BBK Family berritu egin da zuretzat

Mejora la comunicación

Joan zen azaroan bi urte bete zituen BBK Familyk. Baina ez edozelako bi urte, baizik eta pandemia bat ere tartean izan duten bi urte. COVID-19ak ekarri duen gaixotasuna, birusaren ondorioz hil diren pertsonak… hori guztia suntsitzailea izan da. Egia esateko, denbora asko beharko dugu bizi izan dugun guztia asimilatu edo barneratzeko, doluak egiteko eta ziurgabetasunean bizitzen ikasteko,  oraindik ez baitakigu etorkizunak zer ekarriko digun.

Aldi horretan, gure helburu nagusia familiekin egotea izan da, haiei lagun egitea, ahal izanez gero laguntza ematea, eta, horretarako, entzutea izan da gure tresna nagusia. Asko gustatzen zaigu behar dutena kontatuz idazten digutenean, edo eskerrak ematen dizkigutenean aholku baliagarri bat edo, beste barik, une atsegin bat eman diegulako. Horiek izan dira BBK Familyk denboraldi honetan jaso dituen sariak.

“Eskerrik asko jasotako tresnengatik. Horiek praktikan jartzea eta eraginkorrak izatea espero dugu. Egia esan, batzuetan ez da erraza egunero agertzen diren arazoak konpontzea, baina pertsona batzuek beren babesa eta jakinduria ematen digutela jakiteak seguruago sentiarazten gaitu”.

Horrelako mezuek, aholkularitza-zerbitzuaren erantzuna jaso ostean, jarraitzera bultzatzen gaituzte. Gauza bera Elisa Álvarezek, haurren eta nerabeen gaitasun intelektualak modu integralean artatzen dituen proiektua den INTERACeko zuzendariak, “Bat ez etortzearen ondoeza” artikulua idatzi zuenean BBK Familyn, gero mezu bat bidali baitzigun esanez ama batzuek negarrez deitu ziotela, azkenean bazekitelako zer gertatzen zitzaion beren seme edo alabari.  Izan ere, BBK Familyn zubi-lana ere egin gura dugu dauden zerbitzuen eta familien artean. Askotan ez ditugu ezagutzen haurtzaroan eta nerabezaroan lanean ari diren erakundeak, eta, horregatik, aurten “Gaur ezagutuko dugu…” atala abiarazi dugu, hainbeste poz eman dizkiguna.

Ildo horretatik, aurten, jada labean dagoen webgune berriarekin, baliabideen gida jarriko dugu martxan, familia batek hainbat arlotako (elikadura-jokabidearen nahasmendu, logopeda, haur-masaje, ludopatia eta abarretako) profesional bat behar duen unean erreferentzia-leku bat izan dezan begiratzeko.

Beti geratuko zaigu umorea

Baina denbora honetan guztian denetarik egon da, baita umorerako uneak ere. Okerren geundenean, iazko martxoan, apirilean eta maiatzean, gure etxeetan itxita, Gemma Martinezek, “Muturreko hazkuntzarako aholkuak” atalarekin, konfinamenduaren larritasuna arindu zigun apur bat. Ez utzi ikusi barik Gemmak itxialdia egunez egun zelakoa izan zen kontatu ziguneko bideoa. Ondoren, Txemi Parrak hartu zuen lekukoa guri barre eragiteko. Bikotean sexuari buruzko bideoa gomendatzen dizugu.

Izan ere, BBK Familyn bizitza umorez ere hartu behar dela uste dugu, eta horregatik sortu ziren aurten podcastak; horietan Bego Beristainen eskutik, hazkuntzaren egunerokoa modu dibertigarri eta atseginean kontatzen dugu, baina aholku oso baliagarriekin, batzuetan geure burua sartzen dugun Hazkuntza-labirintoetatik onik ateratzeko.

