Min hartzea garrantzitsua da, ikasi egiten da eta

Tratu Onaren gaia proposatu zidatenean, nik galdera hau eranstea proposatu nuen: “Ona, norentzat?”. Izan ere, gogoan nuen aurreko hilabeteetan Kolonbiako haurrekin izandako topaketa bat, eta Bogotako haurrekin izandako topaketa hartan, Andreak, 9 urteko neskato batek, esan zidan: “Min hartzea garrantzitsua da, ikasi egiten da eta”; beraz, tratu onaz berba egin zidatenean, Andrearengan pentsatu nuen, eta itaundu nion neure buruari ea zer lotura egon daitekeen tratu onaren eta min hartzearen artean. Esaldi horrek zirrara eragin zidan; beti eragiten didate zirrara umeek esandakoek, helduei entzun bako gauzak direnean, umeen euren gauzak direnean, Andreak ez baitzien inoiz bere gurasoei entzungo: “Mesedez, har ezazu min, horrela ikasten da eta”; hori neskato baten gogoeta pertsonala zen. Eta zergatik eragiten zidan jakin-mina?  Ba, nik dakidanez, eta ez bakarrik ikusten dudalako, baizik eta nik ere horrela jokatu nuelako nire seme-alabekin eta bilobekin, helduontzat tratu onaren ideia zaintzea, laguntzea, gainbegiratzea  da, arriskurik ez dezatela izan, minik ez dezatela hartu, …

Nire ustez, bi ikuspegi horiek aztertu behar ditugu: zer izan daitekeen tratu ona eta zer izan beharko lukeen tratu onak; aztertu behar dugu zer girotan gerta dakiekeen hori eskolan, etxean eta hirian gurekin bizi diren haurrei. Eta baliagarria izan daitekeen metafora batekin hastea gustatzen zait. Hilabete gutxi dituenean umea parkean sartzeko ohitura dugu: zurezko edo plastikozko eta metalezko egitura horretan uzten dugu umetxoa bere jostailu guztiekin, han ondo dagoela pentsatuz, dena inguruan duelako, ez duelako beste ezer behar, ez duelako arriskurik, ez zaiolako ezer gertatuko. Hori da apur bat helduek seme-alabekin duten oinarrizko jarrera, eta denbora luzez jarraitzen da horrekin, umeari ez dakiola ezer jazo edo gertatu, eta hori da arazoa. Haurrei zerbait gertatu behar zaie, mugitu egin behar dute, bilatu egin behar dute, … horiek garapenerako jarrera oso garrantzitsuak baitira.

Gero, hazi egiten dira, eta beren gela izateko ordua iristen da, eta han umeak, beren kasa, seguru egon daitezke, enbarazurik egin barik. Iruditzen zait horiek izaten direla helduen bi kezka garrantzitsuenak luzaroan.

Eskolaz kanpoko ekintzak… onak, norentzat?

Gainera, kirolari dagokionez, familiak seme-alabei eskaintzen dizkien jarduera guztien atzean badago ideia arraro samar bat, baina oso presente dagoena, hau da, ez dela denborarik galdu behar; beraz, umeek arratsalde bat libre badute, hor jar ditzakegu guk biharko baliagarriak izango zaizkien zenbait jarduera. Sorkuntza-jarduera bat, jarduera artistiko bat, … eta haurrek esperientzia horiek zelan bizi dituzten ikusten badugu, oso interesgarria da. Mereziko luke inkesta bat egitea honetaz: ea gure seme-alabek eta bilobek zenbat kirol-jarduera aldatu dituzten haurtzaroan zehar. Eta horrek esan gura du zalantzazko irizpideekin aukeratzen direla, gurasoek aukeratzen dituztela seme-alaben izenean eta ordez, jarduera horrek on egingo dielakoan, merezi duelakoan edo eurei asko gustatzen zitzaielako eta “nik ezin izan nuenez egin, orain nire seme edo alabak izan dezala aukera, bizi dezala esperientzia hori”. Eta neska-mutikoek kirol-jarduera bat aldatzen dutenean, uzten duten kirol hori gorrotatu egingo dute, beren bizitzatik ezabatu egingo dute; eta gauza bera gerta daiteke musika-tresna edo atzerriko hizkuntza batekin, eta, beraz, borondate onez eta eskuzabaltasunez eskaintzen ditugun jarduera horiek oso balio txikia dute.

