Verano sin discusiones

Eztabaida bako uda familian?

Osasun-krisiko hilabeteetan familia-nukleoa “ezinbestean” elkarrekin bizi ostean, iritsi da uda. Iritsi dira eskolako oporrak eta, zorte apur batekin, lanekoak ere bai. Agian, familia zabala ikusiko dugu orain. Agian, lehen “eutsita” izan dugun tristura azaleratuko da orain. Agian, etor daitekeenarekiko ziurgabetasunarekin jarraituko dugu. Agian, egoera ekonomiko gaitzean egongo gara. Eta prebentzio-neurriak hartzen jarraitu behar dugu, hala nola maskarak erabiltzea, eskuak maiz garbitzea eta topaketetan eta kalean segurtasun-tarteak gordetzea.  Eta, horrela, inoiz baino gehiago, zelanbait udaz gozatu ahal izatea gura dugu. Ez da gurari hutsa, beharrizana ere bada. Posible izango da modu lasaian egitea, borroka eta eztabaida barik? Jakina, uda honek zelanbait “erreparatzaile” edo osatzaile izan beharko luke. Horretarako, gauza batzuk egiten saia gaitezke.   

1- UDAN GATAZKAK KUDEATZEA

Gatazka naturala da pertsonen artean. Saihestezina da. Ez da ez ona eta ez txarra. Modu egokian kudeatu ahal izatea da kontua. Emoziozko asertibitate-eredu batetik abiatzeak, agresibitatera edo pasibotasunera jo barik, gatazkari hobeto aurre egiten lagun diezaguke.   Eredu horretan, modu zehatz batean kokatuko gara:

a. Pertsona helduaren posizio espezifikoan jarriko naiz aurrean dudan pertsonarekiko.

Horrek esan gura du nire bikotekidearen edo lagun baten aurrean posizio simetrikoan egongo naizela. Besteari berdinkideari lez berba egingo diot, autoritate berezirik izan barik. Bi helduen artean berba egin edo negoziatu beharko dugu. Seme-alaben aurrean, ordea, posizio asimetrikoa dut. Ez naiz beraien parekidea, ez naiz beraien laguna… autoritate eta erantzukizun bat dut haiek babesteko eta haien autonomia sustatzeko arauen eta maitasunaren bidez. Kasu batzuetan, adinaren eta “dantzan” dagoen gaiaren arabera, arauren bat zehazten utzi ahal izango diet negoziatuta. Beste batzuetan, beren erabakiak hartzen utzi ahal izango diet ondorioetatik ikas dezaten. Eta beste batzuetan, ezin izango dute hainbeste “parte hartu” (esate baterako, osasun, biziraupen, balio edo bizikidetzaren funtzionamendua bezalako gaietan).

Adibidez, nerabe bati, astean egun batean jateko zer gura duen zehazten utz diezaiokegu, bere zereginak azken ordurako uzteko erabakia hartzen utz diezaiokegu hortik ikas dezan, … baina ezingo diogu utzi norbaiti eraso egiten edo drogak probatzen ondorioetatik ikas dezan.

b. Neure inpresioetatik, “ni”tik, berba egingo dut.

Gatazka batean, garrantzitsua da lehen pertsonan (nik) berba egitea sentitzen dudanaz, pentsatzen dudanaz, behar dudanaz, egin dudanaz… egoera honetan. “Triste sentitzen naiz …”, “Behar dut …”

Eta ez joan azkar baieztapen absolutistetara, edo ez jarri arreta “besteari okerrak” aurpegiratzen, honelako esapideekin: “Normala da… Mundu guztiak nik pentsatzen dudan gauza bera pentsatzen du… Izan ere, zuk egin duzu… Zuk ez duzu ondo pentsatzen…”.

c. Gatazkaren gertaera objektibo zehatzean zentratuko naiz.

Kontua da gaia mugarritzea une honetara, egoera honetara, gertatu den honen aurrean, jokabide zehatz honen aurrean…  “Haserre nago tarta guztia zuk bakarrik jan duzulako“. 

