Nerea Mendizabal naiz, bi semeen ama, psikopedagogoa eta Komunikazio Ez Bortitzeko hezitzailea. Bizitzako arrakasta pertsonalerako oinarriak haurtzarotik jasoko dugun hezkuntza batean amesten dihardut eta, hortik abiatuta, nire hazia ereiten nabil gizarteko esparru desberdinetan. Pertsonen arteko gatazketan, alde batera zein bestera tiraka aritu beharrean, harremanak elikatzeari ematen diot garrantzia, bizitzak beste kolore bat hartzen bait du.
Seme-alaben elkar ulertzea Komunikazio Ez Bortitzarekin
Guraso izatearekin exijentziak, inposaketak eta mehatxuak erabiltzearen tentazioa areagotzen zaigu. Ni pertsonalki, amatasunarekin ohartu nintzen egoerak kudeatzeko garrantzitsuak ikusten nituen baloreetan oinarritzeko gaitasuna mugatua nuela. Nire unibertsitate-ikasketak giza harremanekin zuzenki lotuak egon baziren ere, ez nuen ikasi nire emozioak kudeatzean, gatazkak modu egokian konpontzen, niri gertatzen zitzaidanaren kargu hartzen edo besteen esperientzietan bidelagun izaten.
Nire bizitza pertsonal eta profesionalerako sendotasun gehiago eskainiko zizkidan lanabesen bilakaeran, Marshall Rosenberg-en Komunikazio Ez Bortitza (KEB) topatu nuen duela 18 urte. Nire ibilbidean ardatz nuklear bat aurkitzea bezalakoa izan da; bertatik nire bizitzako bideak egiteko tresnak aurkitzen ditut, galtzen naizenean berriro ere bidea aurkitzen laguntzen nautenak. Bere konkrezio mailak erakarri banindu ere, sakontasun eta sotiltasunez betea dago.
Sarritan gure seme alabekin logela jasotzea, ikastea, kolaboratzea lortu nahian ibili gaitezke… eta bidegurutze batean topatuko gara, egin beharko lukeela iruditzen zaiguna lortzeko estrategi desberdinak martxan jarriaz: abixuak, mehatxuak, zigorrak, exijentziak…. Bide gurutze horretan, KEBk beste bide bat hartzera gonbidatzen gaitu, helburua kalitate handiko konexioa sortzea izanik, guri eta seme-alabei gertatzen zaiguna aurkituz. Ez du pertsonak edo egoerak aldatzea bilatzen, ezta erantzun konkretu bat lortu nahi izatea edo arrazoia eduki nahi izatea ere. Batak bestearen egoera ezagututa, guztion beharrak ikusi eta zaintzea bilatzen du eta, beraz, denok izango dugu irabazi edo aberastu izanaren sentsazioa.
Sozialki, bortizkeria jotzea, irantzea edo erasotzearekin lotzen dugu. Baina sarritan, begirada batek ere min eman diezaguke, edo goxo esandako hitz batzuen azpian intentzio mingarria egon daiteke. Beste batzuetan, isiltasuna bera ere ezpata baino zorrotzagoa eta hotzagoa izan daiteke. Hori guztia ere bortizkeria dela zioen M. Rosenberg- ek. Beraz, txiki edo handia izanagatik, miña, distantzia edo desadostasun batera eraman gaitzakeen edozein elementuri deitu geniezaioke bortizkeria, eta aldiz ez bortitza, gerturatzera eramango ligukeen beste edozein osagai.
Gizaki guztiok errespetutik, begirunetik eta goxotasunetik aritzeko gaitasun guztiak dauzkagu, eta denok abiatzen gara hortik baldintza egokiak ditugunean. Honekin batera, guztiok momentu batzuetan guretzat garrantzitsuak diren alderdi batzuk zaintzeko estrategia eraginkorrak topatzen ez ditugunean, denok bortizkeriara jotzen dugu.
Horregatik, abiapuntu horretatik abiatzea proposatu zuen Marshallek: denok ditugu bi platerak, ez- bortizkeriarena eta bortizkeriarena, gutxiago edo gehiago, estilo batean zein bestean, indartsuago edo suabeago. Hau onartuz, norbere eta besteen bortizkeria epai eta erruetatik aterako gaituen begirada batean oinarriturik proposamen edo bizitzeko filosofia bat eskaini digu autore honek, harremanak eta gatazkak beste modu batera ikusteko eta kudeatzeko betaurreko eta baliabideak emanaz.
