Osakidetzak eman dituen haurdunaldiari, edoskitzaroari, haurrei eta koronabirusari buruzko aholkuak

embarazo y coronavirus

 

Haurdunaldia nolabaiteko ziurgabetasunaren garaia izaten bada, are gehiago une honetan. Horregatik, Osakidetzak gida bat prestatu du COVID-19arekin sor daitezkeen zalantzak argitzeko. Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) behin eta berriz esan du haurdun dauden emakumeek eta duela gutxi erditu direnek, COVID-19ak ukiturikoak barne, beren ohiko mediku-hitzorduetara joan behar dutela, eta ez pandemiagatik bertan behera utzi. Gainera, haurdun egonik sintomak dituzten emakumeei lehentasuna emateko eskatu die herrialdeei, birusaren probak egin ahal izateko. BBK Familytik Osakidetzaren aholkuen laburpen bat eskaintzen dizugu, baita Monica Blas emaginarekin egin dugun elkarrizketa ere; bertan, erditzeko prestakuntzari buruz eta erditze ostekoaz berba egin digu.

Osakidetzatik adierazi dutenez, nahiz eta COVID-19 birusaz kutsatutako emakume haurdunei buruzko datu asko ez egon, printzipioz, horiek ez dute gehiago kutsatzeko arrazoirik. Hori dela eta, haurdun dauden emakumeen egoera klinikoak ez dirudi gainerakoena baino larriagoa denik, baina dagoen informazio urria denez, kontu handiz ibili behar da eta mundu guztia jarraitzen ari den neurri berberak hartu.

Kutsatuta baldin banago, bularra eman diezaioket umetxoari?

Erditu berri direnen beste kezketako bat da ea COVID-19az kutsaturik dagoen ama batek gaixotasuna transmititu ote diezaiokeen bere umetxoari bularra emanda. Horri dagokionez, Osakidetzak adierazi du ez dagoela datu nahikorik bularra emateari buruzko gomendio irmo bat egiteko COVID-19ak kutsatutako emakumeen kasuan, baina, hala ere, garrantzitsua da azpimarratzea bularra emateak onura asko dituela, esaterako, amarengandik umearengana antigorputzak igaro daitezkeela COVID-19aren aurrean. Horregatik, eta egungo ebidentziaren aurrean, umea jaiotzen denetik bularra ematea gomendatzen da, betiere jaioberriaren eta haren amaren baldintza klinikoek hori ahalbidetzen badute.

Bularra ematen duten amak jaio osteko lehen alditik kanpo badaude eta kutsatzen badira edo COVID-19aren infekzioa izan dezaketela uste bada, prebentzio-neurriak zorroztea gomendatzen da (eskuen higienea eta aurpegiko maskara), eta jaioberriari bularra ematen jarraitzea. Beste aukera bat esnea ateratzea izan liteke, prebentzio-neurriak zorroztuta, eta esne hori zaintzaile osasuntsu batek jaioberriari ematea. Ez da beharrezkoa ateratako esnea pasteurizatzea jaioberriari eman aurretik.

Zelan egin aurre haurdunaldiari konfinamendu-aldi honetan

Beldurra egoera ezezagun baten aurrean ohiko erreakzioa dela dio Monica Blas Osakidetzako eta Amaneko emaginak. Horregatik, haurdunaldian ondo informatuta egotea gomendatzen du, horrela prozesua zelakoa izango den eta une bakoitzean zer espero dezakegun jakiteko. Era berean, oso garrantzitsua da gure buruarengan eta gure erditzeko gaitasunean konfiantza izatea, batzuetan beldurrak blokeatu eta erditzea zaildu edo gaitzago egiten digute eta.

Erditze aurreko eskoletara joaterik ez dagoenez, BBK Familyn Mónica Blas emaginak egindako doako online ikastaro bat jarri dugu zuen eskura, erditzea prestatzeko eta erditu ostean zer egin jakiteko edo batzuetan sartzen zaigun tristurari zelan aurre egin jakiteko.

