bebe dormido

Seme edo alaba bat jaiotzean “aurreko bizitza lehenbailehen” berreskuratu gura izatea ohiko akatsa da, eta frustrazio eta krisi handia eragiten du bikotearengan.

Alberto Soler psikologoa eta hiru seme-alabaren aita da, eta datorren martxoaren 23an hitzaldia emango du BBK Familyn: zelan prestatu geure burua umetxo baten etorrerarako eta zelan berregokitu eginkizunak jada etxean gaudenean.

– Alberto, ona al da bikote gisa “indartzea” seme edo alaba bat izan aurretik?
Onena da bikote-mailan osasun onarekin iristea seme-alaba bat izateko unera; seme-alaben etorrera oso aldaketa handia izaten da harremanerako, ordura arte genuen egonkortasun guztia desagertu egiten baita, eta harreman horren printzipio eta oinarrietako asko berridaztea egokitzen da. Estres-test bat da harremanetarako. Jakina, hobe da oinarri on batetik abiatzea, gatazka eta tentsioak dituen harreman batetik abiatzea baino.

– Seme edo alaba bat izatea erabakitzen duzunean, gertatuko denaren zelanbaiteko idealizazioa dago. Zer egin dezakegu geure burua prestatzeko?
Bai, egia da, badago amatasunaren zelanbaiteko idealizazioa, eta horrek alde batera uzten ditu hezkuntzaren eta hazkuntzaren alderdi ez hain atseginak. Batzuetan, idealizatutako ikuspegi horren eta errealitatearen arteko kontrasteak une zail edo gaitz batera eraman dezake bikotea, zerbait txarto egiten ari direla edo zerbait ondo ez dabilela uste izatera; izan ere, bizitzen ari direna ez da aurreikusia zutena bezalakoa. Zorionez, gaur egun baliabide asko daude familientzat, gurasotasunera modu eraikitzaileagoan igarotzen lagunduko dien informazioa eskura dezaten. Erditzea prestatzeko, edoskitzeko edo hazkuntzarako taldeak, tailerrak eta hitzaldiak, liburuak, bideoak, dokumentalak… Zorionez, gaur inoiz baino baliabide gehiago ditugu, baina horrek iturri fidagarriak aukeratzea eskatzen du.

– Eta zelan igaroko gara 2 izatetik 3 izatera? Zelakoa da berregokitze hori?
Lehen haurra iristen denean, bikoteak aldaketa askori egin behar die aurre, eta garrantzitsuenetako bat denbora eta energia kudeatzea da. Bat-batean, familiako kide berri bat dago, ia arreta guztia eta denbora guztia behar duena, eta horrek zelanbaiteko frustrazioa eta kontrolik ezaren sentsazioa ekar dezake. Amengan aldaketa askoz ere nabarmenagoa izaten da, aldaketa hori hain baita handia, ezen beraien nortasun, askatasun, denbora eta osasunari ere eragiten baitio. Aitaren kasuan, aldaketa txikiagoa izaten da, baina hor ere gertatzen da. Onartu behar dugu umetxo horrek bikotearen baliabideen ia % 100 eskatuko duela, eta normala dela, baina hori aldi baterako dela ere gogoratu behar dugu. “Lehenbailehen aurreko bizitza” berreskuratu gura izatea ohiko akatsa da, eta berekin frustrazioa eta krisi handia eragiten ditu bikotean. 

– Batzuetan haserreak sortzen dira “aitona-amonekin”, aholku larregi ematen dituztelako, familiak egokitu egin behar direlako beren eginkizun berrietara …Zer egin dezakegu?
Kasu honetan, nire aholkua, entzun nahiko balidate, gehiago joango litzateke aholkuak ematen dituzten aitona-amona, osaba-izeba edo lagun horiengana; aholkuak esplizituki eskatzen dizkietenerako gordetzea gomendatuko nieke. Izan ere, ematen diren aholku horiek asmo onekoak izan ohi dira, baina ez dira beti enpatiatik sortzen eta, gainera, askotan ez dira eskatutakoak ere izaten. Beti errespetatu behar dira familia bakoitzak bere haurrak hezteko orduan hartzen dituen erabakiak, nahiz eta haiek hori egiteko duten modua ez izan guk aukeratuko genukeena lakoa. 

