Nire semea jeloskor dago bere arrebarekin

Beatriz Alonso psikologoa elkarrizketatu dugu, gure seme-alabei jeloskortasunarekin nola lagun diezaiekegun azal diezagun. Badakigu ez dela alderatu behar, seme edo alaba bakoitzari tarte bat eskaini behar zaiola, baina honek funtzionatzen al du?

Betidanik esaten den eta entzun dugun gauza hauxe da: ez alderatu zure seme-alabak, antza denez, anai-arreben arteko lehia hori sustatzen baitu. Zein da zure iritzia?

Alderaketa klasiko bat da. Alderaketarekin gertatzen dena da ez dela inoiz egongo garaile bat eta garaitu bat. Alderaketa ez da inoiz aukera ona eta beti da kaltegarria bi alderdientzat. Esaterako, egoera jakin batean norbait alderatzen badugu, alderaketa positibo bat egiten saiatuta, eta honakoa esaten badiogu: “zein nota onak ekarri dituzun, eskerrak, ez zure nebak bezala”. Horrek bi gauza eragiten ditu: alde batetik, haien arteko lehia areagotzen du eta, bestetik, neskari, bere nebak ez bezala nota onak atera dituela esaten diogunari, presioa jartzen diogu eta eramaten nahiko zaila den paper bat esleitzen diogu. Beraz, alderaketa hori ez da bidezkoa gure seme-alabentzat.

Gainera, alderaketek etiketa pila bat sortzen dituzte, etiketa horiek sustatzen dituzte, eta kontsultan sarritan ikusten ditugu rol erabat polarizatuak eta erabat aurkakoak dituzten seme-alabekin etortzen diren familiak. Badirudi, nolabait, honakoa ondorioztatzen dutela: etxeko pertsona arduratsuaren papera zeuk hartu baduzu dagoeneko, neuk erabat aurkakoa hartu beharko dut. Hori, askotan, alderaketen ondorioa izaten da.

Beraz, alderaketa egin beharrean, aukera hobea da ikusten duguna deskribatzea, besterik gabe. Nota onak atera dituela ikusten badugu, esan: “azterketa gainditu duzu, zorionak!”; edo eskerrak eman ditzakegu: “eskerrik asko mahaia jartzeagatik”; edo adostutakoa gogorarazi: “gogorarazten dizut gaur ontzi garbigailua jarri behar duzula, hori zen tratua”. Edonola ere, beti “zure nebak bezala” esaldia saihestuta, onerako edo txarrerako, alderaketa ez baita inoiz aukera ona.

Niri, batzuetan, dilema hau planteatzen didate: zein gustatzen zaizu gehiago: neurea edo berarena? Nola atera naiteke korapilo horretatik?

Oso trikimailu ona izaten da galdera itzultzea: “zein gustatzen zaizu gehiago zuri? Zure iritzia ezagutu nahi dut”. Jakin-mina adierazten duten galderak egiten ditugun bakoitzean, pentsatzeko gaitasuna aktibatzen dugun haurrengan. Sarritan, galdera tranpati hauekin lortu nahi dutena da zuk alde bat hautatzea. Hori saihestu behar dugu galdera batekin eta bere irizpidearen gaineko interesa agertuta.

Momentu garrantzitsuenetako bat iristen da seme edo alaba bakarra izan ondoren, bigarren edo hirugarren anai-arreba iristen denean. Zer egin dezakegu familiek seme edo alaba bakar izatetik espazioa anai-arrebekin partekatzera igarotzeko prozesu horretan laguntzeko?

Lehenik, ulertu behar dugu prozesu bat dela eta denbora behar duela, beraz, pazientzia handia behar da, ez bakarrik anai-arrebatxo baten jaiotzak dakarren jeloskortasun prozesu honekin, baizik eta, sarritan, familiek pertsonalki hartzen baitituzte seme edo alaba helduaren kasketak edo prozesu horretatik eratorritako gatazkak. Beraz, pazientzia horrek esan nahi du gatazka horiek pertsonalki ez hartzea, prozesu naturaltzat ulertzea eta argi izatea sisteman elementu berri bat sartzen dugunean, sistemak berregituraketa egin behar duela, eta horrek denbora daramala. Hori da kontuan hartu beharreko lehen gauza.

Haurren adinak ere eragin handia izango du. Askotan, batez ere 3 edo 4 urteko haurren kasu tipikoan, anai edo arreba bat jaiotzen denean, kontuan hartu behar da maitasun handia eman beharko dugula, denbora berezi asko, ahal dugun heinean, beti ez baita posible izaten. Hala ere, ahalegindu behar gara ere atzerapausoak ez ematen, hau da, haurrak dagoeneko ikasi dituen gauzak badaude, esaterako, janztea edo zapatak jartzea, interesgarria da ohitura horiek mantentzea. Agian, egin dezakeguna da arreta gehiago jartzea, sarritan pentsatzen dutena izaten baita “zapatak lotzen laguntzen badit, kasu egingo dit”. Egoera horretan esan diezaiokegu: “zapata lotzeko laguntza behar duzu? Badakit zuk hori egiten badakizula, belkroa daramana ixten badakizu, baina nahi baduzu, egunen batean, lokarriak dituena lotzen lagunduko dizut”. Saia gaitezen eskatzen diguten arreta hori birbideratzen, gauza normala baita garai horretan, eta saia gaitezen hortik zer edo zer baliagarria ateratzen, aurrerapausoak ematen jarraitzeko.