Eta ez arreta jarri beste pertsonaren funts edo ezaugarri “negatiboetan” edo ez orokortu.  Honelako esaldiak saihestu behar dira: “izan ere, beti gauza bera egiten duzu, zeurekoi hutsa zara, beste behin ere gauza bera egin…”.

d. Beste pertsonaren lekuan eta emozioan jartzen saiatuko naiz

Benetako ariketa izan behar du, ez “zinismo”-ariketa edo beste barik ikasitako formula automatikoa… “Ulertzen dut zu haserre egotea giltzak jarrita utzi ditudalako”, “Ulertzen dut zuri graziarik ez egitea jada parketik joan behar dugulako”….

Horrek esan gura du, halaber, gai izan behar dugula egoera batzuen zailtasuna eta beste pertsonaren ezaugarri positiboak aitortzeko eta berari esateko: “Badakit zaila dela besteen mende ez egotea. Badakit zu oso pertsona buruargia zarela…”

e. DENOK IRABAZTEA bilatuko dut

Batzuetan, amorruak eta nork bere burua finkatzeko beharrizanak, gaizki ulertuta, BORROKA batean sartzen gaituzte, eta hor ez da posible aurreko guztia. Une bat iristen da, non axola zaigun gauza bakarra irabaztea baita, eta besteak galtzea. Nik arrazoi izatea, beste pertsonak egin dezala nik esandakoa eta nik esan bezala, horixe delako onena edo benetakoa.

Ikuspegia aldatzea litzateke asmoa, eta bi aldeek zelanbait “irabaztea”. Izan daiteke negoziazio baten bidez, tarteko konponbide baten bidez, edo beste pertsonari (gure semea edo alaba bada) jarritako arau baten frustrazioa behar bezala bideratzen lagunduz (kontua ez litzateke beste barik bere barruan amorrua gordetzea, baizik eta frustrazioa zelanbaiteko lasaitasunetik, tristuratik eta jakin-minetik digeritu ahal izatea, beste aukera posible batzuk bilatzeko).  Horretarako, lasai eta jakin-minez egon behar dugu, beraren gauza positiboak aitortzeko, eta Denok Irabaztea lortzen laguntzeko prest gaudela erakusteko.   

f. Hobe dut isildu eta tartetxo bat kanpoan ematea

Batzuetan, nabaritzen dugu gure haserrea gero eta handiagoa dela, eta horrek lehertzera eraman gaitzake, eta orduan haserrea besteari kutsatuko zaio. Zerbait modu txarrean edo deskalifikatuz esan behar badugu, ahoa zarratu edo ixteko unea da. Hobe izango da pixka bat lasaitzera joatea (horretaz ohartaraziz bestea: “Itxaron une bat, mesedez, neure burua lasaituta, itzuliko naiz eta egingo dugu berba“). Arnasketa batzuk egin behar ditugu, lasaituko gaituen zerbaitekin distraitu eta, ondoren, DENOK IRABAZI eskema buruan dugulaitzuli.

g. Azken batean, NIRE EMOZIOA, BEHARRIZANA, ENPATIA ETA ‘DENOK IRABAZI’ IRTENBIDERAKO PRESTASUNA ADIERAZIKO DITUT

Arau bat ez betetzeak sorturiko gatazkan baldin bagaude gure alabekin, honelako zerbait izan liteke:

“Haserre nago oraindik ez duzulako arropa jaso.Araua bete eta zuk arropa jasotzea gustatuko litzaidake. Agian lehen oihuka esan dizut, barkatu. Ulertzen dut arropa batzea aspergarria iruditzen zaizula eta ez zaizula gustatzen, baina …jaso egin behar da. Badakit pazientzia handia duzula une askotan. Zelan egin dezakezu? … Musika jarri edo abestu gura duzu?  … Gura baduzu, lagunduko dizut goiko apalean zerbait jartzen”.

Helduen kasuan, araua edo konponbidea ez daukazu zuk bakarrik jarri beharrik; aitzitik, elkarrekin eraiki beharko da zerbait, eta elkarrizketa irekiago utzi beharko da: Zer egingo dugu? Zelan konponduko dugu? Eta hor, oso garrantzitsua da aurreko urrats guztiak kontuan hartzea eta beste pertsona benetan entzutea.

