Drogen kontsumoa prebenitzea nerabeekin eta gazteekin. Zerbait egin dezakegu?

Nerabezaroa hurbiltzen denean, edo jada bertan gaudenean, aita eta ama askoren kezka handietako bat droga-kontsumoari loturikoa izaten da. Alde batetik, orain dela gutxi arte beraien aisialdiaren gainean genuen kontrola galdu dugulako; eta, bestetik, beraien bizitzan kontsumoak zentzua hartzen has daitezkeela uste dugulako.

Beldurtu egiten gaitu gure seme-alabek edozein substantzia kontsumitu ahal izateak, eta batzuetan ezintasun handia sentitzen dugu aukera horren aurrean. Zerbait egin gura dugu, baina ez dakigu zelan, segurtasuna behar dugu ziurgabetasunez betetako testuinguru batean…

Zer egin behar dugu? Zer esan dezakegu? Zelan jokatu behar dugu? Zer egin topatzen banaiz …, edo jakiten badut…?

Droga-kontsumoei buruzko gure kezkek zalantza eta beldur ugari eragiten dituzte; ez da drogen gaineko aditu bihurtu gura dugulako, ezta gure seme edo alabek haiekin arazoren bat dutela susmatzen dugulako ere. Gustatuko litzaiguke aurrea hartzea eta tresnak izatea gure seme-alabek droga-kontsumoarekin lotutako arazorik izan ez dezaten, gero irteera gaitza eta bizitza nahastea ekarriko dien zurrunbiloan sar ez daitezen; zer kontsumitzen duten, zelan egiten duten, noiz, zein adinetatik aurrera … horrek guztiorrek kezkatzen gaitu.

Jakina, galdera horietako bakoitzak ez du erantzun bakar bat, eta mutil, neska, nerabe, gazte, … bakoitzaren arabera aldatuko da, eta bakoitzaren garapen pertsonal, familia-harreman, ingurunearekin duen harreman eta abarren arabera. Eta hori funtsezkoa da, ez ditugu larregi bereizi behar gure semearen edo alabaren funtzionamendua bizitzaren aurrean orokorrean, eta drogen aurrean duen jarrera.

Gure kezka askok zentzua dute gurasook gazteen portaerak eta erabakiak ulertzeko dugun zailtasunean; gure logika arrazionaletik aldentzen diren jokabideak ulertzea kosta egiten zaigu, eta elkarrizketa eraikitzailea izateko aukera zaildu egiten digun arrakala irekitzen dugu:

“… baina orain duten informazio guztiarekin… zelan jarraitzen dute drogak kontsumitzen, erretzen, mozkortu arte edaten?”

Nahiko zalantza orokortua da, eta ulertezintasuna sortzen du, benetan oso logikoa den zerbaiten parte baita: “Nik baldin badakit zerbait txarra dela, ez dut egingo”, eta erraz partekatzen da iritzi hori, ez? Orduan, gure seme-alabak hain dira ilogikoak, non ez baitira gai hain gauza erraza ulertzeko? Zerk huts egiten du? Bi arrazoi posible bururatzen zaizkit, jokaera hori eta gazteak hobeto ulertu ahal izateko:

Batetik, hartzen ditugun erabakietan dakigunari ematen diogun pisua. Egia esan, askotan larregi balioesten dugu informazio horren pisua, emozioen arloko beste kontu batzuen kaltetan, eta azken batean hauek baldintzatzen dute gure seme-alabek une jakin batean egitea erabakitzen dutena; eta une jakin batean esan dut, hori baita kontua, une bakoitzean egitea erabakitzen dutena. Ikus dezagun adibide batekin:

“Larunbat arratsalde batean, Gorka semea, 13 urtekoa, lagunekin elkartu ohi den lekuan dagoela, haietako batek tabako pakete bat atera eta taldeari eskaintzen dio… Zer uste dugu egingo duela Gorkak?”

  • -Tabakoaren ondorioei buruz behin eta berriz errepikatu dioguna bakarrik kontuan hartzen badugu… ez duela onartuko pentsatuko dugu.
  • -Aldiz, Gorkak lagunen aldetik senti dezakeen presioari bakarrik erreparatzen badiogu… onartu egingo duela pentsatuko dugu.
  • -Hala ere, kontuan hartzen badugu Gorkak tabakoari buruz dakiena, bere familiak berarengandik espero duenari ematen dion garrantzia, haren ustez lagunek gura dutena hark egitea, berak benetan egin gura duena, haren ezaugarri pertsonalak, bere irizpide propioa baliatzeko gaitasuna… hori dena kontuan hartzen badugu, orduan ziur asmatuko dugula. Aldagai horiek guztiek, eta besteren batek, determinatuko dute Gorkaren erabakia egoera horretan, eta garrantzitsua da modu globalean ulertzea gure seme-alaben portaera.