Haur eta Nerabeei Tratu Ona emateko kanpaina

Esan dugun lez, BBK Familyren helburua da familiei laguntzea seme-alabak hazten eta hezten, eta, horregatik, beraiek izan ziren aurtengo Tratu Onaren kanpainaren ardatza. Sei mila erreprodukzio baino gehiago dituen Ganar una infancia dokumentala izan zen sentsibilizazio-proiektu honen irteerako pistola-tiro edo abiapuntua, eta bi egunetan bi jardunaldi egin genituen, Pepa Horno psikologoa eta Francesco Tonucci psikopedagogoa bertan zirela. Online hitzaldi horietan, tratu oneko hainbat esperientzia azaldu ziren osasun, kirol, hezkuntza eta familia alorretatik, eta bertan izan ziren baita Atlantikoaren beste aldekoak ?Uruguai, Argentina eta beste herrialde batzuetakoak? ere; beraz, zirraragarria izan zen Bizkaiko proiektu batek mugak gainditzen zituela ikustea. Gaiak hain interes handia sortzen zuela ikusteak aldizkari bat argitaratzera bultzatu gintuen, bertan jasotzeko profesional horiek eman ziguten guztiaren laburpena.

Jardunaldi horiei esker, jakin genuen zelan alda daitekeen paziente baten arreta ospitale batean eta zelan hobetu daitekeen haren esperientzia, zer aldaketa egin daitezkeen eskola publiko batean haren ikaskuntza aberatsagoa izan dadin, edo zelan antzeman daitezkeen babesgabetasun-egoerak kirolaren eremutik, besteak beste.

Eta babesgabetasunarekin jarraituz, azaroaren 25ean hainbat artikulu argitaratu genituen genero-indarkeriari buruz. Horiei esker ezagutu genuen Bizitu elkartea. Beraiek esaten duten bezala, “Genero-indarkeriatik bizirik ateratako emakume-talde bat gara, eta guk bizi izan genuen indarkeria bera jasaten ari diren emakumeak hartzen ditugu. Samin edo oinaze hori ulertzen dugunez, harrera egin eta entzun egiten diegu epaitu barik. Orain dela urte batzuk hasi ginen, orduan ez zegoelako, ez ulertuak eta epaituak sentitzen ginenean, babestuko gintuen emakume-talderik. Babes horren bila, batu egin ginen, behar dutenei babesa emateko elkarri laguntzeko talde batean, esaten den guztiaren konfidentzialtasuna errespetatuz betiere”.

Indarkeria matxista pairatzen duen beste lagun bati laguntzen dion eta laguna dagoen egoeratik ateratzea lortzen ez duelako etsita dagoen baten ikuspegitik idatzi zuen Lara Rodriguezek “Ez zaitut ulertzen” artikulua. Eta, azkenik, Jorge Freudenthal-ek, IRSEko psikologoak, Gakoa programa azaldu zigun, EAEn genero-indarkeriari lotutako delituengatik kondenatutako gizonak birgaitzeko eta esku hartzeko programa.

BBK Family lehiaketa: Esperientzia berritzaileak kontziliazioan

Urtea amaituta, BBK Family lehiaketako sariak eman genituen. Aurten ere, guraso-elkarte batek, zehazki Zallako Mimetiz eskolakoak, irabazi du lehen saria.

“Zaindu ditzagun zainketak: guztion ondasun bat” zen aurtengo leloa. Eta zaintzei buruz berba egiteko Marije Goikoetxea, Eva Fernandez eta Porfi Hérnandez egon ziren. Laster argitaratuko dugu bideo bat sariak banatu aurretik izandako elkarrizketa interesgarriarekin.

Zainketei buruz asko berba egin dugu BBK Familyn. Eta, besteak beste, geure buruari galdetu diogu zergatik egiten ote dituzten ia beti emakumeek, eta zaintzen duten erreferente maskulinoen beharra erreklamatu dugu.

