Nola lagundu txupetea uzten

Gure umeei txupetea ematea edo ez ematea eta “noiz kendu” eztabaidagai izaten da.  Ikuspuntu medikotik, txupeteak onura batzuk izan ditzake, hala nola haur goiztiarrek ospitaleetan egin beharreko egonaldia murriztea, haurren bat-bateko heriotzaren arriskua gutxitzea eta min batzuen aurrean zurrupaketa arintzea. Baina, luze erabiltzen bada, arrisku batzuk ere izan ditzake: hortzetako osasunean eta entzumenean eragin dezake, edo asfixia ere bai lehen hilabeteetan behar bezala erabiltzen ez bada, edo hitz egiteko zailtasunak. Pediatra batzuek urtebetera kentzea gomendatzen dute, eta, edozelan ere, asko jota 2-3 urte betetzerako baztertzea, eta umeak emozionalki lasaitzeko modu esklusiboa edo pribilegiatua ez dadila izan.

Izan ere, ikuspegi psikologikotik, txupetea “objektu trantsizionala” deitzen duguna da.  “Lasaitzeko” eta segurtasuna emateko ahalmena duen objektu bat, gozagarriak izan ziren beste une eta interakzio batzuen sentsazioak eta oroitzapenak sortzen baititu, orduan lasaitasuna sentitu eta larritasunen bat baretu egin zelarik. Adibidez, titia edo biberoia xurgatu edo zurrupatuz gosea baretzen den uneak. Jagole edo zaintzaileek samurtasunez begiratu, irribarre egin, urruma egin, berba egin, besoetan eduki eta maitasun guztia hurbil-hurbiletik transmititzen dieten uneak ere bai. Ahoan txupeteren bat edukitzean, ez dute esnerik, laztanik edo urrumarik jasotzen zuzenean, baina umeen gorputzak une horiekin lotzen du txupetea, eta halako lasaitasun bat iristen zaie,  eta horrek lo hartzen laguntzen die, asperdura jasaten, nekeari eusten edo min txiki edo molestiaren bat hobeto jasaten ere bai. Peluxezko hartz batek, manta txiki batek edo beste objektu batzuek ere funtzio hori izan dezakete beste modu batera.

Txupeteak eragin “lasaigarri ona” izan dezake. Garrantzitsuena da umea ez ohitzea bere bitartez bakarrik lasaitzen, edo aldi berean 10 txupete behar ez izatea horretarako. Izan ere, baliteke egunen batean txupetea ez egotea, egunen batean utzi egin beharko delako eta beste era batzuetan lasaitzeko gaitasuna esperimentatu behar duelako: abesti, mugimendu, istorio, besarkada, laztan, jolas eta abarren bidez.

Gurasook gogoratu behar dugu gure egitekoa hazkundea sustatzea eta babeserako eta autonomiarako aukerak ematea dela. Eta horrek eskatzen du, batzuetan, gauza batzuk atzera utzi eta horiek “gabe gelditzea”, baita txupete gabe ere. Haztea zerbait galtzea da beti (adibidez, txupetearen lasaitasuna) eta zerbait irabaztea (txupetea behar izan barik lasaitzea, ahoa libre eduki ahal izatea). Egia da haurrei ez zaiela gustatzen “galtze” hori. Baina, batzuetan, geuk, gurasook, ere ez dugu oso ondo eramaten eta autonomia-prozesuak blokeatzen edo geldiarazten ditugu.

Gure seme-alabei “txupetea uzten” laguntzeak zelanbaiteko prozesu bat eskatzen du. Kontua ez da behar baino gehiago “luzatzea”, baina ezta aldaketa oso bat-batekoak edo bortitzak egitea ere. Prozesu bat erraztea da kontua, txupetea noiz “amaituko” den ikusi ahal izan dezaten, lagunduko dieten formulak aurkitzea, sor dakiekeen larritasunean laguntzea, lasaitasunerako alternatibak ahalbideratzea, … Garrantzitsua da azaltzea txupetea utzi behar dutela heldu edo nagusi bihurtzen ari direlako, zelan agur esan gura dioten galdetzea, proposamenak egitea eta, azken batean, beraien lehen doluetako batean laguntzea (bizitzan zehar askoz gehiago izango dituzte)

