Lo-galtzea, zer egin

Berez zaila izaten da edozein gau-esnatze, eta gainera gaueko lo-galtzeen gehigarri beldurgarriarekin topo egin dezakegu. Gauean hainbat aldiz esnatzen den haur bat izan daiteke, eta gainera astelehenetik igandera goizeko hiruretatik bostetara esna egotea erabakitzen duena. Gaueko lo-galtze horiek konpontzeko, egunekora itzuli behar dugu. Gure seme edo alabaren lo-galtze horiek kudeatzea oso zaila gertatzen da guretzat, eta  beraiek horiekin topo egiteko arrazoi ohikoenetako bat lokartzeko orduan lar nekatuta egotea izaten da. Beraz, lehenik eta behin, berrikusi bere ordutegiak, berrikusi zenbat siesta behar dituen, berrikusi eguna hasteko edo amaitzeko ordua ere, horiek baitira esnatze-aldi amaigabe horiek bukarazten laguntzeko dituzun une erabakigarriak.

Gaueko lo-galtzeak eragin ditzaketen arrazoietako beste bat egunez lar lo egitea da. Ez da hain ohikoa, baina siesta-trantsizioen aurrean gaudenean, hau da, hiru siestatik bira igarotzen direnean, bi siestatik batera, edo, azkenik, geratzen den siesta kentzea erabakitzen dugunean, gaueko lo-galtze horiekin topo egin dezakegu; baina, esan dizuedan bezala, ohikoena haurra kitzikatuegi egotea izango da, lar nekatuta, bai egunez lo egin behar denean, bai gauez, eta horrek jarraitutasun handiagoz atseden hartzea eragotz diezaioke.

Nola heldu gaueko iratzartze luzeei

Orain badakizu zergatik gerta daitezkeen lo-galtze horiek, (eta zailtasun horiek konpontzen zoazen bitartean) gerta dakizuke gauaren erdian ordu eta erdi edo bi orduko esnatze-aldi horiei benetan zelan aurre egin ez dakizula aurkitzea. Garrantzitsuena da kontuan hartzea gaueko ordutegian gaudela; beraz, gaueko orduetan gertatzen den guztiak logelaren barruan gertatu behar du. Ideia txarra izango da irtetea eta loaren errutina errepikatzea, korridorera joatea koadroak ikustera, leihora irtetea edo gauari berriro ekitea zortzi eta erdiak balira bezala, ea haurrari ahazten zaion eta berriro lokartzen saiatzen den. Gauean, lo-galtzeetan, asperdura, baretasuna, argirik ez piztea, haurrak behar duen laguntza txikiena ematea, lagun egitea, lasaitasuna eta munduko gurasorik aspergarrienak izatea.

Hori da gaueko lo-galtzeak ahalik eta gutxien irauteko modua. Bada lo-galtze mota bat, egunaren hasierarekin nahasten duguna, eta ‘esnatze goiztiarra’ deitzen diogu. Zure seme edo alaba goizeko seietan munduko kemen eta energia guztiarekin eguna hasteko esnatzen den momentua da. Oker uste izaten dugu ez duela gehiago lo egin behar, eta beraz egunari ekiten diogu, baina esnatze goiztiar hori gero eta lehenago gertatzen dela ohartzen gara. Lo-aholkularitzako prozesuetan gaudenean, ohikoa da haurrak goizago esnatzen hastea prozesuan, bat-batean ohikoak baino askoz ordu gehiago lo egiten ari dira eta. Beraz, egoera hori atsedenaldiaren hobekuntza-prozesuaren ondorioz gertatu (zuen seme edo alabak bat-batean sei ordu jarraian lo egiten badaramatza, inoiz egin ez duen zerbait, gerta daiteke eguna hasteko gogoz euforia-sentsazio horrekin jaikitzea), edo zuen etxean finkatuta dagoen ohiko egoera izan ─gaueko esnatze-aldien aspalditxoko osagaia─, bi kasuetan tratamendua berbera da. Gaueko ordutegian gaude, zehaztu duzuen egunaren hasierako ordura arte; eta beraz, goizeko ordu biak izango balira bezalaxe jokatu behar da: lasaitasuna, baretasuna, asperdura eta berriz ere lorantz gidatu eta laguntzea.

Sara Traver

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Menu

BBK Family Learning

×