peques moviles

Mugikorra, Tik Tok, Instagram… gura dut: zelan amore ez eman eskatzen dutenari, baina elkarrizketa bidez

Zenbat urterekin emango diot mugikorra? Zenbat ordu eman beharko lituzke ordenagailuaren aurrean? Utzi beharko nioke 16 urterako gomendatutako joko bat deskargatzen 12 urterekin? Utziko diot Tik Tok irekitzen 10 urterekin? Galdera horiek egin ohi dizkiogu geure buruari seme-alabak ditugunean, eta orduak eta egunak ematen dituztenean sare sozialetan edo mugikorrean profil bat irekitzeko eskatuz: “Mugikorra! Mugikorra! Mugikorra!”, edo “Nire lagunari uzten diote Call of Dutyn jolasten, … uzten diote, uzten diote, uzten diote …”,  “Ni naiz Tik Tok ez daukan bakarra, bakarra, bakarra, …”. Horrelakoak entzunda zaudete, ezta? Zaila da iraunkortasun horren aurrean amore ez ematea.

Hala ere, badakigu Silicon Valleyko eliteen seme-alabek ez dutela sare sozialik izaten, ez ordenagailurik edo mugikorrik 14-16 urte bete baino lehen, gutxi gorabehera. Eta gustatuko litzaiguke haien etxeetan sartu eta zelan egiten duten ikustea, teknologia hori guztiori eskatuz seme-alabek bonbardatu ez ditzaten. Burbuila batean ote daude haien seme-alabak? Ikastetxeetako liburutegietan txirristak, bizkarraldea duten zabuak … jarri ote dituzte, Googleren bulegoetan daudenen tankerakoak, erakargarriak izan daitezen eta paperezko liburuak irakur ditzaten? Zer egiten ote dute parkean 13 urtetik gorakoek?

Bada, aurrera, sar gaitezen James Williamsen etxean; hamarkada batez Googlen lan egin zuen, 2016ra arte zehazki. Williamsek 3 urteko seme bat du eta El País egunkarian duela gutxi egindako elkarrizketan honako hau zioen: “Proiektore bat erabiltzen dut, telebista egongelako erdigunetik kentzen duelako. Jada ez dago pizteko aukerarik. Proiektorea argia islatuta ikusteko ere bada, eta ez proiektatuta. Gailu mugikorrak erabiltzen utzi diogu, baina audioan ardaztuak. Batzuetan bideo bat, baina inoiz ez algoritmo batek aukeratutako zerbait. Baita berarekin egin ere, eta zerbait berezia izan dadila, ez ohikoa. Kezkatzen nau, benetan, lagunak sare sozialetan kontuak izaten hasiko diren eta berak ere bat gura izango duen egunak. Orduan elkarrizketa egokia izatea espero dut”. Ikusten duzue telebistarik ere ez dutela. Ez dakigu 7 urterekin haien semea lagunen etxera joango ote den telebista ikustera (bururatu zaizue hori, ezta?)

Zergatik da hobe teknologia ez erabiltzea haurtzaroan?

Dena den, txantxak alde batera utzita, horrek gogoeta eragin behar digu eta gure eremu txikitik zer egin dezakegun ikusi. Sare sozialetan profilak irekitzen edo aplikazioak erabiltzen uzten ez badiete, hori da ondo dakitelako profil edo aplikazio horien bidez enpresek zenbat informazio jasotzen duten gero beste batzuei saltzeko. Izan ere, gure ohiturak, maila sozioekonomikoa eta zaletasunak interesatzen zaizkie kirol-arropa, opor-pakete edo eduki-plataforma bat (telebista-serieak, filmak, … eskaintzen dizkizun horietakoa) saldu gura dizutenei.

Informazio hori jasotzen dute “cookie” deiturikoek, hainbat datu gordetzen dituzten kutxa txiki horiek: bisitatu dituzun webguneak, ikusi dituzun edukiak, bankuko txartelarekin ordaindu duzun edo Pay-pal erabili duzun eta abar. Horrela, zapatilak erostera sartu bazara, zure sare sozialetan olanazko oinetakoen iragarkiak agertuko zaizkizu. Eta zenbat eta denbora gehiago igaro nabigatzen, orduan eta informazio gehiago izango dute; horregatik “badakite” zein diren guk atsegin ditugun edukiak eta horiekin betetzen gaituzte, “harrapatuta” edukitzeko. Pentsatu duzue inoiz nork erabakitzen duen zein bideo, telesail edo film aterako den guk aukeratu berri dugunaren ostean (erreprodukzio automatikoa aktibatuta baldin badugu)?  Algoritmo ospetsua da, gehien ikusi ditugun edo ‘atsegin dut’ gehien emandako bideo-motaren eta une horretan birala den edo sustatu gura dutenaren arteko kalkulua egiten du, hain argi ez dauden beste faktore batzuekin batera… Beraz, indarrean jarri den pribatutasunari buruzko lege berriarekin, sar zaitezte “cookieak konfiguratu” atalean eta ez eman zuzenean ‘dena onartu’ aukerari.

