Ez zaitut ulertzen

emakumeen indarkeriari ez

Honako artikulu hau irakurtzeko orduan aurkitu duzun hutsunea hutsunearen % 1 da, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeek lehen aldiz tratu txarrak jasotzen dituztenean edo salaketa jartzea erabakitzen dutenean sentitzen duten bakardade- edo desorientazio-sentsazioa.

Orduak eta egunak aurrera doaz eta ez dakizu ezer berari buruz, ondo egongo da?  Galderak larruazala urduritzen dizu muturretik muturrera, erantzunaren beldurrak inbaditzen zaitu, gainditu egiten zaitu. Zure bizitzako errutinek egunerokotasunaz betetzen zaituzte: kafea hartu, zure lantokira gidatu, lan bat egin…; bitartean, elkarrizketa hutsalak eta tarteka agertokia aldatuko duen dei bat jasoko duzula iragartzen duten pentsamenduak; etxera itzultzen zara, gauzak jaso, afaria egin, gela desordenatu batengatik errieta egin, besarkatu, musu eman, oheratu, irakurri eta bihar albiste onak izango dituzun itxaropenari helduta lo egiten duzu. Aspertuta zaude bete bako promesez, gezurrez, horien gainean berak erresistentzia-horma bat egin duelarik, non kolpe, irain, mespretxu bakoitzak elkar lotzen zintuzten guztia jaten joan den.

Joan eta etorri dabiltza haren lehen aitortzatik bizitako une guztiak, non Joana Arco-koa bezala kokatu baitzinen zu, eta hura maite eta zaintzen zuen gizon baten irudi idealizatu bat erauzi zenuen zure izatearen sakonenetik. Gizon hura zegoen idulkia suntsitu egiten duzu amorruz, sinesgogortasunez, baina, batez ere, ezintasuna da nagusi, erruduntasun bat ezartzen da zure baitan, eta ezin diozu horri aurre egin, malkoak ez dira iristen, gizonari aurre egin besterik ez duzu gura, eta behin eta berriz galdetzen diozu zeure buruari: Zelan ez zara konturatu? Zelan ez zenituen ikusi alerta-seinaleak? Uneak aztertzen dituzu, zapiek ebidentziak estaltzen zituzten egoerak; denboraren poderioz, begiek beldurra, mina eta lotsa ulu egiten zituztela konturatzen zara, eta zuk ez zenuen ikusten, gizonak erakutsi gura zizunari bakarrik begiratzen zenion eta.

Biktima eta lagun baten ondoan egoten naiz

Lagun gisa erromesaldia hasten duzu adiskidetasun, samurtasun eta baldintza bako maitasunetik, inplikatua sentitzera iritsiz. Amorrua sentitzen duzu ikusten duzunean biktima babesten omen duen sistema zure aurrean eraitsita. Genero-indarkeriaren aurkako kanpaina handietan ezagutzen eta entzuten duzunaren eta errealitatearen arteko loturarik eza hain da handia, non azkar astindu eta markatutako urratsak jarraitu besterik ezin baituzu egin; baina sosegurik eza eta babesgabetasuna areagotuz doaz eta zure barren-barrenean sartzen dira, indarkeria instituzional bat sentitzen duzu, zu horren ikusle hutsa zara, eta bera da aktore nagusia, eraginkortasunik ezak suntsitzen zaituzte, berak amore ematen du zure begiradaren aurrean, etxera itzultzen da, ez du jarraitzen, dena aurrera doa ezer gertatu ez balitz bezala, etengabeko tratu txarra ez da nahikoa estatuak arduraz eta eraginkortasunez jarduteko, egon badaude eta ulertzen dut prozedurak eta protokoloak betetzeko daudela eta ekitatea bermatzeko ezartzen direla, baina gehienetan ate birakari baten sarrera gisa balio dute, eta zure laguna han sartzen da, eta, balizko irteerak gorabehera, bira eta bira ibiltzea besterik ez du lortzen; galdeketa edo itaunketari aurre egin behar izan zion, arreta eman zion gizonaren gaitzespen-begiradapean, kamera geldoan amaigabeko galderak bata bestearen ondotik, batzuetan garrantzirik gabekoak, irmoki adierazitako baieztapen bat iristen den arte: “Izan ere, gauzak ondo egin izan bazenitu hasieratik…”. Badirudi nire lagunak ez zuela irakurri 6 urrats errazetan biktima ona izateko eskuliburua… Nik ere ez dut irakurri.  

Hurrengo urratsak ere ankerrak eta zitalak dira, jarrera harroetatik abiatuta, non askotan profesionalek gaia osoki bananduz jarduten duten, halako moldez non neutraltasun bat ikusi eta nabarmentzen den, min egiten, zauritzen eta arreta erabat garestitzen duena; hainbesteraino non biktima epaitua eta arriskuan sentitzen den, benetan behar duena arreta zuzenekoa eta pertsonalizatua denean, berdinkideen jarreratik abiatuta, eta ez naiz ari paternalismotik edo asistentzialismotik egindako arretei buruz, baizik eta benetako laguntzatik. Denbora aurrera doa, 48 ordutan, zerbitzu juridikoek, zenbait lege-trikimailuren ostean, kautelazko edozein neurri saihesten dute, eta zure bizitzatik kanpo dagoen pertsona batek eskolta gisa laguntzeko eskaintzak babesgabetasun-egoera eragiten du gizartean eta lanean, baina ez dirudi inor horretaz konturatzen denik; bitxia da bera (nire laguna) izatea bere burua defendatu behar duena, bera izatea ihes egin behar duena, bera da arriskuan dagoena, gizonak bere gizarte- eta lan-bizitzarekin jarraitzen duen bitartean ezer arriskatu barik.