Eta gero jolasaren gai guztia dago, eta ohikoena jolasa jostailuen bidez eskaintzea izaten da; haurren gela, batez ere lehen urteetan, jostailuz beteta egoten da; eta helduok ordaintzeko baliatzen dugun modu bat da, gure seme-alabekin denbora gutxi egoteagatik errudun sentitzen garelako. Eta horregatik, gertutasun falta hori jostailuak, garestiak izan daitezkeenak, oparituz konpentsatzen dugu. Eta askotan bakarrik jostatzen diren jostailuak dira, jolasteko aprobetxatu baino gehiago miretsi egin behar direnak.

Gure seme-alabei egiten diegun beste eskaintza bat parkera eramatea izaten da, jolasaren esperientzia eskaintzeko, edo hori da uste izaten duguna. Baina zelan pentsa daiteke ume bat parkera, zabuak eta txirristak dauden lekura, eroatea eta han, pertsona helduen begiradapean eta zainduta, aspertu eta etxera itzultzeko eskatu arte jolasak kontsumitzen egotea, … horrek jolasarekin zerikusia duela?

Eskola ez da pandemian ere gelditzen

Eta zer gertatzen da eskolarekin? Zein da eskolaren tratu ona? Han apur bat nahasiagoa izaten da gauza; izan ere, eskolan tratu onaz berba egiten denean, helduek ikasleekiko duten tratu onaz berba egiten da. Baina neska-mutikoek interesa jarri eta gertatzen denari adi-adi egon behar dute. Eta irakasleak kexatu egiten zaizkie gurasoei: “Zuen semeak, edo alabak, ez dit entzuten, ez da adi egoten, ez dit jarraitzen”, eta hori oso egoera arraroan gertatzen da; izan ere, eskolan haurrei eskatzen zaie leku berean ordu asko eserita egotea denetarik eginez, eta interesaturik eta adi-adi egon daitezen gura dugu; arraro samarra da, ume batentzat ez baita normala denbora luzez leku berean egotea, ezta denbora guztian eserita egotea ere. Gainera, arriskutsua da fisikoki, kalte egiten dio gorputzaren egiturari; eta leku horretan bertan eserita denetik egitea are arraroagoa da, zeren eta han eserita matematika, hizkuntza, geografia, historia, marrazketa, kantua, … egiten baita, eta hori, noski, oso proposamen konplikatua da, eta are konplikatuagoa eskola-arazo gehiago dituzten haurrentzat: horiek dira hezitzaileen arreta handiena izan beharko luketenak, eta galtzen ditugunak, ezin baitute jarraitu, ez die denborarik ematen behar duten guztia hain azkar aldatzeko, irakaslez, liburuz, … aldatzeko, baina aldaketa kognitiboak ere behar dituzte, eta hori oso zaila da.

Interesgarria da ohartzea zelan hori guztia agerian geratu den paradoxikoki pandemiarekin, pandemia-garaian bere mailarik puruenera eraman baita eskola, eskola purua; izan ere, salbatu zena, Italian gutxienez, eskolak eta etxeko lanak izan baitziren, ikasmahaiaren ordez pantaila bat jarri zen, orduak ematen zituzten pantailaren aurrean eserita, bakoitza bere etxean, eta eskola birtual honetan eskolari bere bokazioa iruditu zitzaiona bakarrik kontserbatu zen: klaseak eta etxeko lanak; behingoz eskola libre geratu zen molestia guztietatik: atsedenaldia, txantxak, garraioa, lagunarteko harremanak, … hori dena askotan galarazita egoten da; ikasleen artean berba egitea, txantxak egitea, eta atsedenaldia opari bat da.

Baina eskola puru horrek porrot egin zuen guztiz; hilabete hauetan egin ditugun inkestetan, denek esan digute nazkatuta zeudela etxeko lanekin eta asper-asper eginda eskola edo klaseak pantaila bidez jasotzearekin. Eta hau da pixka bat panorama.

Gaur egun transgresioa ezinezko luxua da haurrentzat  

Hiria ere aipatu dut, zein da hiriaren tratu ona umeekiko? Normalean, haurrentzat gordetako gune horiek dira, jolas egin dezaten. Itzuliko naiz gai horretara. Baina hemen nik hausnarketa egitera gonbidatzen dut, duela gutxiko esperientzia batekin lotuta. Hilabete hauetan artikulu bat idazteko eskatu zidaten: “Haurrak, haurtzaroa eta transgresioa” ?izenburu arraroa? eta nik esaldi honekin hasi nuen artikulua: Gaur egun transgresioa ezinezko luxua da haurrentzat.  