Lehiaketaren bi edizioetara itzuliz, arantzatxo bat daukagu sartuta: lehiaketa honetara ia ez da enpresarik aurkezten, eta, beraz, hemendik kontziliazioaren aldeko apustua egitera animatzen ditugu enpresak. Horrek dakartzan onurei erreparatu besterik ez dago, kontziliazio on batek familien bizitza hobetzen baitu.

Haurdunaldia eta erditzeko prestatzea

Amaitzeko, hasten den lekutik egin gura dugu, haurdunalditik. Konfinamenduan zehar, iaz, erditze aurreko eta erditze osteko ikastaro bat jarri genuen martxan gure BBK Family Learning plataforman, eta harrera bikaina izan zuen, aurrez aurreko eskolak bertan behera geratu baitziren.

Aurten, urrian, normaltasunera gehiago hurbiltzen ari ginela uste genuenean, aurrez aurrekora itzuli gura izan genuen, batez ere ama izango zirenekin, baina baita aita izango zirenekin ere.  Jada hori egin genuen Mar Romerarekin, urriaren bostean EHUko Michelena aretoan egin genuen hitzaldian: “Gure seme-alaben ongizatea, zer egin dezakegu?”. Beraz, gure hurrengo abentura beraiekin izatea gura genuen.

Azaroan, Bilboko Santutxu auzoko eta Getxoko Erromoko BBKren Haur Eskoletan haurrentzako masaje-ikastaroak eskaini genituen, eta bertan izan ziren haurdun zeudenak bikotekideekin edo bakarrik, baita gurasoak umetxo jaioberriekin ere, eta oso giro polita sortu zen.

Horregatik, gure itxaropena da koronabirusak tregoa edo atsedena ematea eta bidea hasieratik hasi ahal izatea gurasoekin, eta beraiei lagun egitea, gu hor egotea behar gaituztenerako. Azken finean, horixe egiten saiatzen gara BBK Familyn, zuekin, aita eta amekin, egon, eta ENTZUN. Beraz, eskerrik asko gurekin bidea jarraitzeagatik.

Ezagutu webgune berriaren nobedadeak

Artikulu hau irakurtzen ari bazara, gure webgune berrian nabigatu duzu. Entzuteko puntu berriak jarri ditugu, BBK Familyn zertaz hitz egitea nahi duzun, zer iruditzen zaizun eskaintzen dizuguna edo beste edozein iradokizun guri idazteko eta kontatzeko. Gainera, NEWSLETTER bat jarriko dugu martxan. Hitz ematen dugu ez garela astunak izango. Harpidetzen bazara, 15 egunean behin jasoko dituzu BBK Familyren nobedadeak. Gure tailerrak, ekitaldiak, bideoak eta artikuluak, nahi duzuna aukera dezazun.

Beste berrikuntza bat bilaketa-optimizazioak dira. Bi urte hauetan, ordenatu dugun material asko argitaratu dugu, eta oraindik ere hainbat kategoriatan ordenatzen jarraitzen dugu: lehenbiziko hilabeteak, 2 eta 5 urte bitartekoak, 6 eta 11 urte bitartekoak, Nerabezaroa, bikoteak, banaketa eta dibortzioa, hezkuntza.

Gainera, artikulu eta azterlanetan, alde batetik, BBK Familyren artikuluak argitaratuko ditugu, eta, beherago, bultzatzen ditugun azterlanak, hala nola 2020an aurkeztuko duguna, “Bizkaiko familietan duen eragina” izeneko Covid 19ko azterlana.

Kanal Familyn, astero bideo bat izango duzu, eta orrialdean behera zoazen heinean, bideoen sailkapen bat aurkituko duzu atal honetan: “Hazkuntzarako eguneroko gakoak”, “Hazkuntzan inspiratzen duten esperientziak”, “Hazkuntzan laguntzen diguten profesionalak” eta “familiek ere barre egin behar dugulako”. Mediatekan, halaber, behar dituzun materialak modu intuitiboenean bilatu ahal izango dituzu, barne-bilatzailearekin eta gaien arabera sailkatuta.

BBK Family taldea

Menu

BBK Family Learning

×