Nerabezaroan portaera txarrean jartzen dugu arreta, ez portaera txar horren zergatikoan

Cristina Gutierrez hezitzaile emozionala da eta “La Granja” metodoaren sortzailea.  Bartzelonako eta Madrilgo Granja Escuela instalazioetatik 20.000 haur eta gazte igarotzen dira urtean, eta bertan ikusten du haiengan eragiten duen aldaketa.  Hezkuntza-berrikuntzan eta gaitasun emozional aplikatuetan ikertzailea ere bada, eta sari ugari jaso ditu. Elkarrizketa honetan, harremanak hobetzeko gure seme-alabekiko jarrera-aldaketa zelan egin dezakegun azalduko digu eta datorren ekainaren 21ean BBK Family-n “Nerabezaroa eta emozioak: gure seme-alabekin komunikatzeko trikimailuak” hitzaldia emango du. Hartu zure plaza dohainik.

Kristina, orain dela urte batzuk konturatu zinen gure hezteko moduak jada ez zuela funtzionatzen.Zelan egin zenuen aldaketa-prozesua?

2002tik 2004ra bitartean konturatu nintzen ordura arte heziketan funtzionatu zidan guztiak jada ez zuela funtzionatzen. Haurrek jada ez zidaten lehen bezala entzuten, eta ez nuen lortzen haien jarrerak eta portaerak modulatzea. Haurrek “zarta!” emandako erantzun batzuek esaten dizute zein puntu zehatzetan zauden aita, ama edo hezitzaile gisa. Eta lan egiten dudan baserri-eskola edo Granja Escuelatik 20.000 haur eta gazte baino gehiago pasatzen dira urtero. Beraz, erraza zen konturatzea, eta oso nabaria, jada ez nuela haiekin konektatzen.

Orduan kexa iritsi zen; kexatzen nintzen hezkuntza-sistemaz, gurasoez, Interneteko jokoez, politikariez. Eta ni (zuzendaria nintzelarik) kexu baldin banintzen, imajina dezakezu beste guztiek jarraitzen zidatela. Bi urte oso egon ginen hor trabatuta, kexan, egun batean taldeari esan nion arte: “Baina haurrak aldatu badira, zergatik ez dugu guk zerbait desberdina egiten?”.Eta hor hasi zen dena, ez bakarrik La Granja metodoaren garapena, baizik eta ni neu nor nintzen topatzea …, ideiarik ere ez nuen eta!!!

-Zer metodo erabiltzen duzue La Granjan?

La Granja metodoa 360 graduko begiradaz aplikatutako Emozio Hezkuntzan oinarritzen da. Bartzelonako Granja Escolatik (Sta Maria Palautordera) urtero pasatzen ziren 20.000 ikasle baino gehiagorekin saiatu, proba egin, asmatu eta huts eginez, horrela garatu zen metodoa. Funtzionatzen zigula ikusten genuena, hartu egiten genuen; funtzionatzen ez zuena, ez, … eta horrela 12 urtez. 2017an metodoaren emaitzaren azterketa zientifikoa egin genuen Bartzelonako Unibertsitateko GROP-Ikerketa eta Orientazio Psikopedagogikoko Taldearekin. Azterketa horrek erakutsi zuen lau gaitasun emozional nabarmen hobetu zirela umeak La Granjatik igaro ostean: Kontzientzia Emozionala, Erregulazio Emozionala, Gaitasun Sozialak eta Autonomia Emozionala, eta interes handia sortu zuen mundu akademikoan (Hezkuntza-berrikuntzako estatuko eta nazioarteko biltzarretan aurkeztu da, eta Revista de Investigación Educativa aldizkarian argitaratu daRevista de Investigación Educativa-n eman da argitara).

La Granja metodoari dagokionez, denbora laburrean aldaketa esanguratsuak lortzeko duen gaitasuna izan da harrigarriena. Eta hori da arrazoi nagusia La Granjan ez ezik, ehunka eskola eta institututan erabilia izateko, baita La Masía del Barça kirol-klubean, erakunde-munduan (Danone edo Purina-Nestlé enpresetan, …), edo osasun-eremuan, adibidez, Bartzelonako Sant Joan de Déu ospitalean edo Kataluniako Osasun Institutuan.

