influencer

Izan influencer zure seme-alabentzat

Zalantza barik, lehenengo lagunak, heldu bako “koadrila edo berdinkideen taldeetan” egindako lehen topaketak funtsezko ikaskuntzak dira gure seme-alaben garapen pertsonalerako. 6 urtetik aurrera, adiskidetasun-harremanak sendotu egiten dira, lotura afektibo eta emozional estuagoak sortzen dira eta lehen erreferentzia-talde egonkorrak eratzen dira.

Denborak aurrera egin ahala, lagunek gero eta protagonismo handiagoa hartzen dute gure seme-alaben garapen pertsonal eta sozialean. Gero eta denbora gehiago igarotzen dute beren adinekoekin, adiskidetasun-harremanak areagotu egiten dira eta leku gehiagotan egiten dute bat. Beren “planak” egiteko denbora eskatzen hasten dira eta beren esperientziak bizitzen dituzte, non helduen gainbegiratzea gero eta txikiagoa den. Talde bateko kide izateak garrantzi handiagoa hartzen du haien bizitzan, segurtasun- eta kidetasun-sentsazioa ematen die eta.

Haurtzaroa atzean utzi ostean, harremanak eta lotura afektiboak ezartzen dituzte, batez ere gelako, auzoko eta ingurune hurbileko lagunekin. Talde horiek zaletasun edo harreman-hurbiltasuneko hainbat irizpideren arabera ezartzen dira. Hartup-en arabera (1983) “taldekideek jarrerak partekatzen dituzte, baita balioen eta jokatzeko moduen sistema bat ere, taldekide izatearen sentimendu sendoa dute, taldekideen jokabide eta jarrera asko definitzen dituzten arau esplizitu edo inplizituak dituzte, eta, azkenik, taldearen barruan hierarkia bat garatzen da, elkarlana eta helburu kolektiboak lortzen laguntzen duena”.

Berdinen arteko lehen harremanak ikaskuntza ugariz eta aldaketa fisiko, mental eta emozional handiz betetako une batean gertatzen dira. Inori ez zaio oharkabean pasatzen garai nahasia dela, eta norberaren aldaketak onartzeaz gain, familiaren eta, batez ere, berdinen onarpena ere bilatzen dela. Adin horretan, antzeko egoerak bizi dituztenen onespena eta konplizitatea bilatzen dituzte nerabeek, eta beraiekin zalantzak argitu, beldurrak partekatu eta abar egiten dituzte. Taldeko kide izateko beharrizana areagotuz joaten da, baita, beraz, berdinekiko loturak duen garrantzia ere. Horrek, batzuetan, taldearen zelanbaiteko presioa eragin dezake nerabeengan, eta taldearen interesen aurrean jarrera konformistak agertzen dituzte, amore emanez edo beste pertsona batzuen eraginpean geratuz.

Batzuetan, taldeak lortzen duen boterea beste pertsona batzuei beldurra sartzeko edo bullying edo ziberbullying egoerak sustatzeko erabil daiteke. Save the Children erakundearen azken txostenen arabera, berdinen arteko tratu txar kasu gehien, batez beste, 11 urtekoen artean ematen dira. Baina bada bereziki deigarria den datu bat, ikerketen arabera, 7 urteko neska-mutikoen artean ere jazarpen-kasuak detektatzen ari dira.

Bullying-aren definizio bakar bat ez dago, baina, oro har, honela defini daiteke: pertsona batek, beste baten edo talde baten aldetik, gurata eta behin eta berriz jasaten dituen tratu txar fisiko edo psikologikoa. Berdinen arteko tratu txarrak gauzatzeko adierazpideak eta kanalak aldatu egin dira azken urteotan: teknologia berriek azkartu egiten dute indarkeria-mezuen hedapena eta gehitu egiten dute erasotzaileen kopurua. Fenomeno horri ziberbullying deitzen zaio.

Haur Hezitzaileen Munduko Elkartearen (AMEI-WAECE) azterketa baten arabera, “nahiz eta bullyinga ez agertu Haur Hezkuntzan (edo, behintzat, ez da ohikoa), une horretan hasten da sortzen, eta, zehazkiago, azken ikasturtean, ikasleek bost eta sei urte dituzten bitartean”. Etapa horietan bada garapen mental eta fisiko bat, eta horrek argi eta garbi determinatzen du lehen hezkuntzako etapan daudenean protagonista izango diren portaera eta jokabideen garapena. Beraz, lehen etapetan sozializazio-arazoen aurrean prebentzioa eta esku-hartzea lantzea ezinbestekoa da haurren arteko harremanetan esperientzia positiboak ahalbidetzeko.

