Zer da? Autokontzeptua da, neure buruaz eta nire gaitasunez dudan ideia. Beraz, apala edo urria bada, eragotzi egingo dit, muga bat izango da nire garapenerako, nire garaipenerako, pentsatuko baitut ez naizela gai, ez dudala merezi edo ez dela posible neure buruari planteatzen diodan helburu hori lortzea. Ez naiz mugituko, ez naiz saiatuko eta, beraz, ez dut aurrera egingo, eta egiten badut, porrot egingo dudala pentsatuz egingo dut. Kontuan izanda bizitzan dena ?enpresak, harremanak, prestakuntza, …? aldatu egiten dela beti, ezer ez da berdin geratzen, edo aurrera edo atzera joaten da. Eboluzionatzen ez badut, ikasten ez badut, ahaleginik egiten ez badut, “mugitzen” ez banaiz, lehenago garatutako trebetasunak galtzen joango naiz ez erabiltzeagatik, edo lortzerik ere ez dut planteatuko, ez dudalako neure burua gai ikusten. GURPIL ZORO bihurtzen da, beraz.
Autoestimu txikiak eragotzi egin dezake bizitza sentimental gogobetegarria izatea, familia-bizitza ona izatea, ahalik eta lan-gaitasun handiena lortzea eta lagun onak izateko arazo bat izan daiteke. Autoestimu altu batek, berriz, pertsona baliotsua zarela sentiarazten dizu, askotariko gaitasunen jabe, maitatua izateko modukoa, umiliatua edo gaizki tratatua izaterik onartuko ez duena.
Autoestimu osasuntsua EZ exijentziatik abiatzen da, BAI bikaintasunetik; hau da, hobe ez neurtzea, lehiatzea, norbere buruari desafio egitea, besteekiko neurtzea edo desafioka hastea, … beti egongo baita norbait hobea, ederragoa, azkarragoa, … eta horrek ez du garapena sortzen, frustrazioa baizik.
Duela 2000 urte baino gehiago, Epiktetok “Bizitzako Eskuliburua” lanean jaso zuen besteen jokabidearen mende bizi den pertsonak, besteen gustukoa ez den “kuxkuxero” bihurtzeaz gain, bere garapena baztertu egiten duela. Oker bideratzen ditu bere arreta, bere energiak, bere baliabideak, eta, beraz, emaitza txarrak lortuko ditu. Besteek eta gizarteak ezarritako arrakasta-, edertasun- eta osasun-estandarren aurrean ahulagoa izaki, eta ez bere idiosinkrasiaren araberakoa, porrot gertagarrira kondenatua dago.
Autoestimuaren garapena perfekzioa bilatzetik urrun dago. Errealitatea ez onartzea da perfekzioa. Lortu ezin den ideal bat da, erabatekoa ez den edozein garaipen gutxiesten du, eta garapena geldiarazten du, lortu ezina baita, etsigarria. Perfekziorik EZ DAGO.
Autoestimua ezin da “harropuzkeriarekin” nahastu; pertsona askok, batez ere nerabeek, autoestimu apalarekiko defentsa gisa agertzen dute hori, nagusitasunezko fatxada bat, erasokorra. Besteek onar gaitzaten, kanporantz egiten den ekintza oro, edozein eraso edo erakustaldi, autoestimu txikiaren sintoma da. Eta tolerantzia, buru-irekitasun … oro autoestimu onaren sintoma da, ez naiz mehatxatuta sentitzen, horregatik ez dut eraso egiten.
Zelan baldintzatzen dute gurasoek seme-alaben autoestimua?
Gogoratu: Zer adjektibo edo kalifikatzaile erabiltzen zituzten zutaz zure haurtzaroan? Zelan deitzen zizuten? Horrek horrela izaten jarraitzen du? Horrek zure bizitza baldintzatu du? Zu definitzeko erabiltzen zuten adjektibo horren arabera, zenbat gauza egin dituzu edo ez dituzu egin? …
Bizitzako lehen bi urteetan, gure garunak denboraren % 100 “Delta uhinetan” ematen du, eta adin horretatik 6 urtera % 90. Egoera hori hipnosiaren antzekoa da, hau da, entzuten eta bizitzen duen guztia gogamenean grabatzen da eta etorkizuna zelan ikusten duen, ondo edo txarto dagoena baldintzatzen du, hau da, gure harremanak eta etorkizuneko lorpenak baldintzatzen ditu. Inkontzienteki lortu gura dugun gauza bakarra bizirautea eta egokitzea denez, gura duguna lortzea ahalbidetzen diguten jokabide-kodeak ikasten ditugu, nahi ez duguna saihestuz.
