Haurren indarkeriaren aurkako babesa: nola eragingo dien lege berriak familiei

LOPIVI Haurrak Indarkeriaren Aurka Babesteko Lege Organikoa da, 2021ean onartua. Zertan eragiten digu familioi? 

LOPIVIk azpimarratzen du haurrak babestea pertsona guztion erantzukizuna dela. Denok zaindu behar dugu Tratu Ona, eta edozein pertsona behartuta dago haur baten aurkako indarkeria fisiko edo emozionaleko egoera ezagutzen badu, horren berri ematera.

Legea Haurren Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren printzipioetan oinarrituta dago. Hortik honako hauek ondorioztatzen dira, besteak beste:

-Haurrak giza eskubideak dituzten pertsonak dira. Ez dituzte ase beharreko beharrizan batzuk bakarrik. Baita ongizate integrala lortzeko garatu beharreko hainbat bizi-gaitasun ere. Zaurgarritasun-egoeran daudenez, haientzat beharrezkoa da helduok hori ahalbidetzeko eta zaintzeko ardura izatea. Familia da horren ardura duen eragile nagusietako bat. Eta hori lortzeko, administrazioa beharturik dago familiei baliabide ekonomikoak, sozialak, emozionalak eta prestakuntzakoak ematera. 

-Haurrak dauden edozein eremutan, familia barne, lehentasuna eman behar zaie haurren babes, autonomia, diskriminaziorik ez eta interes gorenaren printzipioei. Familia batean edo familia bati buruz hartzen den edozein erabakitan, beti hartu behar da kontuan zer den onena seme-alabentzat, batez ere krisi-egoeretan. Adibidez, banantze-kasuetan, beti pentsatuko da zein diren, ikuspegi zabal batetik, umeak babesteko aukerarik onenak.

-Haurrak eskubideak dituzten pertsonak dira, baina baita beren burua eta beste haur batzuk babesteko eta ondo tratatzeko erantzukizuna ere. Familiak, beste erakunde batzuekin batera, horiek hezteko ardura dugu, horretarako gaitasunak lortu eta entseatu ditzaten.

-Seme-alabak ez dira familien jabetzakoak, eta etxea ez da maitasuna eta indarkeria nahasturik egon daitezkeen leku pribatu bat. Diziplina ezin da gauzatu indarkeria fisiko edo emozionalaren bidez, esate baterako.

Legeak babestea aurreikusten du edozein indarkeria motaren aurrean, fisikoa edo emozionala, agerikoa edo kamuflatua, zuzena edo zeharkakoa izan, eta erabaki kontziente, ez-egite edo zabarkeriagatik eragindakoa izan. Eta berdin dio pertsona helduek adingabeen aurka, haurrek elkarren artean edo haurrek beren buruaren aurka zertutakoa izan. Eta oso ikuspegi interesgarria gehitzen du: Tratu Onarena. Kontua ez da soilik tratu txarrak edo babesgabetasuna saihestea; umeak ondo tratatzen dituzten ekintzak, portaerak eta moduak sustatzea da kontua. Ikuspegi zabalago batetik prebenitzeko eta indartzeko modu argi bat da.

Gainera, haurrak daudeneko testuinguru guztiak ingurune SEGURUAK izatea eskatzen du, baita FAMILIA ETXEA ere. Eta horrek, etxean entxufe-babesleak jartzeaz gain, segurtasun emozionalaren aldeko giroa sortzea ere eskatzen du. Elementu batzuk (tenperatura, argia, dekorazioa, jolas-elementuak, istripuak prebenitzeko mekanismoak, natura, …) sartzen dira hor, baina baita guraso-gaitasun positiboak ere (afektibitatea, malgutasun emozionala, diziplina positiboa, indarkeria bako komunikazioa, autonomiaren sustapena, autozainketa, laguntza-sarea, …). 

Legeak familientzat proposatzen duenari dagokionez

“Legeak” ez du gura eta ezin ditu familiak bakarrik utzi. Administrazioak behartuta daude familiok ahalik eta hobekien egiten dugula zaintzera, baliabideekin lagunduz, babestuz eta arrisku-kasuetan esku hartuz.