Zelan eraman ahal izango genuke metodo hori gure etxera?

Metodoa konplexua da, hezkuntzako profesionalei zuzenduta baitago. Gure metodologiaren oinarria ez da terapia egitea, hezkuntza-ekintza bat baizik. Hori da, nire ustez, beste metodologia batzuekiko alde handia.

Etxean, Hezkuntza Emozionala erraz eta modu dibertigarrian egin dezakegu.  “Emocuaderno.Educación Emocional en casa” (Salvatella argit.) argitaratu nuen, etxean edo ikasgelan egiteko 24 dinamikarekin. Lehenengo sekretua bizipenezkoa eta dibertigarria izatea da, jolas bat! Eta bigarrena, egia izatea, eta egia izan dadin, gugandik hasi behar dugu, pertsona helduongandik. Semea edo alaba komunikazio positiboan edo autoestimu osasungarrian trebatu gura baduzu, lehenengo galdetu zeure buruari ea bi gaitasun horiek menderatzen dituzun zeuk. Bestela, trebatu zeure burua lehendabizi eta ikusiko duzu errazagoa gertatuko zaizula gero semeari edo alabari laguntzea.

La Granjan duzun esperientziagatik, non egunero ikusten dituzun umeak eta nerabeak, zure ustez, zelan ari dira pandemia bizitzen?

Ahal duten bezala! Guk geuk bezalaxe. Azken urte honetan bizi izan duguna tsunami emozional bat da argi eta garbi, eta, jakina, ez geunden horretarako prestatuta. Baina gizakiok moldakorrak gara, eta hemen gaude, eutsi nahian. 

Ikusten dudanez, gazteek okerrago daramate helduok disimulatzeko dugun mania hori, mozorroa ez kentzekoa, egun batean eraikitzen hasi ginen armadura (burdin jantzi) hori, inor guregana iritsi eta zauritu ez gintzan. Eta hain lodia bihurtu da, non orain bihotzera iristea kostatzen baitzaigu. Eta nire arima entzuten ez badut, zelan ulertu edo entzun ahal izango dut seme edo alaba batena?

Isaac-ek, La Granjara etorri zen 12 urteko mutil batek, esan zidan: “Gaur konturatu naiz norbaiti axola diodala”. Eta badakizu? Isaac asko daude gure herrialdeko institutuetan.

Nabaritzen duzu trebetasun batzuk (adibidez, autonomia) murriztu dituztela, edo autoestimu txikiagoa dutela …?

Martxoaz geroztik, berriz ere umeak ditugu La Granjan, bai Bartzelonan eta bai Madrilen, eta bi erkidegoetan antzeko ondorioak ikusten ditugu.

Eskolaurreko 3 urteko haurrek jada ez dute 3 urtekoen maila, autonomia txikiagoa dute, 2 urteko haurrena. Eta ikusten dugu egoera hori Lehen Hezkuntzako 2. mailaraino iristen dela (1. mailakoak direla dirudi eta). Beldurra (ia guztiaren beldurra) eta mendekotasuna ere areagotu egin dira, oro har.

Goi-mailako ziklokoei eta DBHkoei dagokienez, askoz antsietate eta estres handiagoa eta autoestimu baxuko kasu gehiago ikusten ditugu. Gainera, apatia eta motibaziorik eza gero eta handiagoak dira eta kezkatzen gaitu horrek; nabari da urtebeteko sofa-Netflix daramatela bizkarrean, eta guztia nekagarri gertatzen zaie, ez daude sasoian. Erraz akitu edo unatzen dira. 

Pandemian zehar, nerabeek murrizketak jasan dituzte beren bizitzan sozializazio edo gizartekotzea oso garrantzitsua den unean. Eta mugak jartzeko orduan, muga horiek “gobernutik” zetozen ordutegi, araudi, … mailan, baina orain gurasook ezarri behar dizkiegu. Eta badirudi ez dela erraza izango, “barrua husteko” gaztetxoek duten beharra kontuan izanda. Zelan egingo dugu hori gatazka bihur ez dadin?

Emango nukeen lehen aholkua da beraiekin enpatizatzen saiatu behar dugula. Beti esaten dut “Epaitzen baduzu, ez duzu ulertzen. Eta ulertzen baduzu, ez duzu epaitzen”; beraz, saia gaitezen ez epaitzen, beraiek, gainera, istant batean ohartzen baitira horretaz, eta azkar asko urrunduko dira zugandik.

