Jada borrokaren bat galdu duten familientzat…

Señora mirando por la ventana

Lerro hauek gaur, martxoaren 19an, Aitaren Egunean idazten ditut. Eta gogoan dut neurea, duela hiru urte zendua. Nire ama ere duela bost hil zen. Eta pandemia egun hauetan gurasoak galtzeko beldurrez bizi direnak edo zoritxarrez galdu dituztenak ditut buruan. Gaur gauean nire semeak amesgaizto bat izan du eta esnatu egin nau. Ezin nuen lorik egin, eta negar egin dut neure gurasoengatik eta orain bereak galtzen ariko direnengatik. Eta hortik hasi naiz paragrafo hauek idazten.

Guraso eta senitartekoengan koronabirusaren sintomak izan litezkeenak daudela-eta, urduri dabiltzan lagun eta adiskideak ditut inguruan. Eta barrutik hainbat “ziztada” sentitzen ditut.  Atsekabezko ziztada, gurasoak galtzeko beldur izan nintzenean eta galdu nituenean pasatu nuen sufrimendua gogoratuz; inbidiazko ziztada, oraindik ere haiekin bizitzeko momentuak dituztelako, nahiz eta beldurrez eta tristuraz izan; arintasunezko ziztada, orain larrimin hori neuk bizi beharrik ez dudalako; eta elkartasunezko ziztada, besteak beste, lerro hauek idaztera naramana. Batez ere, pandemia honen (edo beste arrazoi batzuen) ondorioz norbait galdu duten pertsonengana zuzentzen naiz. Ez dakit lerro hauek nire tristuraren hustuketa baino zerbait gehiagorako balioko duten, baina partekatu egiten ditut, zeren eta, bere garaian, niri ere lagundu baitzidan beste pertsona batzuen dolu-sentimenduei buruz irakurtzeak. 

Gutxi-asko ustekabean gurasoak hil zitzaizkidanean, doluaren fase guztietatik igaro nintzen. Ni espero dena egiten saiatzen den neska izaten naiz beti, eta horretan ere saiatua izan nintzen.  Ukazioa, amorrua, negoziazioa, tristura eta onarpena. Urte batzuen ostean, oraindik ere fase horietako bakoitzaren aldi edo “boladak” sentitzen ditut noizean behin. Abesti bat entzutean (Revolver-en “Qué sera”: nire gurasoak ia umeak zirela joan ziren beren jaioterritik hirira), leku bat bisitatzean (haien herriak, adibidez), otordu bat egitean (patata-tortilla edo kroketak, amari oso gozoak ateratzen zitzaizkionak), familia ugari batean hainbat belaunaldi elkartuta ikustean…

Nire prozesuan zehar, hainbat emoziorekin borrokatu behar izan nintzen. Ustekabea, lehen asteetan ukaziozko shock txiki batean utzi ninduena zorionez, eta horri esker jasan ahal izan nuen egoera. Errua, “superjainkosagoa” ez izateagatik eta haien heriotza ez saihesteagatik.   Amorrua, erantzunik eta konponbiderik ez aurkitzeagatik. Beldurra izu-ikarazko aldiren batekin, haien heriotza neure heriotzaren larriminarekin lotzean. Tristura, barruan geratzen den hutsuneagatik. Eta, era berean, lasaitasun eta mirespenezko une asko ere bizi izan nituen eta bizi ditut, modu bare samarrean haiek gogoratuz.  

Badira hainbat gauza prozesu hartan lagundu zidatenak, eta partekatu egin gura ditut, ea beste norbaiti lagungarri zaizkion. Nolabaiteko barne-larritasuna sortzen dit pentsatzeak bizitzen ari garen berrogeialdiak doluari laguntzen dioten elementu batzuk mugatu ditzakeela-eta. Eta ez dakit oso ondo zer kontatu eta kontatuko dudana lagungarri izan ote daitekeen, nire bizipenak osasun-alertarik gabeko une batean gertatu baitziren. Badakit, halaber, gizakiok gaitasuna badugula testuinguru desberdinei irtenbide berriak bilatzeko. Zorigaitzaren aurrean, a priori pentsatuko genukeen baino askoz ere gaitasun handiagoa dugu formulak sortzeko. 

