nutricion

Brokolia jango duzu, nik esan dudalako eta kito!

“Haurren elikadurari buruzko hitzalditik oso kezkatuta atera nintzen. Etxera iritsi orduko Cola Cao zakarrontzira bota eta kakao purua eta azukre bako jogurtak erosiko nituela erabaki nuen.  Nire alaba kexatuko zen, baina osasuntsu jaten irakatsi behar nion. Nutrizionistaren arabera, hainbeste azukre ez zen ona haren gibelarentzat, ezta beste inorenarentzat ere. Dena den, teknologiak umeen garapenean duen eraginari buruzko tailerrera joan ostean tableta kendu nionean ere egin zuen protesta, baina ondo eroaten ari da debekua.

Etxean sartu eta zuzenean joan nintzen Cola Cao gordetzen nuen armairura. Zakarrontzira bota behar nuenean mugikorra entzun nuen. Ikastetxeko zuzendaria zen. Ahaztuta omen neukan alaba jasotzea”.

Horixe gertatu zitzaidan eskolan eman zuten nutrizio-hitzalditik atera nintzenean, apur bat iparra galdu nuela. Txokolatezko gailetak kendu nituen, ez nituen berriz erosi edateko jogurtak, azukre asko izaten dutelako, erosketa-zerrendatik kakao-krema “ultraprozesatuak” ezabatu nituen… Eta nire alabaren elikadura dezente hobetu zen, aldi berean nireganako gorrotoa areagotu egin bazitzaion ere.

Ez diot berari errurik botatzen; nik hainbat akats egin nituen, eta esan egingo dizkizuet zuek ez errepikatzeko. Nik gauzak egin ohi ditudan lez egin nuen, errotik eta erabat. Alabari kontatu nion zer esan zidaten azukreaz eta bere ondorioez, baina ez nion astirik eman informazioa prozesatzeko. Etxean kakao-krema prestatu nuen datilekin, baina ez zitzaien batere gustatu, eta, okerrena, engainatzen saiatu nintzen Nocilla pixka batekin nahastuz. Lehenengo minutuan harrapatu ninduten, baina nik ahal nuen guztia ezkutatu gura izan nuen egia. Pentsa dezakezue nire semeak eta alabak zelako ikara sentitzen duten hitzaldi “hezitzaile” horietako batera joaten naizenean edo osasunarekin lotutako dokumental bat ikusten dudanean. Nire alaba telebistaren agintea ezkutatzeraino iritsi da, berak dioen lez, “gauza gehiago kendu ez diezadazun bizitza honetan, ama!” (Jarriozue kutsu dramatikoa esaldiari).

Nire semeak janari osasuntsua aukeratu zuenean

Baina fandangoaren buelta etorri zitzaidan edo taloa beste aldetik erretzen hasi zen. Izan ere, nire semeak, 15 urterekin, barazkijalea izatea erabaki zuen. Ez zituen barazki asko maite, baina, erabaki bat hartzen duenean, bere ama lakoa denez, apur bat erradikala, barazkiak jatera behartu zuen bere burua. Opilak eta litxarreriak alde batera uztea ere erabaki zuen.

Kontatu berri dizuedana ikusita, pozarren egon beharko nuke, eta horrela da. (Analisiak egiten dizkiote beharrezko mantenugaiak hartzen dituela ziurtatzeko). Dena den, nik ez nekien orduan zenbat denbora eman beharko genuen sukaldean menu begetarianoak egiteko. Horien prestaketan denok inplikatu gara etxean, baina gaueko bederatziak iritsi eta barazki-lasagna baterako osagaiak prestatzen ari naizenean, faltan botatzen ditut ogi arrailetan pasatuta bularkiak hurrengo egunerako prest uzten nitueneko garaiak.

Zorionez, erritmoa hartzen ari gatzaizkio eta asteburuetan asteko menu gehienak egiten saiatzen gara, izoztu egiten ditugu, eta badaezpada beti ditugu hanburgesa begetarianoak prest, egun horretan hozkailuan ezer ez dagoen kasurako…

Ondorioz, familia osoa hobeto jaten ari gara, etxean barazki gehiago sartu ditugulako. Zuek sinetsi ala ez, nik ez nuen zerikusirik izan nire semeak barazkijale bihurtzeko hartu zuen erabakiarekin, ingeleseko akademian zuen irakaslea izan zen. Ez zuen hori egiteko asmorik, baina gelan gaia landu zuten, eta irakasleak, barazkijalea denez, bere argudioak azaldu zituen.  Pentsa dezakezuenez, ni izan banintz, uko biribila emango ziokeen.

