Zure semeak edo alabak bullyinga edo cyberbullyinga pairatzen duela jakiten duzunean, bihotza apurtzen zaizu, kristalezkoa balitz bezala. Amorrua, ezintasuna, tristura eta, amorruaren barruan, zure semeari edo alabari min egiten ari zaionari modu oldarkorrean aurre egiteko gogoa sentitzen duzu.
Tentsio handiko egoera da, eta horrelakoetan lasai egotea ez da batere erraza; hala ere, une horretan izan beharko genuke odol hotza beharrezko lasaitasun horri eusteko, gure alabari edo semeari entzuteko, gure ulermen osoa eskaintzeko eta min egiten ari zaizkion pertsonak ez iraintzeko. Kasu horietarako jarduera-protokolo ugari daude, eta Eusko Jaurlaritzak badu bat bullyingerako eta beste bat cyberbullyingerako. Hala eta guztiz ere, jazarpena edo ziberjazarpena gertatzen denean, ohikoa izaten da jarraian azalduko ditugun lau akatsak errepikatzea:
1.- Gure semeari edo alabari eraso egiten eta min egiten ari zaizkion pertsonak iraintzea
Gizakiak gara, eta egoera hori pairatzen dugunean egin gura dugun lehenengo gauza izaten da “zintzurretik heltzea, bizpahiru gauza garbi esatea edo astindu on ematea gure semeari edo alabari hainbeste kalte egiten ari diren horiei”.
Baina oso gaitza izan arren, arnasa hartu behar dugu 10 aldiz, eta gure semeari edo alabari entzuten saiatu behar dugu, ez epaitu, negar egiten utzi, bere denbora eman … eta esan irakaslearekin berba egingo dugula arazoa lehenbailehen konpontzen saiatzeko.
Laguntza ematea funtsezkoa da. Beraren aurrean iraintzen hasten bazarete, lortuko duzuen gauza bakarra da zuengan konfiantzarik ez izatea, eta pentsatzea modu bortitz edo oldarkorrean konponduko duzuela, eta horrek gauzak okertu egingo dituela, eta benetan horixe gertatuko da bide hori hartzen baduzue. Kontuan izan jazarpena edo ziberjazarpena jasaten dutenen ehuneko handi batek, ANAR Fundazioaren arabera, ez diola aitari edo amari kontatzen, eta gainerakoek 13 eta 15 hilabete artean behar izaten dituztela laguntza eskatzeko. Datu horien argitan, guri kontatzea jada urrats positiboa da, eta zoriondu egin beharko genituzke horregatik.
2.- Irakasleekin ez berba egitea eta eraso egiten du(t)en pertsona(k) ez salatzea
Salatzeak ez du esan gura zuzenean poliziarengana jo behar dugunik; gertatzen ari dena pertsona egokiaren aurrean mahai gainean jartzea esan gura du. Bullyinga edo cyberbullyinga pairatzen ari direnak beldur izaten dira salatzeko, errepresaliak jasango ote dituzten beldur, egunero joan behar baitute ikastetxera jazartzen du(t)en pertson(ar)ekin. Hala ere, hori ez egiteak arazoa ez konpontzea dakar, eta kalte konponezinak eragin ditzake. Beharrezkoa da egoera hori pairatzen duen pertsona zein familia kontzientziatzea beraien sufrimendua amaitzeko bitartekoak jartzea ahalbidetuko duela protokoloak.
3.- Familien artean konpontzen saiatzea
Lehen Hezkuntzako etapan, lagun berriak egiten ditugu gurasoen artean, ikastetxetik irtetean edo autobus-geralekuan elkartzen garenean … eta, batzuetan, gure semearen edo alabaren lagunen gurasoak izaten dira.
