Ume txikerrak dituzten familientzako gomendio batzuk idazteko eskatu didate, tonu arinean, une astun hauetan laguntzeko. Eskatutakoari ekingo diot, nahiz eta anbibalentzia bat bizi dudan: une batzuetan sentitzen dut egoera “arintzen” lagundu dezakedala, eta beste batzuetan albiste bat entzun eta ezintasunez negarrari ematen diot.
Askoren artean dagoen gaia da etxean lana eta neska-mutikoak bateragarri egitea. Une honetan gure alabak ez dira neskatoak, baina nire azken hogei urteak ere gogoan ditut lana eta familia bateragarri egin guran. Espero dut lagunduko didala amatasunaren kontu hau ere arintzen, auto-eskakizunez bete-betea egoten baita askotan.
Ez dira gomendioak, ez zait gustatzen inori ezer gomendatzea; neure buruari esan behar izan nizkion gauzak dira, eta oraindik ere askotan esan behar izaten dizkiodanak.
Batzuk egin nituen eta berriro errepikatuko nituzke; beste batzuk gurago nuke aspaldi hausnartu izan banitu eta ez ziren inoiz garaiz iritsi; hirugarrenak, “Ezta txantxetan ere ez dut hau berriz egingo” motakoak, horiek dira gehien gustatzen zaizkidanak eta nire inperfekzio maitearekin adiskidetzen nautenak.
1.-Nire alabak zaintzen saiatu nintzen lan edo beharrean nenbilen bitartean
Hori ezinezkoa da, azkenerako, isilpean noski, “zure alaba maitea itotzea” desiratu barik, edo ordenagailua, ontzi-garbigailua edo esku artean duzun gailua amorru handiz iraindu barik. Beti hobe bigarrena lehenengoa baino.
Esaten diot neure buruari: hartu denbora bat lanerako eta beste bat alabei arreta jartzeko. Etxean heldu bat baino gehiago bagaude, hori nahiko erraza da. Zer denbora dudan jakiteak, gutxi bada ere, segurtasuna ematen du eta izugarri arintzen du zama.
Baina hori ez da beti posible, badakit, bene-benetan dakit.
Ez da batere erraza pertsona heldu bakar batek umeekin denbora asko pasatzea.
Era berean, ez da gauza bera egun osoa haur jaioberri batekin edo adin desberdinetako umeekin ematea. Elkarbizitza hori zeuk bakarrik jasatea saihestu badezakezu, bilatu laguntza, zalantza barik. Saihestu ezin bada, berriz, zerbait egin beharko da. Kasu batzuetan, heldu bakarra dagoenean, aukera bakarra suizidioa dela irudi lezake. Ba, ez! Bada beste aukera bat, muturreko uneetan kolpe bat hartu duzun itxurak egin eta negarrez hastea… Tira, uste dut beti daudela beste aukera batzuk.
Egunean zehar hainbat lan egiten ditugu, eta ez dira denak berdinak. Batzuek arreta handia jartzea eskatuko dute eta beste batzuek gutxiago. Bere garaian, kontzentrazio handienekoak gauean kokatu nituen nik, umeek lo hartu ostean. Zenbat aldiz ez ote zaigu gertatu azkenean lokartu direnean gure umetxoen, eta ez hain umetxoen, ohetik isil-gordeka irten, maindireak mugitu barik irristatuz ?atea erdi zabalik utzita genuen, badakigulako erroak kirrinka egiten duela eta ez dugulako ukitu ere egin gura ihes egiteko unea iristen denean?, eta korridorean izerdia lehortu eta lortu duzula uste duzunean:
?Amaaaaaaa!
?(Amakakazarra!) Banoa, laztana!
Agian horren ondorioz, oso berandu arte geratu beharko dut beharrean, eta goizean jaikitzeko ordutegiak berrikusi beharko ditut, eta siestak berriz agertu beharko du, dekretuz!
Bizitzen ari garen asteotan, ezinezkoa da errutinekin jarraitzea lehen antolaturik genituen bezala, baina etxean. Askotariko egoerak bezainbeste irtenbide egon litezke. Baina lanean kontzentraziorik handiena jartzea eta ume txikerrak izatea ez da bateragarria aldi berean.
Begi-bistakoa dirudi, baina ziur esaten dizuet ez dela hain begi-bistakoa ere. Badakit jende asko saiatzen dela, ni neu ere saiatu nintzen. Zorionez, uko egin nion, neskatilak ito baino lehen.
Egia da denbora igaro egiten dela, batzuetan gu konturatu ere egin barik, hazi egiten direla eta zu ere moldatu egiten zarela. Horretaz oraintxe jabetzen naiz, atzean irrati bat entzunez ari bainaiz idazten, rap musika gela batean eta Extremoduro bestean.