Nire urratsak gutxi gorabehera honako hauek izan ziren:

AZKEN AGURRA  – ERRITUALA

Gurasoei azkenekoz agur esatea trago gogorra izan zen. Ospitaleko ohean, askotan estutu behar izan nituen haien eskuak, haien larruazala nire masailekin ukitu, haien ilea nire atzamarrez orraztu … Biek, sinestunak beren erara, beti gura izan zuten beren hileta hilkutxarekin eta lurrean egitea. “Bidaia hartan” lagun izan zitzaketen sinbolo batzuk aurkitzea garrantzitsu bihurtu zen niretzat. Nire semeak egindako paperezko lore bat eroan zuen amak. Amak, seme-alabentzat beti prest, atsegin zituen loreak eta natura (nahiz eta oso “etxezalea” izan).  Ni txikia nintzenean ez nuen ondo ulertzen landarekiko zuen interesa. Orain, ahal dudan neurrian, naturara ihes egiten lehenengoa naiz. Aitak karta-sorta bat eroan zuen. Bere garaiko gizona zen, sentimenduak asko adierazteko ohiturarik ez zuen eta, hala ere, amaigabeko maitasuna zuen. Bere unerik “pertsonalena” eguneroko mus partida zen. Nire semea kutsatzen hasi zen bere kartetarako zaletasunaz, eta ni saiatzen naiz hori bizirik mantentzen txikiarekin (nahiz eta ezertxo ez jakin musean jokatzen).

Uste dut agurrak erritualizatzea garrantzitsua dela. Bakoitzak bere erara eta ahal duen neurrian. Gaur egun, berrogeialdiarekin ezinezkoa izango da hurbiltasun fisikotik azken agur asko egitea. Eta zelako mina ekarriko duen horrek!  Agian, beste modu batzuk bilatu beharko dira azken agur hori erritualizatzeko, ez dakit. Distantzia fisiko txikiago edo handiago batetik.  Kandela batzuekin, etxean aldare txiki bat jarrita, poesia batekin, edo ez dakit…

“KOMUNIKAZIOAN” JARRAITZEKO LEHEN IKURRAK

Hil eta hurrengo asteetan, haiekin “harremanetan” edo “komunikazioan” jarraitzeko moduren bat aurkitu behar izan nuen.  

Ama hil zenean, nire obsesioa izan zen zerbait aurkitzea “peluxezko hartz” gisa erabiltzeko, umetxoak lotara joateko behar duen legetxe. Bera gogora ekarri eta oraindik hurbil nuelako ilusioa emango zidan objektu bat. Argazki bat bilatu nuen eta ez ninduen konbentzitu. Bere garaian oparitu zidan zintzilikario bat, baina hark ere ez ninduen konbentzitu. Azkenean, haren jantzi bat izan zen, leuna eta oraindik haren usaina zeramana. Esan nuen neure artean: “Badakit zelan azaldu ikasleei zer den ‘objektu trantsizional’ bat. Eta hala, blusa hura besarkatuta, lo egin nuen gau askotan. Oraindik ere, noizbehinka, estutu egiten dut patxada behar dudanean.

Nire aita ustekabean hil zen. Eta gutun bat idatzi behar izan nion. Ordenagailuan eseri nintzen, orain egiten ari naizen bezala, eta gauzak kontatzen hasi nintzaion. Lantzean behin, gutun horri erantsi ahal  izango nizkiokeen paragrafoetan pentsatzen dut oraindik.

Denbora luzez, ezin izan nuen bien argazkirik izan oso gertu; nire kemen edo ahalmena baino handiagoa zen … Orain haien argazki bat dago egunero ireki eta ixten dudan neure bitxiontziaren estalkian.

Agian oraingo hau ez da une egokia gure senide maitearen arropa besarkatzeko, agian koronabirusak ez digu hori ere lagako … Baina ziur nago betiko utzi gaituzten senide maiteekin “komunikazio sinbolikoan” jarraitzeko beste modu batzuk badaudela. 

BESTEEN LAGUNTZA

Jakina, galeraren lehen uneetan eta askoz geroago ere, tinko mantendu ahal izan nintzen eta mantentzen naiz oraindik, beste pertsona batzuek beren besoak eta sostengu-hitzak eskaini zizkidatelako.

“Atsekabean lagun” esaldia benetan, emozioz esanda entzutea oso garrantzitsua izan zen niretzat.

Nire bikotekidea, oso gizon sentikorra eta emozio batzuk maneiatzen bereziki trebea ez dena, niretzat eutsi edo bermatzeko funtsezkoa izan zen. Batez ere, bere besarkadekin. Nire nebak, unerik larrienetan nire bizi-engranajeak funtzionatzen jarraitzea lortzen duen pieza horrek, bere begirada eta berbekin ere eutsi zidan. Lagun eta adiskide batzuekin kaferen bat hartzeko elkartu eta haien presentzia sentitu ahal izan nuen, eta beste batzuekin telefonoz berba egin ahal izan nuen, nire hiritik urrun bizi dira eta.

