Senide eta lagunentzako laguntza

Lan asko daude terapiari eta coachingari buruz, edo terapeutek, psikologoek eta coachek bezeroei arazoak eta zailtasunak gainditzen zelan hobeto lagun diezaieketen azaltzen dutenak; baina, arrazoi arraroren batengatik, literatura gutxi dago senide eta lagunei hobeto laguntzeko moduaz, beren arazoak eta zailtasunak gurekin partekatzen dituztenean. Artikulu honek hutsune hori bete gura du.

Ondoren proposatuko ditudan jarraibideak konponbideetan ardazturiko terapia laburrean inspiratuta daude; hori da hobekien ezagutzen dudan terapiaren eta coachingaren ikuspegia, 30 urte baino gehiagoz horixe praktikatzen eta irakasten aritu naiz eta.

Lagunekin eta senideekin beren arazoei buruz berba egiten duzunean, garrantzitsua da zuk ez hartzea terapeuta edo psikologo batek bezeroekin erabiltzen duen estilo edo tonuaren antzekorik. Aitzitik, saiatu elkarrizketa informal bat izaten, eta urrundu bezero batekin berba egiten duen terapeuta edo psikologo baten itxura eman lezakeen itaun edo iruzkinetatik.

Terapeuta baten itxura izan beharrean, lagun, senide edo maite duzun norbaitentzat egokia den moduan babesa eta laguntza ematen saiatu behar duzu. Jarraibide hauek horretarako baliagarriak izatea espero dut.

Entzutea

Entzute aktiboak (entzute gogoetatsu edo sakona ere esaten zaio) izan behar du zure erantzun nagusia familiako kide edo lagun batek zuregana jotzen duenean bere arazo edo zailtasunei buruz berba egiteko. Harrigarria bada ere, askotan hori da behar den guztia baliagarri izateko. Aktiboki entzuteak eta aholkurik ez emateak zurekin berbetan ari denari bere egoeraz hausnartzeko aukera ematen dio, eta bere konponbideak aurkitzen laguntzen dio.

Jarraian, entzute aktiboaren funtsezko teknika batzuk aipatuko ditut. Teknika horiek hobeto funtzionatzen dute bakarra erabiltzera mugatzen ez garenean, baizik eta txandaka erabiltzen ditugunean, elkarrizketa-fluxu naturala sortzeko.

1.   Soil-soilik, entzutea

Utzi solaskideari eten barik askatasunez berba egiten, eta zuk keinuen bidez adierazi esaten dizuna adi-adi entzuten diozula. Nahikoa da buruarekin baiezko keinua egitea, jarrera pentsakorra hartzea, “Ederto”, “Ulertzen dut” edo “Bai” bezalako baieztapen-berbak esanez.

2.   Errepikatzea

Buruaz baiezkoa egin eta berrespen-hitzak soilik erabili beharrean, benetan entzuten ari zatzaizkion sentsazioa indartu diezaiokezu, noizbehinka, esan berri dituen azken berbak errepikatuz. Adibidez, besteak esaten badu: “Nigana hurbildu eta hori esan zidanean, pentsatu nuen benetan inozoa zela haren jarrera”, zuk esan zenezake: “… bai, inozoa izan zen haren jarrera”.  Solaskideak esan dituen azken berbak errepikatzeak, sentiberatasunez eta errukiz egiten bada, besteari sentiarazten dio entzuten ari garela esaten duena eta, gainera, esaten duen horretan pentsatzen ari garela.

