Zelan lagundu diezaiekegu gure seme-alabei uda honetan hondartza eta igerilekuetan arauak betetzen?

Niña playa

Etxeko itxialdi edo konfinamendu-etapa batetik gatoz, irteteko, jendearekin egoteko eta dibertitzeko gogo handiarekin. Uda eta beroa iristen ari dira, eta bainatu ahal izateko ura dagoen lekuetara joateko premia edo beharrizana sentitzen dugu. Hondartzak eta igerilekuak irtenbide gisa agertzen dira. Normalean, arau batzuk bete behar izaten ditugu horietara joateko. Gaur egun, osasun-alarmarekin, arau horietako batzuek indarrean jarraitzen dute, eta beste batzuk berriak dira. Araudiak ez daude gu gogaitarazteko, eta beste barik gure askatasuna mugatzeko helburua ere ez dute. Gu jagoteko eta babesteko xedea dute. Zelan lagundu gure seme-alabei hori ulertzen arauak bete ditzaten? Zelan kokatuko gara arau horien aurrean, ateratzeko beldur barik eta arauak baztertzera eraman gaitzakeen amorru barik?

1. GEUK EZAGUTZEA ARAU BERRIAK

Beste edozein unetan, hori ez litzateke hain arazo handia izango. Baina deskonfinatze-fase ezberdin, informazio-saturazio eta albiste faltsuekin, batzuetan, nahastuta bukatzen dugu. Ez du balio whatsapp bidez iristen zaigunak edo aldamenekoari entzun diogunak. Autonomia-erkidego, udal, hondartza edo igerileku bakoitzeko iturri ofizialetara jo behar dugu. Eta aldez aurretik ezagutu beharko genituzke arauak,etxean haurrei aurreratu ahal izateko.  

Arau horiek zerikusia izan dezakete jende-kopuruekin, joateko edo berton egoteko ordu-tarteekin, mantendu beharreko distantziekin, egin beharreko ibilbideekin, instalazioetan erabil daitezkeen edo ez daitezkeen objektu eta elementuekin, edo horiek erabiltzeko moduarekin, …  Eta arau horiek faseen, leku bakoitzaren edo beste faktore batzuen arabera aldatuz joan daitezkeela jakin behar dugu. Eusko Jaurlaritzak horri buruzko gida bat egin du, eta hondartzen edukieraren berri emateko aplikazioak prestatzen ari dira. Baliteke informazio hori hurrengo faseetan eguneratuz joatea.

2. HAURREI ARAUAK AURRERATZEA HONDARTZARA EDO IGERILEKURA JOAN AURRETIK

Horretarako honako hauek egin beharko dira:

  • -Azaldu ARAUAK beharrezkoak direla gure burua babesteko eta bizikidetzan gainerako pertsonekin solidarioak izateko. Haurren zeregina jendea, eurak barne, babesteko laguntzen jarraitzea da, horretarako arauak betez.   
  • Hizkuntza uler dezaketen gauzetara EGOKITZEA.
  • -Egin daitekeenaren edo ez daitekeenaren egoera posibleak ZEHAZTEA, eta arauak ez betetzearen ondorioak aurreratzea (ondorio “ofizialak” eta familian ezar ditzakegunak, adibidez, hondartzatik alde egitea, denbora gutxiago egotea, egun batzuetan ez itzultzea, gauza batzuk ez eramatea, beste leku batean jartzea, …).

Horretarako, igarkizun motako dinamika bat erabil dezakegu, galdetu edo itaunduz zer egin daitekeen edo zer ez, marrazkiak edo KROKISAK eginez argiago gera dadin, haiekin panel bat sortuz eta egiten dizkiguten galderei erantzunez. Nola edo hala arauak ulertzen eta horiekin konprometitzen parte hartzen duten neurrian, errazago bete ahal izango dituzte gero.

3. ARAUAK BETETZEN LAGUNTZEA

Arauak betetzen laguntzeko, honako hauek izan ditzakegu kontuan:

-Arauak betetzen geu EREDU izatea.

Agian pentsatuko dugu gure baitan, horrelako nahasmenduarekin hobe dela ez irtetea, arau berrietako batzuk betetzea zaila izango dela umeentzat, edo beste arau batzuk gogaikarriak gertatzen zaizkigu, ez dugulako hainbeste sinesten horietan edo geure gogoa mugatzen digutelako. Hala ere, guraso legez dugun zeregina da larregizko beldurra atzean uztea, umeak zuhurtasunez kalera irtetera animatzea eta geu eredu izatea, haserretu barik eta murrizketak gutxietsi gabe. Hobe dugu arauak betetzea eta haurrengan zirkuitulaburrak sortzen dituzten inkoherentzietan ez sartzea.