“Haserre nago oihu egin didazulako. Hobeto sentitzeko, gustatuko litzaidake gauzak goxo-goxo eta lasai esatea. Barkatu autoa zabalik utzi badut. Ulertzen dut haserre egotea lapurtu egin diezaguketelako, eta zaila da egoera honetan kontrolatzea. Adi-adi beha egoten den pertsona zara, eta gustatuko litzaidake orain pentsatuko bagenu hurrengoan zerk lagunduko didan ondo itxi behar dudala gogorarazten”.

Beharbada, asertibitate emozionalaren eskema hori ez da gatazkak konpontzeko panazea.  Hala ere, beste modu batean aurre egiteko argibideak ematen dizkigu. Oro har, oso garrantzitsua da gure amorruak ez leher egitea. Amorruak eztanda egiten badu, “galduta” gaude (biziraupen kontua ez bada, behintzat).

2. UDAN OHIKOAK DIREN GATAZKA BATZUETARAKO IDEIAK

Bakoitzak gauza bat ezberdina egin gura izatea

Plan bateratuak egin gura genituzke, hirian bertan edo turismoa egin eta leku berri bat bisitatuz. Baina bakoitzak atsegina, jakin-mina, segurtasuna edo lasaitasuna gauza ezberdinak eginez aurkitzen du. Eta zaila da guztiok bat etortzea motibatzen gaituen plan batean. Horregatik, irtenbide batzuk pentsa genitzake.  

Familiako pertsona bakoitzak gune pertsonal batzuk izan ditzake bere desira edo gurari zehatzetarako. Banaka edo bikote-mailan (familia zabalaren laguntza izanez gero, adibidez, umeak zaintzeko).

Familia osoaren gurariak uztartzeko planen bat bila dezakegu (adibidez, hondartzan egun bat igarotzea umeek hondarrarekin jolasteko, beste batek etzaulkian atseden hartzeko, beste bat itsas pasealekuan ibiltzeko, neraberen batek lagunen batekin geratu eta uretan murgil egiteko…). Egia da familia-plan horietan nerabea beti geratzen dela apur bat “airean” bere interesetan, … eta ikusi egin beharko da zer ahalbidetu berarentzat.  

Egun berean planak konbinatzea ere posible da. Horrela, goizean, pertsona helduek monumenturen bat ikustea edo trecking egitea aukera dezakete (haurrek eta nerabeek horren ondoriozko frustrazioa onartu beharko dute). Arratsaldean, haur-parkearen garaia izango da, edo nerabeari bere plana egiten utziko zaio. Edozelan ere, basoan zehar paseo bat ematean ere, jakin-minezko emozioa kutsa diezaiekegu umeei harri berezien bila. Nerabeari, sakelako telefonoan ibilbide edo informazio bat bilatzeko eska diezaiokegu, edo gero galeria bat sortzeko argazkiak egin ditzala eskatu. Hiri bat ere bisita daiteke, baina bisita gidatu antzeztu batekin edo modu berezian eginda, …

Pantailen erabilera udan

Badakigu udak pantaila gutxiagoko garaia izan beharko lukeela, bai helduentzat, bai ume eta nerabeentzat. Pantailekin “lehiatu” daitezkeen jarduerak bultzatu beharko ditugu; udan pantailak erabiltzeko idatzizko kontratuak sortu (pantaila-ordu gutxiagorekin, noiz eta zelan erabili behar diren zehaztuz); pertsona helduok eredu bihurtu pantaila gutxiago erabiliz; eta pantailek dauzkaten “gauza onak” aprobetxatu, adibidez, nerabeek ibilbideak, jatetxeak, lekuen informazioa, … bila ditzaten.

Edozelan ere, haurtzaroan eta nerabezaroan, kontuan izan behar da idatzizko kontratuek ez dutela helduen munduan duten balio bera “gogoan irauteko”, eta, beraz, baliteke kontratu hori egunero gogoratu eta berretsi behar izatea.  