Etapa honetan bizitakoak gure etorkizuna zelan baldintzatzen duen ulertzeko, ikaskuntza-prozesua zelan egiten den gogoratu behar dugu: inguruneko edozein estimuluren (zarata, kolpe, esaldi, … baten) aurrean, gure sistema linbikoak gertatzen ari dena iragazten du heredatutako genetikaren eta antzeko egoeretan ikasitakoaren arabera, eta emozio bat sortzen du, erantzun edo erreakzio bat eragingo duena, bizitzen ari den egoera konpontze aldera. Horrela, erantzun edo erreakzio horren arrakastaren arabera, oroimen emozionalean baliozko gisa gordeko dugu edo ezgai gisa baztertuko dugu.
Jakin ahal izango duzu zein diren haurtzaroan hartu zenituen balio horiek zeure burua singularreko 2. pertsonan berba egiten entzuten duzunean, aditz gisa “behar duzu”, “egiten da” eta absolutismoak erabiltzen dituzunean, hala nola: “inoiz ez”, “beti”. Adibidez: “Zuk beti egin behar duzuna da …”, “Hau honela egiten da”, “Ez duzu erantzun behar horrela” … ADI!!! GURE AURREIRITZIAK ARI DIRA BERBETAN!
Bakoitzak egia absolutu gisa sentitzen eta bizitzen duena gurasoengandik jasotako heziketaren emaitza besterik ez da, horregatik aldatzen da hainbeste pertsona batetik bestera, batez ere ingurune oso ezberdinetan hazi izan badira, eta eragin hori bereziki erabakigarria da gure autokontzeptuari buruzkoa denean. Haurtzaroan baloratua izan banaiz, horrela dela sentituko dut, eta, beraz, ez dut onartuko inork tratu txarrik eman diezadan, ez dut erraz amore emango. Beti baldin badut eta izan badut gurasoen konfiantza, neure buruarengan eta besteengan ere izango dut. Gure jatorrizko ezaugarriak onartzen eta baloratzen badira, guk ere baloratu egingo ditugu eta haien arabera haziko gara, arrakasta izateko probabilitate handiarekin.
Izan ere, gure bizitzako lehen urteetan artatzen gaituzten moduak, gure beharrizanak agertzen direnean artatzen badira, ez lehenago eta ez geroago, … inkontzienteki ondorioztatuko dugu tratu on hori merezi dugula, eta horrek gure buruarengan dugun konfiantza, gure autoestimua, bizitza osoan baldintzatuko du. Horri atxikimendu segurua deitzen zaio. Inoiz ez da berandu atxikimendu ez-seguru baten ondorioak zuzentzeko.
Zelan bultzatu zure seme edo alabaren autoestimua? Jaiotzen garenetik, esan dugun lez, gure beharrizanei erantzuten zaienean, besarkatu, kontsolatu eta animatzen gaituztenean, geure buruaren onarpen positiborako funtsezko oinarri bat sorzen joaten da. Konparazio gisa edalontzia erabiliz, edalontzia hainbat “hondar” edo aztarnaz betetzen dugu, nerabezarora iristean eta bakarrik “mundura irteten garenean”, gure hauskortasunetik eta esperientziarik ezetik bizitzen ditugu egoerak, eta ondorioz, hondar edo aztarna horiek, autoestimu hori, galtzen joaten gara.
Autobuseko gidariak “gaztetxo” deitzen digu mespretxuz, gure intereseko pertsonak ez digu arretarik jartzen, ez dugun lortzen ikasgairen bat gainditzea, ikaskide batek iseka egiten digu, irakasleak besteen aurrean seinalatzen gaitu…
GURASOEK EGUNERO “BETE” BEHAR DUTE EDALONTZI HORI FAMILIAREN BAKE-GIROTIK, SEME-ALABA HORI MUNDURA ATERATZEN DENEAN INOIZ EZ DEZAN EGIN, BERE BURUARI, BERE GAITASUNEI ETA BALIOARI BURUZKO USTE EDO SINESMEN POSITIBO BARIK, “EDALONTZI HUTSAREKIN”.
Zelan?
–Hasiera I.A.A. bat egitea izango litzateke:
Indarguneak, ahuleziak… aztertzea, eta azken horiek era egokian aukera bihurtzea, … horrela, kritika bat agertzen denean, akats bati aurre egin behar zaionean, … zure semeak, zure alabak, bere hutsegitea zein izan den balora dezake biktimismoan edo oldarkortasunean erori barik, eta egoera modu eraikitzailean arrazionaliza dezake.
Adibidez: pertsona batek iraindu egiten du, bere adimena zalantzan jarriz. Hori bere ezaugarri bat bada, ez da minduko, badakielako gezurra dela, min egiten saiatzen den norbaitek erabiltzen duen tresna traketsa dela; eta, horrela ez balitz, baita ere haserretu barik onartuko luke, jakitun baita hori ez dela bere bertute bat, nahiz eta beste bertute garrantzitsu batzuk badituen, eta inork ez dituela guztiak izaten.