Eta nire semea, berak jakin barik, bizi-motorra da poz eta tristurazko uneetan. Gogoan dut “No es fácil, pequeña ardilla” (euskaraz: Ez da erraza, katagorri!) ipuina irakurri niola, aitona-amonengatiko doluaren emozioei buruz berba egiteko. Zein garrantzitsua den umeekin doluak landu ahal izatea: haientzat eta guretzat. Hori egiten laguntzen duten gida eta material batzuk badaude. Batzuk inprimatuta daude, baina badira online bertsioak ere (ikusi bibliografia amaieran).

Zelan lagundu zidan jendeak? Elkarrizketekin, mezuekin, hilerrira bisitak eginez, liburu eta ipuinen erreferentziak partekatuz, jatera, lo egitera, kalera irtetera animatuz, bakarrik egon gura nuenean hori errespetatuz, irribarreekin, …

Besarkada errealak, ahal denean, besarkada birtualak, telefono-deiak, bideo-konferentziak …  hori da orain daukaguna …  eta ziur asko beste hainbat aukera, ni orain esateko gai izan ez arren.

GAUZA BERA GERTATU ZAIEN BESTE BATZUEKIN KONEKTATZEA

Garrantzitsua da dolua pasatu duten beste pertsona batzuen esperientziarekin konektatzea ere. Eta hori lagunekin edo ezagutzen ere ez dugun jendearekin, istorio, narrazio, film, abesti, artelan eta abarren bidez testigantza utzi dutenekin.

Doluari buruzko ipuinak semeari irakurtzen nizkion bitartean, neure buruari ere irakurtzen nizkion, osatzeko. Dolu-kontakizunak zituen liburu bat irakurtzen hasi nintzen (Sanar una pérdida). Ez nuen osorik irakurri, baina noizean behin, orrialderen bat begiratzen nuen, kontakizunen bat. Urtxintxaren ipuina eta liburu hau jada ez daude nire liburutegian, lagun baten liburutegira pasa ziren, duela urte batzuk ustekabean galdu baitzuen bikotekidea. Samina partekatu egin daiteke, eta min hori jasaten laguntzeko gogoa ere bai.  

Ez dakit une honetan liburuak eros daitezkeen edo batak besteari pasatzea posible den, edo horrek kutsatze-arriskua areagotzen duen. Alde horretatik, osatzen laguntzeko kontakizunak, ipuin-kontalariak, abestiak, musika … topatzen laguntzen digute teknologia berriek Internet bidez.

NATURAREKIKO KONTAKTUA

Eguzkiak ere osatzen lagundu zidan. Eta naturak ere bai, lasaitasunera eramateko emozioek duten birkonektatu eta integratzeko ahalmen horrekin.  Zein zaila den berrogeialdian irten eta landara joan, itsasoa ikusi eta abar ezin egin izatea! Zein gaitza etxean itxialdian dolua egin behar izatea …

Irudimena lagungarria izan daiteke, leihora edo balkoira irtetea, naturako soinuak dituen musika entzutea, edo jarduera fisikoaren, meditazioaren, yogaren eta abarren bidez norberarekin kontaktuan egotea. Psikomotrizista naizen aldetik, arnasketa, erlaxazio, meditazio eta abarren bidez neure gorputzarekin kontaktuan jartzearen garrantzia askoz ere nabarmenago agertu zitzaidan gurasoak galdu ostean. Lehen asteetan ez nuen lortu, sarri kasketaldiak izaten nituelako saiatzen nintzenean … agian pixka bat geroxeago lortu nuen, baina lagundu egin zidan eta laguntzen jarraitzen du.

TERAPIA PSIKOLOGIKOA

Aitaren heriotza ustekabekoa izan zen, eta horrek lekuz kanpo utzi ninduen.  Baita, ama aurrez hilda zegoenez, ez zitzaidalako guraso bat ere geratzen.  Hil eta aste batzuetara, terapia labur bat hastea erabaki nuen. Kasu honetan, ez zen prozesu luzea izan, ez hondoratzen eta emozionalki beste modu batera kokatzen lagundu zidan.

Une hauetan aurrez aurreko terapia izatea ezinezkoa da. Hala ere, badira online laguntza eskaintzen ari diren profesionalak.  Aukera bat da.