Guraso gisa beteko ez dugun arauren bat baldin badago, ez diezaiegun seme-alabei kontrakoa aurreratu, gero gogoak ematen diguna egin behar badugu. Hau da, ez diezaiegun esan beste umeekiko bi metroko distantzia gorde behar dutela, eta, gero, elkar ukitzen utzi, beste barik. Gure gomendioa da gizalegezko pertsonak izan gaitezela eta arauak bete ditzagula. Guraso gisa, hori da gure erantzukizuna.

FRUSTRAZIOAK KUDEATZEN LAGUNTZEA

Ziur aski, haurrek izango dituzte desio eta beharrizan batzuk, bete ezin direnak. Adibidez, sozializatuz eta kontaktu fisikoa izanez beste haur batzuengandik hurbil egotea naturala da beraientzat. Hondartzaren edozein aldetan korrika ibiltzea ere dibertigarria da. Hala ere, mugatuta daude gauza horiek. 

Bete gabeko desio horien aurrean, ulertu egin behar ditugu umeak, eta lagundu egin beharko diegu frustrazioa eta horrekin batera doazen haserre- edo tristura-emozioak kudeatzen. Beraien amorruaren aurrean gu haserretu egiten bagara, ez dugu lortuko egoera onartzeko behar duten lasaitasuna transmititzea. Lasaitasun edo jakin-minaren ispilu bihurtuta, agian bizi duten egoerari buruz galde diezaiekegu, eta desio hori beste une batean, beste leku batean, beste era batera … gauzatzeko beste aukera batzuk bilatzera bultza ditzakegu. “Pena duzu ezin duzulako … Ikusten dut haserre zaudela … Kontatu gura didazu? … Eta hori horrela izanik, beharrezkoa da … Bururatzen zaizu beste modu bat… baimenduta dagoena…? Agian beste leku batean egin ahal izango duzu …”

Kontuz, amorrua berrelikatu egiten da, kutsatu, eta lehertzera eraman gaitzake. Beraiengan ikusten dugun tristurak amore ematera eraman gaitzake ezinezkoa denean … Bila ditzagun lasaitasuna eta jakin-mina gertatzen zaien horretan jartzeko, gure rolaren segurtasunetik erantzun bat emateko.  

ONDORIOAK ONARTZEN LAGUNTZEA

Ondorioak aurreratu baditugu eurekin, errazagoa izango da gero ondorio horiek onartzea.  Baita horiek sortzen parte hartu badute ere. Garrantzitsua da onartzen eta konponbidea bilatzen ikastea ere. Horrek ez du zerikusirik amorrutik zigortzearekin, gertatu denarekin zerikusirik ez duten zigorrak jartzearekin, adibidez, joko bat kentzea edo postre barik uztea.

ARAUEN BETETZEA SENDOTZEA

Kontua ez da besteen onespenarekin obsesionatutako pertsonak sortzea, baizik eta hazteko gaitasuna aitortzea eta bizikidetzarako erabaki egokiak hartzea. Horregatik, eurek bete dutena sendotzera zuzendu behar dira errefortzuak, eta autonomia, erantzukizun edo elkartasun inpliziturako gaitasuna indartzera. “Ederto, oso ondo!” esatea aintzatespen edo errekonozimendu bat da. Eta, hala ere, are baliotsuagoa izan daiteke esatea: “Oso pertsona arduratsua izan zara. Zeuk bakarrik lortu duzu …! Zein solidarioa zaren horrela …! Zein ausarta izan zaren gai izan zarelako …!”

Beraz, izan adore, lasaitu gaitezen hondartza edo igerilekura joanda (segurtasun-neurriak errespetatuz betiere), baina ez gaitezen lasaitu gure seme-alabei arauak jarri eta betetzen laguntzeari dagokionez.

Begoña Ruiz psikologak egin duen BBK Family Learning ikastaroa egin nahi baduzu, eman izena. “Arauak nola jarri modu afektibo eta eraginkorrean”. Online eta dohainik da.

Begoña Ruiz Ibáñez. Psikologoa, gizarte-hezitzailea eta psikomotrizista

Menu

BBK Family Learning

×