Zergatik da transgresioa luxu bat? Ba, aukera irekia delako eta arauekin harreman sakona duelako. Jakina, transgreditzea arau bat ez errespetatzea da, eta kontuan hartu behar da arau bat ez errespetatzea ez dela gauza ona, urraketa bat da, batzuetan arauak urratzeagatik zigorrak merezi izaten dira; min hartzea transgresio edo arau-urratze bat da, gurasoek beti gomendatzen zigutelako minik ez hartzeko. Baina Andreak dio: “Min hartuz ikasten da”, eta esan dezakegu arauak urratuz ikasten dela; benetako gaia hau da, gure seme-alabek arauak onartzea eta errespetatzea gura badugu, arauak hausteko edo ez haustea erabakitzeko aukera izan behar dutela. Baina hori prozesu bat da, eta argi dago beti eskutik helduta eroaten baditugu, araua ez dela beharrezkoa. Arauak gu garelako. Jolas egin dezaten parkera laguntzen badiegu, gu gara “etxera itzultzeko ordua da” esaten diegunak, ez dituzte jolasak antolatu behar interesatzen zaien denbora aprobetxatzeko, eta denbora amaitu baino lehen etxera itzultzeko.

Hor haurren jakinduria oso bat dago, arauak behartzea. Nik gogoan dut umetan 7:00etan etxean egon behar genuela, batzuetan bagenekien 7:30ean iristen baginen biharamunean ez ginela irtengo, eta, beraz, 7:05ean irits gintezkeen, ordu hori zen muga, eta, ahal izanez gero, aste batzuk geroago apur bat gehiago behartzen genuen, eta hori adibide ona da orain azaldu gura dudanerako, Andrearen zatia, ikaskuntzarena, eta hor haurrak dira protagonista.

Eta, horretarako, legeak errespetatzeko eskatzen dut, zehazki, Nazio Batuen haurren eskubideen konbentzioa, mundu osoko gobernuburuek sinatua, 1989ko azaroaren 20an, New Yorken. Munduko herrialde guztiek berretsi zuten, eta 29. artikulua aztertu gura dut, hezkuntzari buruzkoa, ez eskolari buruzkoa, eta oso interesgarria iruditzen zait hezkuntza-erakunde guztiak inplikatzen dituelako:  familia, eskola eta hiria.

Hezkuntzaren helburua ez da seme-alabek gurasoen itxaropenak asebetetzea

Estatuak bat datoz haurraren hezkuntzak bere nortasuna, ahalmenak eta gaitasun mental eta kritikoa garatzera bideratuta egon behar duela, ahalik eta gehien. Hemen gelditu eta gogoeta egin dezakegu hain esplizitua, argia eta sakona den konpromiso horrekin; izan ere, lege honek oso balio juridiko handia du, eta, hala eta guztiz ere, beti sartzen da gatazkan herrialdeetako hezkuntza-erreformekin, hezkuntza-programekin, … Eta konbentzio horrek oso gauza argia esaten du: hezkuntzaren xedea ez da  seme-alabek gurasoek gura dituzten helburuak lortzea, ez da gurasoen itxaropenak errespetatzea, eta eskolaren helburua ez da ikasleek programetan aurreikusitako helburuak lortzea.

Kontrakoa dio, hots, umeen nortasuna eta gaitasunak ahalik eta gehien garatzera bideratuta egon behar duela. Beraz, hezkuntzaren protagonista ikasleak dira, tratu ona ez baita zaintzea, laguntzea eta zuzentzea, hegan egiten uztea baizik. Aukera da manta zahar bat hartzea haurra bertatik atera ahal izateko, arriskatzeko, mugitzeko, txoko bateraino iristeko, ama ez ikusteko eta negar egiteko, baina abentura bat biziz, katuka ibili ahal izatea eta aita edo ama dagoen tokiraino iristea eta enbarazu egitea, eta hori da haur batek garatu behar duena edo dagokion eginkizuna.

Tratu ona autonomia, maitasuna, konfiantza da, hainbeste maite zaitut non irteten uzten dizudan; izan ere, zugan konfiantza dut, badakit gai zarela, arduratsua zarela, eta autonomia-esperientzia horrek lagundu eta ahalbidetzen digu gure seme-alabak ezagutzea.

