Gabonak eta COVID, familiok zer egin dezakegu?

Konfinatuta dagoen edo positibo eman duen edo iristen ez zaizkion emaitzen zain dagoen norbaitengandik hurbil gaude denok, gutxi-asko. Garai zaila, gaitza, ari da izaten… batez ere Gabon lasaiak izango zirela eta iazkoak atzean geratu zirela uste genuenean.

Eguneroko bizimoduak berriz ere ziurgabetasunean jarri gaitu, ezer ziurtatuta ez dugula, zer gertatuko den ez dakigula… eta egunean egunekoa bizitzea bihurtu da berriro gure abiapuntu.

Garai hauetan zer egin erabakitzeko asko berba egiten da familia bakoitzean. Gure burua, batetik, osasun-mailan eta, bestetik, afektibitate- eta harreman-mailan zaintzearen arteko oreka aurkitzea miraria da oraindik.

Antigeno-proben, pcr proben, … aldeko apustua egin dugu, ea horiek arrastoren bat ematen ziguten honelako galdera hauen inguruan:  Zer egingo dugu? Elkartuko gara? Ez gara elkartuko? Zenbat elkartuko gara?

Familia batzuek beren burua babestu gura dute eta Gabonak familiarekin ez ospatzea erabaki dute. Beste familia batzuek, aldiz, nahiago dute arriskatzea eta aitaitak, amamak, seme-alabak edo (b)ilobak ikustea, aspalditxotik amesten baitzuten lehen bezalako Gabonak igarotzea.

Edozelan ere, segurtasun-ezaren, erruaren eta erantzukizunaren sentipena dago.  Elkartzen bazara edota ez bazara elkartzen, sentipena oso antzekoa da. Eta erabakia hartzea ez da batere erraza izaten ari.

Dagoeneko igaro da Gabonetako lehen round-a eta lehengoan jarraitzen dugu. Gero eta pertsona gehiago konfinaturik eta gero eta arrisku handiagoa kutsatua izateko edo guk beste batzuk kutsatzeko. Bakardade handia dago isolatuta daudenengan, eta andui honen aurrean arriskua txikiagoa dela dirudien arren, pertsona bakoitzak gaixotasunaren aurrean izan dezakeen erreakzioaren beldurra ere bizi dugu.

Faktoreak batuz goaz: segurtasunik eza, errua, erantzukizuna, bakardadea, isolamendua eta beldurra. Eta horrek guztiorrek, horrela daramatzagun ia bi urteen ostean, eragina du gutako bakoitzarengan.

Eta umeek eta nerabeek? Horiek ere karga interesgarria dute istorio honetan. Oporren aurreko azken albisteak oso ardaztuta zeuden beraiengan. Ehunka ikasgela konfinatu dira, batzuk behin baino gehiagotan.

Aspertu samartuta zeuden, eta Eguberrietako ilusioa, familia, Olentzero… gertu zeudenean, plast!, plana zapuztu zaie… Gutako zenbati galdetu ote digute Olentzero iritsiko ote zen? Ea hiru bakarrik egongo al ginen etxean? Gabon hauek ere aspergarriak izango ote ziren? Zelan utziko genuen aita bere gelan bakarrik egun hauetan?

Galdera edo itaun horietako bakoitzaren atzean emozio bat dago, eta gurasook, gauden legez egonik, batzuetan ez gara entzuteko eta erantzuteko gai.

Ez dakit zuek zelan daroazuen, baina niri egun hauek kostatzen ari zaizkit, eta, gainera, neure gain hartu beharrean nago erabakiak hartzeko, zaintzaz arduratzeko eta nire alabei zelanbaiteko kalitate emozionaleko guneak eskaintzeko erantzukizuna.

Familia bakoitzaren egoera zehatzaz gain, azken aste hauetan halako liskar sozial bat ere bizi izan dut, osasun-egoera honek horretara garamatza eta. Badirudi, oharkabean, muturreko jarreretara bideratzen gaituztela, eta beste muturrekoekiko haserrea nabarmena da eguneroko bizitzan, eta eztabaida horretan umeak ere sartzen dira.

Egoerarekiko tristura, malenkonia eta amorru apur batekin konektatzen banau ere, ez diot une txikiez gozatzeari utzi gura… zeren eta, emakume jakintsu batek esan ohi duen lez, “orain baino hobeto, inoiz ez”.

Une txiki horietaz gozatu ahal izateko, uste dut gauza batzuk egitea ondo etorriko litzaigukeela:

Besteekin konektatzea. Izan ere, hartzen ari garen erabakiek, seguru, eragina izango dute gainerako senitartekoengan. Elkarrizketak ireki, haserre bakoitzaren atzean dauden emozioak entzun, bakarrik edo triste daudenei lagundu. Eta argi izan sare afektibotik geure burua zaintzearen garrantzia. Zaintzea, emozioz eta esker onez elkarrekin konektatu eta elkar ulertzerik baldin badugu, bi aldeek irabazten duten harremana da. Bakardade handiagoan geratzen diren pertsonak zaintzea erronka eta ikaskuntza izango da gure seme-alabentzat.

Keinu txikiak egitea, urrun egon arren, elkarrengandik hurbil gaudela konturatzeko.   Zoritxarrez, honetan guztian badugu esperientzia, baina orain ez genuen espero. Eta pandemiak nekea, apatia edo ezintasun-sentsazioa sortzen digu; beraz, jo dezagun berriro ilusio-keinu txiki horietara eta… eta oraingoan ospatzerik izan ez badugu, elkartu gaitezen beste une batean, ahal denean. Ez da erabat galdutako zerbait, “atzeratutako” zerbait izan daiteke… eta opariak ere iritsiko dira…

Gure burua zaintzea ongizatea eta plazera emango diguten jarduerak bilatuz, eta naturan bada, hobe. Beste zerumuga batzuk edo bide berriak ikusteak, airea arnasteak eta mugimenduan jolasteak lagun diezaguke, eta gure seme-alabei ere lagun diezaieke pantailen edo sare sozialen aurrean denbora gutxiago egoteko eta COVIDari buruzko albisteei eta elkarrizketei zelanbaiteko muga jartzeko, ardura edo erantzukizun-oinarri bat izate aldera, baina lasaitasunetik, eta ez beldurretik edo histeriatik, abiatuta.

Pandemiak berriz ere hiru ikaskuntza handi utzi dizkigu helduon bizitzarako eta gure haurren bizitzarako. Gabon hauetan ere:

  • Ezinezkoa da dena kontrolatzea, eta malguak izaten eta egokitzen ikasi behar da.
  • Beharrezkoa da konektatzea, eta emozio desatseginei berbak jartzea eta irteera ematea. Baita atseginei ere.
  • Zoritxarraren aurrean geure burua zaintzea eta babestea guztion, sare afektiboaren, kontua da, eta badakigu zelan egin.

Ainhoa Allende. BBK Family

Menu

BBK Family Learning

×