– Gure semearen edo alabaren heziketan ikusten dugunean gure bikotekideak gurearen oso bestelako forma edo ikuspegia duela, zelan eragiten dio horrek gure semeari/alabari?
Bikotea ezin da beti bat etorri edo iritzi berekoa izan seme-alaben hazkuntza edo hezkuntzarekin lotutako alderdi guztietan. Gauza guztietan ados egotea baino gehiago, desberdintasunak modu eraikitzailean eta errespetuzkoan kudeatzen jakitea da garrantzitsuena. Benetan positiboa da seme-alabentzat ezberdintasunak egotea, bataren edo bestearen gauzak egiteko estilo eta modu desberdinez baliatzen direlako, eta aniztasunetik aberastasuna dator. Baina alderdi batzuetan ezin da iritzi-aniztasunik egon, aukera bat edo kontrakoa aukeratu behar izaten da, eta hor ados jarri beharko dugu. Adibidez, edoskitzeari, eskolatzeari, haurrak eta gurasoak elkarrekin lo egiteari, denbora edo aldien antolaketari eta lanari edo familiaren zereginari dagokienez. Puntu horietan, elkarrizketa eta negoziazio asko beharko dira jarrera komun batera iristeko.

– Eta hori oztopo bihurtzen bada, zelan irits gaitezke adostasunetara?
Bikotean izaten den beste edozein oztopotan bezala. Bi aldeen borondate onarekin eta biok talde berean gaudela gogoratuz, berba egin eta akordioetara irits gaitezke. Batzuetan bestea konbentzitu ahal izango dugu gure jarreraz, beste batzuetan hori ezinezkoa izango da eta bietako batek amore eman beharko du. Guretzat oso garrantzitsua bada, denbora eta energia asko inbertitu dezakegu argudiatzen eta bestea konbentzitzen. Hain garrantzitsua ez bada, askotan amore ematea da praktikoena.

– Posible al da hazkuntzari buruz egiten ari zaren ikastaroetako hausnarketak edo egikerak bikotekideari “kutsatzea”, bera “zalantzan jarria” edo eztabaidatua sentitu barik?
Oso garrantzitsua da gauzak zelan planteatzen ditugun. Gogoratu behar dugu ez dagoela egoerari aurre egiteko modu “egoki” bakarra, baizik eta baliozko aukera asko egon daitezkeela. Ez da gauza bera gai bati buruz “Begira hau zein interesgarria den, baliagarria gerta dakiguke” esatea, edo “Ikusten duzu zelan ari zaren txarto egiten eta nik arrazoi nuela? esatea”.

– Batzuetan ez duzu bikotekidea “gaitzetsi” gura, baina zer egin dezakezu ikusten duzunean oso haserre dagoela eta umeari larregizko errieta egiten ari dela?
Beste gurasoaren jokabideak adingabearen umilazioa edo haren aurkako erasoa ez badakar, egokiena itxarotea eta gero berba egitea da. Gai horiei buruzko elkarrizketak beti a posteriori egin beharko lirateke, jada lasaituta gaudenean, eta inoiz ez seme-alaben aurrean, beste pertsona gaitzetsita senti ez dadin. 

Bestalde, hori gertatzen denean eta bietako bat bere onetik aterata dagoenean, normalean laster konturatuko da pasatu egin dela, eta baliteke begirada edo keinu bat nahikoa izatea. Izan ere, denok gara gizatiarrak, batzuetan denok jartzen gara onetik aterata, ez da beharrezkoa gero inor etortzea guri errieta egitera. Une horietan, hobe izaten da gure bikotekideari lagundu, elkar ulertu eta afektua adieraztea egoera zein txarto kudeatu duen azpimarratzea baino. Berriro diot ez naizela ari seme-alabei kalte egiten zaien kasu larriez.

– Normala al da etxean egotea, bakoitza gela batean, “nor bere kasa”, pantailekin edo beste entretenimendu batzuekin?
Normala izan daiteke, baina ez da egokiena. Normala esatean maiz gertatzen dela esan gura badugu, hala da. Baina ondo pentsatzen badugu, familian egoteko daukagun denbora gutxirako, ahalegin bat egin beharko genuke partekatzeko eta merezi izatea lortzeko. Denok behar ditugu bakarkako uneak, geure tarte eta guneak, baina horrek ez luke familiako bizikidetzari kalte egitera iritsi behar.

-Zer egin dezakegu familia-planen ideiak bat ez datozenean? Guraso bat mendira joaten da umearekin eta bestea beti etxean geratzen da edo zinemara baino ez du joan gura …
Lehengora itzuliko naiz: ez dugu zertan guztiok gauza bera gogoko izan. Bakoitzak bere zaletasunak izango ditu. Normala da. Errespetua da gakoa, eta familiako kide batek ez ditzala erabaki guztiak hartu. Egun batzuetan batek emango du amore, eta hurrengoan besteak. Batzuetan denok joango gara mendira, beste batzuetan denok zinemara, eta hurrengoan banatu egin gaitezke eta batzuk zinemara joan eta besteak mendira. Giro ona badago, horrek ez du zertan arazo izan. Denok gustura egon ahal izatea da kontua.

Alberto Soler, psikologoa

Ez galdu Alberto Solerren hitzaldia. Martxoan 23an 18:00etan izango da. Hartu zure sarrera dohainik.

Iruzkinak itxiak daude.

BBK Family Learning

×