no presionar a nuestros hijos e hijas

“Gura duzun guztia lortu dezakezu zuk” esateak antsietate handia sortzen du gure seme-alabengan

Azken 20 urteotako joera da haurrak heztea eurei esanez bereziak direla, guztia egin dezaketela eta zerbait lortu gura badute beti lortuko dutela.

Horren ondorioz, motxila handi-handia hartzen dute gainean, eta kudeatzeko gai ez diren zama jartzen diegu bizkarrean: Zer esan gura du berezia izateak? Eta egunen batean, asko saiatu arren, gura dudana lortzen ez badut? Esan gura du horrek porrot egin dudala, agian ez naizela behar beste saiatzen? Eta aitak eta amak nigan jarrita dituzten itxaropenak ase edo betetzen ez baditut?

Larregi presionatzen dugunean

Gurasoen itxaropenek sortzen duten kanpoko presio horrek porrotaren eta desengainuaren beldurra baino ez du sortzen helduei huts egiteko beldurragatik, eta norberaren beharrizanak, gurariak eta erabakiak alde batera uzten ditu; horrek guztiak haien segurtasunari eta taldeko kide ez izatearen eta maitatuak ez izatearen beldurrari eragiten dio zuzenean.

Hortaz, ume horietako askok, hazten direnean, pasiboak izatea erabakitzen dute…  ezta saiatu ere ez dira egiten, bereziki ona ez izateko edo nabarmentzeko aukera oso txikia dagoela ikusten dutenean, edo emaitza zalantzazkoa dela ikusten dutenean.  Beldur horrek helduarora arte jazartzen ditu, beti zalantzan eta aukera edo abaguneak pasatzen utziz. Onena ez bazara, zertarako saiatu? Gainera, porrotaren aurrean tolerantzia-maila oso txikia garatzen da, eta lehena izateko eta porrotari aurre ez egiteko “guztiak balio duela” eta “xedeak bitartekoak justifikatzen dituela” onartzen hasten da.

Bereziak izateko aukera ere egin dezakete, baina “oso egokiak” ez diren moduetan, pertsona bereziki negatibo, sintomatiko edo inkonformista bihurtuta.

Hainbesterainoko beldurra sortzen dugu arbuio, desengainu eta porrotaren aurrean, ezen egoera aproposa baita beldurrari lotuta tranpa eta gezurra lako jokabideak ager daitezen.

Eta “berezia zara” esaldiaren ordez “bakarra zara” esaldia erabiltzen hasten bagara?  Eta “ezinezkorik ez dagoela” adierazi beharrean “dena ez dela posible, baina gutxienez saiatuko garela” transmititzen badiegu seme-alabei?

Eta hezteko modua aldatzen badugu?

Paradigma-aldaketa oinarrizkoa da; izan ere, seme-alabekin bizi dugun hezkuntza-prozesuan zentratu behar dugu guk, haien ahalmen osoan eta haien motibazioan, emaitzetan zentratu beharrean. Eta onartu behar dugu ez dugula seme-alaba perfekturik, eta gu geu ere ez garela perfektuak, baina, emaitza edozein dela ere, haiengan konfiantza osoa izan behar dugu, eta, batez ere, gehiago utzi behar diegu beren arrakasta eta akatsetatik ikasten, eta zigor- eta sari-sistema desagertzeko lehen urratsa egin behar dugu.

Porrota ikasteko aukera gisa ikusi behar dugu, eta inperfekzioa elkar eta norbera hobetzeko urrats gisa.

Eta konponbidea eman beharrean tresnak ematen badizkiegu?

Gizarte hau aldaketa sakon bat bizitzen ari da: kantitateari baino garrantzi handiagoa emango zaio kalitateari, edukitzearen ordez izatea baloratzen hasiko gara, eta irakasten hasiko gara garrantzitsuena ez dela lehena izatea, iristea baizik, eta arrakasta bere atzean ahalegina baldin badago bakarrik dela baliozkoa.

Hezkuntza-paradigma aldatzeko gakoak:

-Gure seme-alaben ahalmenean zentratzea, ez emaitzetan

-Beren asmatze eta akatsetatik ikasten uztea

-Porrota ikasteko aukera gisa ikustea

-Zigor eta sarien sistema saihestea

-Esfortzu edo ahalegintzearen garrantzia erakustea

Marta Arrieta. Disciplina positiva bideratzailea

BBK Family Learning

×