Adimen-maila bere ahulezia bat baldin bada, behin horretaz jabetu ostean, indargune bihurtzeko ekintzak plantea ditzakegu (aukera edo abagune bat da), eta hori gertatzen ez den bitartean, jarduteko orduan kontuan izango dut, nire ahulezietako bat dela jabetuta, eta horrela erabaki hobeak hartuko ditut.
BETIERE EGIATIK, ZEHAZTAPENETIK.
Gezurra esaten badiozu, batetik, porrot sentimentalera, sozialera, laboralera… kondenatzen ari zara, helburuak ezartzeko orduan bere abiapuntuak okerrak izango baitira; eta, gainera, gezurraz ohartzen bada, haren konfiantza, haren begirunea galduko duzu, bion arteko lotura ahuldu egingo da, eta beraren garapenean eragiteko abantaila galduko duzu, beste batzuengan bilatuko baitu babesa … eta beste horien asmoak ez ditugu ezagutzen.
— Goraipatu iezazkiozu nolakotasun edo ezaugarriak, gogora iezazkiozu, … indartu egingo dituzu:
Adibidez: Zergatik ez duzu hau zuk egiten? Nik baino hobeto egiten duzu! A zer eskuzabaltasuna zurea!
Portaera-zuzenketa baten atariko gisa ere bai:
Adib.: “Tamalgarria da beti berandu iristea, gainerako guztian hain arduratsua izaten zara eta!”.
— Leundu berba bidez ahulezia hori, honela:
Adib.: Ez zara lasterka bizian ibiltzen, oraingoz.
— Jarri arreta onean, oraingoan, eta ez txarrean, iraganekoan, hau da, ardaztu ongi egiten duen horretan, eta ez txarto egiten duen edo iraganean txarto egin zuen hartan.
Ahal dela, erabili errefortzu positiboak edo negatiboak, baita diziplina ere, baina saihestu zigorra. Zigorrak haren autoestimuari eraso egiten dio, zuen loturak ahultzen ditu eta ez du adin bakoarengan garapenik sortzen. Hau da, ez du ikasten ondo egiten.
Komeni ez zaion jokabidea zuzentzeko, autoestimuari eraso egin beharrean honelako esaldiekin: “Baldarra zara gero e…”, “Zurea da errua” …, “Ez duzu merezi …”, “Ezingo duzu …”, egizu gogoeta berarekin bere portaerari eta haren ondorioei buruz, horrek bai ekarriko du-eta garapena (gurasoen zeregin nagusia).
— Indargabetu itzazu zure seme edo alabak haurtzaroan hartu zituen eta orain kalte egiten dioten usteak, mugatu egiten dutelako, bere gaitasun guztiekin jardutea eragozten diotelako, bere buruaren bertsiorik onena, bere ahalmenik handienak, lortuz.
Adibidez, entzuten badiozu: “Ni ez naiz atletikoa”. Indargabetu ezazu honela: Gura duzunean izan zaitezke, elikatzeko, atseden hartzeko eta ariketa egiteko ohitura onak medio, eta nik pertsona asko ezagutzen ditut hori lortu dutenak. Gura duzu informazioa lortzen laguntzea? Hau da, bere aurreiritzia ARRAZIONALIZATUZ eta zure laguntza eskainiz.
— Bideratu haren hobekuntza haren portaera eta gaitasunak hobetzera, baina beste batzuekin alderatu barik, … SAIHESTU KONPARATZEA. Horrek bere irizpide propioa garatuko du, erraz manipulatu ezin izateko moduan.
— Bideratu haren hobekuntza haren portaerara, ez haren IZAERARA. BALDINTZA BAKO MAITASUNA … ezagutzen zaitut, baloratzen zaitut, … “Zaren bezala maite zaitut … Hala ere, zure portaerak zuzenketa behar du, zehazki honetan …”
— Berba egiozu asertibitatez: Zuk ez badituzu zure iritziak iraindu barik adierazten, ezta harenak entzuten ere, hari errespetu falta adierazten ari zara, eta horrek ondorio honetara eroango du: ez duela balio eta hori dela harremanak izateko modu zuzena, eta horrek eragin negatiboa izango du haren gizarte-trebetasunetan eta, beraz, HAREN ARRAKASTETAN.
— Plantea iezazkiozu erronkak eta, batez ere, lagundu bere buruari jartzen dizkion horietan (beti bere segurtasunetik); bestela, EZ DA HAZIKO. Gurasoek beren seme-alabak larregi babesteko joera izaten dute, balizko arrisku eta kalteak saihestuz. Lehen pertsonan esperimentatzen ez dutenez eta baliabideak eskuratuz irtenbideak aurkitzen saiatzen ez direnez, gurasoen ekarpenetara ohitzen dira; eta denbora igaro ahala, beste pertsona batzuengan bilatuko dituzte irtenbideak.
Gura duzu zure seme edo alaba ARRAKASTATSUA, OREKATUA ETA ZORIONTSUA izatea? Lan egizu beraren autoestimuan.
Pilar García, coach emozionala