Agian une egokia da “pantailen” munduaz eta hazkuntzaz ikasteko. Andrea Alfaroren Manual de Supervivencia para padres y madres en Tecnologías y Redes Sociales (Gurasoentzako biziraupen-eskuliburua teknologietan eta sare sozialetan), BBKFamilyk argitaratua, eskura dezakezue.

Sartzeko eta irteteko ordutegiak

Neskak eta mutilak autonomoak direnean, beharrezkoa da modu zehatzean eta aldez aurretik ezartzea etxean sartzeko eta irteteko arauak, ordutegiak, baldintzak, … eta, betetzen ez badira, ondorioak (familia bakoitzak ikusiko du negoziatu dezakeen ala ez eta noraino).  

Non eta zer jango dugu, eta zer ordutan

Etxetik kanpo bagaude, batzuek janari beganoa duten lekuak bilatu gurako dituzte, beste batzuek mexikarra, beste batzuek… Jende gehiagorekin bagoaz, batzuek 13:30ean bazkalduko dute normalean, beste batzuek 15:30ean… Eta konponezinak ager daitezke. Horri buruzko ideia batzuk:

  • -Aukeraketa txandakatuz joatea. Egunero pertsona batek aukeratuko du jateko lekua eta janaria. Jakina, gastuaren eta janari osasungarriaren muga bat egongo da arau gisa negoziatu, adostu edo mantendu beharrekoa.
  • -Garrantzitsua litzateke aurreikustea non jan dezakegun leku bat ikustera joan aurretik, eta erreserba egin badaiteke, hobe, azken orduan presaka ez ibiltzeko.
  • Pertsona batzuentzat itxaronaldi handirik eskatzen ez duen ordutegia errespetatu behar da, gosea maneiatzeko gaitza den frustrazioa baita, eta kontrolatu bako haserrea eragin dezake.
  • -Saia gaitezke egunean behin familia-bazkari bateratu bat egiten, ordu zehatz batean.  Adibidez, eguerdian. Eta gauean, agian, malguagoak izan gaitezke horretan.

Kontuz errutinekin eta oro har ordutegiekin  

Loak, goseak, nekeak edo gehiegizko estimulazioak (haurren edo “helduen”) kasketaldiak ekar ditzakete. Horregatik, interesgarria izango da udan malgutasuna izatea, baina ordutegiei eta beste bizikidetza-ohitura batzuei dagokienez errutina batzuk mantenduz betiere.

Kanpoan bagaude, janari osasungarri apur bat eroan dezakegu motxilan, bazkaltzeko edo afaltzeko leku bat aurkitzen asko berandutzen bagara edo.

Hoteleko gelako leihoetan jartzeko oihal beltz batzuk eroan ditzakegu, pertsianarik ez badago eta umeak ilunpetan lo egitera ohituta badaude edo. Gauza bera lo egiteko argitxo bat edo peluxezko hartza behar badute. Ez ditzagun etxean ahaztuta utzi. 

Ibilbide turistiko bat egin aurretik etxean edo hotelean jolasteko denbora hartzeak ere lagundu dezake haurrak emozio atseginagoarekin irten daitezen, baita ibilbidean zehar jolas-jardueraren bat tartekatzeak ere. Jakina, ohera joan aurretik ipuin bat kontatzeko ohitura sartu edo jarrai dezakegu, edo egunean zehar egin dutenaz berba egin, edo zertan jolastu duten kontatu, etab. Oheratu aurretik, hobe pantailak ez erabiltzea.

Egun berean plan pila bat egiteak larregi estimulatzea ekar dezake, eta ordu jakin batzuetan nekatuago egotea. Batzuetan, hobe da gauza gutxiago egitea baina emozio atseginekin, eta ez asko egin eta gero haserretuta edo arbuioarekin amaitu.

