Egun batean, ezkondu edo zure bikotekidearekin bizitzera zoaz, eta norbaitek esaten dizu: “Egun honetako ilusioak betiko iraun diezazuela”, eta ez dakizu hori desio on bat den edo “iragarpen txar” bat den; izan ere, agian, denbora baten buruan, ilusioa galtzen joango da, eta horren ordez “egotera” mugatuko zarete eztabaida eta gaitzespen gehiagorekin, elkarrekiko bikote-plan gutxiagorekin, doi-doiko maitasun- eta sexu-adierazpenekin, aintzatespen gutxirekin, esker-emate bakanekin, … Eta ez bada egoera hori gainditzea lortzen, dibortziora eraman dezakeen “zeharkaldia” hasten da. Zeharkaldi hori, batzuetan, “ur zurrunbilotsuetan” egiten da, eta, beste batzuetan, “ur mantsoagoetan”. Batzuetan, prozesua azkarragoa da, beste batzuetan motelagoa, eta, beste batzuetan, badirudi ez dela inoiz amaitzen.
“Dibortzio” berban pentsatzen badugu, hainbat kontzeptu etor dakizkiguke burura, hala nola, arazoa, dolua, agurra, gatazka, porrota, zailtasuna, … Eta amorrua, tristura, errua, beldurra, … bezalako emozioak ere irits dakizkiguke bihotzera. Beste ikuspegi batetik begiratuta, beste ideia batzuk ere etor daitezke, hala nola, arintzea, askatzea, aukera, erronka, onarpena, aldaketa, … Eta jakin-mina, lasaitasuna, segurtasuna, … bezalako emozioak.
Dibortzioa bizitzea beti da zaila, dolua eskatzen duelako. Dolu horretan, pertsona “berezi” batekiko harreman-“formatu” bati agur esan behar zaio, harekin konfiantza-, afektu-, intimitate-, sexualitate-, bizitza-, … lotura bat sortu genuelako. Arrazoiak edozein direla ere, beti dago sakoneko min bat hausturagatik eta agurragatik (bikotekide ohiarekin, norberarekin, bizitzarekin, inguruabarrekin, bizitza osorako ilusioa opa izan zigun eta “balbea” daukan pertsona horrekin, …). Hor trabatuta ez geratzeko dolua lantzea eta erronka lez begiratzea funtsezkoa da, eta zein zaila den!
Banatzen den bikote batek seme-alabak dituenean, are beharrezkoagoa da, ahal bada, zeharkaldi hori zelanbaiteko “lasaitasunez” egin ahal izatea. Hainbat arrazoirengatik:
- -Umeak oso sentikorrak dira beren bizitzaren inguruko aldaketa guztiekiko. Gainera, atxikimendu-figurekin eta familiaren funtzionamenduarekin zerikusia badute, are gehiago.
- -Haurrak familia-giroan dauden portaera eta emozio desatseginak beren gorputzaren bidez xurgatzen dituzten “belakiak” dira, haietaz kutsatuz. Gainera, hain babes barik ez sentitzeko eta, beren egozentrismotik, gertatzen denaren “errudun” senti daitezke.
- -Bikoteak, bananduta egon arren, guraso izaten jarraitu beharko du, seme-alabak hezteko. Zenbat eta hobeto egin dibortzio-prozesua, orduan eta errazagoa izango da gero hori lortzea.
Umeak, oro har, aldaketetara egokitu egiten dira. Dibortzioaren kasuan, dibortzioa gutxi gorabehera ondo gauzatzen bada, hori ere egingo dute. Edozein modutara ere, beren beharrizanak, kezkak, galderak eta emozio desatseginak izango dituzte, eta horiek ahalik eta ondoen kudeatzeko giroa sortzen saiatu beharko da.
Egia da batzuetan dibortzioetan gatazka-maila altu samarra izaten dela: eztabaida sarriak, bizi-biziak, mehatxuak, erru-egozketak, tartean umeak nahasten dituztenak, … Egoera horiek, Ana Martínez Pampliega Deustuko Unibertsitateko psikologoak planteatzen duen legez, guraso gisa dagokigun zereginean eragina izan dezakete, gaitasuna galdu baitezakegu seme-alaben beharrizanak hautemateko, eta gutxitu egin daitezke afektu-adierazpenak, komunikazio eraginkorreko uneak, ohitura edo arauen gainbegiratzea, umore-senaren erabilera, … Horrek epe laburrean estresa eta emozio desatseginak sortzen ditu haurrengan. Epe ertainean, kudeatzen laguntzen ez bada, antsietatea eta ondoez emozionala. Ondoez hori honako hauen bidez adieraz dezakete: jokabide oldarkor, disruptibo edo erregresiboak, kontzentrazio- eta errendimendu-arazoak eskolan, zailtasunak pertsonen arteko harremanetan, loaren, elikaduraren edo beste zerbaiten nahasmenduak, … Epe luzeagora, abandonuaren beldurra, porrotaren beldurra, depresioa, … gera daitezke hor atzean.