3.  Sentimenduei berbak jartzea

“Entzute-efektua” hobetu dezakezu, baldin eta bere arazoak edo zailtasunak zurekin partekatzen ari den pertsonaren lekuan jartzen bazara eta, zure ustez, hura sentitzen ari den sentimenduei berbak jartzen badizkiezu. Adibidez, gure solaskidea suntsituta dagoela ematen badu, esan diezaiokezu: “Suntsituta egon behar duzu”. Haserre ematen badu, saiatu esaten:  “Horrek sutan jarriko zaitu, ezta?”.  Sentimenduei berbak jartzen dizkiegunean, garrantzitsua da adieraztea sentimendu horiek justifikatuta daudela, gure ustez. “Jakina, gogait eginda zaude. Edonor egongo litzateke gogait eginda!” edo “Munduko arrazoi guztiak dituzu gogaituta sentitzeko. Zure lekuan egongo banintz, ni ere haserre egingo nintzateke”.

4.   Laburbiltzea

Profesionalek metodo hau erabili ohi dute beren bezeroak ulertuak sentitzen direla ziurtatzeko; une bat hartzen dute pertsonak esandakoa laburbiltzeko. Metodo hau senide eta lagunekin ere erabil daiteke. “Orduan, eta oker banago zuzendu, mesedez, esan gura duzu ez zaudela ziur lan horretan jarraitu nahi duzun edo ez, eta azken erabakia hartzea uste baino askoz zailagoa dela. Horrela da?”. Laburpena egokia dela uste badute, “Horixe da, bai” edo horrelako zerbait esango dute. Aldiz, laburpena egokia ez dela uste badute, zuzendu egingo dizute zuk esana eta zuk beren egoera hobeto antolatzen lagunduko zenien. Edozelan ere, laburpen hori baliagarria gerta dakieke.

Entzute aktiboaren sekretua da, askotan, jendea bere egoeraz norbaitekin berba egiteko aukeraren onuraz baliatzen dela. Modu aktiboan entzuten duen norbaiti arazo pertsonal bat azaltze hutsak lagundu egiten die beren pentsamendua argitzen, beren egoera hobeto ulertzen eta egoerari aurre egiteko beste aukera batzuk ikusten.

Zer gehiago egin dezakegu?

Behin baieztatuta entzute aktiboa dela gure bitarteko nagusia senideei eta lagunei laguntzeko, ikus ditzagun beste gauza batzuk, gure erantzunari erants diezazkiokegunak, baliagarri izateko probabilitatea handitzeko.

1. Solaskideak jada egin duena aintzat hartzea

Senideek eta lagunek beren arazoez edo zailtasunez berba egiten digutenean, baliteke aholku bila ez ibiltzea (nahiz eta hasieran hala iruditu). Aitzitik, baliteke beren esperientzia partekatu gura izatea, soil-soilik beren erreakzio emozionala aintzat hartu eta baieztatuko diegulakoan, egoerari aurre egiteko orain arte egin dutena zuzena edo egokia izan dela berretsiz gure aldetik. Uste dut zuzen jokatu duzula.

  • Egoera kudeatzeko orain arte egin duzuna modurik onena da, ziur asko.
  • Zelan bururatu zitzaizun hori egitea? Nire ustez, burutsu jokatu duzu.
  • Egin duzunak erakusten du oso adoretsua zarela.Miresten dut egoera kudeatzeko zure era edo moduan.Batzuetan jendeak galdetzen du:  “Zer egingo zenuke zuk?” edo “Zure ustez, zer egin beharko nuke?”, baita gure aholkua entzuteko interes handirik ez badute ere. Lerro artean irakurtzen badugu, benetan gura dutena zera da: beren egoerari aurre egiteko orain arte egin dutenaz guk zer pentsatzen dugun jakitea.
  • Zure ustez, zer egin beharko nuke?
  • Ez dakit zer egin beharko zenukeen, baina uste dut orain arte egin duzuna egokia dela.
  • Mila esker! Egia esatea gura baduzu, horixe da entzun nahi nuen guztia!

2.   Geure esperientziak partekatzea

Terapeutak ez bezala, horiei, oro har, beren bizitzako datu larregi bezeroekin ez partekatzea gomendatzen baitzaie, lagunak eta familia libre dira horretarako. Esperientziak, onak eta txarrak, partekatzea gertuko harremanen alderdi garrantzitsua da.