Amane emaginek ere Erditzea prestatzeko saio batzuk prestatu dituzte, eta saio horietan, kontsultarako material, ariketa fisiko, arnasketa, meditazio eta erlaxazioko bideoen bidalketa uztartzen dira, baita zuekin eta egoera berean dauden beste emakume batzuekin astero txat bat izateko aukera ere. Taldeko klaseak murriztu zirenetik dihardute hori egiten. Beraiekin telefonoz edo posta elektronikoz komunikatzeko aukera ere eskaintzen dute, eta horrek harreman intimoagoa errazten du, zalantzak eta kezkak komentatzeko.

Elikadura osasuntsua eta puntuekin higienea

Erditze ostean egin beharrekoari buruz, Monica Blasek gogorarazi digu asko direla kontuan hartu behar ditugun zaintzak: elikadura ona, osasungarria eta orekatua komeni da animalia- edo landare-jatorriko proteinetan aberatsa izatea (lekalea, arrautzak, haragia, arraina), baita C bitamina askoko elikagaietan ere (frutak eta barazkiak), eta hidratazio ona. Atsedenaldiak bilatu behar ditugu haurtxoak uzten digunean, etab. Perineo-zaintzari dagokionez, erabiltzen diren jostura-hariak berez desegiten dira, eta, hortaz, ez dira kendu behar puntu horiek. Higienea oso garrantzitsua da, garbi eta lehor mantendu, konpresa sarritan aldatu eta egunean behin dutxan uraz eta xaboiaz garbitu.

Erditu ostean jasan dezakegun tristurari dagokionez, Blasek ohartarazi digu konfinamendu-egoera honetan erditze ostekoa ziurrenik ez dela erraza izango. Gure bikotekidearen babesa funtsezkoa da, intimitaterako eta komunikaziorako aukerak izatea, zelan sentitzen garen (gure zalantzak eta beldurrak, segurtasunik ezak) kontatu ahal izatea. Hormonek ama sentikorrago, suminkorrago, tristeago egotea eragiten dute, eta handik gutxira, zoriontsu eta pozik. “Nik aholkatuko nieke ahal den guztietan atseden hartzen saiatzea, eta egunero tartetxo bat bilatzea, asko gustatzen zaigun zerbait egiteko (idazteko, senide/lagun batekin hitz egiteko, musika entzuteko, dantza egiteko, eta abar)”.

Jaioberriaren osasun-azterketetara bakarrik joatea gomendatzen bada ere, Blasek dio erditzerakoan laguntzailea funtsezkoa dela ama izango den horren antsietatea eta beldurra arintzeko. Adibidez, laguntzaile horren masajeak eta laztanak, adore- eta maitasun-berbak prozesuak irauten duen orduetan, eta haurdun dagoen emakumeak hitz egin ezin duenean osasun-profesionalekin komunikatzeko solaskidea bera izatea estresa murrizteko gauza onak dira.

Erditu ostean, bikotekideak amaren jagole edo zaintzailearen rola bere gain har dezakeela iradokitzen digu, eta amak umetxoaz eta bere atsedenaz bakarrik arduratu behar duela. Haurtxoak ia osorik amaren mende daude lehen hilabeteetan, are gehiago amak berak edoskitzea aukeratu bada.

Amane-tik ohartarazi digutenez, erditze osteko lehen asteetan zaila da errutinaz hitz egitea, ordutegiak kaotikoak izaten dira eta jaioberriak hartzen du gure denbora gehiena, egunez eta gauez. Gure ongizate emozionalerako, gure ingurukoen babesa eta maitasuna sentitzea, gure hazkuntza-gaitasuna zalantzan jarri barik eta gure erabakiak errespetatuz, egoera berri honetara ondo egokitzea erraztu dezaketen faktoreak izango lirateke.

Haurdun bazaude edo haurtxoa izan baduzu, opari bat dugu zuretzat. Farmazia hauetan har dezakezu:

  • Abadiño
  • Abanto-Zierbena
  • Alonsotegi
  • Amorebieta-Etxano
  • Areatza
  • Arrigorriaga
  • Artea
  • Atxondo
  • Bakio
  • Balmaseda
  • Barakaldo
  • Barrika
  • Basauri
  • Bedia
  • Berango
  • Bermeo
  • Berriz
  • Busturia

 

 

 

 

 

Menu

BBK Family Learning

×