Familiei buruzko mitoak desmuntatzen

Familien nazioarteko eguna dela eta, hausnarketa batzuk egin nahi ditugu familia-egitura berri deiturikoek familia horietan hazten diren neska-mutilen garapen psikologiko osasungarrirako duten potentzialari buruz. Badira hamarkada batzuk puntako zenbait ikerketa-zentro gai hori zientifikoki aztertzen hasi zirela; besteak beste, Cambridge-ko Unibertsitateko Centre for Family Research (EB). Ikerketa horien bidez, datuak lortu nahi dira, haietan oinarrituz, heziketarako eta osasunaren sustapen integralerako familiek duten zeregin ordezkaezina hobetzeko politika eraginkorrak martxan jarri ahal izateko.

Erortzen ari den familiari buruzko topikoak

Orain arte egindako ikerketen ondorio orokor gisa, esan daiteke, potentzialki, familia guztiek egoki bete dezaketela hazkuntza-lana, baina, halaber, familia mota bakoitzak bere ezaugarrien araberako egoera bereziei egin behar diela aurre. Datuek gezurtatu egiten dituzte gure gizartean onartu ohi diren zenbait topiko; adibidez, irudi maskulino bat eta femenino bat egotea edo ama biologikoarekin lotura bat sortzea ezinbestekoa dela garapen psikologiko osasuntsu baterako. Arlo zientifikoan, aldagai jakin batek beste baten gainean izan dezakeen eraginari buruzko baieztapenak ?esaterako, berreraikitako familietan hazitako haurrek antsietate eta depresio arazoak dituztela esatea? frogatutako egitateetan oinarritu behar dira, eta ez iritzi, aurreiritzi edo erlijio-sinesmenetan. Gainera, kausa-ondorio harremanak edo bi aldagairen arteko aldakuntza bateratu soilak normalki ez du adierazten errealitatearen konplexutasuna; arrisku-faktoreak elkartzeak edo faktore babesleen aldi bereko presentziak azaltzen dituzte ezaugarri psikologikoak edo sintoma psikopatologikoak.

Horrekin loturik, esan daiteke, dibortzio gatazkatsu batetik datozen ama bakarreko familien kasuan, guraso bakarreko familia izatea ez dela arazoa, baizik eta prekarietate ekonomikoa, bizi izandako gatazka, estresa eta bikote ohiarekin dagoen harreman txarra izan daitezke haurren arazoak (adibidez, eskola-errendimendu baxua) azal ditzaketen arrisku-faktoreak. Adopziozko familien kasua bereziki interesgarria da; izan ere, familia horiek dira haur bat hazteko gaitasuna duten ala ez zehazteko ebaluatzen diren bakarrak. Adopziozko familiek prest egon behar dute garapen atipikoak dituzten haurren heziketari aurre egiteko, haurrari ingurune berri batera ondo egokitzen laguntzeko eta seme-alabei beren jatorria azaltzeko. Familia homoparentalen kasuan, estigma sozialari aurre egin beharra da arrisku-faktore nagusia. Datuen arabera, familia horietan hazitako neska-mutilek ez dute arrisku handiagoa garapen atipiko bat izateko, eta, halaber, familia horietako seme-alabek gurasoen sexu-orientazioa errepikatuko dutela dioen topikoak ez du oinarririk. Munduko hainbat herrialdetan familia homoparentalei adoptatzea eragozten dieten legediak ez dira oinarritzen zientifikoki frogatutako egitateetan.

