viajar con bebe

Zer ezin duzu ahaztu haur batekin bidaiatzen baduzu?

Lourdes Perezek, “Guía para viajar con tu bebé” liburuaren egileak eta Viajandodo.com txikitxoekin bidaiatzen duten familientzako blogaren sortzaileak, umetxoekin bidaiatzeko eta ahalegin horretatik onik ateratzeko moduaz berba egiten digu.

Lourdes, gidaliburuan diozu iraganean “umeen aurkakoa” zinela eta ama izatea atzeratzen zenuela, uste zenuelako haurtxoekin ezin zela bidaiatu. Zergatik aldatu zenuen iritzia, txikerrekin bidaiatzeko blog bat sortzeraino?

Nik asko bidaiatzen nuen, eta iruditzen zitzaidan seme-alabak izandakoan bidaiatzea amaitu egingo zela. Horregatik, nire asmoa zen ama izatea ikusi gura nituen herrialde guztietara joan ostean. Baina bizitzak oso lezio garrantzitsua eman zidan, ustekabean haurdun geratu bainintzen. Planifikatuta genituen urte hartan egiteko bidaia guztiak, baina ez haurdunaldia. Eta, noski, zalantza asko sortu zitzaizkigun: Bidaiatu ahal izango ote genuen lehen bezala? Zer egin beharko genuen umetxo batekin bidaiatzeko?

Informazio bila hasi nintzen, baina oso azalekoa zen aurkitzen nuena eta, oro har, ez zituen argitzen haurtxoekin bidaiatzeko nik nituen zalantzak. Hala eta guztiz ere, haurtxoarekin bidaiatzea erabaki genuen, eta sare sozialetan lehen argazkiak partekatzean, ikusi genuen ez ginela bakarrak. Jende askok galdetzen zigun bere zalantzei buruz, zelan antolatu genuen janariarena, zer egin umea gaixo jartzen bazen, … eta horrek bultzatu ninduen Viajandodo.com bloga sortzera, eta bertan haur txikerrekin hainbat lekutara bidaiatzeko gida zehatzak egiten hasi nintzen. Eta gero “Guía para viajar con tu bebé” liburua argitaratu nuen, etaparik goiztiarrenetan ardaztuta, bere on-gaitz edo gauza on eta txarrekin.

Zer hartzen duzu kontuan zure alabarekin bidaiatzerakoan?

Bidaiatzen dugun urteko unea. Eguraldia oso garrantzitsua da, eta osasun-arloa ere bai, ez baita gauza bera Europara edo Asiara bidaiatzea, adibidez. Umetxoak direnean, hobe da gaixotasun tropikalak, adibidez zika edo dengea, dauden herrialdeak saihestea; izan ere, pertsona heldu batek txarto pasatzen badu, immunitate-sistema oraindik garatuta ez duen umetxoarentzat are arriskutsuagoa da.

Adin txikietan, Europa aukera ona da, baita Kanada eta AEB ere. Gu New Yorkera joan ginen gure alaba Avrilek lau hilabete eta erdi zituenean eta hegazkineko bidaia (7 ordu gutxi gorabehera) lo edo bularra hartzen pasatu zuen. Adin hori egokia da hegazkinak hartzeko.  Edozelan ere, airelineek gero eta erraztasun gehiago ematen dituzte umeekin bidaiatzeko.  Guri jolaserako pack bat eman ziguten, margoak, jolasak… eta adur- edo lerde-zapia barne.

Hegazkinez bidaiatzeko gomendio gisa esango nizueke maletak etxean ordenatzeko zelanbaiteko logikarekin, aireportuko segurtasun-kontroletik azkar eta modu atseginean igaro ahal izateko. Bi gurasoek bidaiatzen baduzue, beti izango duzue indarrak banatzeko aukera, bata kontrol-zintatik gauzak pasatzeaz eta bestea umetxoaz arduratzeko. Eta semearekin edo alabarekin bakarrik hegazkina hartu behar baduzue, zalantza barik eskatu laguntza, baita aireportuetako laguntza-zerbitzua ere, baldin badago.

Eta bidaiatzeko destinoetara itzulita, Maroko ere leku ona da umetxoekin bidaiatzeko. Guk badugu anekdota bat Fez-ekoa, Avrili hortzak ateratzen ari zitzaizkionekoa, eta ez dut uste oroitzapen onik utzi genuenik han. Koitaduak min edo ondoez handia zuen hortzengatik, eta gauez, hozka egitekoa fresko-fresko eta bularra ematen nion arren, ondoez handia zuen eta negar egiten zuen eten barik. Riad batean geunden ostatu hartuta, logelek erdiko patiora ematen duten leku batean, eta erresonantzia izugarria zen; beraz, gau txarra pasarazi genien han ostatu hartuta zeuden guztiei. Azkenean, aseguru-etxera deitu nuen aholku eske, koitadua ez baitzen lasaitzen. Esan zidaten umetxoen parazetamol bat emateko, hain ondoezik daudenean ezinezkoa izaten delako haiek lasaitzea, eta bai, funtzionatu egin zuen. Horregatik, osasun-aseguru bat kontratatuta izatea ere gomendatzen dut, zoazten herrialdean osasun-estaldura izateko. Hurrengo egunean harrerara jaitsi ginenean barkamena eskatu genien gauean gertaturikoagatik, eta erabat ulergarria zela esan ziguten; beraz, Marokora bidaiatzeko arazorik ez (barreak).

