Gure seme-alaben ispilua. Bizi-proiektuak ala -proiekzioak?

Ipuin batekin hasiko gara

Zer pentsatzen ote zuen Edurnezuriren ipuineko erreginak ederrena nor zen ispiluari galdetzen zionean? Zer gertatu zen ispiluak beste irudi bat, beste izen bat, islatu zionean eta ez berea? Hura, Edurnezuri, da ederrena. Kolpe bat bezala hartzen dituen hitzak eta irudia. Haren gerizpean hazitako neskak bere xalotasunetik dirdiratzen zuen, eta aldi berean hura, Erregina, bere isla harroputzetik eraitsia itzartzen zen.

Baina, zer pasatzen zitzaion burutik, gorputzetik, neskaren heriotza prestatzera eraman zuen haserre hotz eta eutsiezinetik haratago? Agian pentsatu ote zuen zer zioen isla hark bere buruari buruz? Zer islatzen zuen “erresumako ederrena” balitz bezala galdua zuen nortasunaz? Bera urteak betetzen joateaz? Bere edertasunean inbertitutako ahaleginaz, neskaren perfekzio axolagabe eta naturalaren aurrean? Zer bere protagonismo-galtzeaz? Zer bere xalotasun galduaz?

Ez ote da berri ona bizitzara hazten lagundu diegun horien edertasuna, horien nabarmentzea? Ba, batzuetan ezetz dirudi. Edurnezuri eta hark sortzen zion amorrua besterik ez zuen ikusten Erreginak. Amorrua, zauria, eta zauriaren jarioa neska desagertzeak bakarrik geldituko zion.

Berriro ispiluaren aurrean.

Amaordeak begiratzen duen ispilua oso irudi interesgarria iruditzen zait proiekzioaren fenomenoa ulertzen laguntzeko, eta gure seme-alabekiko harremanetan hori jokoan zelan jartzen den ulertzeko. Izan ere, begiratzen diegunean, kontzienteki edo, gehienetan, inkontzienteki, ezinbestean geure burua ikusten dugu ispilatuta.

Gure seme-alabak geure beldur, atsegin, filia, sinesmen eta abarren ispiluak dira.  Alderantziz garen bezalaxe. Ispiluak, non begiratu, neurtu, lehiatu, bereizi, bat egin, segurtasuna sentitu… Eta ispiluek, hala nola argazki baten negatiboek, erakusten dizkigute batez ere kostatzen zaizkigun zatiak, gustatzen ez zaizkigunak, leherrarazten, geure baitan ixten, nahasten gaituztenak. Hori da gizaki izateak daukana. Harremanetan gauzatutako izakiak gara, eta beti elkarren mendekoak.

Islatuta ikusten dugu geure burua, eta askotan konturatzen gara. “Ni bezalakoa da. Ni bezain burugogorra, saiatua…”. Edo “ez du batere nire antzik, bere aita lakoa da”. Gauza bera edo guztiz kontrakoa. Gauza bat beraren gainaldea eta azpialdea.

Eta beste batzuetan, zergatik ez dakigula, beraien jarduteko edo izateko moduek nahastuta uzten gaituzte. Ulertzea eta, batez ere, kontrolatzea zaila egiten zaigun erreakzioak eragiten dizkigute. Batzuetan isla ikusten dugu eta askotan ez dugu ezer ikusten. Distantzia falta zaigu.

Aita bat kezkatuta, urtebeteko terapiaren ostean, bere alabak ez duelako hobera egiten, nahiz eta terapeuta eta alaba bera pozik dauden emaitzekin. Ama bat haserre bere semearen leherketa emozionalengatik, urrundu egiten zaiolako eta mugekin erantzuten baino ez dakielako. Hamazazpi urteko “neskatoaren” irteerak mugatzen dituen bikotea, “konpainia gaiztoen beldur”.

Gurasook, terapiara “konponbide” bila joaten garenean, “haren” beldurraz, harremanak izateko “haren” zailtasunaz hitz egingo dugu, gaitasun handiko mutila dela baina ez duela garatzen, neskatoa lotsati eta eragingarria dela, eta, batzuetan, arazoetan sartzen dela berarekin harremana duten pertsonen erruz… Beraiek diren ispiluari begiratzen diogu, baina ez itzultzen digun islari. Inplikatzen gaituen zatian, guri buruz, gure begiradaz, haiei begiratzeko erabiltzen ditugun “betaurrekoei” buruz…

Izan ere, oro har, jabetzen ez garen isla horrek gure “itzalarekin” du zerikusia, geure buruaz ikustea zaila egiten zaigunarekin.