Izan ere, Begoña Ruiz psikologoak dioen lez, nerabeen kasuan interesgarria da euren erreferenteak elikadura- eta bizitza-ohitura osasuntsuak dituzten berdinkideen edo pertsona helduen artean izatea.  Badira “idoloak”, adibidez, kirolari batzuk eta, agian, baita ere abeslari edo youtuber … batzuk, horretan lagun dezaketenak. Kontuz! Betiere benetan elikadura osasuntsuaren ereduak baldin badira eta ez badituzte, adibidez, gorputz-estereotipo osasungaitzak bultzatzen. Era berean, batzuetan, euren sare afektiboan dauden pertsonek, hala nola irakasleek, aisialdiko begiraleek, izebek, lehengusuek… eragin positiboa izan dezakete. Gainera, etxeko elikadura osasungarriagoa izatearekin zerikusia duten euren ekimen edo proposamen bereziak aprobetxa ditzakegu guk (nahiz eta batzuetan ez izan zehazki gustatuko litzaigukeena, baina gero izango dugu aukera hariari beste gauza batzuetara tira egiteko…)

Ez behartu, bai parte hartzen utzi

Beraz, proposamen horren arrakasta ikusita, Begoña Ruizi galdetu diot zer egin behar den txikiagoa den nire alabarengan ere elikadura osasungarriagoa lortzeko aldaketa gerta dadin, nik “behartu” barik.  Berak esan dit ideia ona dela errezeta osasungarriak prestatzen uztea bere esperimentuak eginez, eta menu osasungarriak egiten parte hartzeko proposatzea, ez nik bezala, kakao-krema ezkutuan egin nuenean.

Halaber, ohartarazten dit maila sozialean emozio atseginak izatea edo emozio desatseginak (asperduran edo frustrazioan agertzen direnak, adibidez) murriztea janari-mota jakin bat jatearekin lotu izan dugula. Adibidez, aspertuta edo haserre gaudenean, txokolateari, gominolei edo opilei heltzen diegu. Horiek sasi plazer azkarreko sentsazioa eragiten digute garunean, baina baita txantxarra, obesitatea, hesteetako arazoak, zapore “bizi”etarako joera eta, aditu askoren ustez, nolabaiteko “mendekotasuna” ere eragiten digute. 

Horregatik, garrantzitsua da ondoez-emozioak murrizteko alternatiba edo ordezko aukerak ematea, adibidez, beste era bateko janariak (platano, anana, fruitu lehor edo esnekiekin, beren triptofano edukiagatik eta beste elementu batzuengatik energia izaten edo lasaitzen laguntzen digute eta), edo beste jarduera batzuk, adibidez kirola, etxetik kanpoko aisialdia, mahai-jokoak edo pantaila bako beste batzuk, eta, batez ere, emozioak kudeatzen laguntzea, emozioen heziketa emozionalean egiten dugun lan edo beharrarekin. Askotan, aspertuta iristen direnean eta protesta egiten dutenean, guk geuk ematen diegu euro bat litxarreriak eros ditzaten, edo telefono mugikorra uzten diegu jolasteko, asperdura hori beste modu batean kudea dezaten probatu beharrean. 

Izan ere, saiatzen jarraitu behar da, ama gisa aitortu baitizuet ez dela erraza, batez ere supermerkatua elikagai prozesatuz beteta dagoelako, eta horiek zaporez gozoak dira, eta eskatzen duten ahalegin bakarra kutxatik ateratzea da. Nire alabari jateko tortilla bat prestatzea txokolatearekin gailetak jartzea baino gehiago kostatzen zait. Baina jabetu behar dugu obesitatea gizarte honetako arazo handienetako bat bihurtzen ari dela. Zehazki, 3 eta 8 urte bitarteko haurren % 40k obesitatea edo gehiegizko pisua dute Espainiako estatuan. Hau da, adin horretako neska-mutikoen ia erdiek pisu-arazoak dituzte. Oso portzentaje altua da.Eta zoritxarrez, horrek osasun-arazo asko ekarriko dizkie helduaroan. Beraz, hobe dugu gure ohiturak aldatuz joatea, hori bai, inposatu barik.

Andrea Alfaro. BBK Family

Online tailerra: Haurren elikadura osasungarria eta jasangarria bultzatzea

Begoña Ruiz gure lankide, psikologo, gizarte-hezitzaile eta psikomotrizistak “Familia inplikatzeko giltza emozionalak” hitzaldia emango du AZTIk sustatutako tailerraren barruan. Bertan, haurren eremuan elikadura osasungarri eta jasangarria sustatuko duten jarduera bateratuak eta ekintza artikulatu eta eraginkorrak diseinatzeko lan egingo da.

Gehiago jakin gura baduzu, argibide gehiago hemen jaso dezakezu.

BBK Family Learning

×