Pertsona batek bere arazoak edo zailtasunak gurekin partekatzen dituenean, erabili behar ditugun tresna nagusiak hauek dira: entzute aktiboa, haren erreakzio emozionalak aitzat hartzea, eta orain arte arazoa kudeatzeko izan duen moduaz komentario positiboak egitea.

Hala ere, askoz gauza gehiago egin ditzakegu senideei eta lagunei laguntzeko.

Egin dezakegun gauza erraz bat geure esperientziak beraiekin partekatzea da. Adibidez, eskolan beldurtuta egon dela esaten digun seme bat badugu, eskola-jazarpenaren lekuko gisa gure esperientzia parteka dezakegu txikien eskolan. Edo lagun batek bere harreman sentimentala oso mingarria gertatzen zaiola esaten badigu, geure esperientziak parteka ditzakegu berarekin.

Esperientzia zailak elkarrekin trukatzeak eragin normalizatzailea du. Mezu hau helarazten ari gara:  “Zure mina senti dezaket. Ez zaude bakarrik. Nik ere antzeko esperientziak izan ditut. Bizirik iraun dut. Zu ere bizirik aterako zara” edo “Hau ere pasako da”.

Gure esperientziak partekatzean, badago arrisku txiki bat: pertsona horrek sentitzea interes handiagoa dugula geure buruaz berba egiteko bere arazoa entzuteko baino.  Arrisku hori ekiditeko, aski da geure buruaz hitz egiteko baimena eskatzea, beste barik.  Esan dezakegu: “Antzeko zerbait gertatu zitzaidan neuri ere behin. Entzun gura duzu istorioa?”.

3. Beste pertsona batzuek zer aholku eman dioten jakitea

Pertsona batek arazo bati buruz berba egiten digunean, oso litekeena da berak aurretik arazo berberari buruz beste norbaitekin berba egin izana. Hortaz, zentzuzkoa da beste batzuek zer aholku eman dioten galdetzea.  Galdegin diezaiokegu:

-Beste norbaitekin berba egin duzu egoera honetaz?

Solaskideak “bai” erantzuten badizu:

  • Zer aholku eman dizu?
  • Zer iritzi duzu horretaz? Ados zaude ala beste era batera pentsatzen duzu?

Baliagarria gertatzen da beste batzuek zer aholku eman dioten jakitea. Pertsona ados badago aholkuarekin, eta guk ere uste badugu aholku hori zuzena dela, esan daiteke, beste barik: “Nik ere uste dut ideia ona dela”. Bestalde, aholkuarekin ados ez bagaude, gure zalantzak azaltzeko aukera dugu:  “Ez nago hain ziur horretaz. Egon liteke egoera kudeatzeko modu hoberik”.

Artikulu honetan, aholkuak emateaz gain, beste metodo batzuk ere planteatzen ari naiz; baina, dena dela, azkenean aholkuak ematen baditugu, pertsona horri aurrez eman zaizkion aholkuez jabetzea eta berak haiei buruz zer pentsatzen duen jakitea lagungarria gertatuko zaigu egoera deseroso bat saihesteko, alegia, dagoeneko entzun dituen eta oso lagungarriak gertatu ez zaizkion aholkuak errepikatzen jardutea.

Gure solaskideak ez badu beste pertsona batzuekin berba egin bere arazoaz, baita ere galdetu ahal zaio, bere ustez, beste pertsona batzuek zer esango lioketen:

  • Zer dio zure aitak?
  • Ez diot ezer esan.
  • Eta esango bazenio, zer esango lizukeela uste duzu?
  • Eta zure nebak? Zer esango lukeela uste duzu?

Horrela, batzuetan, pertsonek ideia zipitzik ere ez dutenean, baliagarriak gerta dakizkiekeen ideietan pentsatzen hasten dira, maite dituzten pertsonek edo beren bizitzako beste pertsona garrantzitsu batzuek emango lizkieketen aholkuetan pentsatzen hasten dira, beren irudimena erabiliz.