LOPIVIk, besteak beste, honako hauek bultzatu gura ditu:

  • -Tratu Ona, Erantzunkidetasuna eta Gurasotasun Positiboa, familia-nukleotik bereiztea prebenitzen saiatuz.
  • Balioetan eta gaitasun emozionaletan heztea familietan.
  • -Emakumeei arreta ematea haurdunaldian eta ingurune obstetriko eta perinatal segurua.
  • Ikasteko trebetasun positiboetan eta gatazkak modu baketsuan konpontzeko gaitasunetan prestakuntza.
  • Desgaitasun edo ezintasuna duten haurren familiei prestakuntza eta laguntza ematea.
  • -Laguntza egokiak bikote-haustura edo genero-indarkeria kasuetarako.
  • Pobreziaren prebentzioa eta gizarte-bazterketaren arrazoiak.

Zerbitzu horietako batzuk dagoeneko eskaintzen dira. Maila autonomikoan eta tokikoan legea zehaztean, erantzun gehiago sortuko dira.  Edozein familiak eska dezake eta eskatu ahal izango du laguntza mota hori une jakin batean, araututako prozeduren arabera. Eta, legeak komunitate-eremuaz hainbeste berba egiten ez duen arren, oso interesgarria litzateke ekintza zehatzekin presente egotea. 

Familientzako erronkak

Imajina dezagun Antzararen Jokoaren antzeko taula bat, 10 laukirekin. Lehenengoa gure seme-alabei eman diezaiekegun Tratu Onaren mailarik baxuena litzateke. Azkena mailarik altuena izango litzateke. Zein posiziotan jartzen gara familia gisa? Zer aldatuko dugu gure egunerokotasunean lauki bat gehiago aurrera egiteko?

Familiok gure eginkizunari buruzko hainbat galdera eta erronka izan ditzakegu:

1-Familian Tratu Onaren formak identifikatzea eta segurtasunik eza eragiten duten beste batzuk saihestea.

Zaplazteko bat ematea edo iraintzea ez dira modu onak. Erraz antzeman dezakegu hori. Baina kontzientzia hartu eta apur bat geure burua zalantzan jartzeko moduko ekintzak ere egon litezke. Adibidez: pantailak modu sistematikoan “umezain” edo entretenitzeko modu bezala uztea baita 2 urte bete baino lehen ere, xantaia emozionalak egitea, nota txar baten aurrean zigortzeko koadrilarekin kalera irten barik uztea hilabetez, itxaropen handiegiak jartzea, bikotekideen arteko eztabaida bortitzen erdian kokatzea, ia egun osoan kanpoan egotea, bizitza-erritmo itogarriarekin biziaraztea, beren etorkizunerako onena delakoan eskolaz kanpoko jarduerez betetzea jolaserako asti barik … Hausnartu egin behar horretaz guztiaz.

2-Entzutea eta eguneroko bizitzan haien parte hartzea ahalbidetzea.

Kontuan hartu beharreko beste gai batzuek honelako galderekin dute zerikusia: Zenbat denbora ematen dugu konexio emozionalean, benetan entzuten? Eta zenbat haiei aginduak ematen jokabide batzuk bai ala bai bete ditzaten? Noiz eta zelan entzuten dugu benetan?  Haien lehentasunak kontuan hartzen ditugu, ahal den neurrian?  Krisi- edo aldaketa-egoeretan, zelan jasotzen ditugu haien iritzi eta bizipen emozionalak? (adibidez, pandemia, banantze-kasu, bizileku-aldaketa, ikasketen hautaketa eta abarretan).  Zelan konbinatzen dugu babestea autonomia ematearekin?

3-Guraso-gaitasunak trebatzea indarkeriarik gabeko hazkuntzarako.

Haurrek bizitzarako gaitasunak garatu eta trebatu behar dituzte. Gurasook ere egin behar dugu hori. Ez gara jada “jakinda” jaiotzen, ezta zelan egin esaten digun eskuliburuarekin ere.  Horren inguruko galdera batzuk: Berrikusi genezake heredatutako, sozialki kopiatutako edo aukeratutako hazkuntza-ereduak bat datozen Tratu Onaren ikuspegiarekin? Estilo autoritario, lar babesle, oldarkor, zabar, “sakrifikatu” edo demokratikoagorako joera dugu? Zer uste edo sineskizun dugu “ama ona” izateari buruz? Zelan irabazi trebetasun gehiago indarkeria bako komunikazioan, diziplina adeitsu eta irmoan, arazoen konponbide sortzailean, baldintza bako afektibitatean eta kudeaketa emozional positiboan?