Itzala ere bagara.

Baina zer da “itzalaren” zera hori?Jung-ek jasotako kontzeptua da, eta lotura estua du proiekzioaren fenomenoarekin.

“Itzala nortasunaren alderdi “negatiboa” da, ezkutatu nahi genituzkeen ezaugarri desatsegin guztien batura, behar bezala garatu gabeko funtzioak eta inkontziente pertsonalaren edukia”.[1]

Geure buruaz ikustea zaila egiten zaiguna, arbuiatzen duguna.Ez bakarrik beste pertsonentzat desatseginak, lotsagarriak edo ustez kaltegarriak diren “alderdiak”, nola diren batzuetan gure agresibitatea, atsekabea edo haserrea. Baita, sozialki “positibotzat” hartzen diren arren, erakutsi ezin ditugunak, adibidez ahultasuna edo gozamena eta plazera bezalako emozioak. Ezkutatzen dugun guztia da. Garatzeko gai izan ez garen eta, beste pertsona batzuengan ikusita, begiratzea kosta egiten zaigun eta gaitzespena eragiten digun guztia barne. Eta, inkontzientea izanik, bultzatzen gaituen eta horren kontzientzia izatea baldintzatzen digun oro: beldurrak, integratu ez ditugun egoera zailak, aitortzen edo onartzen ez ditugun gurariak, …

Itzal hori, adibidez, gehiegizko sentimenduetan igarri dezakegu, beraiengan kritikatzen ditugun gauzetan, errepikatzen diren egoeretan eta saihestu ezin dugun moduan erreakzionatzen dugun haietan, erreakzio oldarkorretan edo lapsusetan, lotsatuta sentitzen garen egoeretan, egiten dituzten akatsengatik neurriz kanpoko haserrealdietan

Garrantzitsua da itzal horretaz jabetzea, batez ere eusteko eta ez proiektatzeko.Jakinda ezinezkoa dela proiektatzeari uztea. Amaitzen ez den ispilu-joko bat eta aurrera egiten duena, edo ez, kontzientzia handiago baterantz. Jakinik, halaber, zer gertatzen zaigun begiratzen ikasteko ariketa eta gimnasia osasuntsua eta osasungarria dela. Zama kentzen duena. Gure beldurrekin geratzeko aukera ematen diguna, gure nahiei eusteko aukera, gure agresibitate edo oldarkortasuna zilegitasunez eta kalterik egin gabe gorpuzteko aukera, benetakoagoa den leku batetik geure burua espresatzeko aukera.

Eta, batez ere, geure gizatasunarekiko konexioaren erakusgarri hori ematea, horrek ere lagunduko baitie beren itzalekin eta minekin konektatzen, horiek onartu eta integratze aldera. Izan ere, Jung-ek berak zioen bezala, “pertsona ez da argitzen argi-irudiak irudikatuz, baizik eta iluntasuna kontziente bihurtuz”.

Gure kontzientzia lantzen.

Baina zelan jabetu gaitezke geure alderdi batez, bere logikaz, hori ikusteko gai ez bagara? Nola integratu dezakegu geure itzala eta, batez ere, gure seme-alaben sorbalden gainera botatzeari utzi?

Lehen esan dudan bezala, kontua ez da geure burua argitzea begirada aratz eta garbi-garbia eskaintzen duten argi-izakiak izanez. Baina bai geure burua trebatzea, geure itzalaz konturatu ahal izateko.

Funtsezko galdera beti bera izango da: Zer gertatzen zait niri seme edo alabarekin pasatzen zaidan “horrekin”?  Eta hortik aurrera edozein deribatu har dezakegu. Zer ari zait gertatzen? Zer sentiarazten dit? Neure, edo nire historiaren, beldurren, defentsen, indarren, minen… zein zatirekin dago lotuta gertatzen ari zaidan hori? Zer gogorarazten dit? Zer askatzen edo sortzen dit? Zertaz konturatzen naiz?