ZERTAN DESBERDINTZEN DA EREDU HAU?
Gatazka baten aurrean, ohikoa da batak bestea aldatu nahi izatea, bestea gaizki ari dela pentsatzea, aldatu nahi izatea. Horren aurrean, aukeratu dezakegu egoera hori nola kudeatuko: nirearekin irten nahi dut, zurearekin irtetengo zara edo zurea eta nirea zainduko dituen irtenbide bat aurkitu nahi dut? Azkenengo aukera nahi badugu, KEB-k batetik, gure helburua konexo kalitatea lortu nahi izaten jartzea gogoratzen digu, eta ez bestea (edo bere jokaerak) aldatzen edo emaitza zehatz bat lortu nahi izatean. Eta bestetik, jokaera guztien atzean ase nahian gabiltzan behar, balore edo bizitzako aspektu garrantzitsuak aurkitzeko bidean jartzen gaitu.
Bi erreminta nagusi eskaintzen dizkigu horretarako: asertibitatea eta enpatia, biak ere oso tresna boteretsuak. Asertibitatea, lehendabizi norberak bere burua ezagutzean datza, ondoren nitaz adierazi eta kudeatu ahal izateko: “zer gertatzen zait seme-alabak esan edo egin duenarekin?” Hori argitzeko gakoak ematen ditu KEBak.
Guraso bezala garraxika, mehatxuka, errietan ibili gaitezke eta hau egiten dugunean beharbada gure esana aintzat hartzea nahi izan dezekegu, edo seme alabei balore eta baliabideak eskeini nahi dizkiegu eta batzuetan ez dugu jakiten beste era batera egiten; gure irizpideetan ere konfiantza behar izan dezakegu eta hainbat jarrera edo jokaera ikusten ditudanean kezka edo beldurra sartzen zait… Beraz, batzuetan modu torpe edo mingarrietan aritzen bagara ere, guretzat garrantzitsuak diren aspektu batzuk zaindu nahian gabiltzako izaten da. Eta honek, peaje bat ordaintzen du: guretzat garrantzitsuak izan ohi diren behar batzuk zaindu nahian, beste batzuk ez ditugula zaintzen, orokorrean maite ditugunekin harreman goxo, kariñoso, errespetuzkoa edo konfidantzazkoa izatea nahi izaten bait dugu.
Bigarren erreminta enpatia da. Helburua kalitate oneko konexioa bilatzea baldin bada, garrantzitsua da seme-alaben bizipenetara gerturatzea, bere jarrera, jokaera eta bizipenekin zer esan nahian dabilen ulertzeko. KEBk hau ezagutzeko gakoak ematen ditu, bestea ebaluatzera, epaitzera edo aldaraztera mugatu gabe.
Gure seme-alabek kasurik egiten ez dutela pentsatzen dugunean beharbada beraien erabakiak hartu nahian dabiltza, beraiena ere entzuna izatea nahi dute, aintzat hartu izatea, barruak dikatatzen dionari kasu egitea, gauzen zentzua aurkitzea… eta batzuetan modu torpe, mingarri edo onartezinetan jakinerazten digute. Hau ikusteak ez du esan nahi seme-alabei nahi dutena egiten utzi behar diogunik. Ez. Hau ezagutzeak, egoera honen irtenbideetarako ate desberdinak irekitzen lagundu gaitzake. Haurraren bizipenaren inguruan proposatu ditzakegun irtenbideak oso desberdinak izan bait daitezke, nekatuta dagoenaren, atentzioa aldarrikatzen ari denaren edo bere erabakiak hartu nahian dabilenaren kasuan planteatuko duguna.
MUGAK
Haur eta gazteen heziketarekin lotuta, mugek zer esana izan ohi dute. Hauek, pertsonok behar ditugun elementuak dira, gure beharrak zaintzen laguntzen dizkigutelako. Beraz, lehenik eta behin gurasook behar dugun zerbait dela ikustea gustatzen zait. Era berean, haurrei, gure erreferentzi hauek zeintzuk diren jakiteak on egiten die, horrek ziurtasuna, babesa eta kontentzioa eskeintzen bait die.
