Normas afectivas y efectivas

Zelan jarri arauak modu afektibo eta efektiboan berrogeialdian

Berrogeialdiko egun hauetan, hainbeste elkarbizitzarekin gatazkak areagotu eta ugaritu egiten dira seme-alabak ditugunean. Begoña Ruiz psikologoarekin berba egin dugu berrogeialdian arauak ezartzeko moduari buruz.

Zer egin dezakegu: arauak murriztu, amore eman gehiago…?

Egun hauetan, haurrek gehien behar dutena afektiboki seguru sentitzea da. Segurtasun afektiboko errezeta bat prestatuko bagenu, arauak osagai bat izango lirateke. Beste asko daude, hala nola elkarrekin denbora pasatzea, umore-senaz gozatzea, zenbat maite ditugun adieraztea, gaizki sentitzen direnean kontsolatzea, elkar zaindu edo jagotea, bereziak direla sentiaraztea…

Berrogeialdian gure agintea desafiatzen jarraituko dute, eta etxetik atera ezinaren egoera berriaren aurrean, erronka berriak agertuko dira. Arau barik uzteak segurtasunik eza eragin diezaieke. Mila “ez”ezkoz inguratzeak ere tentsio handia sor dezake etxean. Osasuna eta bizikidetza zaintzeko lau arau garrantzitsu aukeratzen saiatuko nintzateke, eta beste batzuekin, berriz, malguagoa izango nintzateke. Egokiena eta gaitzena hori orekatzea da.

Zer egin dezakegu ezarri dugun arau bat bete gura ez dutenean?

Ba, arnasa hartu … eta ez da txantxa. Garrantzitsuena (eta gaitz edo zailena) une horiei patxadaz eta segurtasunez heltzea da. Edonola ere, hona hemen jarraitzeko urrats batzuk:  

  1. Haurrarekin “barrutik kidetzen” edo sinpatizatzensaiatzea. Beraren lekuan jarri, eta ez-betetze horren atzean zer emozio eta zer desira dauden ulertzea. (Adibidez: bideo-kontsolan jolasten jarraitu gura du, berarentzat entretenigarria eta dibertigarria delako eta etxean hainbeste denbora egotea gogaikarria delako).
  2. Enpatizatzea. Gure seme edo alabaren desira eta ezezko horren aurrean, gure baitan zer emozio sortzen zaigun ikustea. Haserreak hartzen bagaitu, ezin izango dugu egoera ondo kudeatu. Nolabaiteko lasaitasuna eta segurtasuna aurkitu behar ditugu, erantzun positiboa emateko. Batzuetan, beharrezkoa izaten da pixka bat erretiratu eta gero itzultzea. (“Asko haserretzen ari naiz, itxaron une bat lasaitu nadin, itzuliko naiz eta egingo dugu berba”).
  1. Haren emozioa eta guraria ulertzen ditugula adieraztea. (“Ulertzen dut bideo-kontsolan jolastea gustatzen zaizula, dibertigarria da zuretzat, eta ez duzu utzi gura”).
  2. Araua gogoraraztea. Adibidez, errutinen taula edo kontratu batean idatzita baldin badago, horretaz balia gaitezke. (“Begiratu berrogeialdia hastean pantailak erabiltzeko negoziatu genuen taulari, amaitu da gaur arratsaldeko pantailen denbora”).
  3. Ordezko aukerak proposatu edo pentsatzera gonbidatzea (adinaren eta arauaren arabera) (“Bihar goizean berriro izango duzu jolasteko aukera; eta orain, zer beste egin dezakezu, baita ere entretenigarria izan daitekeena zuretzat?Zer egin duzu beste batzuetan pantaila barik dibertitzeko modukoa? Gura duzu elkarrekin zerbait egitea?”)

  1. Zelan lortu dezakegu arauak eraginkorragoak izatea?

  1. Tira, horri dagokionez, geure buruari esaten dioguna zaintzea da garrantzitsuena. Ez da berdin “Gaitza da baina beharrezkoa da seme edo alabari laguntzeko arauak jartzea”, “Hori egiteko gai naiz”, “Ez du araurik bete gura, bere desira beste zerbaitetan dago-eta”… esatea, edo honelakoak esatea: “Ziur nago ez didala jaramonik egingo”, “Hau galdutako borroka da”, “Lotsabako hutsa da, izorratzeko baino ez dit esaten hori”, “Jakingo du zer den ona”. 