Introspekzioaren bidetik ibiliz tira egin dezakegu hari horretatik, bakoitzak bere burua hornitzeko ahal/nahi/behar dituen tresnekin. Hausnarketa-bideak, elkarrizketak konfiantzazko pertsonekin, bikotekidearekin berarekin, talde-guneak, prozesu terapeutikoak… Eta bakoitzak beharrezkotzat jotzen dituen tipula-geruzetan sakondu eta azaltzeraino.

Eta, noski, azkenik jakinda dena ez dela proiekzioa, ezta itzala ere. Eta, agian, askotan, mugak jartzen ditugula mugak jarri gura ditugun lekuetan, non erabaki nahi dugun erabakitzen dugula, zaintzea aukeratzen dugun lekuan zaintzen dugula, arduratsuak izanik eta baita huts eginez ere, baina erabakiak hartuz izaki helduak gara eta.

Ariketa batekin amaituko dugu.

Nire ustez, interesgarria izan daiteke ariketa txiki batekin amaitzea, eta hor nolabait gure historiarekin edo esperientzia pertsonalarekin lotutako gure zatiren batekin konektatu ahal izango dugu, ziurrenik, gure seme-alabekiko harreman horretan ere jokoan jartzen ari garena. Bistaratze edo irudikapen txiki bat egitera gonbidatzen zaituztet[2].

Eroso eserita egoteko leku bat bilatu behar da. Une lasai bat, non inork ez dizuen enbarazurik egingo. Agian musika suabe batekin, ez oso altu, lagun egin diezazuen. Bi arnasaldi sakon hartzera gonbidatzen zaituztet, lehenik sudurretik airea hartuz eta gero emeki-emeki ahotik botaz. Mugimendu baten eta bestearen artean airea geldiaraziz, bat, bi, hiru segundoz.

Pixkanaka begiak itxiz eta lehenbizi gorputzarekin konektatuz behetik gora: oinak, orkatilak, muskulu bikiak…Bururaino, aurpegiko muskuluetaraino… Aldatzeko batere asmorik gabe. Hobeto egoteko bakarrik. Nire gorputzarekin kontaktuan bakarrik.  Agian, gure pisuen zati bati, gorputzeko atal batzuetan metatzen ditudan tentsioei jareginez. Arreta sentsazioetan jarrita, nire zati bakoitzean igarriz joango naiz….  Emozioren bat balego, zein izango litzateke?Epaitu barik, tentsioa soltura baino okerragotzat jo gabe, ezta pisua arintasuna baino, ez beroa, ez hotza… Nola nagoen jabetuz. Zelan dago nire gorputza une honetan… Ni gorputz hau naiz hemen eta orain…

Eta lehen kontaktu horretatik aurrera, bistaratze edo irudikatze bat hasiko dugu. Begiak itxita, zure atzean bide bat dagoela imajinatzera gonbidatzen zaitut, eta ibiltzen hasten zarela bertan.Eta ibiltzen zaren bakoitzean zure iraganeko leku batean sartzen zarela. Pauso bat ematen duzun bakoitzean, zure gorputza gaztetu egiten dela eta duela bost, hamar, hamabost… urte zinen gorputz hura bihurtzen dela.Gatazkan zauden, urrun sentitzen duzun edo konektatu nahiko zenukeen semearen (alabaren) adinera iritsi arte.

Zure gorputza garai hartan nolakoa zen imajinatu behar duzu. Zure haurtzaroko une hura kokatzen duzun leku edo une zehatzen erreferentziak bilatuz lagun diezaiokezu zeure buruari. Adibidez, pentsa dezakezu nolakoa zen zuretzat jolaserako gunea, non jolasten zinen, norekin… Adin hartan markatu zintuen une zehatzen bat gogoratu dezakezu. Agian altueraz txikiagoa zinen, agian gorputz lodiagoa edo meheagoa zenuen, arinagoa edo traketsagoa, … Kontua ez da aldatzea edo hobetzea, ezta gorputz harekin ondo edo txarto sentitzea ere. Gogoratzean etortzen zaizkizun sentsazioak edo emozioak sentitzea, beste barik. Jakinda, halaber, ariketan guztia bezala, gorputzarekin, bistaratze edo irudikatzearekin, une zehatz harekin… konektatzeko erraztasun edo zailtasun handiagoa duten pertsonak egongo direla. Ez du ezer gertatu behar eta gerta daiteke.

