Nerabezaroak ziurgabetasun-garaietan

Ziurgabetasunean gizakia ez da eroso sentitzen. Oro har, gertatzen zaigunari izenak bilatzen dizkiogu, gure eguneroko bizitzan zelanbaiteko segurtasuna sentitzea ahalbidetuko diguten ainguratze-puntuak. Hala ere, historia pertsonal eta kolektiboetan badira une batzuk gure oinarria kolokan jartzen dutenak. Duda barik, une horietako bat bizi dugu orain, zalantzazkoa, baina erreala den zerbaitekin topo egin dugu, birus baten izena du: COVID-19, baina bere portaera arraroa eta, batzuetan, ustekabekoa gertatzen zaigu. Giza esperientzian erreala den zerbaitekin topo egiteak berekin ekartzen du “jakintzan urratua” deituko dudana.

Urratu hori gure bizitzetan agertzen denean, geldiarazi edo aktibatu egin gaitzake. Edozelan ere, dauzkagun baliabide eta tresnez geure buruari galdetzera behartzen gaitu. Geure baitan bilatzen ditugu tresnak ikusteko zer tratamendu eman behar diogun zera berriari, prestatu barik harrapatu gaituen horri. Batzuetan, besteen laguntza behar izaten dugu bilaketa horretan. Bitxia da, birusak gure bizitzetan sartzen duen ziurgabetasun hori guztia beste era batera nerabezaroen aurrean ere topatzen dugun ziurgabetasuna baita.

Aurreko idazki batean esaten nizuen nerabeen berezko egoera isolamenduan edo bakartuta egotea dela. Gaur egun, isolamendu edo bakartzeaz berba egiten dugunean, konfinamenduaren oihartzuna datorkigu burura. Nerabeek beren denboraren zati bat itxita eta bakartuta ematen dute: beren gelan, pantailen aurrean, musika entzuten…

“Horretaz ez dut berba egingo”

Izan ere, nerabezaroa baloratzeko eremuak planteatzen baditugu, lehenago ere esana dizuet, horietako bat, oso funtsezkoa, intimitatearena da. Eman dezakeenaren kontra, oso garrantzitsua da intimitatea bilatzen eta eraikitzen hastea. Nerabeen barne-munduko zenbait arlo babestuta edo gordeta egon daitezkeela adierazten digu. “Horretaz ez dut berba egingo” edo “Zergatik kontatuko dizut ezertxo ere ezagutzen ez bazaitut” esaten digutenean, hori errespetatzera behartzen gaituzte beraiekin lan egiten dugunok, beraien guraso eta erreferenteak garenok. Une horretan mesfidantza nagusitzen da, Bestearen aurrean zuhurtzia baino ez dena.

Beraien berezko egoera konfinatuta egotea dela nioen, horretarako lekuak baldin badituzte.  Konfinatzeko beste modu batzuk izan daitezke, adibidez, kontsumo-praktikak, burbuila gisa funtzionatzen dietenak, edo berdinen taldean babestea. Baina “itxita egoteko” guneak izateak COVID-19ak ezartzen duen konfinamendutik babesten ditu, helduen munduarekin eten bako bizikidetza eskatzen baitie horrek. Hala ere, hasieran funtzionatzen duela dirudien hori, luzatuz gero, egonezin-iturri bihurtzen da. Egonezin hori hiru mailatan agertzen da:  gorputzaren mailan (kutsatzearen edo pentsamenduen beldurra); bizikidetzaren mailan (loturaren gaia) eta galeren mailan: adibidez, pertsonei edo bizi bako esperientziei buruz egin beharreko dueluak.

Nerabe eta gazte askok konfinamendu-aldian hasi behar izan dituzte unibertsitate-ikasketak.  Espero ez bezalako unibertsitate bati aurre egin behar izan diote: Zelan ezagutu beste batzuk? Zelan bizi bakarrik uzten zaituzten ikasketa batzuk?

“Uda bat oparitu diet”

Beste nerabe batzuek, konfinamenduko hilabeteetan, etxetik ihes egiteko sentitzen zuten bultzadaz berba egiten zuten telefono bidezko saioetan. “Ez nago ohituta egun osoa gurasoekin egotera”; “Uda bat oparitu diet”; “Hilabeteak dira parrandan ibiltzen ez naizela”, … eta tankera horretako iruzkinek garbi adierazten dute pandemia-garai honetan bizi izandakoak beraien bizitzara ekarritako egonezin eta desoreka.