Bestalde, familia ugariek egoera bereziki estresagarriak bizi ditzakete eskasia ekonomikoko garaietan, eta horrek kalte egin diezaioke familiako kalitate interaktiboari eta, beraz, eragin negatiboa izan dezake haurren garapen psikologikoan. Laguntza bidezko ugalketara jotzen duten familiek, berriz, erditze anizkoitzen kasuan, amaren eta haurren osasunarekin loturiko arriskuei egin behar izaten diete aurre. Hazkuntzarako motibazio handia duten familiak izaten dira, babes-faktore gisa, eta gehiegi babesteko jokamoldeak hartzeko arrisku moderatua izaten dute, arrisku-faktore gisa. Subrogaziora jotzen duten familiek ere haurren hazkuntzarako arriskuak sor ditzakeen egoera berezi bat bizitzen dute. Gainera, munduko hainbat herrialdetan arautu egin dute praktika hori, muturreko biziraupen-baldintzetan bizi diren emakumeak esplotatzeko erabiltzen dela ikusirik. Azkenik, familia multikulturalek egokitzapen-prozesu bat behar dute bikote-bizitzari buruzko itxaropenetan, haurren garapenean, hazkuntzako gidalerroetan, etab… Ondorio gisa, esan daiteke familia-egitura bakoitzari egotzitako etiketak desegin egiten direla familia barruko eta kanpoko elkarreraginak aztertzen direnean. Hala, esan daiteke elkarreragin horiek eragiten dutela benetan haurren garapen psikologikoan; ez familia-egiturak.

Familia-aniztasunaren gaiari heltzean, argitu behar dena da ea familia-egitura horietako bakoitzean ?tradizionala barne? sinkronia edo egokitzapen optimo bat dagoen helduen behar eta eskubideen eta haurren behar eta eskubideen artean. Zorionez, ikerketek argi eta garbi erakutsi dute mota guztietako tratu txarrek, arduragabekeriek eta abusuek eragin suntsitzaileak dituztela buru-osasunean. Zorionez, halaber, ikerketek erakutsi dute zeintzuk diren hazkuntza onaren giltzarriak, garapen psikologiko osasuntsu bat izateko. Horietatik lehenengoa tratu onaren praktika da, hau da, lotura afektibo egonkorrak sortzea, haurrak mundu aurreikusgarri eta seguru baten irudia eraiki dezan. Lotura seguru bat sortuz, besteak beste, ingurunea esploratzeko nahia aktibatzen da eta, horren bidez, esperientziazko aberastasuna lortzen da. Esplorazio horretan ez bada eragozten zoritxarrarekin harremana izatea ?frustrazio optimoarekin edo txerto psikologiko deiturikoarekin lortzen da hori?, haurrek errealitatera egokitzeko baliabideak garatzen dituzte, eta horrek indartsuago eta beren bizitzen jabe bihurtzen ditu.

Garrantzitsua da autoerregulazioko gaitasunak garatzen laguntzea.

Garapen psikologikoaren sustapen egokiarekin osatzen da tratu ona. Hain zuzen, haurrengan autorregulazio-gaitasunak garatzea da dimentsio horren helburu nagusia, portaera-mailan, maila intelektualean eta emozionalean. Jaiotzean haurrak ez ditu gaitasun horiek, eta interakzio sozial goiztiarren bidez eraikitzen dira gaitasun horiek sostengatzen dituzten garuneko inhibizio-zirkuituak. Garai horretan, familiako interakzioek hartzen dute leku nagusia; horien artean, haurren erregulazio emozionalari laguntzea, frustrazioarekiko tolerantzian trebatzea, beste pertsona batzuen nahi, asmo eta eskubideekiko kontrastea, etab. Oso garrantzitsua da gaitasun horiek ondo bereganatzea; izan ere, egiaztatua dago gaitasun horien garapen eskasa halabeharrez lotuta dagoela gure gizartea kezkatzen duten arazoekin; horien artean, emakumeen aurkako indarkeria, haurren aurkako tratu txarrak, gurasoen aurkako indarkeria, adikzioak eta inhibizio-gaitasunak eskatzen dituzten beste portaera guztiak, zeinak, bestalde, ezinbestekoak baitira pertsonen arteko bizikidetza baketsurako.