Nola presta dezakegu anai edo arreba bat izango duen eta testuinguru aldaketa bat biziko duen seme edo alaba hori?

Saiatu gaia naturaltasunez jorratzen, haurtxo berri bat etorriko dela. Errealistak izan behar dugu: “hasieran denbora gutxiago izango dut, izugarri gustatuko litzaidake zurekin jolastea, baina seguruenik, hasieran, aitarekin edo amarekin denbora gehiago eman beharko duzu…”. Bidea prestatzeak ez du esan nahi egoera itxuraldatu eta esatea: “mundiala izango da! Nik haurtxoarekin sentitzen dudan ilusio hau da zuk ere sentitu behar duzuna…”. Inolaz ere ez. Bidea prestatzeak esan nahi du errealitate kutsu hori ematea, zintzotasun ukitu hori behar dutelako eta, adinaren arabera, hobe edo okerrago ulertuko dutelako, baina nahiko azkarrak dira eta, seguruenik, ongi ulertuko dute gerta daitekeenaren zati bat.

Haurtxo berri batekin etxean bisitak jasotzen hasten garenean, zer egin dezakegu arreta guztia eta samurtasun guztia haurtxoari bakarrik ez emateko?

Gakoa da aldez aurretik bidea pixka bat prestatzen saiatzea, izan ere, momentu horretan, sentimendu asko eta hormonak elkartzen dira eta zailagoa izaten da modu arrazionalean jokatzea. Beraz, bidea prestatzea komeni da. Zehazki, guraso, osaba-izeba eta abarrekin hitz egin dezakegu. Jaiotzaren aurretik eska diezaiekegu, mesedez, haurtxoari arreta gehiegi ez emateko, haurtxoa oraindik ez baita gehiegi konturatzen eta anai edo arreba heldua, berriz, askoz ere gehiago konturatzen da. Interesgarria da esku hartu ahal izatea, berez, familiak askotan ongi ezagutzen baitu aitita, amama, osaba, izeba… familia bakoitzak badaki norekin hitz egin daitekeen eta norekin ez. Orduan, hor dator metro karratuaren ideia: zuk bidea prestatzen baduzu ere, hitz egin eta gauzak eskatzen badituzu ere, hori gertatzen ez bada, erabaki behar duzu zer egingo duzun. Eta egingo duzun hori erabakitzeak askotariko neurriak ekar ditzake, esaterako: momentu jakinetan bisitak mugatzea edo, beste momentu batean, zuk anai edo arreba txikiari kasu gehiago egitea… Egoeraren araberakoa izango da hori.

Lehenago aipatu duzu ez esku hartzea, alderik ez hautatzea, anai-arrebak elkar daitezen ahalbidetzea, baina pentsatzen dut egongo dela momentu bat, muga bat, jeloskortasunaren eta kezkagarria den beste gauza baten artean, bestelako neurriak hartzea eskatzen duena. Zein da muga hori?

Muga hori hainbat faktoreren araberakoa izango da, hala nola zenbat denboran zehar luzatu den egoera. Adibidez, familian aldaketaren bat egon bada, anai-arrebatxo bat esaterako, eta bat-batean anai edo arreba heldua apur bat erasokorrago badago, baliteke denbora kontua izatea. Hainbat hilabete beharko ditu, sei hilabete, agian, hiru-sei hilabete artean lehen bezala egotera itzultzeko. Baina denboraz gain, erasokortasun maila ere kontuan hartu behar da, edo gatazken maila. Jakina, gakoa edo irizpide egokiena alderik ez hartzea izan arren, zenbait kasutan, nerabezaroan batez ere, anai edo arreba batek abusatzailearen papera hartzen badu eta beste anai edo arrebari erasotzen badio, kasu horietan, noski, egoera hori ezin da onartu eta esku hartu behar dugu.

Beste egoera batzuetan, baliteke pertsona batek bere anai edo arrebarengan deskargatzea eskolan dituen arazo pertsonalak edo bere bizitzako bestelako frustrazioak. Kasu horretan ere kontsulta egin behar da, izan ere, alderik ez hartzen saiatu arren, beti egongo dira mugak, zehazki, zaintzarena eta errespetuarena, ezin baikara iritsi muturreko indarkeria kasuetara. Kronifikatzea ere saihestu behar da, egoera denbora luzez eta oso biziki ez mantentzea. Oro har, familiek nahiko zuzen jokatzen dute kasu hauetan. Kontsulta egitera iristen direnean, egoerari aurre egiteko baliabiderik gabe gelditu direlako izaten da. Sarritan, puntu horretara iritsi ez arren, familia batzuek ikusten dute tresna jakinak behar dituztela, hain zuzen ere puntu horretara ez iristeko, prebentzio moduan.

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Menu

BBK Family Learning

×