Gomendagarria da xantaia emozionalik eta zigorrik ez erabiltzea, zakarrak ez izatea, kexen aurrean txupete berririk ez erostea… Bi modutara egin daiteke: “txupetea bat-batean kentzea” edo “pixkanaka kentzea”. Horretarako kontuan izan behar da umea zelakoa den, gu zer moduz gauden, gure kasuan zer iruditzen zaigun egokiena…

Hona hemen prozesu horretarako gomendio orokor batzuk:

  • Une egokia aukeratzea

Aditu batzuen esanetan, urtebetetik aurrera, zenbat eta lehenago kendu txupetea hobe, eragozpenak saihesteko; izan ere, “ezezko”en eta kasketaldien adinean sartuz gero, apur bat “zailagoa” izan daiteke kudeatzea. Beste batzuek esaten dute interesgarria dela prozesuaren zelanbaiteko kontzientzia izan dezaketenean eta prest daudenean egitea.

Saihestu egin behar da txupetea kentzea, beste senidetxo bat jaiotzen denean, etxez aldatzen ari garenean, haurtzaindegian hasten denean edo pixoihala kentzen ari garenean. Aldaketa horiek aurreikus baditzakegu, txupetea kentzea gertaera horiek baino lehen landu ahal izango dugu edo, bestela, geroago pazientziaz.

  • Txupetea eskaintzeari uztea

Gogoratu behar da txupetea erabiltzen hastearen “errudunak” gu izan ginela, eta, batzuetan, harritu egin gaitezke, eskaintzen ez badiegu, ez dutelako eskatzen edo jada ez dutelako behar (baina hori gure pertzepzioa gehiago izan daiteke umeen benetako beharrizana baino).

  • “Lasaitzeko” formulak dibertsifikatzen jarraitzea

Txupeterik behar ez duten lasaitzeko beste modu batzuen (musu, besarkada, urruma, abesti, mugimendu, laztan eta abarren) bila jarraitu behar dugu, eta horiek indartu edo areagotu. Hartz-kumeak, mantatxoak, ipuinak, jolasak… ere sar daitezke.

  • Txupetea uzteko beharrizana planteatzea

Guk ez badugu gaia ateratzen, beraiek ez dute erraz aterako. Eta beti egin behar dugu hazkundearen zentzu positiboa emanez eta mimoz “ohartaraziz” txupeteari agur esaten diogunean ez dela itzuliko. Horretarako ez digute balioko hitzaldi oso luze, arrazional edo “zientifikoek”. Baina badira horretan lagun dezaketen ipuinak, abestiak edo irudiak. Adibidez:

  • Los chupetes de Charlotte. Fanny Joly. SM.
  • Edu ya no necesita chupete. Linne Bie. Juventud.
  • Rita ya no lleva chupete. V.V.A.A. Beascoa.
  • Los superhéroes no llevan chupete. Isaura Lee. Edebé
  • Quiero mi chupete. Antonia Rodenas. Anaya.
  • ¡Adiós al chupete! Marta Munté. Planeta, S.M.

 

  • Prozesua prestatu eta bistaratzea

Egin plan bat eta bistaratu ─adibidez, egutegi batean─ zelan egingo dugun prozesua (nahiz eta ez duten erabat ulertzen denboraren kontzeptua, guk bezala), argi utziz noiz joango garen aldaketa batzuk egiten eta zein egun izango den “azken agurra” egitekoa. Piktogramak, marrazkiak, eranskailuak eta abar erabil ditzakegu.

Zerbait mailakatua, pixkanaka, egiten badugu, adibidez, zehaztu dezakegu txupetea noiz erabiliko den etxean bakarrik baina ez kalean, noiz erabiliko duen gauez bakarrik, eta noiz esango diogun agur erabat. Egun bakar batean egiten badugu, hori ere zehaztu behar dugu.

  • Agur esateko” erritu, joko edo zeremonia sinboliko bat egitea

Horrek lagundu egiten digu pertsonoi, oro har, doluak egiten. Txupeteei musutxo bat ematea plantea dezakegu, edo marrazki bat egitea, edo oroigarri izango den argazki bat egitea…

Honelako errituak ere proposatu izan dira:

  • kutxa edo saski bat apaintzea, barruan sartzeko. Gero kutxa hori auzokide bati eman diezaiokegu, lagun bati, umetxoak izan berri dituen familia bati… edo toki “polit” edo “egoki”ren batean utzi jasotzeko. Adibidez, hiri edo herri batzuetan txupete-zuhaitzak daude.
  • txupeteak heliozko puxika bati lotu, eta zerura igo daitezela, hamarrera arte zenbatuz.

