Bestelako eguberriak: zelan azaldu gure seme-alabei?

“Aurten ez dago Erregetako Kabalgatarik? Eta Erregeek ez didate oparirik utziko?”, “Gabon-gauean ezingo gara familia osoa elkartu? Zergatik?”, “Bai aspergarria, aurten ez dago Umeen Gabonetako Parkerik!”

Tradizioak eta erritualak (batez ere, familia-kutsu afektibo positiboa dutenak) garrantzitsuak dira umeentzat, segurtasuna ematen diete eta. Gabonak erritual jakin batzuekin lotzen dituzte haurrek, eta erritual horiek familian jolasteko denbora, aisialdiko jarduera bereziak eta afektua partekatzeko eta familia batekoa izatea ospatzeko uneak dakartzate berekin. Horregatik, aldaketa posibleen aurrean dituzten zalantzak argitu eta elementu horiek guztiak indartzen jarraitu beharko dugu beste “bertsio” berri batzuekin. Ikus ditzagun lagun diezaguketen ideia batzuk.  

ALDAKETAK AZALTZEKO IDEIAK

ENTZUN

Berba egin aurretik, garrantzitsua izango da haien galderak, zalantzak eta kezkak “entzutea”. Eta hortik abiatuta, bere gogoetak egitera gonbidatuz erantzun ahal izatea (ume bakoitzak bere adin edo izaeragatik ahal duenaren barruan). Batzuetan, zuzenean joaten gatzaizkie helduon munduko “geure film” edo pelikula kontatzera, eta interesgarria da lehenik eta behin jakitea “zein film” duten eurek buruan. Beti izaten dutelako baten bat… eta izan daiteke komedia, drama, beldurrezkoa, suspensezkoa, … Buruan zer duten jakinez gero, hobeto egokitu ahal izango gara.

ARGITASUNA EMAN

Pertsona helduok gaizki eroaten dugu ziurgabetasuna eta, batzuetan, ahaztu egiten zaigu haurrei ere ez zaiela gustatzen eta segurtasunik eza sortzen diela. Horregatik, ahal dugun neurrian, orainaldiko eta etorkizun hurbileko informazioetan zelanbaiteko argitasuna eman beharko genieke. Gabonetan eragin diezaieketen aldaketak edo mugapenak ongi kontatu eta azaldu behar zaizkie. Haien adinera egokitutako berbazko hizkuntza eta hizkuntza emozionala erabiliz eta “emozionalki gainezka” egin barik.

Interesgarria izango litzateke azaltzea mugek eta aldaketek ez dutela zerikusirik “jan” gaitzakeen “zomorro gaizto” bat egotearekin edo Gobernuak gu “izorratu” gura izatearekin. Baliagarriagoa izango da elkartasunaren ideian arreta jartzea. Osasuntsu egoteko jagon edo zaindu gura dugu geure burua eta, horregatik, beharrezkoa izango da gauzak beste era batera egitea. Ume txikerrenekin fantasiaren zenbait elementu sinboliko ere “gogora ekar” daitezke.  Jendea babestu gura duen “superheroi solidarioaren irudizko jantzi” bat imajina dezakegu. Eta jantzi horrek izan ditzake maskara, eskuak garbitzeko xaboia edo gela, ikusi edo ukitu ezin dituen pertsonekin berba egiteko interkomunikazio-sistema bat, musu eta besarkaden jaurtigailu birtual bat, … Superheroi bat distantziak errespetatzen dituena, zaintza-burbuilak sortzen dituena, …”

ZINTZOTASUNA ISLATU

Gai hauetan ere zintzoak izan behar dugu gure seme-alabekin. Esan behar diegu gauza batzuk ez dakigula zelan eta noiz izango diren. Gezurra esatea baino hobe da hori. Honelako zerbait ere esan diezaiekegu: “Jakiten dudanean esango dizut” edo “Informazioa bilatuko dut zuri esateko”.

Geure emozioekin ere zintzoak izan behar dugu. Gure seme-alaben aurrean “gainezka” egin barik, esan dezakegu: “Niri ere pena ematen dit aurten PINera ez joateak”, “Nik ere badut beldur pixka bat etxeko norbait kutsatuko ote den”, “Ni ere apur bat haserretzen nau familia ikustera ezin joateak”. Gure emozioekin zintzoak izanik eta gainezka egiten utzi barik, eredu izango gara haiek bereak adieraztera animatzeko.