Berdinen arteko tratu txarren kasuetan, garrantzi handiko alderdi bat da horrelako egoerak sortzen, osatzen eta sostengatzen dituzten rol-ena. Normalean, kasu horiek detektatzen direnean, diagnostikoan bi protagonista bakarrik hartzen dira kontuan: erasotzailea eta biktima. Baina badira egoera mantentzeko funtsezkoak diren beste rol batzuk, eta konponbidean ere giltzarri izan daitezkeenak.

Biktima inguratzen duten rolen artean honako hauek daude: erasotzaileak (bullyinga hasten dute, parte aktiboa dira), jarraitzaileak (ez dute hasten, baina parte aktiboa dira), ikusle aktiboak (ez dira parte aktiboa, baina babesa erakusten dute) eta ikusle pasiboak (ez dute jarrerarik hartzen, ez diote egoerari jaramonik egiten). Azken horiek dira, oro har, gehienak, eta funtsezko parte izan daitezke arazoaren konponbidean, beren inplikazioari eta salaketari esker bullying-egoera amaitu dezakete eta.

Horren haritik, oso garrantzitsua da behatzea eta familia, eskola eta hezkuntza-aisialdiko guneen arteko komunikazio-kanalak sortzea, gai horri aurre egiteko.

Prebentzioak eta esku-hartze goiztiarrak funtsezko zeregina izango dute etorkizunean berdinen arteko tratu txarrik gerta ez dadin:

  • Tratu txarren biktima den ume bat duten familien kasuan, inportantea da bere ongizatea oso garrantzitsua dela jakinaraztea, errudun ez dadila sentitu eta ahalik eta lasterren haren hezitzaileekin harremanetan jartzea, egoeraren berri emateko eta egin daitezkeen jarduerak aztertzeko.
  • Jazarlea den edo horren susmopean dagoen ume bat duten familien kasuan, garrantzitsua da konfiantza- eta komunikazio-kanal bat ezartzea seme edo alabarekin, egoeraren larritasuna ezagutzeko eta, ondorioz, neurri egokiak hartzeko.
  • -Berdinen arteko tratu txarren kasu baten ikuslea den neska-mutiko baten familien kasuan, adierazi behar zaie horrelako egoeretan ez dela taldearen presiopean egon behar, eta espiritu kritikoa erakutsi behar dutela, beren desadostasuna adieraziz edo berdinen aurrean bidegabeko jarduera jakin batzuk geldiaraziz. Ulertu behar dute biktimarengana hurbiltzeak, indarkeriazko jarrerak gaitzesteak eta gertatzen ari dena kontatzeak egoera geldiaraztea erraztuko duela

Familia, beraz, ezinbesteko gunea da seme-alabengan behar diren gaitasun sozialak eta emozionalak sustatzeko, tratu txarrei aurrea hartzeko eta neska-mutikoen harreman-garapen optimoa bermatzeko. Beharrezkoa da tratu onean eta harreman begirunezko eta osasungarrietan arreta jartzea eta heztea, adin horietan beren balioak, aurreiritziak eta rolak ikasten eta sendotzen ari baitira; ikaskuntza hori guztia oinarri ona izango da helduaroko nortasuna sendotzeko.

Adin horretan, familiak, eskolak eta hezkuntza- eta kirol-aisialdiko guneek zeregin garrantzitsua dugu. Gainera, gaur egun beste gune birtual batzuetan “influencer” eta “youtuber” direlakoek gero eta presentzia eta eragin handiagoa dute gure seme-alaben bizitzan. Horren haritik, garrantzitsua da erreferente berri horiek ezagutzea, zelako mezuak transmititzen dituzten eta gure balioekin koherenteak diren edo ez ikustea. Azken batean, garrantzitsua da gaitasun komunikatibo eta emozionaletan heztea eta seme-alabei lehenengo eta geroagoko harreman positiboak sustatuko dituzten tresnak ematea.

Igor Bilbao, Maider Martiarena, Irantzu Aurrekoetxea. EDE Fundazioa

Gai horrekin harremana duen BBK Familyn argitaratutako artikuluak

BBK Family mediatekan dauden materialak laguntzeko:

Iruzkinak itxiak daude.

BBK Family Learning

×