Aukera horiek erabil ditzakegu edo beste batzuk asmatu. Nolanahi ere, egokitu edo moldatu egin beharko lirateke ingurumen-jasangarritasunarekin bateragarriak izan daitezen (batzuk ez dira-eta hain bateragarriak).

“Fantasiaz” ere balia gaitezke:

  • Kutxatxo batean utzita, gauean txupeteak eroaten dituen iratxoaz edo maitagarriaz baliatzea.
  • Olentzero, Errege Magoak, Perez sagutxoa ere lagungarriak dira gai honetan. Interesgarria da planteatzea pertsonaia horiek haurrei txupeteak jasotzen laguntzen dietela, helduagoak bihurtu ahal izan daitezen  (ez “zigor” gisa, ezta, opariak utz diezazkieten, xantaia gisa ere). Sagutxoak, Olentzerok eta Errege Magoek ezin dute beren funtzio fantastikoa, “opariak ekartzea”, galdu eta “txupeteak jasotzekoa” hartu.

 

  • Emozionalki babestea

Oro har, ez dute “ondo” pasatuko, eta, hala izanik ere, “uzte” edo gabetze hori gainditu dezakete. Pazientziaz, emozioak baliozkotuz, lasaitasuna eskainiz, zelanbaiteko irmotasunetik, segurtasuna emateko alternatibekin, egin dugun agurra gogoraraziz, … Eta badaezpada gordea genuen txupetea eman gabe edo berri bat erostera irten barik. Beste lasaitasun- eta erritu-modu batzuk erabili beharko ditugu lo egiten, lasaitzen, asperdura jasaten… laguntzeko (dagoeneko entseatuta izango ditugu)

  • Zaintzaile edo jagole guztiek (umezainek, irakasleek, aitaita eta amamek…) estrategia berari jarraitzea

Begi-bistakoa dirudi, baina batzuetan ez da horrela izaten, eta beti egon daiteke norbait “amore ematen” duena, pazientziarik ez duena, beste formula batzuk erabiltzen dituena, … Beraz, koordinazioa eta lankidetza eta guztiok mezu berbera helaraztea funtsezkoa izango da.

Prozesu hori errazagoa edo zailagoa izan daiteke, eta egokitu egingo dugu. Kontuan hartu beharko dira haurraren adina, izaera, duen “lotura” edo atxikimendu maila, lasaitzeko eman dizkiogun aukerak, …

Ume batzuk atzamarra, arroparen mahukak edo beste gauza batzuk zurrupatzen hasten dira txupetea uztean. Horrek esaten digu zein ahalmen “lasaigarria” duen “xurgatzeak” edo “ahoan zerbait izateak”. Izan ere, helduagoak garenean azazkalak jaten, gozokiak dastatzen, txikleak murtxikatzen, asko jaten edo erretzen jarraitzen dugu. Hatza edo beste objektu batzuk xurgatzeko beharrizan oraindik indartsu eta errepikatua dagoela ikusten dugunean, zer egin dezakegu? Espezialista batzuek txupetea kentzeko prozesua garaiz edo modu desegokian egin ote dugun berrikustea gomendatzen dute, eta baloratzeko ea txupetera itzuli eta prozesua geroxeago egitea komeni den. Beste batzuek pentsatzen dute atzera egitea negatiboa izan daitekeela, eta beharrezkoa izango dela prozesu osoa egiten jarraitzea beste formula batzuekin segurtasun emozionala emateko, haurrarekin ekintza-plan bat “negoziatzea” portaera horiek saihesteko, edo kontsulta egitea zerk lagun diezaiokeen eta… pazientzia handia izatea!  Bai, nola ez ba… pazientzia berriro.

Begoña Ruiz, psikologoa

Haur-masaje tailerra

BBK Familyn egiten ditugun ikasketak, tailerrak, hitzaldien berri izan gura duzu?   Harpidetu gure newsletterrera!

Eta jarrai gaitzazu Telegram-en. Sakatu link honetan edo QR kodea eskaneatu. 

Código QR

Menu

BBK Family Learning

×