Berrogeialdian zehar ditugun eta izango ditugun aldaketa emozionalak

cuarentena en casa en familia

Eta zer egin dezakegun horiei aurre egiteko.

Umeekin berrogeialdian gauden pertsona helduok ez daukagu batere egoera erraza egunotan. Lehen orduak edo egunak baino ez dira eta batzuetan kosta egiten zaigu. Izaten ditugu betetasun-uneak, eta horietan gozatu egiten dugu familian jolas batekin, irakurketa batekin, barre batzuekin. Eta beste une batzuetan neba-arreben arteko borrokak sortzen dira, “aspertutanao” esaka hasten dira, edo, besterik gabe, ezinegona sortzen da aurrean dugun denboraz ohartu eta pentsatzean.

Une horietan, niri behintzat, nolabaiteko urduritasuna, antsietatea eta beldurra sortzen zaizkit ez ote naizen neure buruari eusteko gai izango, gero nire familiari eusteko. Eskertzen dut bunker honetan bakarrik ez egotea eta ardura hori beste pertsona heldu batekin partekatzea. Eta horrek aita-ama asko dakarzkit burura, bakarrik, beren seme-alabekin  egoera honi aurre egin beharrean daudenak.

Egun hauetan kanpoko mundutik iristen den informazioa asko babesten saiatzen gara, txikerrek beldurrik eta urduritasunik bizi ez dezaten; baina, aldi berean, beste batzuekin konektatu beharra dugu bizitzen diharduguna partekatzeko, eta borroka honetan bakarrik ez gaudela sentitzeko.

Teknologia berriak, konektaturik egoteko

Esperimentatu dugun eta gure sozializazio-gaitasuna eta -beharrizana erakusten duen beste aukera bat da whatsapp bidez bideoak partekatzea: barrea eragiten digute eta pertsona batzuek duten adimena ikusarazten digute; edo telefono-deiak egitea, bideo-deiak egitea, topaketa birtualak…

Adibidez, nire familiak igandean aperitiboa koadrilan hartu zuen.  Aurreko igandean txibierroak auzoan hartu zituen koadrila berak oraingoan bideo-dei bidez egin du. Hitzordua genuen, eta familia bakoitzak prestatu zuen zer trago hartu eta zer mokadu jan…

Edozein igandetan gertatzen den bezala, lehen bost minutuak elkarrekin, gero helduak elkarrizketa batean, eta txikerrak beste batean, eta jakina, tartean jolas eta jokoak.

Txorakeria bat, ezta?  Edo ez hainbeste … zeren eta animatu egiten baitu, arima eta eguna pozten dituelako, gaiez aldatzen laguntzen diguten elkarrizketak izaten ditugulako, etorkizuna sortzen duelako eta, batez ere, maite dugun jendea ere gu bezalaxe dagoela gogorarazten digulako. Denok gaudela ontzi honetan eta, bunkerra gorabehera, elkar entzun, babestu eta laguntzeko aukera dugula. Urruntasun fisikoa da aldea, baina oraindik aukera asko ditugu distantzia emozionalari eusteko hurbil-hurbil.

Teknologia berriek aukera asko ireki ahal dizkigute alde horretatik, eta neska-mutikoek lagunekin harremana izatea beti etorriko zaigu ondo. Entretenitzeko, dibertitzeko, berritzeko eta gizarte-trebetasun berriak ikasteko modu bat da, teknologia horien erabilera arduratsua irakasteko modu bat…

Baina ez dezagun ahaztu guri ere, helduoi, ondo datorkigula erreferente positibo izaten jarraitzeko bunker honen barruan.

Egun hauetan, zuen bunkerrean buru zaretenok elkarrizketa-gune bat behar baduzue lidergoa berreskuratzeko, gurekin jar zaitezkete harremanetan bbkfamily.eus webgunean.

Ainhoa Allende. BBK Family.

BBK Family Learning

×