Pentsatzeko txokoa zigorra al da benetan? Time out edo bakarraldi positiboa sortzeko gakoak

Pentsatzeko txokoa jokabidea aldatzeko metodo bat da, oso hedatua hezkuntzan. Egia esan, gu guztion hezkuntzaren oinarrian dagoen zerbait da, eta oraindik ere ohikoa da ikasgela askotan.  Irakasle askoren artean, ume bat txarto portatzen denean hura baztertzeko ohitura zaharra mantentzen da, gertatutakoaz pentsa dezan. ‘Zaharra’ esan dut, aspaldikoa delako. Hala ere, zerbait zaharra izateak edo guk normalizatu izanak ez du esan nahi zuzena edo eraginkorra denik.

Umea egiten ari den zerbaitetatik urruntzean datza pentsatzeko txokoa. Tradizioz, umeak taldeari bizkarra emanda eserarazten ziren, hormari begira, gertatutakoaz pentsatzeko kontsignarekin eta behar adina hausnartu arte aulkitik ez altxatzeko aginduarekin. Gaur egun, higuingarria iruditzen zaigu hori, eta, beraz, teknika horrek eboluzionatu egin du, eta orain haurrak beste gela batera bidaltzen dira bakarrik egon daitezen eta, jakina, gertatutakoaz pentsa dezaten. Baina funtsean, gure gurasoek, aitaita eta amamek, eta irakasleek egiten zuten gauza bera egiten ari gara.

Hala ere, neurozientziako ikerketei esker, orain badakigu pentsatzeko txokoa ez dela ume baten portaera zuzentzeko modu eraginkorra. Lehenik eta behin, garunak zelan funtzionatzen duen ulertu behar dugu. Garuna bi hemisferiotan banatuta dago: eskuinekoan emozioak aktibatzen dituzten eremuak daude, eta ezkerrekoan ulermenarekin, arretarekin eta memoriarekin zuzenean lotuta dauden egiturak. Eta bi hemisferioak hainbat egituraz lotuta egon arren, argi dago emozioa eta arrazoia burmuineko oso eremu ezberdinetan daudela.  Horrek azaltzen du zergatik kostatzen zaigun hainbeste gure bulkadak kontrolatzea emozio bizi-bizi batek hartzen gaituenean.

Hori kontuan izanda, oso frustraturik eta oso haserre dagoenean umeari egindakoaz hausnartzeko eskatzeak ez du ezelango zentzurik, zeren eta, horretan asko saiatu arren, biologikoki oso zaila gertatuko baitzaio lortzea.

Hori esanda, ziurtasun osoz baiezta dezaket pentsatzeko txokoak zigorra izateko baldintza guztiak betetzen dituela; izan ere, zigorra ezartzen den unean portaera desagerrarazi arren (portaera desegokia ezabarazi egiten dugu une horretan), epe luzera emaitza negatiboak baino ez dira agertzen (denborarekin, haurrak zigorraren lau ezaugarrietako batean oinarrituta jokatzen dute: erresumina, errebantxa, bihurrikeria eta uzkurdura). Beraz, haurra bere aulkitik altxatzen dugunean edo bere gelatik irteten uzten diogunean, oso haserre jarraitzen duen ume bat izango dugu, beharbada bere haserrea helduarengana zuzendu nahi izango du, edo eskura duen lehenengo gauzara, eta okerrena da balitekeela besteen aldetik batere ulertu gabea sentitzea eta beldur izatea, horrek eragina izango duelarik bere autoestimuan.

Puntu honetara iritsita, gogoratu behar da hezkuntza-tresna bat bizitzarako trebetasunen irakaskuntzan eta epe luzerako heziketan oinarritzen dela. Zigorra unean bertan jokabide bat zuzentzeko modu bat da, eta portaera hori eten egiten du, onartzen dut. Baina ez du ezelan ere epe luzera zuzentzen. Horrela, haur askok pentsamendu-txokoan amaitu dute egunez egun, egoera horretatik irteteko zer egin behar zuten ulertu barik.

Zelan jakin dezake gurasoak zer egin behar duen?

Hezkuntza-tresna bat epe luzera eraginkorra dela ziurtatzeko, honako ezaugarri hauek (guztiak) bete behar ditu:

  • Haurrei konexio-zentzua izaten laguntzen die.
  • Atsegina eta irmoa da aldi berean, hau da, muga batzuk jartzen dira errespetuz.
  • Eraginkorra da epe luzera.
  • Bizitzarako trebetasunak irakasten ditu: errespetua, ardura, arazoak konpontzea, lankidetza, …
  • Haurrak beren trebetasunak ezagutzera gonbidatzen ditu, autoestimua sustatzen du.

Baliteke orain zuetako askok zuen buruari galdetzea: umeak lasai-lasai alde egin behar al du behar ez zuen zerbait egin duenean? Ez, noski. Jokabide oker eta, batez ere, errespeturik gabeko oro aldatu egin behar da. Baina trebetasun bat irakatsiko duela ziur jakinda egin behar dugu hori, ez inposaketa baten bidez edo “nik esan dudalako eta kito”.

Pentsatzeko txokoa baztertzeko proposatzen dudan aukera time out edo bakarraldi positiboa erabiltzea da. Izan ere, aurrekoak ez bezala, tresna honek trebetasunak irakasten dizkio haurrari etorkizunean egoera modu autonomoan kudeatu ahal izan dezan. Egia esan, familiako kide guztiek erabiltzea gomendatzen dudan tresna da. Time out edo bakarraldi positiboa atsedenaldi edo deskonexio-une bat hartzea da batez ere, konponbideak lasaitasunetik bilatzeko.

Time out edo bakarraldi positiboa sortzeko gakoak:

  1. Etxean gatazka bat dagoenean, hemendik aurrera zelan jokatuko den jakinarazi behar duzu.
  2. Aukeratu etxeko leku bat, non babesa hartu ahal izango den eta lasaitasun-une bat bermatuko den. Gela bat edo komuna izan daiteke. Haur txikiekin (8 urte bete arte) gomendagarria da tokia kuxin, burko, manta eta lasai egoten lagunduko dioten elementuekin apaintzea.
  3. Jarri izen bat leku horri: aterpea, itsasoa bare, ametsen lurraldea…
  4. Kudeatzea zaila egiten zaizun gatazka bat gertatzen denean, erretira zaitez zeure borondatez leku horretara. Haurren kasuan, oso urduri daudela eta konponbide edo akordio batera iristea kosta egiten zaiela ikusten dugunean, lasai egoteko txokora joan daitezen anima ditzakegu atsedenaldi bat hartzera.

Tresna honen helburua ez da haurrak gertatutakoaz pentsatzea, baizik eta gatazka-iturritik deskonektatuko duen break bat hartzea, geroago konponbidea bilatu ahal izateko. Horrela, gatazkak konpontzeko estrategia zoragarri bat irakasten dugu, bi pertsona ez baitira haserretzen batek gura ez badu.

Nerea Bergara, psikologoa Centro Psicología Bilbao-n

Gogoratzen dizuegu Egokitzen doako programan izena emateko luzatu egin dugula epea:

Egokitzen programan izena emateko epea luzatu dugu

Gai honekin lotura duen BBK Family artikulua:

HEZI… gaitasun, konpetentzia eta bihotzarekin

BBK Family mediatekan dagoen materiala laguntza emateko:

Kira jirafa eta haserrearen diamanteak

Jirafa hizkuntza

Lorearen amorru-ekaitza

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Menu

BBK Family Learning

×