2.- Gauza berriak probatzea antolaketan, familiako eta etxeko erantzukizunetan
Etxeko lanak partekatzea borroka amaigabea izaten da, batez ere nerabeekin, duela gutxi arte etxean denetarik egin gura zuten pertsona berberekin. Harrituta nago erabaki batekin eta bere emaitzekin. Hozkailuan taula bat jarri dugu etxeko lanen eta egunen zerrendarekin ez dakit noiz arte… (eten-puntuak). Bakoitzak gura duena egin eta idazten du. Konpromisoa da ez egitea ez purrustadarik ez eskakizunik. Ahopean esango dut eurek ez entzuteko, baina lehian dihardute beren zereginak bete guran:
?Ez! Nik egin behar nuen hori!
?Aste oso-osoan neuk hustuko dut ontzi-garbigailua!
Horixe gertatzen da eskakizuna benetan desagertzen denean (ez zeure barruan gorde eta “gainera botatzen” diezunean, denok ezagutzen ditugun une bero horietako batean). Pertsonok gozatu egiten dugu talde-lanean, horren beharra dugu, betiere taldeak edo “taldeburuak” pertsonak irensten ez baditu.
3.- “Ezer ez egiteko” tarte txiki batek aukera ugari ireki ditzake.
Logikoa dirudi pentsatzea umeak egun osoan okupatuta edukitzeak gauzak erraztu egin ditzakeela. Uste dut kontua ez dela hain sinplea. Okupatuta, zertan? Denoi gertatu zaigu noizbait bat-batean bururatzea: “Ondo ote dago ume hori?”, eta lasterka haren gelara joatea, ordubete daramagulako ezer entzun barik.
Lagun batek kontatu zidan bere umea txoritxo bat bezala txioka eta bere buruarekin solasean entzuten zuela, bera beste gela batean zegoen bitartean. Gelara sartu zenean, ikusi zuen bere bihotzeko kutunak 600 € zati txiki-txikietan moztuak zituela txoritxoari jaten emateko. Edozelan ere, 3 urteko haur bat ordubetez oso-oso kontzentratuta egon daitekeela egiaztatu dezakegu.
Umeak milaka gauzarekin liluratu daitezke, baina denbora behar dute horretarako. Egiten dutena interesatzen zaienean, kontzentratuago egoten dira, lasaiago, zoriontsuago, eta, ondorioz, inguruan daudenak ere bai. Ez dakit, etxean itxita, elkarbizitzarako irtenbiderik onena oso okupatuta egotea den. Agian kontua izango da zertan dauden okupatuta.
Ez dut esan gura ez dutenik egin behar kasu bakoitzean eskolak bidaltzen diena eta familia bakoitzak uste duena; soilik uste dut aukera ona dela momentu batzuk izatea “Oraintxe ez dakit zer egin” esaten duten horietakoak. Hau da, norberaren interesak berrager daitezen, egunean zehar egituratu bako tarteak uztea, horrek sortzen duen hutsunea behar adina denboran mantendu ahal izateko, betiere hori ulertzen duen eta “aspertuta nago” etengabeak ernegatuko ez duen norbaiten ondoan baldin badaude. Berrager daitezen neska-mutiko grinatsu horrek zeuzkan interesak eten barik galdetzen zuenean: “Eta zergatik?” Edo behin eta berriro eskatzen zuenean: “Kontadazu berriro”.
Zer gertatuko da hutsuneari beldurra galtzen badiot? Eta pentsatzen dut: “Bizitza bat ez da hondatzen bi, hiru edo lau hilabetean… Urteak eta urteak behar izaten ditugu gure bizitza behin betiko hondatzeko”.
4.- Programetako eduki asko eguneroko egoeretan agertzen dira
Integralak eta deribatuak… nik ez dut lortzen horiek aurkitzea, baina ziur nago gaiari buruz dudan ezagutza urriagatik izango dela. Ziur nago nire lagun Elenak nonahi ikusten dituela, baina ez da beharrezkoa ni nire lagun Elena izatea. Izango dira, ziur nago, ikasketa-programetan bertan, interesatzen zaizkidan edo nire bizitzako uneren batean interesatu zaizkidan gauzak eta denborarik ezagatik baztertu nituenak. Nire aukera da gauza askori bizia emateko eta nire alabekin partekatzeko. Nahiz eta ez izan oraintxe programan tokatzen dena.
