Mujika eskola guraso-elkarteak irabazi du I. BBK Family lehiaketa, Kontziliaziorako ideia berritzaileei buruzkoa

Entidades premiadas

Familia-kontziliazioaren alorrean ideia berritzaileak lortzeko asmaturiko I. BBK Family Lehiaketako irabazleak eta finalistak aurkeztu dira gaur BBK-k. Lehiaketara enpresa, ikastetxe, guraso-elkarte edo
gizarte-erakundeen 15 ideia aurkeztu dira, eta lehen hiru postuak honako hauentzat izan dira: Mujika Eskolako guraso-elkartearen “Familiak Naturan” (lehen saria); Urduñako Eskolaren “Kontziliazio menua” (bigarren saria); eta Loizaga Prest enpresaren “Qtenta Family” (hirugarren saria).


Pandemiak hainbat hilabetez zailtasunak ekarri ditu familien kontziliaziorako. Askok modua aurkitu behar izan dute beren seme-alabak zaintzeko, laneko betebeharrak alde batera utzi barik. Horren jakitun, BBK
FAMILYk gura izan du gizarteak bizi izandakotik ikastea eta arlo horretan aurrerapauso bat emateko irtenbideak partekatzea. Hortik sortu zen kontziliaziorako ekimen berritzaileen lehen lehiaketa deitzeko ideia.
Lehiaketaren lehen edizioaren erabakia gaur jakinarazi dute BBK Salan.

Lehen ideia irabazlea “Familiak Naturan!” izan da, Mujika Eskolako Ikasleen Gurasoen Elkartearen proiektua, eta familiek azaroa eta maiatza bitartean, 15 egunean behin, kontziliatzeko egun bat izatea proposatu dute. Beraien kontziliazio-esperientzian Urdaibaiko Biosferaren Erreserbara irteera-zerbitzu bat sartzen da, Ekoetxea Urdaibai erakundearekin. Epaimahaiak baloratu du, besteak beste, proposamen horrek modu berritzaile eta sortzailean planteatzen duela adinbakoekin esperientzia bat izatea paisaia-edertasun bereziko ingurune batean, eta hori oso onuragarria dela emozionalki eta fisikoki, kontuan hartzen badira COVID-19aren ondorioak ohiturak aldatzeari eta harremanak izateko moduari dagokienez.


Bigarren proposamen irabazlea Urduñako Eskolako Guraso Elkartearen Kontziliazio menua” izan da. Urduñako Eskola Publikoko ikasleen familientzako menu bat da, udalarekin lankidetzan, nutrizio-irizpideak eta hurbileko produktu ekologikoen erabilera kontuan hartzen dituena.
Familia askok zailtasunak zituzten kalitatezko menu bat eskaintzeko, kontziliazio-arazoengatik eta janaria prestatzeko asti handirik ez zutelako. “Kontziliazio-menua” eskola-menuaren prezioan eskaintzen zaie familiei etxean kontsumitu dezaten, eta, horrela, denbora gehien kentzen duen familia-zereginetako bat arintzeko.

Azkenik, hirugarren ideia irabazlea Loizaga Prest enpresaren “Qtenta Family” izan da; enpresa horrek jarduera fisikoa, aisialdi osasungarria eta naturarekiko begirunea sustatzeko jarduera planteatzen du, eta Gizarte Erantzukizuneko estrategiaren barruan kontziliazio-jarduerak sustatu gura dituzten enpresei, ikastetxeei, ikasleei eta haien familiei zuzenduta dago. Familian eta espazio irekietan egiteko jarduera da, non familiek, QR mapa eta kodeen laguntzaz, umeen adin eta espezifikotasunetara egokitutako ibilbidea egiten duten, baita proba fisikoak eta erronkak ere, beste familia batzuekin lehian.


IDEIA FINALISTAK


BBK Familyk beste bi erakunde finalistaren lana ere goraipatu gura izan du. Lehen ideia finalista AFAE-ACCION FAMILIAR EUSKADI GKEren “Guraso bakarreko familien app-a” izan da. Aplikazio bat garatzea proposatzen du, guraso bakarreko familien eta boluntarioen artean seme-alaben zaintza eta arretarako laguntza-sare bat sortzeko. Aplikazio mugikorra da, irisgarria eta doakoa, eta laguntzak, zerbitzuak eta baliabideak bideratzen dituzte horrekin. Aplikazioak 3 zerbitzu eskaintzen dizkie familiei: seme-alabak orduka zaintzeko laguntza eta etxeko eskolalanetan laguntza. Gainera, informazio-atal bat du, eta hor familiek informazio garrantzitsua aurki dezakete, baita kontsulta-foro bat ere.

Era berean, lehiaketan nabarmendu den bigarren ideia finalista Ingeniero José Orbegozo Gorostidi-Iturrigorri Eskolaren “Kontziliazio Gunea” izan da. Zentroan kontziliaziorako gune bat irekitzea proposatu dute.
Egunero, 16:30etik 17:30era, hainbat hezkuntza-jarduera eskaintzen dira: fisiologikoak, biologikoak, elikadurakoak, jarduera fisiko eta jolasjarduerak, kognitiboak, emozionalak eta sozialak.

BBK Family Learning

×