Beste pertsona batzuekin egun batzuk igarotzen baditugu, errutina-beharrizanak eta jarduerak egiteko gogoa ezberdinak ditugula kontura gaitezke. Koinatu-koinata, aitona-amona, lagunak, … izan litezke. Baliteke nik jarduera, ordutegi eta abarren plangintza itxia gura izatea … eta koinata, berriz, inprobisazio pertsonalizatua izan daiteke. Beraz, asertibotasun emozionala erabili beharko dugu, elkarren arteko akordioetara iritsi, eta DENOK IRABAZTEA bilatu. Agian plan batzuk elkarrekin eta beste batzuk bereizita egin beharko ditugu eta ez da ezer jazo edo gertatzen. Bestalde, beste pertsona batzuekin elkarbizitza gaitz edo zaila asko luzatzea okerragoa izan daiteke 4 egun gustura igarotzea eta pozik geratzea baino.

Aitona-amonak atal zehatz bat dira. Azken garai honetan, hauskortasunean bizi izan dira, gaixotasunaren itu edo jomuga izan baitira, eta, beraz, haiek jagon edo zaintzeko, maitasuna erakusteko, segurtasunean bizitzeko unea da, ahal den neurrian. Agian, tarte bat pasa dezakete familiarekin eta haiek apur bat lagun diezagukete hazkuntzan, beraien gain erabat utzi barik. Gure seme-alabekin erabiltzen dituzten hezkuntza-irizpide batzuekin ados ez bagaude, asertibitate emozionala erabil dezakegu, baina oso oinarrizko gauzetan eta dramatizatu barik. Beraien rol edo eginkizuna amonena da, ez amena.

“Aspertuta nago…” beldurgarria  

“Ba, erosi asto bat!”. Esaldi horren ordez, “Ba, sortu zerbait” esaldia erabil dezakegu.  

Asperdurak, sentitzen dugun unean, emozio desatseginak (tristura, haserrea edo arbuioa) eragin ditzake, baina baita emozio atseginak ere, irudimena eta sormena martxan jartzean.

Adibidez, egun batzuetan euria egingo du udan. Etxean edo hotelean gera gaitezke mahai-joko edo eskulanetarako material xumeren batekin (karta-sorta batek, orri eta margo batzuek, … joko handia eman dezakete). Halaber, estalpea duen lekuren bat bisitatzeko aprobetxa dezakegu, edo sormenari bere lana egiten utz diezaiokegu. Agian erabakiko dugu une egokia dela gauzak ordenatzeko, jolasteko edo elkarrekin jakiren bat prestatzeko. Azkenaldiko konfinamendu-garai honetan, estrategia asko garatu ditugu.

Eta noiz iritsiko gara helmugara? Era berean, bidaian jokoak asmatu edo proposa ditzakegu. Bidaiatzeko mahai-jokoren bat; Ikusi Makusi; animaliak, telebista-saioak, futbol-taldeak edo pertsonaiak asmatzea pista edo lagungarriak baliatuz; hodei arraroak bilatzea, auto horiak bilatzea, … Pantailak hor daude, bai, baina bidaietan saia gaitezen horiek saihesten edo denbora jakin batera murrizten.

3. AMAITZEKO

Saia gaitezen uda hau “erreparazio” edo osatzeko garaia izan dadin. Erabil ditzagun itxaropen errealistak, uda sentipen kaskarrarekin ez hasteko edo amaitzeko lagungarri izango dira eta. Aurtengoa uda on bat izan daiteke, eta normaltasun berriaren erdian zailtasun batzuk edo gauza desberdinak izango ditugu. Gatazkak ere sortuko dira … Baina gauza on bat da argibideak eta eskarmentua ere izango ditugula horiek era positiboan zelan kudeatu jakiteko, eta horrela zenbait gauza apur bat desdramatizatzeko aukera izango dugu.

UDA ON!!!

BBKFamilyren zenbait artikuluren erreferentziak utziko dizkizuegu, uda honetan zuentzat interesgarriak izan daitezke eta:

Manual de Supervivencia para padres y madres en Tecnologías y Redes Sociales (Gurasoentzako biziraupen-eskuliburua teknologietan eta sare sozialetan. Elkarrizketa: “Bada garaia pantailetatik askatzeko”)

Arimari atseden ematea. Pepa Horno.

Zelan lagundu diezaiekegu gure seme-alabei uda honetan hondartza eta igerilekuetan arauak betetzen? Bego Ruiz

Hits: 1

Iruzkinak itxiak daude.

BBK Family Learning

×