Ezagutzen ditut jateko mahats-mahaspasekin jolastuz zenbatzen ikasi zuten haurrak; beren logelan oharrak jarriz idazten ikasi zutenak, besteak beste, “kaxoi pribatua, ez ireki”; beste batek ikasi zuen garezurra ez dela guztiz biribila burua leihoko bi barroteen artean sartuta ordu erdi igaro behar izan zuenean; elektrizitate estatikoaz, poliespanezko bolatxoz betetako puf bat lehertu zuenean, ohetik haren gainera salto eginda; eta haren ama ere gorri-gorri jarri eta lehertu egiten dela pufa bezala, bi ordu pasatzen dituenean eske eta eske kexatzeari utzi barik.
Gure bizitzari eragiten diona esanguratsua zaiguna da, eta ikasteko gogoa pizten diguna. Eta zerbait gertatzen bazaio une honetan gure bizitzari erasanda edo ukituta egotea da. Agian, mahaian luzatzen diren solasaldiak hausnartzeko eta komunikatzeko abaguneak dira, eta baliteke informazioa bilatzera eta hariei tiraka hastera eramatea gu. Hizkuntza besteei kontatzeko, geure buruari kontatzeko, entzuteko eta besteei irakurtzeko tresna bat da. Baliteke hortik hastea bizi-zentzua hartzen hizkuntza eta literatura, zientziak, filosofia, historia…
Helduagoak direnean ari naiz pentsatzen. Txikerragoak direnekin ez da oso desberdina. Beraien interesak ez dira gainerako gizakion interesen aldean oso bestelakoak, munduan duten esperientziaren zenbatekoa baino ez da aldatzen. Helduekin hizpide ditugun gauza berberei buruz berba egin dezakegu neskato eta mutikoekin ere. Bizi diren mundua interesatzen zaie, niri bezala, zuri bezala.
5.- Nire alaben jolas-denbora eta alabekin jolastea ez dira gauza bera. Jolas egin eta lagun egitea
Gauza batzuk partekatu ditzakegu eta benetan dibertitu egiten gara, baina haur bat dendetara, txakurretara, lehoietara edo oro har “zerbait izatera” jolasten denean, baliteke guk jolas hori onartzea beraiek entretenitzeko, baina ni, argi eta garbi esanda, ez naiz orroka eta marruka dibertitzen. Jolas-interesak, helduak garen aldetik, guk ere baditugu, baina, oro har, gure umeen interesen aldean bestelakoak dira.
Gure alaben proposamenetako bat zen “Ni bi urteko txakurra nintzela, Pepa deitzen nintzela, eta…, eta zu nire jabea zinela, baina ez kezkatu, ez zenuen ezer egin behar, ados?”
Lau hankatan zebiltzan han zaunkaka eta, pixka bat parte hartzearren, lapikorako zen azenario-zati bat bota nien airera. Gu bertan egotea behar dute, hori bai. “Zoaz zeure gelara jolastera” esateak, normalean, bost minutu irauten du, salbu zuk ikus ditzazun gura ez dutenean, eta noski, une horietantxe izan gura dituzu zuk bistan, hain zuzen ere.
Beste adibide bat jartzearren, izan zen garai bat bankuetara eta “higiezinen burbuiletara” jolastu beharrekoa. Zelan ez! Familia elkartutakoan bazkaloste guztietako elkarrizketa zen:
?Amaaaa! Bankura etorriko zara? (zeren, jakina, bietako inork ez du bankura doan andrea izan gura).
?Laster joango naiz! (eta atzamarrak gurutzatzen ditut, ea ahazten zaien, zeren eta, aitor dut, bankuetara jolasteak ere ez nau dibertitzen).
Eta bat-batean, argia piztu zait!, tipula mozteko erabiltzen dudan labana ikusi dut…, eta bai, banku batean lapurreta egitea hori bai dibertigarria! Ahoa eta sudurra zapi batekin estali eta …
?Hau lapurreta da! Emadazue diru guztia! (mesedez, noski).
?Aaaaa! Amaaaa! Buaaaaa!
Kito jolasa! Garbi dago, gure interesak ez datoz bat.
Halaz guztiz, beste leku batetik ere egon gaitezke presente: jolasean, interesetan eta ikasten “laguntza ematean”. Horrek ez du esan gura jolasean parte hartzea, baizik eta euren eginkizunetarako behar duten materiala ematea, lotu gura duen sokari mutur batetik eustea berak beste muturra lotzen duen bitartean, bere jakin-mina asetzeko erantzutea edo informazioa bilatzen laguntzea, etab.
Arintasun pixka bat ekarriko nuela espero dut, agian askorentzat hain latzak diren une hauetan behar izango dugu-eta; horien artean benetan zori onekoa eta esker onekoa sentitzen naiz ni.
Vega Martín. Haur Hezkuntzako diplomaduna. Dirayaren sortzaileetako bat