4-Laguntza-sare afektiboak sortzea eta autozainketa sustatzea.

Ezin ditugu haurrak bakarrik hazi eta hezi. Familiok sostengu emozionala izan behar dugu, eta egunerokoa kudeatzeko laguntza. Gizarte-testuinguruak ez digu laguntzen, estresatu egiten gaitu, eta hainbeste desiratutako benetako kontziliazioa ez da iristen. Beharrezkoa da elkar zaintzeko eredu bat berreskuratzea. Nork bere burua zaintzea, jagon gaitzaten uztea, besteak eta ingurune soziala, naturala eta birtuala zaintzea sustatuko duen ikuspegia. Zer laguntza-sare ditugu? Zelan zaintzen ditugu horiek? Zelan laguntzen dugu guk? Nola zaintzen dugu geure burua eta zelan kudeatzen dugu hazkuntzaren estresa?

5-Haurrak babesteko eta tratu ona emateko gaitasunak sustatzea.

Gure seme-alabek beren gaitasunak trebatu behar dituzte balizko abusuen aurrean babesteko. Eta, era berean, gainerako pertsonak ondo tratatzeko gaitasunak entseatu ere bai. Zelan irakasten ditugu errespetu- eta elkartasun-balioak? Zer formula irakasten diegu gatazkak modu baketsuan konpontzeko? Badakite zelan kudeatu beren emozioak “kontrol-galtze” emozional batengatik jokabide bortitzetan ez erortzeko? Zelan ikusten gaituzte gu gure emozioak kudeatzen? Badakite identifikatzen, prebenitzen eta laguntza eskatzen balizko arrisku baten aurrean, bai errealitatean bai online munduan? Zer hezkuntza afektibo-sexual egiten dugu etxean? Animatzen ditugu identifikatzera ikastetxean, kirol-klubean edo aisialdi-taldean … norengana jo dezaketen seguru sentitzen ez badira?

6-Ondoez emozionaleko egoerei eta balizko indarkeriei erantzutea.

Familiok, oro har, lasai egon gaitezke, gure seme-alabak ondo sentituko baitira eta ingurune seguruetan egongo baitira denbora gehienean. Agian uneren batean ez dira ondo sentituko.  Agian horrek zerikusia du prozesu pertsonalekin eta aldaketa-krisiekin, eta lagundu egin beharko diegu. Beste batzuetan, agian, ondo tratatuak sentitzen ez diren egoerekin izan dezake zerikusia. Ikusi eta laguntzeko gai ere izan beharko dugu. Badakigu zelan adieraz daitekeen ondoez emozionala gorputzaren bidez? Badakigu batzuetan errazagoa dela beste pertsona batzuei kontatzea familiaren barruan baino? Abusu baten sintomak susmatzeko gai gara? Ezagutzen ditugu eskola-jazarpena detektatzeko hiru sintomak eta haren aurrean jokatzeko hiru moduak? Zelan lagundu horrelako ondoezekin eta nora jo egoera horietan laguntza eskatzeko?

7-Haurren Tratu Onerako komunitatea eraikitzea. 

Tratu Ona pertsona guztien erantzukizuna da. Eta alde horretatik, familiok ezin dugu gure babes-grina familia-etxera soilik murriztu. Beste pertsona batzuekin eraiki behar dugu: beste familia batzuekin, irakasleekin, kirol eta aisialdiko begiraleekin, osasun eta gizarte-zerbitzuetako langileekin, … Eta, hortik, geure buruari galde diezaiokegu: Zelan moldatzen gara pertsona horiekin? Zer Jokabide Kode edo Bizikidetza Plan dago gure seme-alabak joaten diren leku horietako bakoitzean? Zeinek du hori zaintzeko ardura leku bakoitzean? Zelan lagundu dezakegu Tratu Onaren kultura zabaltzeko?

Erronka horiek guztiak batera ikusita, “larregi edo lortezinak” iruditu ahal zaizkigu. Hala ere, gauza asko aurki ditzakegu jada ondo egiten ditugunak eta gure seme-alabei segurtasuna ematen dietenak. Hori horrela da. Horiek indartzea, handitzea eta partekatzea zoragarria litzateke. Eta beti joan gaitezke aldaketa txiki handi batzuk eginez.

