neuropsicologia

Nola laguntzen du haurren neuropsikologiak ikaskuntzan eta garapenean?

Gaiari buruz ezer jakin barik, zelan aukeratuko dugu gure alaba neuropsikologo batengana eroatea psikiatra edo psikologo batengana eroan beharrean?

Lehenik eta behin, galdera horri erantzuteko argitu beharko genuke zer den neuropsikologoa. Neuropsikologoa psikologo bat da, baina garunaren funtzionamenduan eta jokabideari lotutako prozesu kognitiboetan prestakuntza espezializatua jaso duena. Horregatik, gure lana haur eta nerabearen garapen ebolutiboaren oinarrizko psikologian oinarritzen da, baita haur eta nerabearen garun-heldutasunari buruzko ezaupideetan ere; konbinazio horri esker, haur edo nerabearentzat askoz eraginkorragoak diren esku-hartzeak egin ditzakegu, banan-banako eta bakoitzaren zailtasunetara egokitutako arreta emanez, tratamenduan familia eta ikastetxe edo eskola integratuz, aholkularitza eta jarraibideak etengabe eskainiz.

Neuropsikologiak, orduan, “ez du hainbeste kontuan hartzen alderdi emozionala”?Ala gure irudipena da hori?

    Izan daiteke irudipen bat, baina gero eta gutxiago ematen dena. Hori horrela bada, diziplina edo jakintza-arlo hau ez ezagutzearen ondorioa da argi eta garbi, eta, agian, terminologia jakin batek ere izan dezake horretan eragina, pertsona guztientzat ez baita ezaguna, eta, beraz, halako urruntasun batez ikus daiteke, baina horrek ez du zerikusirik tratatzen duen errealitatearekin. Pertsona gisa eten barik eratzen gaituzten eguneroko ekintzetan jartzen du arreta neuropsikologiak. Alde horretatik, ezin dugu alde batera utzi osagai emozionala. Are gehiago, osagai emozionalaren inguruan biratzen eta ardazten da ikuspegi neuropsikologikotik burututako jarduera terapeutiko oro. Ezin dugu osagai emozionala bereizi. Jokabidearen edo ikaskuntzaren esparruetan agertutako zailtasun guztiek eragin zuzena dute pertsonaren alderdi emozionalean, eta alderantziz. Beraz, neuropsikologiak “emozionala” alde batera uztea, horrela balitz, sentsazio erabat okerra litzateke; aitzitik, baiezta dezakegu ardatz horretxen gainean biratzen dela esku-hartze neuropsikologikoa.

Zergatik da hain ezezaguna familia askoren artean?

    Hain zuzen ere, diziplina berria denez, oraindik ez du, adibidez, psikologiak berak izan dezakeen hurbiltasun eta ohikotasunik. Arrazoi beragatik, gutxi dira oraindik arlo espezifiko honetan espezialistak. Baina, esan bezala, azkar sartzen ari den kontzeptua da, eta haren ezagutza eta harekiko konfiantza gero eta handiagoa izatea espero dugu, herritar guztien artean.

Zelan egiten duzue esku-hartzea?Edo zelakoa da prozesua?

Esku-hartze bakoitzaren atzean lan zientifiko garrantzitsua eta ezkutua dago, neurozientzian eta garunaren garapen eta prozesu kognitiboen oinarrizko printzipioetan oinarritua.

   Hala ere, esan daiteke esku-hartzea, gure kasuan behintzat, ume edo nerabearen estimulazioan oinarritzen dela umearen garapen ebolutibo eta ludikotik, eta, beraz, azken helburuak modu naturalean lortzen eta integratzen dituela haur edo nerabeak berak. Horrek oso eragin onuragarria du, hain zuzen ere, osagai emozionalean, eta, azkenean, hori da nagusiki landu behar dena. Emozionalki osasuntsua den pertsona batek bere buruarekiko segurtasuna areagotzen du, eta horrekin batera, bere gaitasun edo ahalmenen errendimendua. Azkenean, zalantza barik, helburua da ume eta nerabe bakoitza autonomo eta bere buruaz pozik sentitzea bere ingurunean. Horregatik, prozesuaren zati garrantzitsu bat familia-ingurunea ezagutzeak eta hor esku-hartzeak markatzen du, baita ume edo nerabeari dagozkion eskola- eta hezkuntza-zentroekiko koordinazioak ere. Azken batean, haur edo nerabearen garapen potentziala errazteko, egiten den esku-hartzean integratu egin behar dira haur edo nerabeak bere bizitzaren zati oso garrantzitsu bat garatzen duen eta, gainera, haren prestakuntzan erabakigarriak diren inguruneak.

Izan dituzue atentzioa eman dizueten kasuren batzuk?

Konfidentzialtasuna dela eta, ezin da kasu zehatzik aipatu. Baina, oro har, eta lehenago esan dugun lez, haur eta gazteen neuropsikologiaren bidez haiek dituzten zailtasunak tratatzen ditugu maila kognitiboan, emozionalean eta jokabidezkoan; horregatik, askotan, ikasteko arazoak dituzten haur edo nerabeak artatzen ditugu, patologia neurologiko nabarmenik ez dutenak baina zenbait gaitasunetan zelanbaiteko heldutasun-gabezia dutenak.  

