Berrogeialdia aprobetxatu seme-alaba nerabeekin ondo egoteko

padre con hijo adolescente

Asier Gallastegirekin, aholkularia, hezitzailea eta coach, berrogeialdian seme-alabekiko komunikazioa hobetzeari buruz hitz egiten dugu.

Berrogeialdia nerabeekin oso gai potoloa da. Gatazka saihestu behar dugu, malguagoak izan behar dugu, edo zer egin behar dugu?

Baten bizipena eta bestearena ez dira berdinak. Estresagarriak iruditzen zaizkigun testuinguruek lehendik zegoen musika ozentzeko balio dute. Zerbait apurtzen ari dela ematen badu, hauskor zegoela pentsatu behar dugu. Une egokia da gogoeta egiteko, eta bestelako zerbait proposatzeko.

Egoera honek gatazka-gai batzuk kentzen dizkigu: ordutegiak, irteerak …  baina beste batzuen aurrean jartzen gaitu: ordutegiak, errutinak, ikasten emandako denbora, mugikorraren inbasioa, etxea mantentzeko lanak …

Une berezia da guztiontzat, eta arrotz edo ezohikoa delako abagune bat ere izan daiteke, gauzak beste era batera egiten probatzeko. Nerabe gazteak dituzten gurasoei galdetuko nieke: zenbat denbora da horrenbeste asti ez zenutela seme-alabekin egoteko? Nik aitortzen dut gozatzen ari naizela.

Gurasoek diote, batzuetan, ez dakitela nerabeak beraiek diren edo euren seme-alabak.  Azkenean hauek baino garrasi gehiago egiten dute haiek, eta “nire txarrena ateratzen dit” esaten dute. Izan ere, askotan elkarrizketak gatazka bihurtzen dira. Zer egin dezakegu?

“Nire txarrena ateratzen dit” esaldiak deabruzko jabetza-edo dirudi (barre-karkarak). Irudi luke ezin dutela beren kabuz erabaki. Ulertzen dut une batzuetan desadostasun batek nekatuta edo ustekabean harrapa gaitzakeela, eta horrelakoetan modu defentsiboan sar gaitezkeela gure emozio guztiarekin. Egoera edo leku horretatik pasa gaitezke, baina ez hor geratu.

Gure lekua beste bat da. Ez genioke geure buruari utzi behar hezkuntza-harremanean espontaneoak soilik izaten. Emozionalak eta naturalak bai, erreaktiboak ez. Airea hartu, distantzia hartu, eta aukeratu zer emoziotatik hurbilduko garen, edo zer emoziotatik azalduko, ulertuko… dugun.

Interesgarria izan daiteke une batez hausnartzea zein diren gatazka handiena sortzen duten egoerak. Une batez geldi geratu eta gertatzen denari buruz zerbait ikasi behar dugu. Batzuetan gauza garrantzitsuez ohartuko gara. Batzuetan gure gurasoen etxean garrantzitsuak ziren gauzak dira, eta erlatibiza ditzakegunak, adibidez.

Zelan aprobetxa dezakegu berrogeialdia gure harremana hobetzeko? Gure seme-alabekiko harremana hobetzeko gako batzuk eman ditzakezu?

Gure etxean erabiltzen ditugun gako batzuk partekatu ditzaket, beste guraso batzuekin berba egin baitut galdera honen inguruan. Ziur antzeko gauzak egiten dituzuela:

  • Batetik, elkartzeko eta elkarrekin jarduteko espazioak eta, bestetik, distantzia eta gozamen banakoago eta bakartuagorako tarteak uztartzea. Tartekatzea, batetik, aisialdia eta lana, geruza digitalari lotua, eta kanpoaldearekin konektatzen gaituzten gailuen erabilera, eta bestetik, konexio pertsonalagorako eta etxean bizi garenon arteko konexiorako beste jarduera batzuk.

  • -Premia partekatuak aprobetxatzea, bestelako dinamikak eta topaketarako baliagarriak direnak aktibatzeko. Adibidez, familian gimnasia egiteko saio bat, gure seme-alabek proposatzen diguten youtubeko kanal bati esker.

