Umetxoek ibiltzen hasi behar dute urtebete dutenean?

Lehenik, zure parte-hartzea eskertu behar dizugu hezkuntza eta hazierari buruzko gune honetan. Umetxoen garapenari buruz dituzun zalantzak argitzeko bidean lagundu egin gura dizugu.

Gurasoon ardura izaten da gure seme-alabek heltzeko prozesuan aurrera egin dezaten era osasuntsuan. Ardura hori, batzuetan, kezka edo larregizko kezka bihurtzen da eta zalantzak sortzen zaizkigu ea osasuntsu edo beren adinerako espero daitekeenaren barruan ari ote diren hazten. Horregatik, interesgarria da gauzak bere testuinguruan jartzea eta apur bat laburbiltzea.

NOIZ LORTZEN DUTE IBILTZEA NESKA-MUTIKOEK?

Neska-mutiko bat tente jartzen eta, hortik aurrera, ibiltzen hastea erronka handia da berarentzat. Hazkundearen “mugarri” honetan alderdi fisiko eta emozionalak daude nahasturik. Alde batetik, haurrak gorputzeko indar edo “sendotasuna” eta trebetasun motorrak behar ditu eta, horrekin lotuta, hazteko gogoa, ingurunea esploratzeko eta helduen mundura beste posizio batetik gehiago hurbiltzeko gogoa.

Normalki, neska-mutikoek 10 eta 14 hilabete artean gainditzen dute erronka hori, baina egin dezakete, adibidez, 7 edo 17 hilabeterekin ere. 

Hori ume batek lehenago edo geroago egin dezake zenbait faktoreren arabera; adibidez, kontuan izan behar da:

  • bere heltze fisiko eta emozionalean duen erritmoa. Oso ezberdina da adin bereko haurren artean.
  • bere esplorazio “estiloa”, “ausartagoa” edo “segurtasun zaleagoa”  izan daiteke-eta.
  • beldurrak, okasioren batean ahalegindu eta ezbeharren bat izan badu, horrek zuhurrago izatera eraman dezake-eta.
  • bere inguruneaz, bere familiaz duen bizipena. Ikusi behar da ea honek haztera bultzatzen duen, ala “umetxo izaten jarraitzea gura duen”. Erritmoa behartzen dion ala errespetatzen dion.

ZELAN LAGUNDU HAZKUNDEAN?

Bizi garen gizartean, batzuetan, epe laburreko emaitzak gura ditugu, ingurukoekin konparatu eta “arrakastak” neurtzeko, eta gerta liteke guk hori hazierara aldatzea. Uneren batean senti dezakegu ez garela guraso onak gure semeak edo alabak ez baditu zenbait aurrerapen azkar egiten. Baita ere egia da, guk hazieran dugun eginkizunaren barruan, adi egotea dagoela ea dena egoki garatzen ari ote den eta, horrela ez bada, laguntza eskatu behar dugula.

Esan genezake garrantzitsua adi egotea dela ea bat ez datorren zerbait ikusten dugun, eta neska-mutikoarengan irrika piztu jolas egiteko, esploratzeko, beregain izateko, hazteko, … Horrek bultzatuko du umea, bere erritmoan, zutitzeko, ibiltzeko… ahaleginak egitera, baina betiere gozatuz . Afektuzkoingurune seguruan eta arau batzuekin, gozamena funtsezko osagaia da hazkunde osasuntsurako.

Horretarako, zera galdetu behar dugu geure artean: Zelan lortu hori?   Zelan lagundu diezaioket haurrari haz dadin, zutitu eta ibil dadin, baina bere erritmoan eta gozatuz? Zelan egin dezakezun? Adibidez:

  • Jolas-denbora partekatuz gure seme edo alabarekin lurrean, lau hankan, biribilka dabiltzan gauzekin, testura askotakoekin, gorago eta beherago jarritakoekin, … lasai-lasai eta era atsegingarrian pizteko esploratzeko konfiantza eta gogoa.   Hau, oro har, berez sortzen zaigun zerbait da, gure “barruko haurrari” apur bat “irteten” lagatzen badiogu, behintzat. Liburuetan ere topa ditzakegu iradokizun batzuk; adibidez, Anne Pulkkinen-en “Jugar con bebés”  (Erreferentzia ISBN: 9788425514982) eta “Jugar con Niños a partir de 2 años“ (Erreferentzia ISBN: 9788425517648) HISPANO EUROPEA argitaletxean. Liburu hauetan badaude iradokizun batzuk, baina eraginkorrena, hala ere, berezkotasunetik jolas egitea da eta neskatoari edo mutikoari gurekin dagoenean ateratzen zaionaz baliatzea. Liburuek ideia batzuk ematen dizkigute, bai; adibidez, zer material eskaini edo lekuak zelan antolatu.
  • Ez behartu umetxoak zutitzera ariketa zehatz batzuk edo taka-taka erabiliz, arriskua baitago garapen fisikoa ez ezik, emozionala ere nahasteko.
  • Jarraitu osasun-azterketak egiten pediatria sailarekin. Gaur egun, mediku-azterketak sarri egiten dira eta azkar samar identifikatzen dira nahasmenduak. 

NOIZ KEZKATU

18 hilabete bete baditu ibili barik edo, horren aurretik, mugitzeko edo harremanetarako beste zailtasunen bat detektatzen bada, pediatrarekin egotea komeni da. Dena den, zailtasun fisiko edo emozionalen bat dagoenean ere, jolas-denborak partekatzea eta erritmorik ez behartzea mantendu beharreko jarraibide edo araua da. 

LABURPENA

BAI

  • Neskato edo mutikoari aukera emateari jolas-denbora partekatuetarako edo bakarka jolas egiteko, jarrera, mugimendu, keinu… ezberdinetatik askatasunez esploratzeko. Zorua oso lagungarria da horretarako.
  • Haurraren autonomia eta hazteko gogoa bizkortzeari, baina behartu barik.

EZ

  • Larregi kezkatu eta estutzeari. Baina bai kezkatzen gaituenaz pediatrarekin berba egiteari.

KONTUZ

  • Zutitzera edo ibiltzera behartzearekin, kaltegarria izan daiteke eta.

BILATU ZEURE ERANTZUN PERTSONALIZATUA ZEURE ARRAKASTETATIK

Dena den, hazierari buruz dituzun zalantzen inguruan sortzen zaizkizun galdera batzuei zeure erantzunak ematera gonbidatzen zaitugu. Proposatzen ditugun orientabideak orokorrak dira eta gehiago edo gutxiago lagun dezakete, ume eta familia bakoitzaren errealitatearen arabera. Itaun hauei erantzunez, motibazio emozionala gehitu ahal izango duzu, eta hurbileko testuinguru erreala ere bai egin ahal izateko.  

  • Zelakoa da zure seme-alaba? Zer egitea gustatzen zaio?
  • Zein dira zure seme-alabaren ezaugarri positiboak?
  • Zer esperientzia bizi izan duzu aurretik, non zure semeak edo alabak zerbait berria egitea lortu duen bere hazkundean?
  • Noiz izan zen, zelan izan zen, zer jazo zen?
  • Zelan lortu zenuen laguntzea une hartan? Zer jarri zenuen zeure aldetik?
  • Zure zer ezaugarrik lagundu zizun umeari laguntzen?
  •  Zer jarriko zenuke zeure aldetik berari laguntzen jarraitzeko?
  • Zer proba egin dezakezu egun hauetan? 

Espero dugu lagunduko genizula gai honetaz egin diguzun kontsultan. Agur bero bat eta mila esker berriro.

BBK Family Learning

×