Pantaila gehiegi izatea, zelan jarri mugak positiboan, ez larregi babestea… ezagut itzazu zein diren gurasoen kezkak

Familiok gauza asko ditugu batzen gaituztenak, hala nola gure seme-alaben hezkuntzarekiko konpromisoa, haienganako entzute aktiboa, maitasuna, babes edo laguntza, ikasteko gogoa eta familia-sareak, hazkuntza-prozesuan laguntzen diguten lagunak, eten barik bilatzea. Edo, behintzat, horixe nabarmentzen dute elementu positibotzat BBK Familyren norabidea gidatzen duten familiek.

Baina, era berean, beharrizanak ere baditugu, eta gure zerbitzuetatik horiek bete, edo gutxienez betetzen lagundu, gura dugu. Eta helburu horrekin, joan den maiatzean bilera bat izan genuen BBK Familyk antolatzen dituen zerbitzu edo jardueretan parte hartu duten edo hartzen duten gurasoekin, eta familiek behar dutena zuzenean kontatu ziguten.

Bilera hartan nabarmendu zuten kezka ohikoenen artean pantailen erabilera dagoela. Umeek ematen dieten denbora larregizkoa izaten da, eta zaila da mugak jartzea. Batzuetan, eskolako gaietarako erabiltzen dituztelako, eta beste batzuetan, lagunekin berba egiteko erabiltzen dituztelako. Gure belaunaldia ez da pantailaz inguratuta hazi; horregatik, ez da erraza egoera berri horiek kudeatzea. Gainera, bideo-joko batean jokatzeari edo Tik Tok edo Instagram bezalako sare sozialak begiratzeari uzteko esateak agresibitate handia sortzen die, eta gugan proiektatzen dute. Baina aitortu behar dugu guri ere, ama eta aita garen aldetik, mugikorrari edo plataformek eten bari ikusteko eskaintzen dizkiguten serieei begiratzeari uztea kosta egiten zaigula.

Izan ere, beti gabiltza mugekin bueltaka, bai pertsona heldu gisa geure buruari muga horiek jartzeko orduan (lanean, mandatuekin, antolatzen ditugun planekin…) eta bai gure seme-alabei jartzeko orduan. Izan ere, gurasoek saioan esaten zuten haurtzarotik nerabezarora arte arauak jartzen ikasi gura zutela, baina positiboan. Mugek segurtasuna ematen diete, baina modu eraikitzailean egiten jakin behar da.

Nire alabari gertatzen zaiona beste neskato batzuei ere gertatzen zaie

Bestalde, familiek beste familia batzuekin elkartzeko guneak izan gura dituzte, “ia terapeutikoak direlako; gu konturatzeko gure seme-alabek gauza arruntak egiten dituztela, beste batzuek bezain onak eta txarrak, eta horrek lasaitu egiten du”, esan zuten gurasoen topaketan.

Beste kezka komun bat eskola-testuingurua zen, irakasleek eragin handia baitute, aukeratzen den ikastetxeak baino askoz handiagoa. “Irakasle gisa beharrezkoa izango litzateke gizarte-trebetasunak izatea”, esaten zuten, eta guraso gisa ere trebetasun horiek hobetzeko premia ikusten zuten. Komunikazio handiagoa eta entzute aktiboa izatea gustatuko litzaieke, baita emozioak hobeto kudeatzea ere, eta hori seme-alabei irakatsi ahal izatea.

Gainera, autonomiaz hitz egiten zuten versus kontrolaz, konfiantzaz versus kontrolaz, “zelan joan pixkanaka askatzen. Gehiago kontrolatu gura izaten ditugu, beldur asko ditugulako”. Beharbada, horregatik, positiboan komunikatzen ikasi gura zuten, eta gehiago enpatizatu seme-alabei gertatzen zaienarekin, haiengan konfiantza handiagoa izan dezaten eta gauza gehiago konta diezazkieten.

Zer gaitasun ditut guraso legez?

Pazientzia, txera, maitasuna, enpatia eta arreta  nabarmentzen zituzten, gaitasun gisa, gurasoek. “Presentzia, nagoenean, dedikazio osoarekin nago. Badakite ni hor naukatela eta horrek segurtasuna ematen die. Bakoitzari esklusiban tarte bat eskaintzea egunero”. Era berean, entzutea, “guk gurasoekin genuena baino askoz gehiago”, eta, azkenik, ikasteko interesa eta asmoa.

Zer eskatzen diozu BBK Familyri?

Azkenik, pandemiaren ondorioz, gure zerbitzu eta jarduera asko online baino ez dira izan, eta horregatik, gurasoei galdetu genien ea nahiago ote zuten formatu hori aurrez aurrekoa baino.  Abantaila gisa, formatu horrek lagundu egiten duela esan ziguten, joan-etorrietan denborarik galtzen ez delako, eta kontziliazioa errazten duelako; hala ere, aurrez aurrekoak esperientziak hobeto partekatzeko, beste pertsona batzuekin berba egiteko… aukera ematen du.

Gurasoek nerabeei zuzendutako jarduerak eskatzen zituzten, baita gurasoek seme-alabekin parte hartzeko tailerrak egitea ere.

“Eskatzen hasita, nik online eduki laburrak eskatuko nituzke, ondo datorkizunean sartu ahal izateko modukoak, etxeko lan eta guzti. Online egiteak aukera ematen du saio pertsonalizatuagoak egiteko, ia banan-banako prestakuntzak, zelanbaiteko coaching edo arreta pertsonalizatu bat, hori ere ahalbidetuko luke formatu honek”.

“Saioak adin-taldeen arabera fokalizatzea edo nahastea, batzuetan interesgarria gerta dakiguke nerabeen gurasoen esperientzia ezagutzea, baldin eta gure haurrek 8 eta 10 urte bitartean badituzte, edo seme-alaba nerabeen guraso garenok honako gai hauetan ardaztu gura dugu, besteak beste: gatazkak konpontzea, zelan bizi duten sexualitatea, nola hurbiltzen diren drogetara, alkoholera… Zelan hasten diren esperientzia jakin batzuetan, oso bestelakoak baitira guk izan genituenekin alderatuta (agian kolektiboagoak, kalekoagoak…), eta orain hauek gune birtualak aurrez aurrekoekin konbinatzen dituzte”, erantsi zuten.

 

Eta horiek izan ziren gurasoen bileran landu ziren gaietako batzuk. Gai jakin bat interesatzen bazaizu, zerbitzu bat, ez izan zalantzarik BBK Familyri helarazteko. Poz-pozik entzungo dizugu. Gure posta elektronikoa: bbkfamily@bbk.eus. Eta hainbat entzuketa-gune dituzu bbkfamily.eus webguneko ia atal eta zerbitzu guztietan.

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Menu

BBK Family Learning

×