Bestalde, ez ote da izango gurasoek helarazi nahi diegun informazioa ez dela benetan iristen zaiena? Ez ote da izango gu hainbeste kezkatzen gaituzten arriskuak ez datozela bat haiek ikusten dituztenekin? Batzuetan, zuzentzen dizkiegun hitz edo berbazko mezuei (esaten diegunari) soilik erreparatzen diegu, horrelako edo halako jokabidea zein arriskutsua den argi geratzen zaiela ziurtatzeko; hala ere, ez dugu kontuan hartzen batzuetan guk geuk egiten duguna edo inguruko jendeak egiten duena inkongruentea dela mezu horrekin. Hori horrela bada, zer egin dezakegu?

  • -Lehenik eta behin, komenigarria litzateke transmititzen ditugun mezuek ahalik eta ideologia gutxien izatea, eta errealitate gertagarri eta hurbilekoetan oinarritzea errealitate balizko eta urrunekoetan baino gehiago, baldin eta eurak konbentzitzea bilatzen badugu eta ez hainbeste gorputzean beldurra sartzea. Adibide bat jartze aldera: argi dago ez dugula gura erretzen has daitezen batez ere tabakoaren toxikotasunagatik, baina kontuan izan behar dugu osasunez gainezka dagoen gazte batentzat etorkizunean agian izan dezakeen tabakoaren ondoriozko gaixotasuna ez dela oso eragingarri edo mobilizagarria. Egia da tabakoak osasunari kalte larria eragiten diola, baina hori jakiteak ez du bermatzen zigarro bat onartu ala ez erabakitzeko orduan kontuan izango dutenik.
  • -Bestalde, garrantzitsua da jakitea benetan irakasten duena, geure egiten duguna eta gure portaeran txertatzen duguna gehiago dagoela bizitzen dugunarekin lotuta entzuten dugunarekin baino. Tabakoaren adibidearekin jarraituz, ni erretzailea banaiz, ez da ezgaituta nagoela semearekin edo alabarekin tabakoarekiko prebentzioaz berba egiteko, baina ez da oso baliagarria izango hori osasunaren edo bere ondorio txarren parametroetatik egitea, inkoherentzia hutsa baita.
  • -Azkenik, oso lagungarria izango litzateke, halaber, gure seme-alabekin ezartzen dugun harremanean beraiei arreta modu bare eta lasaiagoan emateko ahalegina egitea, baita haien droga-kontsumo posibleei ere, portaera bere osotasunean hartzen saiatuz eta arriskuak erlatibizatuz. Tabakoaren adibidearekin jarraituz,  erretzen duela jakiten badugu, horrek ez digu komunikazioa zaildu behar, eta zergatik edo zertarako erretzen duen jakiteaz arduratu behar dugu, batez ere. Bere buruaren irudi bat, bere errealitatearekin bat ez datorrena, emateko egiten badu, oinarrizko arazoak lotura handiagoa du autoestimuarekin erretzeko ohiturarekin baino. Esperimentatu beharra duelako eta gauza guztietan lehena izan behar duelako egiten duela uste badugu, agian haren inpultsibotasunaz eta sentsazioak bilatu beharraz arduratu beharko genuke. Taldekideekin bat egiteko egiten badu, zerk pentsarazten dio ez duela besteekin bat egiten? Eta abar.

Droga-kontsumoari dagokionez, prebentzio gisa seme-alabekin esku hartzeko modu eraginkorrak ez du helburu orokorretik urrundu behar, hots, beren burua zaintzen ikastea, bizitzan hartzen dituzten erabakiez jabetzen ikastea, horiek ekar ditzaketen inplikazio edo ondorioen arabera. Beraien ahuleziak kontuan hartzea da haiekin prebentzio bila jarduteko modurik eraginkorrena (eta konplexuena). Ez dezagun ahaztu guk ezin dugula haien ordez erabaki; asko jota, hartzen dituzten erabakiek gure irizpidea (beste askoren artean) kontuan izatea lor dezakegu. Ea gure irizpide hori baliagarri, onargarri eta are erakargarri ere gertatzen zaien.

Mariñe Soto. Pedagoga.

Artikulua interesatu zaizu? Seme-alaben hazkuntzari buruzko zalantzak edo kezkak badituzu, BBK Family taldeak zu aholkatzeaz poz-pozik egongo da. On line aholkularitza eskaintzen dizugu. Zerbitzua pribatua eta pertsonalizatua da. Kontsultak ezta erantzunak ere ez dira argitaratuko. Eta helarazi irakurri gura dituzun gaiak.

Menu

BBK Family Learning

×