Txanponaren beste aldea ama gazte batek hazkuntza-tailer batean kontatzen ziguna da: “Nire haurtzaroa eta nerabezaroa izan ziren lakoak izan ziren. Gurasoen artean gauzak txarto zebiltzan. Eztabaida, oihu, gaitzespen eta kexa, … asko izaten ziren, tentsio handia zegoen… Beti egoten zinen “ekaitza” noiz lehertuko zain. Egun batean banandu egin ziren eta arnasa hartu ahal izan genuen. Tira, nebari eta bioi pena eman zigun, negar egin genuen eta gauza horiek, … Baina askatu egin ginen, lasaitasuna izan genuen eta geure gauzetan murgildu ginen. Nik badakit gurasoei ere ez niela gauza erraztu, nerabe borrokalaria izan nintzen-eta, … Baina gurasoek, beren erara, lortu zuten aski ondo moldatzea eta hainbat gauzatan ados jartzea. Adibidez, niri ez uzteko gauza batzuk egiten … eta eskerrak hori egin zutela! … Inoiz ez nuen sentitu nire familia “apurtuta” zegoenik dibortziatu egin zirelako, ez, baizik eta beste modu bateko familia ginela. Eta ni oso maitatua sentitu naiz … ”
Lorena Méndez psikologoak dioen legez, “norberaren minari aurre egiteaz eta doluaren hainbat fasetatik igarotzeaz gain, seme-alaben ongizateaz arduratu beharko dugu, eta garrantzitsuak diren hainbat erabaki hartu beharko ditugu. Zenbat eta gatazkatsuagoa izan banantzea, orduan eta sufrimendu-maila handiagoa, eta horrek eragina izaten du erabaki-hartze egokian. Emozioek inbaditzen gaituztenean, gure arrazoitzeko gaitasuna lausotu edo lainotu egiten da eta gaitzagoa gertatzen da erabaki onak hartzea. Giro horretan, gurasook ahalegin handia egin behar dugu garrantzitsuena den horretan ?hau da, seme-alabengan eta beraien ongizatean? ardaztu edo zentratzeko”.
Eta horren haritik, banantze- eta dibortzio-prozesuetan lagungarriak diren gako batzuk, eta beste batzuk lagungarriak ez direnak, kontuan hartzera eramaten gaituzte adituek:
- –LAGUNGARRIA DA: Begirada gure seme-alabengan eta haien beharrizanetan jartzea, haien ongizatea lehenesten saiatuz beste alderdi batzuen aurretik. EZ DA LAGUNGARRIA: Seme-alabak manipulatu edo erabiltzea, kontzienteki edo inkontzienteki, nire bikotekide ohiaz mendeku hartzeko edo gehiago dakidala, hobea naizela edo arrazoia dudala erakusteko.
- –LAGUNGARRIA DA: Jabetzea beti izango garela gurasoak, nahiz eta bikote gisa ez jarraitu, eta elkarrekin komunikatu eta gutxieneko akordioak lortu beharko ditugula gure seme-alaben onerako. EZ DA LAGUNGARRIA nire bikotekide ohia gutxietsi edo hari balioa kentzea, epaitzea edo kritikatzea seme-alaben aurrean (norbait garrantzitsua da beraientzat, eta ezin ditugu bandoen arteko borrokan sartu). Horretarako, beharrezkoa izango da barkatzea eta gorrotoa atzean uztea (eta hori ez da beti erraza).
- –LAGUNGARRIA DA: Ohitura, espazio, jarduera (etxebizitza, ikastetxe, berdinen talde, aisialdirako leku, …) eta abarri dagokionez, zelanbaiteko jarraitutasuna mantentzea, oinarrizko bi alderdi barne: afektua adieraztea eta arau batzuk mantentzea nork bere burua zaintzeko eta elkar zaintzeko (alde guztiek partekatuak badira, hobeto). EZ DA LAGUNGARRIA: Seme-alabak geure aldera “erakartzen” edo “erruak garbitzen” saiatzea arauak jartzeari utziz, opariak edo bestelakoak eginez. Afektua modu naturalean adierazteko, haien kezkak entzuteko eta emozioak kudeatzen laguntzeko prest egotea da gakoa.