ITXAROPENA EMAN ETA BESTE AUKERA BATZUK BILATU

Pertsonok itxaropena sentitu behar dugu epe laburreko proiektuak sortuz. Gabonetako plan batzuk mantendu ahal izango dira eta beste proposamen batzuk berriak izango dira. Ziur gaude aurkituko ditugula ordezko aukerak Olentzeroren etorrera ospatzeko, egun horietan ikusi ezin ditugun pertsonekin komunikatu eta haiei maitasuna erakusteko, aire librean edo beste testuinguru batzuetan aisialdiko jarduerak egiteko, eta jolasaren bidez beldurra, tristura, alaitasuna … adierazteko. Ziur egon gure seme-alabei zer egin dezakegun galdetu eta aukerak bilatuz gero, ideia baliotsu asko agertuko zaizkigula.

LABURTUZ…

“Gabon-gauean elkartu ahal izango gara izeko-osabekin, lehengusu-lehengusinekin, aitona-amonekin … ?”

  • Beste galdera batekin erantzun: “Zer uste duzu zuk?”
  • Gogoeta egitera gonbidatu: “Zergatik uste duzu hori?” 
  • Informazio “argia” eman: “Ezinezkoa da. Gure burua zaintzeko, beharrezkoa da hainbeste pertsona elkarrekin ez egotea. Aurten geure etxean geratu beharko dugu guk, eta aitona-amonek eurenean”.
  • Emozioak baliozkotu: “Badirudi horrek triste jartzen zaituela, ezta?”
  • Zintzoak izan: “Niri ere pena handia ematen dit… Tamalgarria da.” 
  • Aukera-proiektuak: “Zure ustez, zer egin dezakegu zelanbait ere haiekin ‘egoteko’? Zer bururatzen zaizu?”

Zenbait ipuin aipatuko dizkizuegu, neska-mutikoekin aldaketaren ideia lantzeko lagungarri izan daitezkeenak, egun horietarako familia-aisialdiko proposamen batzuk, eta hurbilen dugun edo hainbeste ikusi ezingo dugun jendearekin harremanetan jartzeko, jolasteko eta afektua adierazteko formula batzuk.

IDEIA BATZUK

IPUINAK

  • Cuentos para una nueva realidad. Begoña Ibarrola-Marisa Morea. Argitaletxea: Planeta
  • Hasta que podamos abrazarnos. Eoin McLaughlin. Polly Dunbar. Argitaletxea: Algar.
  • Un virus llamado amorAna María González Herrera, Susana Rico Calleja. EL DODO LECTOR.
  • Cosas que cambian y que a veces nos asustan. Sonia Sanabria eta Robert Garcia. Carambuco Ediciones
  • Con calma. Rachel Williams eta Freya Hartas. Argitaletxea: Flamboyant.

AISIALDIKO AUKERAK

  • Bisitak eta tailerrak museoetan. Web-orri honetan Bizkaiko museoak aurki ditzakezue, eta horien webguneetan klikatuz, haur eta familientzat zer jarduera antolatu dituzten ikusiko duzue. 
  • Herrian edo hirian ibilaldiak, Gabonetako argiak ikusteko; parkeetan, kirol kantxetan, pilotalekuetan, … aire zabaleko jolasak egiteko. Udal batzuek kabalgaten ordezko jarduerak diseinatu dituzte Olentzero eta Erregeak ikusi ahal izateko.
  • Zinemara edo udalek eta beste erakunde batzuek antolatutako kultura-jardueretara joan. Esteka honetan Bilboko Udalak eskaintzen dituenak aurki ditzakezue. ABAO TXIKIk ere programatu du musika-jardueraren bat.
  • Kirol-jarduerak, aire zabaleko familia-dinamikak, naturari eta tradizioei buruzko esperientziak, … Adibidez, Sopelako patinaje-pistara joan zaitezkete, edo Getxoko Ingurumen Gelak, GorbeiaEuskadik … antolatutako ekintzetara.
  • Naturara irteerak. Naturak emozio atseginekin lotu edo birkonektatzen gaitu. TurismoVasco.com estekan haurrekin egiteko ibilbide batzuk daude, horien artean batzuk Bizkaian. Hemen ere aurkituko dituzue zenbait ideia:  Zazpi bidezidor umeak lez gozatzeko (El Correo)

DISTANTZIATIK (gertutik edo urrunetik) MAITASUNA ADIERAZTEKO

Komunikabide analogikoak eta digitalak erabiliz, familiarekin harremanetan jar gaitezke, jolas-dinamika batzuk mantendu eta gure afektua adierazi. Lagun diezaguketen ideia batzuk:

  • -Maite ditugun pertsonei eskerrak emateko GUTUNAK IDAZTEA, MARRAZKIAK edo beste sorkuntza-lan batzuk egitea, 2021erako desio-kutxak sortzea, elkar maitatzeko ditugun arrazoiekin ontzi bat betetzea… Posta arruntez, telefono-mezuen bidez, bideokonferentzia bidez … parteka daitezke. Edo argazkien bidez, irakurriz … 

  • -Gure familiaren historiarekin IPUIN EDO LIBURU BAT SORTZEA eta partekatzea.  FAMILIAKO ARGAZKI-COLLAGE bat ere sor dezakegu.