4.  Solaskideari iraganeko konponbideak gogoraraztea

Bere bizitzan arazoei aurre egiten dienean, sarritan jendea ez da konturatzen, egia esateko, lehenago ere antzeko zerbait gertatu zitzaiola eta egoera hura nahiko ondo kudeatzea lortu zuela. Beraz, baliagarria izan daiteke itauntzea ea gogoan duen aurrez antzeko arazorik izan duen edo ez.

  • Antzeko egoerei aurre egin behar izan diezu lehenago?
  • Eta gogoan duzu zelan kontatu zenidan lan edo beharra utzi zenuenekoa?
  • Ez zen antzeko egoera bat?
  • Zelan konpondu zenuen?

Mendebaldeko psikologian, sarritan iraganari egozten diogu gure arazo eta zailtasunen errua, baina, egia esan, iragana altxorraren kutxa ere bada, arrakastaz gainditu ditugun erronken oroitzapenak gordetzen dituena. Gure lagun eta senideei laguntzeko modu bat izan liteke haien arreta beren esperientzietara, egoera zailak arrakastaz maneiatu zituzteneko esperientzietara, bideratzea.

5.  Jendea bere indarguneak erabiltzera animatzea

Terapia laburraren metodoetako bat “indarguneak erabiltzea” dei daitekeena da. Horrek esan gura du terapeutak, edo coachak, bezeroaren indarguneak identifikatzen dituela, hau da, bere trebetasunak, talentu bereziak, grinak edo interesak, eta, gero, arazo hori konpontze aldera bere baliabideak aprobetxatzeko modua aurkitzen laguntzen dio.

Metodo horren aldaera bat senide eta lagunekin ere erabil daiteke. Nahikoa da eurek dituzten indarguneetako batzuk gogoraraztea eta, egoerari aurre egiten beren buruari lagun diezaioten, pentsa dezatela zelan erabil ditzaketen indargune horiek.

  • Talentu handia duzu idazteko. Bururatzen zaizu zelan erabili zure talentu hori egoera honi aurre egiteko?
  • Oso ona zara jendeari laguntzen laneko gatazkak konpontzen. Zure ustez, zergatik zara hain ona horretan? Ezaugarri horietako batzuek, balio diezazukete egungo egoera kudeatzeko?
  • Badakit ez dela barre egiteko gai bat, baina iruditzen zait zure umore-senak asko lagun diezazukeela.

6. Buruan dituzten planak azaleratzea

Jendeak bere arazoez berba egiten digunean, badirudi askotan ez dutela ideia zipitzik ere, nahiz eta, inkontzienteki, jada badituzten ideia txiki batzuk zer egin edo zelan aurre egin beren egoerari. Komeni da ideia txiki horiek aurkitzen saiatzea, solaskideari geure iradokizunak eskaini aurretik. Azken batean, norberaren ideiek hobeto funtzionatu ohi dute beste pertsona batek iradokitako edozein ideiak baino.

  • Egoerari zelan aurre egin zerbait badakizula uste dut. Zuzen nago?
  • Zer pentsamendu dituzu? Zer egin gura duzu?
  • Zer diotsu intuizioak? Zure ustez, zein da jarduteko ordenarik egokiena?
  • Egoera zaila da, baina zerbaitetatik hasi beharra dago. Badakizu zein izango den zure hurrengo urratsa?

Solaskideak buruan dituen planen berri ematen digunean, horiek indartu edo hobetzen lagundu diezaiokegu, baldin eta zentzuzko planak iruditzen bazaizkigu. Bere planak sendoak ez direla pentsatzen badugu, berriz aztertzera eta beste aukera batean pentsatzera bultza dezakegu.

7.  Gure ideiak kontuz aurkeztea

Bere arazoaz berba egiten digun lagun edo senide bati ideia bat proposatu gura badiogu, baliteke arrakasta handiagoa izatea gogoetara irekitako ideia gisa “saltzen” badiogu  eta ez berak jarraitzea gustatuko litzaigukeen zuzeneko gomendio gisa.