- –LAGUNGARRIA DA: Gure emozioei kontzientzia jarri eta pertsonalki lantzea. Horrek ez du baztertzen une jakin batean gure seme-alaben aurrean dugun tristura modu egokian esplizitu egitea. EZ DA LAGUNGARRIA: kontrola galtzea, gainezka egitea edo gure emozioak haienekin nahastea. Ezta eurentzat rol arrotzak sortzea ere (kontsolatzaile, defentsa-abokatu, espioi, mezulari edo gurasoen arteko bitartekari izaten amaitzen duten seme-alaben kasua da).
- –LAGUNGARRIA DA: Gure seme-alabek beren emozioei (beldurrari, tristurari, erruari, haserreari, …), etorkizunarekiko dituzten kezkei, harremanaren itzulerari buruz dituzten fantasiei … berbak jar diezazkieten erraztea eta horretan ulertzea. Eta adi egon ea zelan adierazten dituzten beren ondoezak eta laguntza eman etxetik edo kanpoko laguntzarekin. EZ DA LAGUNGARRIA: Ezer gertatzen ez balitz bezala jokatzea eta dena konponduko den itxurak egitea umeak “oso erresilienteak” direlako (erresilientzia dute, bai, baina indartu egin behar da).
- –LAGUNGARRIA DA: Gure inguruko pertsonei laguntza eskatzea logistika berrirako eta sostengu emozionala izateko. Baita ikusi dugun guztia bultzatzeko aholkularitza eskatu ahal izatea ere. Badira psikologia- eta hezkuntza-zerbitzuak, terapeutikoak, familia-bitartekaritza egitekoak, … EZ DA LAGUNGARRIA: Bakardadean geratzea, desohore bat dela sentitzea, bizitzen ari garena ez lantzea, umeek beren ezinegona zelan adierazten duten ez erreparatzea eta ez kontuan hartzea, …
Aurreko guztia kontuan har dezakegu, eta, gainera, prest egon gaitezke ondo egin gura izateko, halako lasaitasun bat izateko, zelanbaiteko ulermena izateko, … Baina sartuta gaudeneko nahaspila edo anabasak, eguneroko martxaren estresaren konplikazioak, horrelako prozesuetan dugun esperientziarik ezak, gauzak zehazki zelan egin ez jakiteak … aholkularitza behar izatea ekar dezakete. Eta aholkularitza eskatzea da guraso gisa izan behar dugun lehen gaitasunetako bat, eta adimen- eta maitasun-adierazgarri da hori.
Zentzu horretan, Egokitzen (gu egokituz) programa prebentiboa da, guraso bananduei ezaupide eta trebetasun egokiak garatzen laguntzeko helburua duena, seme-alabek dibortzioaren eta prozesu horrek dakarrenaren ondorioz izan dezaketen estresa minimizatzeko. Psikologia- eta hezkuntza-taldea da, trebetasunak eta gai zehatzak ikasteko, eta esku-hartze laburra da, hausnartzeko aukera emateaz gain, jarduteko jarraibide zehatzak eskaintzen dituena, familia-funtzionamendu berri egokiago baterako trantsizioa errazteko. Hala ere, Egokitzen ez da talde terapeutiko bat, non pertsonaren zailtasun emozional espezifikoak, zaintza-arazo zehatzak edo ezkontide ohiarekiko gatazkak lantzen diren.
Programa honek bi talde bereizirekin lan egiten du: bata, banantze-prozesuan dauden edo jada bananduta dauden gurasoena, duela sei hilabetetik elkarrekin bizi ez direnena; eta, bestea, 8 eta 12 urte bitarteko neska-mutilena, programan parte hartzen duten gurasoen seme-alabena.
Amaitzeko, Anna Mascaroren hitz batzuk ekarriko ditugu gogora: “Gure seme-alabek ez dituzte gogoan hartuko banantzea kontatzeko guk erabilitako hitz edo berbak, baizik eta ‘nondik’ berba egiten diegun. Banantzea adiskidetsua izan dadin saiatu behar dugu, aitortu edo onartu ahal izateko ondo atera zena eta partekatzen duguna, zerbait handiagoa dena eta betiko elkartuko gaituena: seme-alabak, alegia.” Benetako erronka.