Jasateko gaitasuna murrizten denean

Zuk entzun egiten duzu, bere beharrizan oinarrizkoenetan (jana, loa, konpainia, …) laguntza ematen diozu, bere jasateko gaitasuna murriztuz doa, eta zurea ere bai, bere istorioa bost agertoki desberdinetan kontatu du, arrotzen aurrean, berriz ikusiko ez dituen pertsonen aurrean; nire ikuspegitik, prozesu osoaren atzean dagoena psikologikoki eta fisikoki akitzea da, azkar lortzen den zerbait, bere eskubide guztietan urratutako emakumea baita, eta une horretantxe, hain zuzen, berriro agertzen da gizona promesak eginez, negarrez, barkatzeko esanez opariekin, eta zu ohartu barik keinu konplizeak daude bien artean, hori ezkutatu egiten dizu, eta egun batean berriro agertzen da zure aurrean eta esaten dizu laguntza bilatuko dutela eta berriro ahaleginduko direla.

Ez dizut ulertzen, ez dut ulertzen, urteetan zehar errepikatu egiten da istorioa, joan eta etorri, eta bitartean, sinesgarritasuna galtzen du ingurune hurbilenaren aurrean, haserretu egiten zara, zeurekoikeriatik hartzen duzu jarrera, berarengatik borrokatu eta mugitu duzun guztia datorkizu burura, juzgatu eta epaia ematera ere ausartzen zara, baina ez duzu bertan behera uzten, osagarri laguntzaile bihurtzen zara, eta etsipenik handieneko uneetan zutaz baliatzen da bera, eta zuk dei bat, behin betikoa bihurtuko dena, irrikatzen duzu.

Urteak igaro dira lehen gertakaritik, mendekotasunak, depresio kronikoak, elikadura- eta lo-nahasmenduek berarengan ikusi zenuen guztia suntsitu dute: barreak, une onak desagertu egiten dira tratu txar jarraituak eragindako desgaitasunaren aurrean.

Hala eta guztiz ere, ahalegin pertsonal bihurtu den horretan jarraitzen duzu, koloretako argiak botatzen dituzu eten barik bide baten amaiera ikusi ahal izan dezan; nahiz eta egia den, nire lanbideari esker, ezagutu ditudala aurrera irten diren emakumeak, prozesu guztiarekin jarraitu dutenak, elkarte-sarean oinarrituta, hor pertsonala baita arreta eta lagun egitea dogma. Hemendik eskerrak eman gura dizkiet boluntario eta profesional guztiei irmo eta sendo jarraitzen dutelako beren zereginean, nahiz eta jakin prozesu osoa konplexua dela; izan ere, arazoaz egindako lehen adierazpenetik erabateko konponketaraino urteak igaro daitezke eta emakumea erori egiten da eta jaso egiten da; ez gaitezen nahastu, bide horrek guztiak urteetan iraungo duten ondorio psikologikoak dakartza eta.

Hala ere, esan dezaket bere aurkako indarkeriaren kalbarioa gainditu duen emakume orok, edozein egoeratan, argi distiratsua igortzen duela. Egunez egun zelan bizi diren, zelan aurre egiten dioten seme-alaben hazkuntzari, etxeko mantenuari, zelan joaten diren beren lanpostuetara, nola geratzen diren garagardo bat hartzeko, zelan besarkadak eman eta jasotzen dituzten, … hori dena prestakuntza espezializatutik edo profesional gisa izandako esperientziatik haratago doan irakaskuntza izan da. Zuek guztiok zarete ausart eta adoretsu eutsi diozuenak, ahaldunduak, justizia aldarrikatzen duzuenak, astelehenetan irribarre egiten duzuenak, ulertu duzuelako zuen iragana ez dela zuen etorkizunaren protagonista.

Ez zaitut ulertzen, baina hemen jarraitzen dut eta jarraituko dut zu prest egon arte.

Lara Rodríguez.

BBK Family mediatekan dauden materialak laguntza emateko:

https://bbkfamily.bbk.eus/eu/mediateka/arturo-eta-klementina/

BBK Family artikuluak laguntza emateko:

https://bbkfamily.bbk.eus/eu/ez-zaudelako-bakarrik/
https://bbkfamily.bbk.eus/eu/gakoa-ez-erortzeko-gakoak-bilatzen/
https://bbkfamily.bbk.eus/eu/zelan-prebenitu-indarkeria-matxista-nerabezaroan/
https://bbkfamily.bbk.eus/eu/zelan-hitz-egin-genero-indarkeriaz-nire-seme-alabekin/

 

Menu

BBK Family Learning

×