Nola babestu ahal ditugu aitite-amamak, bakardadean sartu gabe?

Amamak, aititek, COVID 19

Garai bitxiak dira guztiontzat. Birus ñimiño batek hankaz gora jarri du gure eguneroko bizitza.

Ia gauetik goizera babesleku bihurtutako gure etxeetan itxita egotera behartu gintuen, eta horrela, isolaturik edo bakartuta, bizikideen konpainian bakarrik, beste senide batzuengandik, lagunengandik, lankideengandik … fisikoki bananduta aurkitu ginen, txikerrenak eskolara joan barik, kasurik onenean telelanean, …

Etxean egotea betebehar bihurtu zen, baina baita norbera eta besteak babesteko neurri solidario bat ere, birusa erruz ari baitzen barreiatzen, guztion bizimoduak era askotara nahastuz eta bereziki ahulenen ?besteak beste, adinekoen? kalterako.

Adineko pertsonak, urteetako jakinduria eta bizipenak metatzen dituztenak, agian garai gogorragoetan beren familiak aurrera atera zituztenak, garenaren oinarriak jarri zituztenak, … beste guztiok legez, konfinatuta geratu ziren.

Itxialdi-garai haietan, kontaktu, komunikazio eta harremanetarako modu berriak ikasi genituen. Gazteagoak garenok jada pantailak erabiltzen ohituta bageunden ere, sekula ez zuen pantaila batek, gure senide kutun edo maiteengana hurbiltzeko aukera ematen zigunak, hainbesteko garrantzirik izan. Eta adineko askok, hain ohituta ez zeudenek, erabiltzen ikasi behar izan zuten batean eta bestean ukituz eta angeluarekin asmatzen saiatuz, aurpegia osorik ikus zedin eta ez atal bat bakarrik. “Alaba, bai ederto ikusten zaitudala …”.“Ba, nik zuri begi bat baino ez dizut ikusten …”.

Hala ere, euria egin ostean beti atertzen du, eta lozorro arraro batetik aterata lez, apurka-apurka gure babeslekuetatik irteten joan ginen, berriro elkar topatzeko eta gure ohiko bizimodura itzultzeko.

“Normaltasun berria” deitu zuten

Izan ere, batzuetan ahaztu egiten zaigun arren, ez da lehengo normaltasuna. Horren lekuko dira maskarak, distantzia soziala, hidrogela nonahi, birusa inguruan dabilkigula gogorarazten diguten datuez beteta egunero jasotzen ditugun albisteak, … Eta, noski, saiatu behar dugu zoria ez tentatzen.

Horrela, behar-beharrezkoa denean bakarrik elkartu behar dugu, talde txikietan, kontu handiz, … eta jarraitu behar dugu gure adineko edo nagusiei eskatzen etxean gera daitezela ahalik eta denbora gehien, birusarekiko esposizioa saihestuz. Eta, bat-batean, beste krisialdi batzuk gainditzeko harriak bezain gogorrak izan diren horiek, ilobak eta bilobak kulunkatuz parkeak bete dituzten horiek, orain beren denbora gura moduan erabili ahal izango luketen horiek, portzelana hauskor bihurtu dira, aire zabalean babes barik utzi ezinezkoak. Ea ez diren apurtzen.

Eta nork apurtu ahal izango luke portzelana?  Ba, txikerrenek!

Izan ere, adinekoak COVID-19a harrapatzeko arriskuko biztanleriatzat hartzen badira, umeak dira transmisore izan litezkeenak. Eta, noski, jar itzazu etxeko txikienak baloi batekin toska edo lur zuri fineko iruditxo baten aurrean! Nor arriskatzen da?