  • -Etxeko lanak banatzea. Lehen ere egiten bagenuen, oso ondo. Ez bagenuen egiten, oraingoa une ezin hobea da hasteko.

  • -Suertatzen den une bakoitza aprobetxatzea gure seme-alabentzat garrantzitsuak diren gaiei buruzko interesak eta elkarrizketak sustatzeko. Mutiko txikerra lagunekin online jolasten entzun, eta bat-batean gehiago jakingo dugu harremanak izateko moduei buruz. Neskato zaharrena telesail berri bat ikusten hasten da, osasun-krisi honetaz irakurtzen ari dena eta bere iritzia eta abar kontatzen digu.

Gure seme-alabei gauzak esateko modua hobetu beharrean gaude?

Galdera horri ezetz erantzutea ez dugula zertan hobetu esatea litzateke. Eta horrek ez du zentzurik. Beti dago hobetzeko tartea gure bizitzako alderdi guztietan. Garrantzitsua da jabetzea gure bizitza osoan zehar ikasi behar dugula. Eta bada elkarrizketa-maila bat nire ustez guztien artean garrantzitsuena eta batzuetan ahaztu egiten zaiguna.

Oso garrantzitsua da geure buruarekin gehiago eta hobeto berba egiten ikastea. Ditugun elkarrizketen kalitatea erabat baldintzatzen du gure gogoetarik pribatuenetan geure buruari errealitateaz kontatzen diogunak. Garrantzitsua da gure seme-alabekin, bikotekidearekin eta lankideekin gura duguna hobeto adierazten ikastea.

Gure seme-alabekin harreman oso ona baldin badugu, zerbait huts egiten ari dela esan gura du?

Nik ez dut horrela ikusten. Nire ustez, galdera horren atzean hipotesi hau dago: lotura erraz eta arin baten atzean permisibitatea eta mugarik eza egon daitezkeela. Bat nator zenbait gauzarekin: marra batzuk jarri behar dira gainditu behar ez direnak, ahaleginaren garrantzia gogorarazi behar zaie, eta gure energiaren zati bat ikasten eta ikaskuntzari lotuta jarraitzeko erabili behar dugu.

Nire ikuspuntutik, gatazka handiak sortzen dira gurasoek jarraibide horiek ematen ez ditugunean eta arauen eta balioen esparru-argi bat marrazten ez dugunean. Ariketa horren ondoriozko desadostasunak askoz ere txikiagoak iruditzen zaizkit, dena muga barik baimentzearen ondoriozkoak baino. Ziur nago badakizuela zertaz ari naizen.

Nerabezaroa etapa lasaiagoa izan dadin, zerbait egin dezakegu aurreko etapetan?

Bai, noski. Batzuetan guraso kezkatuekin egiten dut topo, adibidez, beren seme-alabek gailu teknologikoen aurrean pasatzen duten denbora pilaz. Nik galdetu ohi diet zelan entretenitzen zituzten askari edo merienda egiten zuten bitartean, isiltasun pixka bat behar zutenean…  

Ume bati eskatzea ez dezala online jolastu mugikorrean hiru urte igaro dituenean marrazki bizidunak ikusiz merienda egiten, porrot egingo duen elkarrizketa iruditzen zait. Une bakoitzean ari gara gure seme-alaben izaera, nortasuna eta jarrerak eraikitzen. Imajinatuko duzue gure seme-alaben bizitzako etapa horietako bakoitzaren kudeaketan ere munduan egoteko gure modua eraikitzen ari garela.

Zure ustez, zer ikas dezakete gurasoek zure ikastaroarekin: “Seme-alabekiko komunikazioa hobetzea”?

Nire ustez, aukera bat da gelditzeko, hausnartzeko eta hurrengo solasaldira kontzientzia gehixeagorekin hurbiltzeko. Gure elkarrizketen eraginak eta gako sinple batzuk ezagutzeak apur bat beste era batera berba egiten lagun diezagukeela uste dut. Aldaketa txiki bat, baina handia izan daitekeena.

Asier Gallastegik “Seme-alabekiko komunikazioa hobetzea” ikastaroa online egin gure baduzu, eman izena gure plataforman, dohainik da.

BBK Family Learning

×