten ote ditugun (bakarra agian ez da esanguratsua), baina horrekin “obsesionatu” barik eta denbora guztian bilakaera, adibidez, beste haur batzuenarekin xehetasunez alderatzen ibili gabe.

Hazten ikustea eta hazkuntzan laguntzea aukera zoragarria da lotura elikatzeko eta segurtasunean beren autonomiarantz aurrera egiten laguntzeko. “Harrera babesletik” eta “esploraziotik”.

Begoña Ruiz. Psikologoa eta psikomotrizista.

BIBLIOGRAFIA

  • Haurren garapena eta gomendioak Espainiako Pediatria Elkartetik. Haurren Osasunerako APPa
  • Haizea-Llevant Garapen Eskala
  • Gesell Garapen Psikomotorreko Eskala.
  • Haurren Garapenerako Gida, jaiotzetik 6 urtera arte. Arreta Goiztiarreko Profesionalen Elkarteen Estatuko Federazioa
  • 0-3 urteko haurra. Arreta Goiztiarreko Gida. Errioxako Arreta Goiztiarreko Taldea.

Agian gomendatu: “¡Hola, Familia!”, Álvaro Bilbao, Plataforma argit. (0-2 urte)

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Menu

BBK Family Learning

×