India ere leku ona da haurrekin joateko, nahiz eta kontrakoa iruditu. Blogean, Indiara bi alaba txikirekin joan zen ama baten esperientzia kontatzen dut; haietako batek bronkilitisa izan zuen; beraz, bi egun eman zituen ospitalean. Amak dio tratua 10ekoa izan zela, denei gela pribatu batean geratzen utzi zietela eta ingelesez berba egin zietela. 

Edozelan ere, haurtxoekin bidaiatzeko zelanbaiteko beldurra dutenei, nik hiriak gomendatzen dizkiet beti, ezustekoren bat izanez gero beti errazagoa baita onik ateratzea.

Zelan planifikatzen dituzu bidaiak?

Ibilbide lasaiak egiten saiatzen naiz. Frustrazioak saihesteko, jakin behar dugu agian gauza batzuk ezingo ditugula egin. Gau txarra pasa badugu, hurrengo egunean hotelean geratuko gara agian. Saia gaitezen maratoirik ez egiten museoak, hiriak, … bisitatzerakoan; ahalegindu gaitezen gauzak etorri ahala gozatzen eta egokitzen; hori oso garrantzitsua da, egokitzapena, larregizko frustraziorik senti ez dezagun.

Zein dira bidaiatzeko ezinbesteko osagarriak?

Guri garraioko motxila on batekin bidaiatzea gustatzen zaigu beti. Bidaiatzen duzunean, azkar konturatzen zara ezin duzula beti haur-kotxea erabili. Bainuontzi puzgarri bat ere aukera ona da, eta autoko aulkitxoa, etxetik eroan gura ez baduzu, alokatu dezakezu, baina ziurtatu behar duzu konpainiak badaukala zure umetxoak behar duena. Hamaka, adibidez, ez dugu eroaten. Eta botikina eraman behar da beti. Haurtxoen parazetamola ezinbestekoa da, barratxoa edo krema kolpeetarako, tiritak, paper-zapiak, ur oxigenatua, … Umetxoaren gainerako osagarriak goazen tokiaren eta ditugun beharrizanen arabera erabakitzen ditugu.

Ume txikerrekin bidaiatzeko beste gai garrantzitsu bat dokumentazioa da, beti txertaketa-txartela eroatea, ahal dela semearen edo alabaren historia medikoa eta familia-liburua, baita pasaportea ere, halakorik baldin badu.

Zure alabak 3 urte ditu orain, egingo dituzuen bidaiez berba egiten duzue aurrez berarekin?

Bai. Bai, haziz doazen neurrian, aurrez sentsibilizatu egin behar dira apur bat. Azaldu leku batera joango garela, baina hara iristeko hegazkinean 6 ordu edo 7 ordu egongo garela; edo trenez joango garela, eta trenean zer egin daitekeen; edo mendira joango garela eta mendian ibiliko garela, … Horrela gertatuko dena integratuz joaten da. Egia esan, Avrili dagoeneko ezer ez zaio arrotz gertatzen, poz-pozik joaten da trenean edo hegazkinean.

Zer da zuretzat Family Friendly leku bat?

Ostatuen kasuan, sehaska bat eskaintzen dizutenak, mikrouhin-labea eta hozkailua dituztenak, umetxoarentzat behar duzuna berotzeko edo gordetzeko. Garraiobideei dagokienez (trenak edo hegazkinak), haurrentzako bidaia-pack-ak eskaintzen dizkizutenak, txikiekin bidaiatzeko erraztasunak ematen dizkizutenak, mahaira egokitutako aulkitxoak dituzten jatetxeak, …

Aurtengo udan bidaiatuko duzue?

Bai, noski. Aurten, COVID 19agatik eta haurdun eta pixka bat nekatuta nagoelako, bidaia lasaiagoa egitea erabaki dugu. Frantziako iparraldea zeharkatuko dugu eta Normandian Mont-Saint-Michel bisitatuko dugu, eta Family Friendlyri buruz ari ginenez, turismo-bulegoan jada esan digute ezingo dugula alabaren aulkia erabili, eskailera asko eta aldapa piko samarrak daudelako. Beraz, badakigu hobe dela kasu honetan motxila eroatea. Niretzat, horretaz ohartaraztea ere Family Friendly da.

Hotel bat edo apartamentu bat harremanetan jartzen da: “Behar baduzue sehaska jarriko dizuegu edo gutxieneko ekipamendua (mikrouhin-labea eta hozkailua, haurrek behar dituzten gauzetarako etxetresna elektrikoak …)  duten logeletan pentsatu dugu”. Airelineak ere orain Family Friendly politikak garatzen ari dira; New Yorkera bidaiatu genuenean umetxoekin bidaiatzeko pack bat eman ziguten, lerde-zapia, jostailuak, …  Umetxoekin bidaiatzea sustatzeko.

Lourdes Pérez, Viajandodo.com blogaren egilea

Gai horrekin lotura duten BBK Family artikuluak

Iruzkinak itxiak daude.

BBK Family Learning

×