Eta, gero, jada aipatu dudanaz gain:

  • -Arau horietan eskatzen dena umearen adinaren edo egoeraren araberakoa izatea.  (Adibidez, ezin dugu pentsatu haur txikerrak geldirik eta etxean mugitu barik egotea)
  • -Positiboan adieraztea (“Ez oihurik egin” esan beharrean, esaiozu “Berba egizu goxoago, mesedez”)
  • -Jakin-mina eta autoerantzukizuna piztea, galdera edo itaunak eginez. (“Jolas egin ostean, hasi eskolako lanak egiten” esan beharrean, galde egiozu: “Jolas egin ostean, zer tokatzen zaizu gero egitea?”).
  1. Eta zer deritzezu zigorrei?

Ez dut asko sinesten zigorren balio hezitzailean, beste barik errepresaliak hartzea legez ulertzen baditugu. Gainera, ez dira ondo erabiltzen. Edozelan ere, uste dut hobe dela arauak betetzen dituztenean adore eman edo indartzea, eta arauetan inplizituki ezarritako akordioak ez bete izanak batzuetan ekartzen dituen ondorio naturalak onartzen laguntzea.  

Adore emateko, “Oso ondo” soilik esatea baino izan duten gaitasuna edo autonomia aitortzeko esaldiak erabiltzea gehiago gustatzen zait. Adibidez: “Ohea zeuk bakarrik egiteko gai izan zara, protesta barik”.

  1. Askotan zerbait ez egiteko esaten diegu, eta gero geuk egiten dugu. Ez egon mugikorrarekin mahaian, eta guk, lanaren aitzakiarekin, mugikorra begiratzen dugu bazkaldu bitartean …  Ez gara koherenteak geure arauekin!

Nire irakasle batek zioen legez, gizakiok “kaskar” samarrak gara … Hau da, inperfektuak eta inkoherenteak. Umeak hazi eta hezterakoan ere bai. Koherentzia lortzeko, kontzientzia hartu eta arreta jartzeko prozesu bat behar da. Geure buruari berba egin, eta gure seme edo alabaren hazkuntza partekatzen duten gainerako pertsonekin hitz egin, egiten dugunaren eta eskatzen dugunaren artean koherentzia izateko, pertsona ezberdinen artean, denboran zehar…  Eta hori zaila da, eta lortzeko modukoa ere bai, baina pixkanaka. 

  1. Emango dizkiguzu aholku batzuk egun hauetan elkarbizitza hobetzeko?

Tira, esandakoaz aparte, uste dut hiru edo lau gauza har ditzakegula kontuan:

  1. 1.Garrantzi handi-handia ematea segurtasun afektiborako errezetaren osagaiei:  maitasuna adieraztea, kontsolatzea, elkar jagotea, barre egitea, elkarrekin jolastea, hurbilekoari berezia dela sentiaraztea eta arauak jartzea ere bai.
  1. 2.Errutinen eta Arauen Taula bat sortzea. Ez kontrolatzeko tresna gisa beste barik, baizik eta Oinarrizko Arauak ezartzeko eta arau batzuk negoziatu ahal izateko modu gisa. Idatziz jartzea, gainera, baliagarri izango da bertara jotzeko zalantzak sortzen direnean, gauzak aurreratu nahi direnean, ondorioak nork bere gain hartu behar dituenean…
  2. 3. Saiatu geure buruari esaten: “Nirekin bizi direnei ez badiet zerbait ona edo modu onean esan behar, hobe dut isiltzea”

4. Bakarraldiak (time out) egitea, haserrea lako emozioek gain hartzen digutela ikusten badugu. Esan dezakegu: “Itxaron une bat, lasaitzera noa eta laster jarraituko dugu berbetan”.  Arnasketak egin, leihotik begiratu, geure buruari berba egin, musika lasaia entzun … eta gero berriro ekin gaiari.

Gehiago sakondu gura baduzu, ez galdu gure online prestakuntzako psikologo, gizarte-hezitzaile eta psikomotrizista den Begoña Ruizen doako ikastaroa: Zelan jarri arauak modu afektibo eta efektiboan”.

3. Saiatu geure buruari esaten: “Nirekin bizi direnei ez badiet zerbait ona edo modu onean esan behar, hobe dut isiltzea”.

BBK Family Learning

×