Badira manipulatuak izateko joera handia duten beste interes batzuk ere. Brexita bezalako kasuetan ikusi dugu, Trumpek irabazi zituen aurreko hauteskundeetan, eta duela gutxi koronabirusarekin. Zelan manipulatzen gaituzten bideo biralekin beldurra sartzeko; edo arrazakeriara, homofobiara, … bultzatzeko; edo gezurrezko zientzialariek informazio faltsuak emateko… Batzuk sinetsi egiten ditugu, eta beste batzuk ez; batzuetan, horiek egiaztatzeko nekea ere hartzen dugu. Dena den, kontuan izan pertsona helduak garela; baina imajinatzen dituzue zuen seme-alabak? Zer irizpide dute bideoetan irakurtzen edo ikusten dituzten informazio batzuk zalantzan jartzeko? Zelan eragiten diete “influencer”ek? Zer eragin du beste pertsona batzuek sare sozialetan esaten dietenak beren fisikoaz, egiten dutenaz, …?

Lagun egin diezaiegun bide honetan

Horregatik, hasieratik lagundu behar diegu bidaldi honetan, eta hor elkarrizketak hasi behar du ekintzak baino lehenago. Hau da, ezin zaio mugikor bat eman ume bati, eta une horretan bertan azaldu erabilera-jarraibideak, arriskuak eta abar. Askoz lehenago hasi behar dugu. Irizpide bat osatzen lagundu behar diegu, hau da, Interneten ikusten duten guztia ez dela egia. Baina, Silicon Valleyko eliteek bezala, pantaila bako espazioak sustatu behar ditugu.

Zergatik ez jolastu etxean, alfonbra gainean, dorre erraldoi bat eraikitzen edo Lego bat muntatzen? Badakit zera pentsatzen ari zaretela… etxera iristean leher eginda zaudetela, porru eginda zaudetela eta pantaila-tarte batek atseden hartzeko edo beste gauza batzuk egiteko aukera ematen dizuela. Baina, agian, pentsatu behar dugu jolas egiteko ohitura sartzen badiegu, aldi batez bakarka ere jolas egin dezaketela, pantaila baten beharrik barik. Teknologia hauen guztien aurretik jaio zinetenok gogoratuko duzue marrazki bizidunak hiru ordu laurdenez bakarrik izaten zirela telebistan arratsaldeetan, eta gainerako denbora etxeko lanak egiten eta etxean edo kalean jolasten pasatzen genuela. Bost orduko bidaiak ere egiten genituen pantaila barik, paisaia ikusi, kantatu, Ikusi Makusika jolastu edo gure ahizparekin borrokan. Halako zerbait berreskuratu dezakegu.

Eta handiagoak egiten direnean, ezetz ere esan diezaiekegu, baina elkarrizketa bidez. Azaldu zergatik ez diezuen Tik Tok kontu bat irekiko 10 urterekin, eta animatu beren dantzak sortzera eta lagunei erakustera. Berba egin eta azaldu aplikazio horiek zelan funtzionatzen duten, edo zer galtzen duten pantaila baten aurrean orduak ematen dituztenean, …

Zeren eta ume bati tableta uzten badiozu marrazkiekin, eta bost minutura zerbaitetan jolastu gura duen galdetzen badiozu, ezetz erantzungo dizu. Baina haren ondoan eseri, tenperak eta lamina hartu eta margotzen hasten bazara, bost minutura bera izango da zurekin margotzea eskatuko dizuna. Aprobetxa ditzagun une horiek eta ez ditzagun beldurrean oinarrituta hezi. Eman diezazkiegun tresnak hazten direnean teknologia horiekin moldatzen jakin dezaten, jar diezazkiegun mugak, hori da egin dezakegun onena.

Andrea Alfaro. BBK Family

Laster argitaratuko dugu BBK Familyren “Zelan irakatsi zure seme-alabei Interneten erabilera segurua” hitzaldiaren bideoa” ; hizlaria Andrea Alfaro izango da, “Gurasoek teknologia eta sare sozialetan bizirauteko eskuliburua” izenekoaren egilea, dagoeneko euskaraz ere eskura daitekeena.

Iruzkinak itxiak daude.

BBK Family Learning

×