Nazioarte mailan, Italian, Espainian, Portugalen dago autonomia gutxien haurtzaroan. Italian, duela urte batzuk egin genuen ikerketa batean, etxearen eta eskolaren arteko ibilbidearen gaineko autonomia neurtu zen, eta lehen hezkuntzan, ez zen % 7tik gorakoa; horrek esan gura du lehen, bigarren, hirugarren mailan batere ez, eta bosgarren mailan umeen autonomia ez zen % 15etik gorakoa eta bigarren hezkuntzaren hasieran ez zen % 50etik gorakoa. 12 urteko neska-mutilak, gurasoen laguntzarekin … Beraz, zergatik diot esperientzia handi bat, aukera handi bat galtzen ari garela? Bada, gure seme edo alabari esaten diogunean “zutaz fidatzen naiz, badakit gai zarela, eta itzultzen zarenean kontatuko didazula”, hori delako gure seme-alabak ezagutzea, kontatzen digutenaren bidez, jolasa behar duten legez bizi izan badute.  Esperientzia hori berreskuratu behar dugu.

Gabriel García Marquezek dio jaio egiten garela idazle, margolari edo musikari, eta esan gura du haur bat lehen hezkuntzara iristen denean lanbide horietako baterako jarrerarekin irits daitekeela, baina bere patua hobea izan daitekeela norbaitek aurkitzen laguntzen badio, eta ez horretara behartzeko, baizik eta izateko baldintzak sortzeko. García Marquezek dio norberak gogoko duena eta hori bakarrik egin behar duela beti, hori bizitza luze eta zoriontsurako formula magistrala dela.

Haurrak bereziki gustuko duena egin behar du

Nik ez dakit Gabriel García Marquez bezain erradikala naizen haurrak gustatzen zaiona bakarrik egin behar duela esanez, baina uste dut bereziki gustatzen zaiona egin behar duela, diziplina edo arlo batetik bestera etengabe igaroz zaila baita bere talentua aurkitzea, batez ere pentsatuz eskola-proposamenak gutxi direla eta umeak hazi ahala murriztu egiten direla.

Hor sartzen dira gorputzaren, artearen, sentiberatasunaren, emozioaren … hizkuntzak, baina, haur-hezkuntzatik lehen hezkuntzara igarotzen direnean, hainbat hizkuntzarekiko interesa galdu egiten da: oso interesgarria da, adibidez, marrazkiaren patua, gizakiaren funtsezko hizkuntzetako bat dena, apaingarri izatera pasatzen baita.

Askotan esaten zaie: “Egizu zerbait, ikaskideak bakean uzteko”, baina horrela marrazkiak bere adierazkortasuna galtzen du eta denbora-pasa bihurtzen da, ez molestatzeko egiten dena, eta normalean ateratzen diren marrazkiak fotokopiak izaten dira, umeak beti marrazki bera egiten du, zerbait egiteko eta gelan arazorik ez sortzeko baino ez du balio eta. Haurrek beren zaletasuna eta dohaina aurkitzeko tokia izan behar du eskolak; beraz, tratu onaren eskolak hizkuntza-aukera zabala eskaini behar du, bakoitzak berea aurki dezan.

Horregatik proposatzen dut eskolak uko egitea ikasgelei, kartzelaren antz handiegia du-eta, guztiak leku berdinak, ekologikoki osasungarria denarekin batere zerikusirik bakoak. Eskolak aniztasuna behar du, badakizue ingurumenak aniztasuna galtzen badu, akabatu egiten dela; eta eskola pobrea da, pobrea baino pobreagoa; beraz, eskolak laborategi eta tailer lekua izan behar du, non leku bakoitzak zentzu bat duen: baratze edo ortua lorategian, arotzeria edo bizikleta-tailerra sotoan, liburutegia hizkuntza egiteko, zientzietako laborategia, arte-tailerra, leku desberdinak eskolako esperientzia bidaia bat izan dadin. Eta itzul diezaiegun jolasa haurrei, ahaztu gaitezen planifikatzeaz, utz diezaiegun aukeratzen.

Francesco Tonuccik apirilaren 21ean parte hartu zuen BBK Familyren Haur eta Nerabeentzako Tratu Onaren Jardunaldietan. Artikulu hau eman zuen hitzaldiaren laburpena da.

Hona hemen jardunaldiei buruzko aldizkari bat deskargatzeko, txostenen laburpenekin eta bideoekin. Eta tratu onari buruzko sentsibilizazio-proiektuaren barruan, joan den astean estreinatu genuen “Ganar una infancia” dokumentalaz gain, BBK Family Learning gure plataforman doako online ikastaroak egongo dira eskuragarri: “Tratu ona. Etxe seguru eta babestuak “eta” Tratu ona. Kirola eta familia “. Sakatau irudian ikastaroetan alta emateko.

BBK Family Learning

×