  • Zer uste duzu gertatuko litzatekeela, baldin eta zuk …?
  • Egia esan, ez dakit zer egin beharko zenukeen, baina gogoratzen dut nonbait irakurria dudala norbaitek … Zer iruditzen zaizu horrelako zerbait egitea?
  • Erabat burugabea izan daitekeen ideia bat daukat, baina gura baduzu, zurekin partekatuko dut.
  • Jakin gura duzu ziur aski zer egingo nukeen nik zure lekuan banengo?

8.Dilbert-en Printzipioa

Lagunek eta senideek beren arazoez berba egiten digutenean, aholku bat ematera behartuta senti gaitezke, eskatzen ez badigute ere. Artikulu honetan proposatu dut hobe dela aholkuak emateari uko egitea eta, horren ordez, haiekin berba egitea, beren ideietan oinarrituta zer egin pentsatzen lagunduko dien modu batean.

Hala ere, beti egongo dira solaskideari aholkua emateko eta gure ustez zer egin beharko lukeen esateko aukerak. Egoera horietan, onuragarria izan daiteke Dilbert-en Printzipioa (bossification) aplikatzea. Terminoa Scott Adamsek sortu zuen, bera zen enpresa-bizitzari buruzko Dilbert tira komiko satirikoaren atzean zegoen artista. Duela urte batzuk argitaratu zuen istorioetako batean, Dilbertek bere ideia onar dezan ugazaba konbentzitzea lortzen du, ideia, ez Dilbertena, baizik eta berea dela pentsaraziz ugazabari.

[TIRA KOMIKOAREN ITZULPENA]:

  • Bezeroari arreta emateko softwarea eguneratzeko ideia handia izan zenuen.
  • Ez dut, ba, gogoan ideia hori izan nuenik.
  • Bikaina izan zen.
  • Nik iradoki nezakeen zerbait ematen du horrek, bai.
  • Aurrekontua onartu beharko digute, baina horrek ez luke arazoa izan behar zuretzat.
  • Jakina, lortuko dut dirua neure ideiarako, bikaina da.
  • Nire beste proiektuak atzeratu beharko ditut, baina, esan zenuen lez, bigarren mailako lehentasunak dira horiek.
  • Hori esan nuen nik?
  • Oso burutsua izan zen zure aldetik.
  • Zelan lortu zenuen zure ideia finantzatzea?
  • Ideia ugazabari egotzita.

Dilberten lankideak galdetzen dionean zelan lortu duen hori, berak erantzuten dio bere ideia “ugazaba ideia” bihurtu zuela, hau da, ugazabaren beraren ideia zela sinestarazi ziola.

Dilberten Printzipioa ere estrategia baliagarria izan daiteke senide eta lagunei ideiak iradokitzeko; proposatzen diegun ideia ez gurea baizik eta eurena dela sinestarazteko modu sinesgarri bat aurkitu baino ez dugu egin behar.

Ondorioa

Hemen aurkeztutako ideia-bildumak ez du, beren arazoekin guregana jotzen dutenean, gure senide eta lagunei erantzuteko modu baliagarri guztien zerrenda osoa eta zehatza izan gura.  Ondorio honetara iritsi zarenerako, litekeena da beste ideia bat edo bi aurkitu izana zerrendari gehitzeko. Hala ere, espero dut bilketa hau, osorik ez badago ere, lagungarri gertatuko zaizula gai garrantzitsu honetaz gogoeta egiten duzunean, hots, zelan lagundu hurbileko jendeari arazoak dituzunean.

Ben Furman, mediko psikiatra

*Lilo Schmitz, Harry Korman eta Tapani Ahola irakasleei eskertu gura diet euren laguntza eta aholkularitza artikulu hau idazteko.

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

Menu

BBK Family Learning

×