Egia esan, ez da bidezkoa bizi izandakoa, inorentzat ez. Horregatik, normala da denok amorru pixka bat sentitzea (bidegabekerien aurka borrokatzen laguntzen digun emozioa da).

Berba egin dezagun eurekin komunikazio zintzo eta asertibotik, adibidez …

Entzun gura zaitut zu ulertzeko, ez zuri erantzuteko” esaten badiozu, zure begirunea irabaztera bultzatuko duzu. “Esadazu, zer behar duzu nigandik?” esateak mamira joaten lagunduko du, inor urduri jarri barik. “Ez dizut horrela berba egiten utziko” modu lasai eta seguruan esateak muga bat argi jarriko dio. “Zure beldurrak baino handiagoa zara zu” entzuteak ausardia emango dio, bere adore edo kemenean sinesten duzula ikusiko baitu, eta horrek asko laguntzen du gauden moduan gaudenean, zauriturik eta beldurtuta.

Eta “Ez dut seme edo alaba perfekturik nahi, zu gurago zaitut” entzuteak baimena emango dio bera, den bezalakoa, areago izateko. Eta hori, une honetan, funtsezkoa da autoestimu osasungarria izateko.

Egunerokotasunera itzulita, pandemian edo ez, nerabezaroan asko esaten da “Oso txarto portatzen da, ez du obeditzen, lotsa barik erantzuten dit”, eta ez dugu haratago begiratzen. Zer gertatzen ari zaien ulertu ahal izateko, “txarto” portatzeko arrazoian, erreakzio horiek izateko arrazoian jarri beharko genuke arreta?

Mendebaldean portaeran jartzen dugu arreta: esanekoa izatea, nota onak ateratzea, etxeko lanak egitea, larunbateko partidako golak, … Baina zer dago ekintza bakoitzaren atzean, egun osoan egin eta egin ibiltze horren atzean? Hori ez dugu ikusten, ezta? Neska edo mutila ondo portatzen bada, lasai eta pozik geratzen gara. Bestela, etsipena agertzen da gurasoen begietan … baita seme edo alabaren begietan ere, baina zer sentituko du eta zein izango dira ondorioak?

Zer gertatzen da haur baten barne-munduan? Eta zurean?

Noiz saiatuko gara horietako bakoitzak zer ezkutatzen duen ulertzen? Zerk bultzatzen du amorruzko, beldurrezko edo tristurazko erreakzio bat? Geure burua eta elkar ezagutzeak izan beharko luke zentzuzko edozein hezkuntza-sistemaren oinarria; izan ere, askok uste dutenaren kontra, Hezkuntza Emozionalak indartsu eta seguru egiten gaitu. Oso seguru, bizitzan zehar urrats sendoz ibiltzen diren horietakoak. 

Emozioak prekontziente edo kontzientzia-aurrekoak dira eta denok sentitzen ditugu, eta naturaren oparia dira espezie gisa bizirik iraun dezagun. Izan ere, gure armarik onena dira erabiltzen dakigunean. Baina gure amesgaiztorik okerrena ere bihur daitezke emozioak, beren kasa ibili eta menderatzen gaituztenean, gure ordez ere erabakiz.

Sentitu dugun zerbaiten aurreko erreakzioa da portaera edo jokabidea. Haserre dagoenean, galde iezaiozu: “Zer sentitzen duzu hain bidegabea iruditzen zaizuna?”. Eta ikusiko duzue zelan lagunduko dion bere larruazalaren azpian arrazoia topatzen. Dena hor hasten da, larruazalaren azpian. Gainerakoa ondorio bat besterik ez da.

Batzuetan nerabeen paradoxaz berba egiten dugu, ez dute gura zu joatea partida jokatzen ikustera, baina gero aurpegiratuko dizute ez zaizkizula axola, ez zarelako norgehiagoka ikustera joan. Zelan joka dezakegu kontraesan horien aurrean?