  • -Maitasunezko, umorezko, afektuzko … MEZU MISTERIOTSUEKIN jolastea, horiek asmatzeko kodeak erabiliz (falta diren letrak, zenbakizko konbinazioak, emojiak erabiliz, …). KARIKATURAK ere egin ditzakegu. Familiako kideak aukeratu edo zozketatu egingo ditugu, eta pertsona bakoitzak egokitu zaion senidearen karikatura bat egin beharko du. Ondoren, argazki-mezu bidez edo bideo-dei bidez bateratuko ditugu.

  • URRUTIKO MAHAI-JOKOAK. Zenbait aplikaziok bingo, Monopoly, Konekta 4 eta abarretan jolasteko aukera ematen digute urrutitik.

MIMIKAZ ADIERAZITAKO FILMAK ASMATZEA. Hau klasiko bat da, orain bideo-dei bidez egin dezakeguna.

  • MUSIKA-PLAYLIST. Pertsona bat besteen gustuko abestien izenburuak jasotzen joan eta playlist bat sortzeaz arduratuko da. Gero esteka hori beste guztiekin partekatuko du. Hau, nerabeen esku utz dezakegu, adibidez.

  • GABONEN INGURUKO ERRONKAK. Etxe bakoitzean egin beharreko erronkak elkarri bidali, eta egun batean argazki edo bideo-dei bidez erakuts ditzakegu. Adibidez, Gabonetako apaingarri originalena egitea, ahal den diru gutxien gastatuz eta birziklatutako material gehien erabiliz. Dantza originalena Gabon-kanta batekin …

  • ONGI SENTIARAZTEN GAITUZTEN GAUZEN ZERRENDA. Irribarre eginarazten diguten eta ondo sentiarazten gaituzten eguneroko gauzen zerrenda egin eta partekatzea:  besarkada bat, putzu edo potxingoetan saltoka ibiltzea, txokolatea txurroekin jatea, zuhaitzen soinua entzutea, ipuin bat irakurtzea, …

Edozelan ere, familia askok elkarrekin denbora pasatzeko, elkarrekin (bir)topatu eta hurrengo urtera begiratzeko … aprobetxatzen dugun garaia izaten jarrai dezakete Eguberriek. Saia gaitezen halako “magia” batez geure buruak kutsatzen…  gehiago edo gutxiago sinetsi ospakizun eta jaiegun hauetan. Beti da une egokia familian maitasuna partekatzeko eta adierazteko. GABON!

“Eguberri goizean esnatu zen. Hainbeste egun bero egin ostean, negua iritsia zen eta hotz zeukan… Nagiak atera, gosaldu, hortzak garbitu eta kalera irteteko “bere jantzi eta bitxi onenak” hartu zituen… Bazekien urte hartan gauzak bestelakoak izango zirela… eta, hala izanik, bere ilusioa partekatzeko irrikaz zegoen.Urtero, bere magia-distirak bidaltzen zituen herri eta hirietara, pertsonek afektuzko brisak sentitu eta parteka zitzaten modu berezian… Batzuek alaitasunez berriz elkartzeko, ospatzeko eta besarkatzeko uneak bizi izaten zituzten…Asko, menuak partekatzeko eta opariak elkarrekin aurkitzeko jakin-minez… Beste batzuek zelanbaiteko tristuraz egiten zuten, maite zituzten pertsonak jada ez zeudela gogoratuz…Hainbatek beste batzuekin mendira igo edo maratoia egitean lorturiko lasaitasunez… Eta beste batzuek, ahal zutena egiten zuten… Oraingoan Eguberrik bi osagai sartu zituen bere magian: itxaropena eta elkartasuna. Ziur zegoen horrek pertsonei maitasunaren magia eta gauza txikien balioa bizitzen lagunduko ziela, nahiz eta zailtasunak egon arnasa hartzeko, elkartzeko, ukitzeko, besarkatzeko, musukatzeko, …”.  Prestaturik zaude magiarako? 

Bego Ruiz, psikologoa eta hezitzailea

Iruzkinak itxiak daude.

BBK Family Learning

×