Beraz, “Ez” esaten ari garenean zaindu nahian gabiltzan aspektuei lotuta egiteak lagundu gaitzake: “zure gorputzari eskeini nahi dizkiodan elikagaiak importa zaizkit eta bazkaldu aurretik txokolaterik ez”, “tratu onak nahi ditut eta ezin dizut utzi golpe ematen”…
Aldi berean, seme alabek “ez” esaten digutenean edo muga jarri eta betetzen ez dutenean, hauek ere zerbaiti “bai” esaten ari dira. Ez da nahikoa haurrari “ez jo” esatea, batzuetan haserrea komunikatzeko modu bat duelako; beste batzuetan, harremantzeko zailtasunak dituelako eta laguntxoengana gerturatzeko modua duelako; izan daiteke urduri edo inseguru dagoelako.
Muga jartzeaz gain, garrantzitsua izango da jotzera bultzatzen duen hori kontemplatu eta hau bideratzen lagunduko duen ekintza zehatzak gehitzea: ezin dizu utzi mina, baina gustatu ez zaizun hori hitzakin esan zeniezadake”, edo “laguntxoekin harremandu nahi duzu? Galdetuko diogu ea zurekin jolastu nahi duen?”. Mugak ez betetzearekin aukera berri bat irekiko zaigu elkar gehiago ezagutu edo aberasten lagundu gaitzakeena.
Etxeko elkarbizitza edo funtzionamendurako haur/gazteen ahotsa ere entzun dezakegu eta hauena kontutan hartuz ere eraiki. Seme-alaba obedienteak baino, bere buruaren jabetza hartzen joango direnak nahiko nituzke eta beraz, adostutakoa betetzen ez denean, egiten dutena nondik egiten duten eta ze eragin izan duen jabetzen lagundu diezaiekegu.
Ados ez egotea aukera ederra izan daiteke elkar gehiago ezagutzeko. Gure seme-alaba edo bikotearekin izan ohi ditugun gatazkak ispilu ederrak izan ohi dira, oraindik ikasteko daukaguna ikasteko. Irritatzen eta kezkatzen nauen hori, sarritan gure harremanetan betetzen ez ditugunak izaten dira. Galdera polita izaten da deserosoa zaigun hori noiz, nola edo norekin ari naizen egiten edo egitea komeniko litzaidakeen… Aukera polita izan daiteke, gure seme-alaba edo bikotearekin batera, elkarrekin ikasten eta hazten joateko.
Nerea Mendizabal, psikopedagogo eta Komunikazio Ez Bortitza.
Nerea Mendizabalek 4 saiko Komunikazio Ez Bortitza tailer bat emango du.
Guregan konfidantza gehiago izan nahi dugu eta bikotearei, gurasoei, seme –alabei, ikasle, nagusi edo lagunei hasarratzeko beldurrik gabe adierazten ikasi. Sarritan nahiko genukeena adierazi ezinik edo esango genukeen baino gehiago edo modu kaltegarriagoan esaten aurkitzen gara, honek ekartzen digun ondoez eta erruaz, geurekin eta besteekin.
Marshalll Rosenberg-ek garatu zuen Komunikazio Ez Bortitzaren ereduan oinarrituko gara, modu erraz, zehatz, praktiko eta eraginkorrean geurekin edo besteekin komunikatzeko ematen dizkigun irizpideen baliogarritasunagatik. Norbere sentimentu eta beharrak adierazteko eta bestearen jokaera edo jarrera desatsegina entzun eta ulertzeko aukera ematen digu, egoera gatazkatsuak kooperaziotik eta errespetutik konpontzeko eta ez epaiketa eta min egitetik.
Noiz: Urriak 7,14,21,28
Ordutegia: 17:30-19:30 h
Non: Online
Hartu zure plaza dohainik. Etorri ezin bazara, mesedez, zure eskaera kantzelatu, beste pertsona bat zure lekua hartzeko. Mila esker.
Laguntza emateko BBK Family mediatekan dauden materialak
Komunikazio Ez Bortitzarekin harreman duten BBK Family bideoak