AUTOELKARRIZKETA (NEUREKIN, GURASOEKIN, SEMEAREKIN)

Pixkanaka, kontzientzia hartuz joan naiz hilabete eta urte hauetan guztietan gurasoek nire bizitzan oso presente jarraitzen dutela. Urte batzuen ostean, orain kontziente naiz horretaz.  Zelan jarraitzen dute presente? Neure buruarekin izaten ditudan solasaldietan. Izan ere, neure buruari esaten dizkiodan gauza batzuek nirekin bakarrik dute zerikusia, nire ideiekin eta esperientziekin; eta beste batzuk gurasoek transmititu zizkidaten balio, mezu positibo eta afektu haietatik datoz. Hau da, balio positibo haiek, gurasoek transmititu zizkidaten gaitasunetan ditudan sineskizunak, gaurkotu egiten dira egunero nigan.

Eta horretatik guztitik, ama gisa ere gogoeta asko ateratzen ditut argitzeko zelan egin gura ditudan gauzak semearekin. Zer egin dezaket modu positiboan berarekin komunikatzeko, berari mezu positiboak emateko pertsona gai, solidario, maitekor, behargin, … gisa bere buruarekin berba egin dezan,  balio horiek, kasu honetan, belaunaldiz belaunaldi transmitituko direlarik  (mezu “toxikoak” mugatzeari dagokionez ere, horretan dihardut).

Besteei nire lanaren bidez, eta neure familiari etxean, laguntzeko moduan arreta jartzeak ere dolua modu positiboan egiten lagundu zidan.

ONDORIOA

Berriro diot, hau idazten dudan bitartean, pentsatzen dut zein zail edo gaitza izan behar duen dolua egitea berrogeialdiko garaiotan, koronabirus pandemia dela eta.  Zein biziak izango diren doluaren fase ezberdinak! Eta ez dakit asko zelan egin betiko badoazen horiei agur esateko hurbil izan barik, eta gure sostengu izan daitezkeen beste pertsona batzuk ere gertu eduki barik. Badakit, halaber, gizakia prest dagoela formulak topatzeko zelanbaiteko distantziatik ere …  telefono-deien, laguntza-gune birtualen eta, ahal denean, hurbiltasun handiagoko uneen bidez.

Eskoziako poema tradizional bat uzten dizuet, nahiz eta bertan aldaketa txiki bat egiteko baimena eman diodan neure buruari.

Negar egin dezakezu joan delako, eta irribarre egin dezakezu bizi izan delako.

Begiak itxi eta otoitz egin dezakezu itzul dadin, eta ireki eta utzi duen guztia ikus dezakezu.

Zure bihotza hutsik egon daiteke ezin duzulako ikusi eta partekatu zenuen maitasunez beteta egon daiteke.

Negar egin dezakezu, zure gogoa itxi, hutsunea sentitu eta bizkar eman, eta berari gustatuko litzaiokeena egin dezakezu:  

irribarre egin, begiak ireki, maitatu eta jarraitu.itu.<0}

(Eskoziako poema tradizionala)

ETA BENETAN, ZUEK EZAGUTU BARIK AGIAN, SENTIMENDUAN LAGUN NAUZUE.

LAGUNDU ZIDAN BIBLIOGRAFIA APUR BAT

IPUINAK

Hauetako batzuen bertsio bizidunak edo ipuin-kontalarienak daude youtuben. Topatuko dituzue.

  • “Ez da erraza, katagorri”, Elisa Ramón eta Rosa Osuna. Kalandraka argit.
  • “Dónde está el abuelo”, Mar Cortina eta Amparo Peguero.
  • “Vacío”, Anna Llenas. Bárbara Fiore argit.
  • “Un pellizco en la barriga”, Alma Serra eta Marta López Palomo. Babidibú argit.
  • “El lenguaje de los árboles”, Pepa Horno Goicoechea. Fineo argit.

LIBURUAK

“Sanar una pérdida”. Martha Whitemore Hickman. Alfaomega argit.

GIDAK

Haurtzaroko eta Nerabezaroko doluari buruzko gida. https://www.cmb.eus/campana-cmb-camino-duelo-2017 Bizkaiko Medikuen Elkargoa

Begoña Ruiz.

Begoña Ruiz Ibáñez. Psikologoa, gizarte-hezitzailea eta psikomotrizista.

Artikulua interesatu zaizu? Seme-alaben hazkuntzari buruzko zalantzak edo kezkak badituzu, BBK Family taldeak zu aholkatzeaz poz-pozik egongo da. On line aholkularitza eskaintzen dizugu. Zerbitzua pribatua eta pertsonalizatua da. Kontsultak ezta erantzunak ere ez dira argitaratuko. Eta helarazi irakurri gura dituzun gaiak.

BBK Family Learning

×