18 urte betetzear dagoen beste gazte batek saio gehigarri bat eskatu du, egun hauetan gurasoekin asko eztabaidatzen ari dela konturatu baita: “Gurasoekin hainbeste eztabaidatzen badut, ezin da besteengatik izan. Neuregatik da”. Berak bere 18. urtebetetzea ospatzeaz zeukan ideiaz berba egin du, eta data hori itxialdian igaro beharrak batzuetan tristura eragiten ziola, eta beste batzuetan sumindura. Aldez aurretik sentitu ez zuen galera baten dimentsioa agertzen da berarentzat. Denbora aurrera doa, eta itzuliko ez denari aurre egin beharrean dago lehen aldiz (lehen ikustea saihesten zuen), eta orain ezin du aintzat hartu barik utzi. Konfinamenduak, hasieran behintzat, funtsezko itaun edo galdera bat sartu zuen gure bizitzetan, ea zelan bizi gura dugun gure denbora.

Neska nerabe batek azaldu zidanez, konfinamendua hasten denean, eten egiten du sare sozial guztiekin, bere baitan biltzeko unea izango dela erabakitzen duelako. Kontzentrazio edo arreta bere baitan biltze horren ondorioa pentsatzeari ezin utzi izatea da. Bere buruari buruzko galderak muga barik luzatzen ditu, depresioaren eta beldurraren artean txandakatuz. Alde batetik, bere pentsamendua libidinizatzen du eten barik, eta, bestetik, beldur da ez ote den erotuko, eta horregatik kontsultatzen du.

“Dena amaitzea hobe dela” sentitzen duten nerabeak ere hor daude, ez baitute irteerarik ikusten. Oso garrantzitsua da nerabe horiei laguntza espezializatua eskaintzea, galderak egin ditzaten eta sentimendu hori urrundu dezaten.

Beraz, ikusten dugu konfinamenduak ondorio eta usadio bereziak sortzen dituela. Nik artatzen ditudan nerabeek galdetzen dute, ez beti berba bidez, zelan pentsatu irteera, ba ote dagoen berreskura daitekeen zerbait eta zer tratamendu eman galerei. Hau da, une berezi honek haien subjektibotasunean izango duen eraginaz itaun egiten diote beren buruari.

Adibidez, zelakoa izango da garbitzea, distantziak mantentzea, gainazal arrarorik ez ukitzea, kalera ez irtetea edo gutxi irtetea eskatzen digun higienismo eta diziplina moral berri honekin bizitzea?

Elkarrizketa bat ez da galdeketa

“Trantsizio delikatua” esan gura duten garaiak dira nerabezaroak: eremu ilun bat da, non subjektuak hasi behar duen irtenbideak helduengandik ez espero izaten. Horregatik, askotan esaten dugu esnatzeko garaia dela. Baina bat-batean gertatzen ez den esnatze edo iratzartzea da: gogaitasunean lokartzearen, besteari eskatzearen asperduraren eta nork bere ardura hartzen hastearen artean kulunkatzea da. Ardura hartzeak bi aurpegi ditu: batetik, desiratzen hastea da kontua, eta, bestetik, norberak gura duenaren ardura edo erantzukizuna hartzea.

Zalantza barik, ziurgabetasun-garai hauetan, nerabeekin berba egiteko guneak ireki behar dira. Baina kontuz ibili behar da eta bereizi: berba egitea eta itaunketa edo galdeketa ez dira gauza bera. Batzuetan, gurasoek uste dute elkarrizketa bat galdeketan oinarritzen dela, aukera dagoen bakoitzean seme-alabei egiten dietena. Kontua ez da hori. Elkarrizketan, helduek ere jokoan jarri behar dituzte dakitenari buruzko narrazioak, eta bizitzea egokitu zaigun garai honetan egiteko moduaz dituzten zalantzak. Nerabeek, neurri batean, gurasoen eta erreferenteen indarguneei eta hauskortasunei buruz jakin beharra dute. Horrek ez ditu hain bakarrik uzten beren hauskortasunaren aurrean: horrekin bizi daitekeela eta zerbait egin daitekeela ikusten dute. Hori asko da…

Susana Brignoni, psikoanalista, psikologo klinikoa

BBK Family Learning

×