Nire ustez, plangintza estrategia ona da adin horietan. Denboraldia hasten denean, elkartu zaitezte eta familiako kide bakoitzak adieraz ditzala bere beharrizanak; baliteke batek esatea ilusioa duela partida guztiak ikusteko, beste batek esatea ez duela gogorik bere igande guztiak sakrifikatzeko, eta beste batek agian zelaian lagunduta eta seguru sentitzeko guraria adieraztea, edo guztiz kontrakoa, … Eta iritsi zaitezte akordio batera, marka ezazue egutegian noiz joango zareten eta noiz ez, guztiok geure premia edo beharrizana aseta izan dezagun.

Eta partida ikustera joaten zaretenean, horretara joan, ikustera. Ez oihukatu, ez epailea iraindu, ez entrenatzaile-lana egin. Zuk ituna betetzen baduzu, errazagoa izango da neskak edo mutikoak ere egitea. Gogoratu etsenplutik ikasten dutela!

Helduen paradoxa ere gerta daiteke, ezta? Triste daudela onartzeko esaten diegu, baina gurasook ezkutatu egiten dugu tristura, …

Hori da, hain koherentzia txikia dugu helduok! Ume eta gaztetxoak, ordea, koherenteak dira, eta oso. Eta zenbat eta txikerragoak, orduan eta koherenteagoak. Zure etsipena edo amorrua edo beldurra disimulatzen badituzu, lehenik gogoratu ezinezkoa dela, zuk besteengan nabaritzen duzun bezala nabarituko dutelako haiek ere. Eta, bigarrenik, itxurak egiten ditugunean, zera adierazten ari gatzaizkie: “Hori sentitzea ez dago ondo, debekatuta dago”, eta, beraz, ez dugu legitimatzen sentitzen dutena, eta horrek oso txarto sentiarazten ditu (eta gaitu). Baina gogora dezagun ezin dugula saihestu emozioak sentitzea, prekontzienteak direlako, hau da, sentitzen ari garenaz kontziente izan baino lehen gertatzen dira. Ezin ditut saihestu, erregulatu besterik ez. Eta hori egiteaz arduratzen den zientzia aplikatua Hezkuntza Emozionala deitzen da.

Zelan landu ditzakegu hobeto emozioak?

Lehenik eta behin, sentitzen dugunaz jabetuta, izena jarrita. Adibidez, goizero, etxetik irten aurretik, esan dezala familiako kide bakoitzak zer emozio sentitzen duen (estresa, ilusioa, apatia, poza, …).

Eta gero, saia gaitezen sentitzen duguna arautzen, zuretzat positiboa izateko moduan, baina baita besteentzat ere. Haserre nago? Bi aldiz arnasa sakon hartuko dut semeari edo alabari berba egin aurretik.

“Seme/alaba, zu zeure buruarekin ondo ez bazaude, oso zaila izango da besteekin ere egotea” esatea bere larruazalaren azpian zer dagoen ulertzeko gonbidapen zuzena da. Eta hortxe dago giza indarra, nor zaren jakitean.

Badakit guri ez zigutela eskolan irakatsi.Baina egin dezagun ahal dugun guztia hori gure txikiengan errepika ez dadin.

Cristina Gutierrez, hezitzaile emozionala.

Gutierrezek emangu du:

Nerabezaroa eta emozioak: gure seme-alabekin komunikatzeko trikimailuak hitzaldia

Jardunaldi honetan, nerabeak bizitzako etapa honetan zer emozio bizitzen ari diren eta pandemiak nola eragiten dien ulertzen saiatuko gara.

Haien jokabideetan ez ezik, jokabide horien zergatietan ere jarriko dugu arreta. Eta Cristina Gutierrezek, halaber, haiek hobeto ulertzeko eta prozesu honetan laguntzeko erabil ditzakegun estrategia eta jarraibide batzuk eskainiko dizkigu.

Cristina Gutierrez hezitzaile emozionalak eta La Granja metodoaren sortzaileak gure seme-alabekin komunikatzeko gakoak emango dizkigu. Gutierrez hezkuntza berrikuntzan eta gaitasun emozional aplikatuetan ere ikertzailea da eta sari ugari jaso ditu.

Eguna: Ekainak 21
Ordua: 18:00etatik 20:00etara

Eskaera handia denez, edukiera handitu dugu.

Zeren zain zaude apuntatzeko?

Menu

BBK Family Learning

×