Horrela, bakartze edo “isolamendu babeslera” jotzen dugu familiok, eta hori erregutzen diegu gure kide zaharrenei ere, gaitza harrapatzeko beldurrez: “Ez irten, nik ekarriko dizkizut erosketak, … hobe da ez arriskatzea … leihotik agurtuko zaituztegu …”

COVID-19aren garaiak markatzen digu, beraz, kontaktu, komunikazio eta harreman modu berrietarako bidea. Baina bide horretan beldurrak agertzen dira, egoera aldakor baten aurreko ziurgabetasuna, kontrolatzen gaitza dena eta inoiz baino gehiago baloratzen ikasi dugun zerbait, osasuna, zaindu edo jagoteko erne egotera behartzen gaituena.

Gure maiteak babestu gura ditugu, eta, horretarako, familiako harremanak saihesten ditugu, baina, aldi berean, agian konturatu barik, edo agian horretaz jabetuta eta kostuak onartuta, bakardadearen eta kalteberatasunaren sentsazioa elikatzen dugu, aurrez aurreko harremanak ezabatu eta belaunaldien arteko topaketak murrizten ditugu, adinekoentzat eta txikerrentzat,  baita erdian gaudenontzat ere, onuragarriak direnak.

Azken urteotan, zahartze aktiboaren, belaunaldien arteko trukearen eta adinekoek ezagutza- eta esperientzia-iturri gisa duten garrantziaren ideia indartu egin da. Hala ere, COVID-19ak dena korapilatu du, adinekoak zaurgarritasunaren jomugan jarri ditu berriro, beraiek dituztelako birusaren ondorio negatiboenak pairatzeko txartelik gehien.

Horrela, babesteko gure ahaleginean, bakarrik geratu dira berriro, baztertuta, teknologia bidez komunikatzen ikastera behartuta, … eta teknologia horiek, zalantza barik, praktikoak dira, baina hotzak ere bai, eta musuak, besarkadak, laztanak … galtzen dira, ordezko gisa ukondo-talka utziz.

Adineko/COVID-19aren aurreko zaurgarritasun binomioari hirugarren faktore bat, mendekotasuna, gehitzen badiogu, bizitzea egokitzen ari zaigun osasun-errealitatean are hunkigarriagoak diren egoerak topatuko ditugu:

  • -Gaixotasunarekiko beldur itzela mendekotasuna duten adinekoen aldetik, pertsona oso hauskorrak eta kalteberak bihurtzen baitira.
  • -Zaintzaile edo jagole nagusien bakardadea, normalean sentitzen dutena baino are nabarmenagoa egoera honetan. Mendekotasuna duten pertsonak zaintzen ari ziren, eta jarraitzen dute, baina beste senitartekoen laguntza barik, kutsa daitezkeen beldurrez.
  • -Familiako beste kide batzuen eragin kognitibo eta afektiboki estimulatzailerik ez dute orain.
  • -Mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko laguntza-aukerak murriztu egin dira, eguneko zentroak itxi egin baitira kutsatze masiboak saihesteko; horren ondorioz, gainkarga-sentsazioa areagotu egin zaie, eta zailtasun handiak dituzte zaintza eta lan edo beharra bateragarri egiteko.
  • -Mendekotasuna duten adinekoen egoera egoitzetan, non birusa erruki barik sartu baita, eta kezkatuta dauden senideen bisitak, laguntza eta zaintza afektiboa mugatzera behartu du horrek.
  • -Eta beste hainbat errealitate…

Agian, lerro hauek hausnarketarako gonbita gisa har daitezke, adinekoen babesa eta familiaren laguntzaz gozatzeko aukera orekatzeko, harreman pertsonalen garrantziaz pentsatzeko, baina ahaztu barik batzuok besteekiko dugun erantzukizuna COVID-19aren aurkako babes-neurriak errespetatuz.

Erabili maskara, errespetatu distantziak, garbitu eskuak, kontuz ibili eta, batez ere, bizi eta gozatu zuretarrekin!

Ana Tejedor Urra. Psikologoa EDE Fundazioa (Suspergintza)

BBK Family Learning

×