Zer ari zaigu jazo edo gertatzen? Non geratu gara gure umeei ahotsa ematea proposatzen genuen guztiok? Zer ari gara egiten beraien eskubideekin? Zelan ari gara tratatzen haurrak COVID 19ak eragindako krisi honetan? Egoera honetan, haurrek eta nerabeek erakutsi digute egokitzeko gaitasun handia dutela, babesari eta osasunari dagokion erantzukizuna beren gain hartu dutela, adinekoak jagon eta zaintzen dituztela, eskola-eskakizunei ondo erantzuten dietela, etab. Beraiek dira krisi honen zutabe indartsuetako bat.
Aldiz, helduok, haurrei zuzenean eragiten dieten alderdi batzuk erabakitzen ditugunok, gure gaitasunak zalantzan jartzen ari gara, eta, batez ere, haurren eta nerabeen eskubideei buruzko Konbentzioa urratzen ari gara.
Konbentzioa historiako trataturik berretsiena da, eta hori berretsi duten estatu guztiek Haurren Eskubideen Batzordeari eman behar dizkiote kontuak horren betetzeaz. Eta zer kontatuko dute krisi honetan adinbakoekin zerikusia duten erabakiak hartzeari buruz? Zein izan da Gobernuaren erantzuna neska-mutikoen beharrizanei erantzuteko? Zer ziurgabetasun ari gara sortzen familiei oro har eta adingabeei bereziki?
Badakigu haurrek zer behar duten?
Denbora luze daramagu uste izaten haurrek zer behar duten jakiteko gaitasuna dugula, zuzenean eragiten dieten erabakiak, gure ustez onenak, egunero hartzeko gaitasuna dugula, … baina oraindik bide luzea egin eta asko ikastea falta zaigu umeek zer behar duten entzun ahal izateko; eta nork esango du hori eurek baino hobeto?
Haurrak eta nerabeak gai dira kontatzeko, bakoitzak bere erara, zer behar duten egunero, zer doakien ondo, zerk ez dien laguntzen, … Pertsona helduok gara gure entzute-sistema aldatu behar dugunok, haien adinera egokitutako komunikazio-bideak ireki behar ditugunok eta espazio bat eskaini behar diegunok, eurek behar dutenari marrazkia, koloreak, ahotsak, irudiak eta abar jartzeko.
Konfinamenduaren hasiera-hasieran, birusari, egoera ekonomiko edo sozialari buruzko inolako informazio barik, haur batzuek zenbait ideia eskaini zizkiguten BBK Familyn, zelan antola gintezkeen azalduz kalera ateratzeko eta koronabirusa gure familiengandik urrun mantentzeko. Jakin gura duzue zelakoak ziren proposamen haiek? Adibidez, hurbileko parkeetara atarien arabera irtetea zen bat, beste bat adinaren arabera irtetea, etab. Gaur egun goi-mailetan hartzen diren erabakiak ikusita, non daude zentzutasuna eta koherentzia?
Baina ez dugu kexa hutsean geratu gura, ahotsa eta protagonismoa eman nahi diegu, zer nahi duten, zer behar duten, zer iritzi duten jakin gura dugu, … eta, horretarako, familiei tarte bat eskaini gura dizuegu, zuei entzuteko eta opari polit bat egiteko. Ezagutzen dituzu BBK Familyren Tratu Onaren Formulako marrazki bizidunak?
Horiek ikustera gonbidatzen zaitugu, eta zuen seme-alabak jarduera honetan parte hartzera. Zure semeak edo alabak mota guztietako izaki estralurtarrei eta oztopoei aurre egin beharko die helduek Tratu Ona zer den gogoratzea lortzeko. Helburu horrekin, formula bat landu beharko dute, azaldu dugun lez, pertsona helduak beren onera etor daitezen eta Tratu Ona Lurrean berriro nagusi izan dadin.
Esperientzia honen helburuak dira neska-mutikoek:
- 1.Gaitasun sozioafektiboak garatzea, autobabeserako eta Tratu Onerako tresna gisa.
- 2.Gizartean parte aktibo gisa parte hartzea, Tratu Ona jasotzeko dituzten beharrizanei ahotsa jar diezaieten.
Jarduera hau 7 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Gure marrazki bizidunez gozatu gura baduzu eta jarduera egiteko, klikatu hemen