Halaber, garapen psikologikoaren sustapenak ondo erregulatutako emozio-adierazkortasuna eskatzen du familian; haurren autoestimua sustatzea egindako ahalegina, autonomia pertsonala eta komunitateari egindako ekarpena aitortuz, eta ez etengabe beste pertsona batzuekin alderatzen eta beste pertsona batzuk gutxiesten aritzea. Familia barruan garapen intelektuala eta linguistikoa sustatzea ere oso garrantzitsua da. Familiako jolasak, irakurzaletasuna bultzatzea eta etengabeko erronka intelektualak dira garapen horren gakoak. Horrez gainera, familia guztiek pentsamolde kritikoa garatu behar dute enpirikoki egiaztatu gabeko eta interes komertzialekin sustatutako topikoen aurrean (adibidez, gailu elektronikoen bidezko ikaskuntza sendoagoa dela interakzio sozial zuzenean oinarritutakoa baino). Hain zuzen, guraso eta zaintzaileek heziketa eta osasun publiko arloko erronka oso garrantzitsua dute, gaur egun, haurrek pantaila digitalekin duten interakzioaren inguruan. Gainera, gogorarazi behar da haurrek pantaila digitalekin arautu gabeko harremana izatea haur-obesitatearen faktore gisa identifikatu dela.

Familien hazkuntza-lanak gurasotasunaren ekologia deiturikoaren barruan gauzatzen dira. Familia zabalarekiko harremanek, lagun-sareek, familiaren eta eskolaren arteko harremanek, gizarte- eta osasun-arretak eta hazkuntzaren babes politikoak osatzen dute kontzeptu hori. Hurbileko deituriko ekologia familiarrean, familiako kalitate interaktiboan eragin oso handia duten bi faktore daude: estresaren eta gatazkaren presentzia. Bi faktore horiek maila egokitzaile-osasungarrietan edo maila toxikoetan koka daitezke. Azken horiek eragin negatiboa izaten dute familia-sistemaren eta familiako kide bakoitzaren orekan. Ikerketetatik ateratako datuek argi eta garbi adierazten dute estres toxiko iraunkorra duten haurrek ikasketa-gaitasun murritzagoak dituztela eta arrisku handiagoa dutela gaixotzeko.

Hazkuntza onaren gakoak aztertu ondoren, eta familia-egitura berriei buruzko azterketara itzuliz, esan behar da familia mota guztiek osasuntsu haz ditzaketela beren seme-alabak eta guztiek jaso dezaketela laguntza beren zereginetan. Testuinguru horretan, bereziki aipatu behar da erakundeek hazkuntzari laguntzeko ekintza politikoaren garrantzia. Nazioarte, estatu, eskualde nahiz tokiko mailan, familiei laguntzeko politikak egiten dira, nagusiki, familia-ingurunearen ekologiari zuzenduta; horien artean, laguntza ekonomikoak, kontziliaziorako laguntzak, aitatasun-bajak eta gurasotasunerako laguntzak. Aipatutako guraso-gaitasunak sustatzera bideratutako laguntza horiei guraso-autoeraginkortasuna eta zaintzaileen erantzukidetasuna gaineratu behar zaizkie. Enpresek guraso-funtzioari lagunduz eta ikerketa independenteetan oinarritutako giza hazkuntzari buruzko ezagutzak zabalduz, gurasotasun positiboko politikak osa daitezke.

Enrique B. Arranz Freijo. EHUko familia-psikologiako katedraduna.

Gogorarazi nahi dizugu Familien Nazioarteko Eguna ospatzeko Gehiago hitz jokoa oparitu genuela, familian ondo pasatzeaz gain, hobeto ezagutu zintezten. Hemen uzten dizugu hori lortzeko modua, egun hauetarako programatu ditugun jarduerekin batera.

https://bbkfamily.bbk.eus/eu/ezagutu-bbk-familyren-jarduerak-familiaren-nazioarteko-egunean/

Mediatekan dauden materialak laguntzeko

https://bbkfamily.bbk.eus/eu/mediateka/beste-familia-mota-batzuk-ezagutzea/
Menu

BBK Family Learning

×