Horretarako, familiok bi gauza behar ditugu: 

Alde batetik, laguntza. Administrazioak baditu baliabide batzuk. Lege berritik aurrera, familiak sentsibilizatzeko, prestatzeko eta laguntzeko ekimen gehiago bultzatu beharko ditu. Gainera, gure komunitateetan, ziur dagoeneko badaudela eta egongo direla erakunde, talde eta sare komunitarioen proposamenak, lagundu, aholkatu eta gogoeta egitera gonbidatu gaitzaketenak.

Bestalde, kontzientzia hartu eta norantz jo jakin behar dugu. Imajina dezagun hurrengo egoera. Pertsona bat taxi batera igotzen da: ?Nora eroango zaitut? ?Moyua plazara EZ. ?Ederto, Moyua plazara ez, baina norabait eroan beharko zaitut. ?Ba, ez dakit zehazki nora joan, baina hasi Erribera aldetik zirkulatzen eta joango natzaizu esaten … Badakigu ez dugula Haurren aurkako indarkeria-moduetara joan gura. Tratu Onaren zer modutara joan nahi dugun identifikatu eta aurkitu behar dugu. Guztiontzako erronka.

Begoña Ruiz, psikologoa, gizarte-hezitzailea Bidegintzan, Haur eta Nerabeentzako Ingurune Seguruetan espezialista.

BBKFAMILYn erronka horiei aurre egiteko baliagarriak izan daitezkeen proposamen batzuk eskaintzen ditugu:

  • Doako online ikastaroak: Etxeko Tratu Ona, Kiroleko Tratu Ona, Diziplina Positiboa, Komunikazioa, Ziberbullyinga, Teknologien erabilera kritikoa, Afektibitate- eta sexu-hezkuntza, ….
  • Online tailerra: “Tratu Onaren formula”.
  • Adituen artikuluak, podcastak eta bideoak: guraso-gaitasunei buruzkoak.
  • Tailerrak, webinarrak eta hitzaldiak hazkuntzaren hainbat arlotan trebetasunak hobetzeko.

GAZTE CHANGE 2021

Eta ez ahaztu ospatzea Haurren Eskubideen Eguna. Bezperan, azaroak 19, 19:00 h BBK Salan, UNICEF Euskadiko batzordearekin, eta Lagunarte elkartearekin batera antolatu dugu Gazte Change hirugarren edizioan. Streamingaren bidez edo zuzenean ikusi ahal izango duzu.

 Xabier Madariaga kazetariak aurkeztuta, gaurkotasunezko gaiei buruzko euskara eta gaztelaniazko bost hitzaldi izango dira, dohainik, eta topaketa bakar hau girotuko duten emanaldiekin tartekatuko dira (All Dance Deusto eta Aiala Sanz-Ñora Carramiña). Streaming bidez ere jarraitzaeko aukera izango da www.eitb.eus  webgunean.

2.0 Iraultza gai orokorraren pean, GazteChange2021ek honako ponentzia hauek izango ditu:

Beñat García de Bikuña, 18 urte: “Benin: osasunaren, hezkuntzaren eta emakumearen ahalduntzearen etorkizuna”. Elkartasuna izango du gai nagusi, Senegalen eskolak eraikitzeko dirua biltzea helburu duen erakundea baitu.

Fadoua El Machour, 19 urte: “Desberdintasunak besarkatu”. Estereotipoek eragiten duten kalteari buruzkoa izango da, inklusioaren ikuspegitik.

Kimetz Rentería, 18 urte: “Zerk bultzatzen zaitu zarena izatera?” Bere istorioa sustatu nahi du, pertsonak onartuko dituen gizarte batera iristeko, haien orientazio sexuala edo generoa kontuan hartu gabe.

Garazi Peritz, 17 urte: “Zeure burua maite, besteak maite dituzun bezala”. Identitatearen bilaketari buruz hitz egingo du.

Maitane Alonso, 20 urte: “Kaxoi batean dauden ideiak”. Elikagaiak kontserbatzeko makina berritzailearen jatorriaren azalpena eta horren atzean zer dagoen.

Hartu zure sarrera doahinik hemen.

BBK Family Learning

×