Eta geldialdia onartzen badugu eta geure buruarekin birkonektatzen badugu?

Itxialdiko egunak metatu ahala, ideia pare bat dabilzkit buruan bueltaka koronabirusak gure bizitzak koroatzen dituenetik.

Egun hauetan zehar konturatzen ari naiz zein garrantzitsua den neure burua jagon edo zaintzea nire familiari eusteko. Une batzuetan haserreak, frustrazioak, apatiak, malenkoniak … agertzen dira, konfinamenduaren salda honetan borbor dabiltzan emozio eta egoera amaigabeak. Berez konplikatua da egunerokotasun berri hau, bat-batean errutinak aldatu baitira eta, batez ere, lau hormen artean sartuta egon beharra baitugu, paseo, kanpoko jarduera, jendearekiko harreman eta abarrez gozatu beharrean; gainera, telelanaren eskakizuna gehitu behar diogu, ordutegiak, denboraldiak eta jarduera familiarekin partekatuz eta, aldi berean, ume eta gaztetxoak prestatzeko eta zaintzeko ardurari eutsiz. Horrekin guztiarekin, koktel bereziki lehergarriarekin topo egin dezakegu.

Nik ez dakit zelan ari zareten egoera berri hau bizitzen, baina badakit niri, neure lanarekin eta alaben zaintzarekin zorrotza naizenez, benetan konplexua eta estresagarria gertatzen zaidala.  Eta, egia esan, zorioneko sentitzen naiz nire enpleguari eusteko, etxetik lan egiteko, alabekin egoteko… aukera dudalako, begi-bistakoa baita pribilegio handia dela hori guztia, beste pertsona eta familia askok ez dutelako horrelako aukerarik; baina ezin dugu ahaztu merkatuaren eskakizunek inplizituki tranpa txiki bat ere badakartela berekin, sistemari dagokiona: “Zuk, oraindik lana daukazun horrek, eraginkorra izan behar duzu eta ahalik eta gehien eman: jarraitu ekoizten!”.

Gomendio gehiago ez, mesedez

Eta soberan dauzkat sareak gainezka betetzen dituzten aholku ugariak. Izkina guztietatik proposamen berriak iristen zaizkit: zelan antolatu bizimodua alabekin, zein errutina diren egun hauek gainditzeko onenak, … eta sare sozialek ematen dizkiguten askotariko jarduerak (sukaldaritzako errezetak, eskulanak, kirol-errutinak, matematikako app-ak, bestelako app-ak eta abar). Bizimodu berri honen alderdi guztiak egon daitezke gidatu edo araututa erabilera zentzudun, eraginkor eta emankorra egiteko. Eta, noski, dena kontsumoa tarteko dela berriro ere. Hain zuzen, orain ere mota guztietako produktuak eta jarduerak kontsumitzen jarraitzen dugu atergabe. Zoko guztietatik sortzen dira eskaintza berriak eta oso asmo onekoak, eta bizimodu iraunkor edo jasangarria egiteko aholkuak. Nik gaur, beste barik, erabaki dut gelditu egin behar dudala, geldi geratu… egonean egoteko, lasaitasun handiagoz lana eta familia-bizitza bateragarri egin eta uztartzeko.

Eta, beste barik, geldi geratzen bagara, bizitzak bat-batean egin digun geldialdia onartu eta geure buruarekin konektatzen badugu? Eta arnasa hartu eta aurrean dagoenari begiratzen badiogu? Eta kanpo-lasaitasunera iritsi ahal izateko barne-lasaitasunerako guneak bilatzen baditugu? Eta hortik konektatu, benetan begiratu eta aurkitzen badugu ondoan dagoena, eta beraren behar eta amets berriak, bere gurariak eta frustrazioak … berreguneratzen baditugu? Eta, beste barik, gure alabekin, gure lankideekin, gure maiteekin… egotea bihurtzen badugu ardatz? Izan ere, konturatzen naiz “itxialdi” honetaz ere gozatu egin gura dudala, denbora geldiarazi eta nire familiaz gozatu nahi dudala.

Pentsatua nuen gorputzari buruz ditudan ezaupide guztiak ematea eta, hobeto sentitzeko, gorputza landuz zein gauza zoragarriak egin genitzakeen esatea; baina ez, ez naiz hasiko zuen egunerokoan gehitu beharreko aholku eta ohitura gehiago proposatzen. Benetan uste dut gutako bakoitzak oso ondo dakiela zer datorkion ondo bere burua zaintzeko eta ekaitz honetatik babesteko: batzuek ariketa egingo dute, beste batzuek meditatu, beste batzuek janaria prestatuko dute eta abar. Garrantzitsua da nork bere burua elikatzeko espazio pertsonal bat aurkitzea, bere buruari eta besteei eusteko indarra hartzea.

Hauek dira nire erronkak datozen egunotarako: gelditzea, benetan geldi geratzea; niri eta nigan agertzen denari leku egitea; arnasa hartzea, inspirazio bakoitzean arnasari eustea, berritzen nauen aire berri legez; egunaren amaieran, nire adimenarekin hegan egiteko uneak izatea; eta zerbait handiago eta gizatiarragoaren parte sentitzea, nire bizitzan bere jolas eta beharrizanekin dauden pertsonatxoen parte sentitzea, baita aurrez aurre dagoen bizilagunaren, ilunabar guztietan zortzietan indarrez lapikoa jotzen duen horren, parte ere.

Anna Pallarés. BBK Family

BBK Family Learning

×