Zer da gure seme-alaben alde egin dezakegun gauzarik garrantzitsuena, aurrera ateratzen eta munduarekin gustura sentitzen laguntzeko? (Siegel, 2020)
Hezkuntzan gure seme-alabengan jarrerak eta gaitasunak sustatzearen balioa azpimarratuz, beraientzat presente egoteak duen garrantziaz hausnartzera gonbidatu gura zaituztet lerro hauetan, hazteko eta hezteko dauden modu desberdinetan sartu barik.
Siegelek egiten digun galdera ez da erraza erantzuten, ezta? Izan ere, guk, guraso garen aldetik, gure seme-alabekin eraikitzen dugun harremanean kokatzeko moduari buruzko galdera da, eta ez hainbeste haiengan gaitasunak eta trebetasunak sustatzeari buruzkoa.
Gure zereginik garrantzitsuena, segurtasuna bermatzeaz gain, urteetan zehar eraikitzen dituzten harremanak aski onak izan daitezen laguntzea da, bakoitzak bizitzan arrakastatzat daukana lortzen laguntzen diegun bitartean.
Eta, aldi berean, nirekin bat etorriko zarete, zeregin horretan dihardugun bitartean, ziur aski behin baino gehiagotan honelako galdera edo itaunak etorriko zaizkizuela burura: ‘Aski’ ondo hezten ari ote gara? … Huts egiten ari ote gara? … Arreta ‘larregi’ jartzen ote diegu? …Edo agian Adinekoak direnean, zelako gaitasuna izango ote dute arduratsuak izateko?
Horregatik, guraso guztiok ?ni bezala, inperfektuak eta kezkatsuak bazarete eta, gainera, egiten ari garen moduaz galderaz beteak, baina, aldi berean, seme-alabak maitasun handiz eta dedikazio handiz zaintzeko prest bazaudete (eta hemen haurrekin behar egiten duzuen familia eta profesionalak sartzeko baimena hartuko dut)? gonbidatzen zaituztet, haien aurrean zelan erreakzionatu ondo ez dakigun egoeretan, geure burua zalantzan jarri edo larregi kezkatu barik, beti egin dezakegun zerbait kontuan hartzera: PRESENTE EGOTEA.
“Presente egoteak” esan gura du beraientzat hor egotea aurrez aurre, emozionalki eta mentalki, hau da, haien premia edo beharrizanei erantzunez eta, aldi berean, maitatuak eta kontsolatuak senti daitezela transmitituz gure besarkada eta haiekin konektatutako begiraden bidez. Izan ere, kontsolamendua konpainiatik sortzen da … eta konpainia presentziatik. Horrela, “presente gaude” … kontsolatzeko eta maitatuak senti daitezela transmititzeko.
Haurren garapenari buruzko luzetarako ikerketek erakusten dutenez, gure semea edo alaba, adinez nagusi bihurtzean, zelakoa izango den jakiteko predikatzailerik onenetako bat, zoriontasunari, garapen sozial eta emozionalari, lidergo-dohainei, harreman esanguratsuei eta are arrakasta akademiko eta profesionalari dagokienez, zera egiaztatzea da: ea haurtzaroan segurtasuna lortu zuen, berarentzat presente egon zen pertsona bat gutxienez izan zuelako. (Siegel, 2020).
Guraso gisa, seme-alabengan “atxikimendu segurua” deritzona indartuz joatea lortuko dugu, baldin eta eskaintzen badiegu: seguru sentitzea zentzu fisiko, emozional eta harremanetan; ikusiak izatea, presentzia fisiko hutsetik harago; gaizki portatu arren une zailetan gure kontsolamendua; eta onik edo salbu izatea, hau da, gugan bermatu edo gutaz fida daitezkeela behin eta berriz jakinaraztea.
“Atxikimendu segurua” (Bolwby, 1961) ezinbestekoa da haurrak bizitzan garapen osasungarri eta optimoa izan dezan, eta, Siegelen arabera, noiz sustatzen da hori gure seme-alabengan? Guraso gisa haiekiko gure presentziarekin 4 baldintza horiek sustatzen ditugunean.
Horrela, gure aldetik beraientzat presente egotea gure modua da beraien atxikimendu segurua sustatzeko, honela zehaztuko dena gure seme-alabengan: autoestimu handiagoa lortuko dute, erregulazio emozional hobea, arrakasta akademiko handiagoa, estres-uneei aurre egiteko gaitasun handiagoa, lagunekin tratu positiboagoa … eta, aldi berean, elkarrekintza sozial eraginkorragoa nerabezaroan daudenean.
Gure presentziaren bidez atxikimendu segurua sustatzeak erraztu egingo die gure seme-alabei, estresagarriak diren gauzak gertatzen zaizkienean edo osasun-arazoren bat edo, agian, errendimendu akademikoan zailtasunak dituztenean, beren barnean “babesgarri” emozional batzuk izatea, bizitzen ari direna egokiago eta hobeto kudeatzea erraztuz beldurretik eta antsietatetik kudeatu beharrean.
Hona hemen nire proposamena, maitasun guztiz egina: seme-alabekin biziko duzuen hurrengo tentsio edo “tirabiraren” aurrean, zigortuta logelara zuzenean bidali aurretik edo gertatutakoaren aurrean “Zergatik zaude horrela?!” … “Ez zaitez horrela egon!” … “Ken zaitez nire bistatik!” … esan aurretik, egizue arnasketa sakon bat, arnasa botatzea gehiago luzatuz hartzea baino, eta begietara so eginez esaiozue: “Hemen nago zuretzat, zer gertatu da?” … eta emaiozue behar duen denbora gertatu zaiona kontatzeko, jazo zaiona kudeatu edo konpontzeko.
Gogoeta edo hausnarketa hauek “El poder de la presencia:Cómo la presencia de los padres moldea el cerebro de los hijos y configura las personas que llegarán a ser” liburuaren irakurketan oinarrituta daude.
Daniel J. Siegel eta Tina Payne Bryson, Alba argital. 2020.
Elixabete Eizagirre Martínez. Psikologo Orokor Sanitarioa – EMDR aholkularia