 Gainera, patologia eta nahasmendu ugari dituzten haur edo gazteak, hala nola Arreta Defizitaren eta Hiperaktibitatearen Nahasmendua (ADHN) (Arretarik eza, hiperaktibitatea eta inpultsibotasuna), AMPD (Arretaren, Kontrol Motorraren eta Pertzepzioaren Defizita), ikasteko arazoak (dislexia, diskalkulia, disgrafia, …). Espektro autistaren nahasmendua, Adimen-urritasuna, Epilepsia, Traumatismo Kraneoentzefalikoak, sindrome kromosomikoen (Williams, X hauskorra, etab.) ondoriozko hainbat zailtasun kognitibo, FAS/SAF (Fetuaren Alkoholismo Sindromea) eta jokabide-zailtasun neuropsikologikoak (inpultsibotasuna, inhibiziorik eza, oldarkortasuna, etab.) edo hizkuntza-nahasmenduak (adierazpena, ulermena, totelka berba egitea, gizarte-komunikazioa, …) eta abar.    

Nondik iristen zaizkizue, Pediatriatik bidaltzen dizkizuete?Eskolatik?

    Egia da duela gutxira arte Pediatria, psikologiako beste profesional batzuk, neuropediatria, hainbat elkarte edo ikastetxea bera izaten zirela ume edo nerabeak Neuropsikologiara bideratzen zituztenak.  Baina une honetan, zalantza barik, ezagutza gero eta handiagoa da, eta adingabearen familia- eta gizarte-ingurunea ─batez ere, gure zentroan tratatutako beste ume batzuen gurasoak─ izaten dira adingabearen senitartekoak guregana bideratzen dituztenak, ebaluazio-kontsulta bat egin eta/edo esku-hartze neuropsikologiko posible bat eska dezaten.

Neuropsikologia eta garunaren plastikotasuna

Haurtzaroan eta gaztaroan bereziki pertsonaren garatze- eta heltze-prozesuan –inoiz behin betikoa ez den prozesuan– ematen den garun-plastikotasunari erreparatzen badiogu, esan dezakegu garunarekin eta/edo ikaskuntza eta jokabidearekin lotutako ia aldaketa oro trata daitekeela ikuspegi neuropsikologikotik. Alde horretatik esaten dugu haur eta gazteen neuropsikologia haur eta nerabearen zailtasun kognitibo eta intelektualen, ikaskuntza- eta jokabide-zailtasunen azterketan, diagnostikoan eta tratamenduan ardazten dela. Funtsean,  oraindik ageriko garun-patologiarik izan ez duten haur eta nerabeak artatzen ditu neuropsikologoak, zailtasun kognitiboak, ikaskuntza- eta/edo jokabide-zailtasunak dituztenak, horrelakoak izateko joera dutenekin batera (adibidez, goiztiartasuna, epilepsia, etab.), baita hartutako kalte zerebrala duten ume edo gazteak ere (traumatismo kraneoentzefalikoak, garuneko tumoreak, etab.)

Esan dugun lez, haurtzaroan duelarik garunak plastikotasun handiago hori, garapen- edo neurologia-zailtasun batzuk orekatzen saiatzeko unerik egokiena da hori, zalantza barik. Zailtasun horiek garaiz detektatzea eta teknika egokiak aplikatzea, haurren garapen, autonomia eta funtzionaltasunaren mesedetan modu naturalean txertatuz, hori da haurren neuropsikologiaren eta, beraz, neuropsikologoaren helburua. Horregatik da hain garrantzitsua estimulazio egokia sustatzea bai haurrarengan bai nerabearengan: azken batean, garunaren plastikotasun handiagoa lortu gura da, bere ikaskuntza eta garapena optimizatzeko, gehien laguntzen dioten teknikak modu naturalean bereganatuz.

Ana Isabel López Iturriaga, neuropsicóloga

NEUSI

Zer da? NEUSI, psikologian eta neuropsikologian espezializatutako arreta zentroa da haur, gazte eta helduentzat.
Helburua: Aurrez aurreko, onlineko eta etxez etxeko zerbitzuak eskaintzea:
1. Osasun-psikologia.
2. Ebaluazio, diagnostiko eta peritazio psikologikoa eta neuropsikologikoa.
3. Neuropsikologia: garun-jatorriko nahasmendu baten ondoriozko zailtasun edo asaldura kognitiboak, emozionalak edo jokabidezkoak edo bigarren mailakoak detektatzen, diagnostikatzen eta horietan esku hartzen duen psikologiaren espezialitatea.
• Errehabilitazio kognitiboa: aldatutako goi-mailako funtzio kognitiboak sustatzera eta hobetzera bideratua: hizkuntza, memoria, arreta…
• Estimulazio kognitiboa: kontserbatutako funtzio kognitiboak estimulatzeko eta mantentzeko.
Non dago: Bilbao: C/RODRÍGUEZ ARIAS 5, 3ºIzda-Izda / Las Arenas: C/MAYOR 10, 2º DEPT.3
Kontaktua: 658735303/946123168
Emaila: administracion@neusibilbao.com
Informazio gehiago: Neusi

Mediatekan baliagarria izan daitezke liburuak:

https://bbkfamily.bbk.eus/es/mediateka/nolakoa-da-zure-garuna-eta-nola-funtzionatzen-du

https://bbkfamily.bbk.eus/es/mediateka/nolakoa-da-zure-garuna-eta-nola-funtzionatzen-du/

Iruzkinak itxiak daude.

BBK Family Learning

×