Erasotzen duena ezagutzen dugun norbait denean, haren amarekin edo aitarekin hitz egiten saiatzen gara ahalik eta asmorik onenarekin arazoa konpontzen saiatzeko, baina, askotan, arazoarekiko inplikazio emozionalak egoera okertu egiten du edo enkistatu egiten da. Horregatik, protokoloak aholkatzen du familiak babestuta senti daitezela, egoera larriagotuko duen ekimenik har ez dezaten. Betiere bullying edo ciberbullying egoerei buruz ari gara, ez egunerokoan sortzen diren gatazka txikiei buruz. Beste familiarekin berba egin gura badugu, ikastetxera joatea iradoki diezaiekegu, konpontzeko aukera emango diguten bitartekoak jar ditzaten.
4.- Diskreziorik eza
Askotan, diskrezio-falta sortzen da familiei ez zaielako utzi sentitzen duten ezinegona adierazten, eta inguruko beste pertsona batzuekin lasaitu edo barrua askatu beharra dutelako.
Bestalde, lehen esan dugun bezala, eskola-garaian patioan lagun berriak egiten ditugunez, pertsona horiekin hustu edo arintzen dugu barrua, pertsona horiek ere ikastetxekoak baitira. Pertsona horiek beste batzuei kontatzen diete, “Ez kontatu gero inori!” esanez, baina badakigu hiru pertsonari kontatutako sekretu bat jada ez dela sekretua. Ondorioz, familia guztiek izaten dute jazarpen-egoeraren berri, eta, gainera, telefono hondatuaren jokoan bezala gertatzen da; ondorioz, bola handiagotu egiten da, eta arazoa gainditzeko zailtasuna areagotu egiten da.
BBK JAGON CIBERBULLYING GURASOAK
Ciberbullying nola identifikatu eta prebenitzen ikasi gura baduzue, uztailaren 14an eta 15ean, BBK JAGON CIBERBULLYING GURASOAKek bere lehen prestakuntza-saioak antolatuko ditu gurasoei zuzenduta, sare sozialen arriskuaz jabetu eta ikas dezaten adituen laguntzaz. Ciberbullying edo ziberjazarpenaz eta harreman modu horiek sortzen ari diren eten digitalaz jarduteko aukera emango dute jardunaldiek, eta kezkak argitzen eta adingabeen arteko jazarpen-egoeretan lagunduko duten jarrerak partekatzen saiatuko dira.
Gurasoen izen-emateak egiteko sakatu hemen.
BBK URDAIBAI ZENTROA
Telefonoak: 94 687 07 10 – 94 687 08 35
Helb.elek.: jagon@bbk.eus
BBK JAGON CIBERBULLYING GURASOAKen helburuen artean daude, halaber, eskola-jazarpena eta cyberbullyingarenkontzeptu nagusiak (grooming, sexting, phising edo sextorsion) identifikatzea eta barneratzea, baita seme-alabek ziberjazarpenari lotuta izan ditzaketen arazoak saihesten ikastea ere.
2015. urtetik BBK Jagon hezkuntza-programan lanean ari diren irakasle adituek gidatuko dituzte jardunaldiak. Metatutako esperientzia edo eskarmentuan oinarrituta, aditu horiek gurasoek beren ondorengoekin enpatizatzeko duten gaitasuna hobetu gura dute, baita besteekiko errespetua erakusten duten balioak transmititzeko gaitasuna eta balizko biktimei laguntzeko aukera ere.
Ekainean zehar, Jagon-eko hezitzaileen taldeak ciberbullyingaren prebentzioari buruzko hainbat online jardunaldi egin ditu ikasleekin, eta jardunaldi horiek jarraipena izango dute irailetik urrira bitartean, ikastetxeek interes handia adierazi dute eta. Talde horrek berak ikusi du beharrezkoa dela saio horiek familiei ere zabaltzea. Horregatik jaio da orain BBK JAGON CIBERBULLYING GURASOAK.
Gurasoentzako saioak hamarna (10) pertsonako bi taldetan banatuta egongo dira, 10:00etatik 11:30era, eta uztailaren 14an eta 15an egingo dira. Interesdunek uztailaren 1etik 13ra bitartean egin ahal izango dute eskabidea “BBK eta Zu”n.
Andrea Alfaro. BBK Family