Zuretzat garrantzitsuak ziren pertsonak gogoratzera ere gonbidatzen zaitut.  Beharbada, zure lagunekin, ikastetxean, senideekin… izandako harremanak.Eta azkenik, zeure etxe barruan imajinatzera gonbidatzen zaitut, edozein egunetan, bizi izan zinen familiarekin, leku eta une komun batean. Nolakoak ziren elkartzeko une haiek: atseginak, dibertigarriak, tirabiratsuak…? Berriro ere ezer hobetzen edo aldatzen saiatu gabe, zure irudimeneko edo oroitzapeneko ume hori sentitzen ari dena zeure buruari sentitzen utziz.

Azken une batean, zurekin bakarrik zeundela gogoratzen duzun tokiren bat eta uneren bat edo batzuk gogoratzera animatzen zaitut. Agian zure logela, non jolasteko giltzapetzen zinen, etxeko egongela, patioko txokoa…

Eta irudi, sentsazio eta emozio horiekin guztiekin zeure buruari galdetzen has zaitezke: nolakoa zen garai hartan zu zinen ume hura? Zer gauza gustatzen zitzaizkizun, edo zerk dibertitzen, gozarazten, gogaitzen… zintuen? Zer gustatzen zitzaizun zutaz, eta zer ez? Agian bazen zerbait mespretxatzen zenuena, min ematen zizuna… Zer zen? Zer aldatu nahi zenuen kosta ahala kosta? Zer zen zu izatearen gauzarik politena, atsegingarriena? Nolakoak ziren lagunekiko harremanak? Pertsona esanguratsuren bat? Zure aitarekiko, amarekiko, neba-arrebekiko harremanak?…  Zer zen babestuta eta bakean sentitzen laguntzen zizuna harreman haietan? Zerekin sentitzen zinen eraso egina? Zerekin minduta, zainduta, arriskupean…?

Zu zinen ume harekin konektatzen lagunduko dizuten galdera gutxi batzuk besterik ez dira. Horiek edo beste batzuk izan daitezke. Gogoratzea da kontua, zeure burua gogoratzea. Konektatzea. Pertsona bakoitzak bere esperientziatik eta harremanetarako gaitasunetik, batzuetan ahaztu samar daukagun gure zati edo alderdi horretara hurbiltzea.

Azkenik, meditazioa amaitu ostean, bi arnasketa sakonekin, gorputz hari, haurtzaro hari, oroitzapen hari, irudi hari… agur esan ondoren, esperientzia jaso dezakegu honako galdera hauetatik abiatuta idatziz: zertaz konturatu naiz nire seme edo alabarekin harremanak izateko moduari dagokionez? Zer islatzen du nire seme edo alabarengan ikusten dudanak nik bizi izan dudanarekin alderatuta? Zerk baldintzatzen dit nire esperientzia pertsonala orain bizi dudan harreman honetan? Zerk lagun diezadake hobeto ulertzen eta laguntzen?

Hari bat besterik ez da tira egiteko. Agian esperientzia islatuak edo kontrakoak izan daitezke. Agian ez naiz ezertaz konturatuko. Agian, niri zerk lagundu zidan ulertzen lagunduko dit, eta, zergatik ez?, beharbada nire seme edo alabari ere lagunduko dio seguruago sentitzen.

Kontua ez da errudunak aurkitzea. Begirada pixka bat zabaltzea eta perspektiba pixka bat irabaztea da kontua. Batzuetan, gure seme-alabekin harremanetan jartzen garenean, agian konturatu barik, jokoan jartzen den zerbaitetara hurbiltzea. Animatuko zara? Balioko dizuela espero dut.

[1]  Zweig, C. eta Abrams, J. ENCUENTRO CON LA SOMBRA, Kairós argit., 1991

[2] Zure iraganari eta haurtzaroari begiratuko diozu. Esperimentatzea zaila gerta dakizukeen egoera zail edo traumatikoren bat dagoela uste baduzu, ariketa ez egitea gomendatuko nizuke, edo laguntzeko moduko ezagutza terapeutikoak dituen norbaitekin egin ahal izatea.

Raúl Castillo, psikologoa

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

 

 

Menu

BBK Family Learning

×