deportes

Zer akats egiten ditugu gure seme-alabentzako kirol bat aukeratzean?

Joan den astean, Bizkaiko Foru Aldundiak argi berdea eman zion eskola-kirola hasteari, baina lehiaketa barik. Horri esker, kirol-errutinak berriro hasi ahal izan dira eta neska-mutikoak taldekideekin elkartu dira berriro. Izan ere, kirola funtsezkoa da beraien garapenean, taldean lan egiten, errutinak izaten eta besteak errespetatzen laguntzen baitie, baita euren osasun fisiko eta emozionala hobetzen ere.

Imanol Loizaga entrenatzailea da eta Espainiako Maratoi txapelduna beteranoen kategorian, eta berak gako batzuk eman dizkigu umeak, nerabeak eta adinekoak kirol bat egitera zelan motibatu jakiteko, eta eskolaz kanpoko kirol-jarduerak aukeratzerakoan egiten ditugun zenbait akatsez ohartarazi digu.

Zelan egingo dugu gure seme-alaben eskola-kirola aukeratzeko?

Kirola ez genuke kontziliazioan oinarritu behar, nahiz eta kasu batzuetan beste erremediorik ez egon. Adibidez, patinatzera eroatea, niri ondo datorkidalako. Berari ez bazaio patinajea gustatzen, hori gorrotatzea besterik ez dugu lortuko. Aukeratzen utzi behar diegu. Ni atletismoko entrenatzailea nintzen, eta zortea izan nuen nire alabak ere atletismoa egin gura izan zuelako, baina hori bere lagunak zihoazelako, ez nik inposatu niolako, eta gainera bera gustura sentiarazten zuen kirol bat zelako.

Gurasoek hurrengo Messi edo Carolina etxean izatea gura dugu edo badugula uste dugu. Presio handia egiten diegu?

Bai, eta entrenatzaileei agintea kentzen diegu. Entrenatzen dituztenei laguntzea izan behar du gure zeregina, eta gure seme edo alabari esatea kasu egin behar diola hari, eta hark agintzen duela. Neska-mutikoak lehia zaleak dira berez, eta lehia ona da zeure onena emateko balio duen neurrian. Betiere errespetu edo begirunetik. Horregatik erakutsi behar diegu lehenengo ez iristea edo azkena iristea ez dela porrota, baizik eta ahal izan duzun guztia egin duzula, eta hori dela kirola. Gainera, frustrazioa kudeatzen ikasteko modu ona da. Ulertu eta onartu behar dute dena ez dela norberak gura lakoa, baina zerbait lortzea lan edo beharraren emaitza dela, beraien esku dagoela.

Eta nerabezaroan, zelan motibatu ditzakegu?

Adin horretan neskak galtzen ditugu, batez ere. Gurago nuke makilatxo magikoa banu.  Batzuetan Pokemon-en jokoan pentsatzen dut, non pokemon-en bila ibili behar zuten kalean haiek harrapatzeko. Azken batean, kirola egiteko modu bat zen, oinez edo korrika ibiltzen ziren harrapatzeko. Pantailei lotuegiak beharbada, baina etxetik ateratzeko ideia ona iruditu zitzaidan.

Enrique Villarreal “el Drogas”en dokumentalean diotenez, familiartean mendira joaten zirenean berak ez zuen autotik atera gura izaten.

15 edo 16 urte dituzunean eta hamaikak arte ohean egon gura duzunean, mendira igotzeko goizeko zortzietan altxatzeak, ba, ez ditu larregi motibatzen, beraien larruan jarri behar dugu. Uste dut garrantzitsua dela egingo dena erabakitzen partaide sentiaraztea, baita planaren garapenean ere, eta gu ere haiek gura dutenera egokitzea. Nerabezaroan korrika egiteak ez ditu motibatzen, gehiago estutuko dituen zerbait behar dute, elkarri erronka egiteko moduko kirolak, taldeko kirolak, … Adrenalina asko dute askatzeko.

Eta zer gertatzen da gurasoekin? Kirolik egiten dute?

Entrenatzen ditudan taldeen artean 40 urtetik gorako emakume ugari dago. Seme-alabek jada lehen beste behar ez dituzten amak dira, eta beren aisialdian kirolaren alde egitea erabaki dute. Zorioneko naiz emakume horietako batzuen eraldaketa bizi izan dudalako. Kirolak ziurtasuna eman die beren bizitzako alderdi guztietan.

Baina, oro har, 40tik aurrera kirola egiten hasten diren pertsonek lehenik hobekuntza fisikoak nabaritzen dituzte, hobeto sentitzen hasten dira, … eta hasteko izan duten motibazio hori indartu egiten da beren buruari helburu berriak –kirol, lan edo pertsona mailakoak– jartzen jarraitzeko. Izan ere, adin horretan pertsonek beren bizitza birplanteatzen dute, eta kirolak fisikoki eta psikikoki hobeto sentitzen laguntzen die. Pertsona batzuk beren bikotekideengandik banandu ere egiten dira, eta, beste kasu batzuetan, haien arteko harremanak indartuta ateratzen dira prozesu horretatik. Kirola eraldaketa pertsonalerako eta pertsonen bizitza hobetzeko tresna indartsua da, zalantza barik.

Zer ordutan ateratzen zarete entrenatzera?

Talde batekin goizeko seiak eta laurdenetan ateratzen naiz korrika egitera, eta esaten didate lanera iristen direnean gehiago errenditzen dutela eta egun osoa aktibo eta energiaz beteta egoten direla. Izan ere, dagoeneko hainbat erakunde hasi da kirola sustatzen, eta bizikletak uzteko lekuak eta dutxak ere jarri dituzte, norbaitek beharrera sartu aurretik behar baditu ere.

Orduan, enpresak hasiak dira ikusten kirolak duen garrantzia langile edo beharginen bizitza hobetzeko?

Gai honetan aitzindarietako bat Mahou-San Miguel izan da. A tu salud” programa du, lan-ordutegian, eta pertsonen beharrizanetara egokituta, kirol-errutinak ezartzera bideratua. 2011n ezarri ostean, programan aktibo daudenen artean baja medikorik ez egotea lortu dute, talentua atxikitzea ere bai, eta inbertitutako euro bakoitzeko bi euro eta erdiko itzulera lortu dute. Gainera, beraien erakundean lan egiten dutenak hobeto sentitzen dira, lan-giroa eta, batez ere, giza kapitalaren osasuna hobetzea lortu dutelako.

Imanol Loizaga entrenatzailea da, Espainiako Maratoi Txapelduna Beteranoen kategorian eta Enpresa Osasungarrian aditua

BBK Family Learning

×