Barkamena eskatzea begiratzen ez jakiteagatik eta ikusi gura ez izateagatik

Barkamena eskatzea beharrezkoa da, alferrikakoa dirudien arren. Barkamena eskatzea kaltea aitortzea da, mina ohoratzea, merezi duen lekua ematea. Eta batzuetan, ez beti, justizia egitea dakar.

Haurren sexu-abusuen zifrek adierazten digute gure artean haur asko ari direla kalteak, askorentzat imajinaezinak direnak, pairatzen. Oraindik ikusten ez ditugun neska-mutikoak dira. Bostetik batek behin eta berriz errepikatzen ditu estatistikak. Eta badira, halaber, heldu, gizon eta emakume, asko eta asko beren baitan haur zauritu bat daramatenak, zeinarekin bizitzen ikasi duten, baina izututa, dardarka eta ikusi barik jarraitzen dutenak.

Non geunden gu hori guztia gertatu zenean? Non gaude orain horrelako egoera bat bizitzen jarraitzen duen ume bakoitzarekin? Barkamena eska diezaiekegu? Barkamena huts egin diegulako, ez garelako garaiz iritsi hori saihesteko, edo, behintzat, azkar edo beranduegi izan baino lehen detektatu ahal izateko. Izan ere, guretzat egun arrunt bat dena, haientzat izua, nahasmendua eta beldurra da (edo izan zen). Zer eskain diezaiekegu familia gisa?

Lehenik eta behin, eta garrantzitsuena, aitortu behar diegu itsumustuan gabiltzala, oraindik ez baikaude behar bezala hezi eta prestatuta haiek ikusteko. Ilunantzean gabiltza, baina orain, behintzat, badakigu hor daudela. Hasi gara ez ukatzen eta bai onartzen. Ezagutzen ditugu, agurtzen ditugu, batzuetan begirada huts batean, keinu latz eta mintsu batean edo isiltasun luze horretan sumatzen dugu haien mina. Beraz, begirada, keinu eta isiltasun horietako bakoitzaren atzean dagoen istorioaren bilaketa zor diegu. Ez utzi pasatzen, ez minimizatu herrialdearen edo familiaren izaerari leporatuz. Eta, jakina, ez barregarri utzi.

Barkamena eskatzea ez da keinu bat. Konpromiso bat da. Kontzientzia-konpromiso bat. Beste alde batera ez begiratzea da kontua. Entzutea, uneak eta guneak eskaintzea, beren mina epai edo kondenarik jaso barik kontatzeko aukera izan dezaten. Hunkidurazko isiltasuna, beste barik. Beste biktima batzuekin jazo edo gertatzen den lez. Ez esan hain anker eta bidegabeak diren gauza horiek: “Orria pasatu behar duzu”, “Ezin zara horrekin obsesionatu”, “Oso txikerra zinen, urte asko igaro dira, ez zen hain larria izango”, “Ahaztu egin behar duzu”. Ez tratatu “gaixo” edo “erotuta” baleude bezala, baizik eta direna lez: sufritutako pertsonak eta bizirauteko modu bat aurkitu dutenak.

Ez izan kondenarekin eta isiltasunarekin, erasotzailearen babesarekin eta barkamenaren ezarpenarekin iristen den abusu bikoitzaren parte: “Barkatu egin behar diozu, azken finean zure aita da… zure amona da … ez zekiten… ziur ez zutela horrelakorik gura”. Ez izan gizartearen isiltasunaren, gezurrezko usteen ondorio den jarrera horren parte: “Horrelakorik ez da hemen gertatzen”, “Ez nire familian, nire auzoan, nire jendearen artean”, horrelakoak “ezezagun, zoro edo bihozgabeek” egiten dituzte. Errazagoa baita geure buruari gezurra esatea egia onartzea baino. Eta, egia esan, erasotzen dutenak gure jende, gure familia eta gure gizarteen parte dira.

Eta hortik aurrera, begiratzeko, geure buruari galdetzeko, geure burua prestatzeko, erantzunak bilatzeko konpromisoa hartu. Deserosoak zaizkigun eta beldurtzen gaituzten galdera horiek egiteko konpromisoa hartu. Erantzunak beldurra ematen baitu. Ez badut galdetzen, ez dut inoiz entzungo jardutera behartzen nauen erantzunik.  Zuzenean galdegin diezaiekete pediatra batzuek: “Norbait ari zaizu min egiten, laztana?”. Patioan hurbildu eta irakasle batzuek esan diezaiokete: “Egunak dira triste ikusten zaitudala, amatatuta lez. Gura ez baduzu, ez didazu orain esan behar, baina jakin ezazu ikusten zaitudala, axola didazula, eta hemen naukazula, behar duzunean laguntzeko prest”. Ludoteka eta familia- eta aisialdi-guneetako hezitzaileek haurrei eta nerabeei nazkaz, beldurraz eta izua eragiten duten gorputz-sentsazio horietaz berba egin diezaiekete, identifikatzen ikas dezaten, iristen zaizkiela iristen zaizkienengandik.

Eta, batez ere, ez izan, telesail batean edo film batean abusuak pairatzen dituen protagonista bat agertzen denean, honelakoak botatzen dituzten familia horiek lakoa: “Gizatxar aluak halakoak! Jo eta akabatu egin beharko lituzkete! Nik ez dakit zer egingo nukeen hori gertatuko balitzaizue!”; horrela ematen den sentsazioa da gaiak gainditu egiten dituela, ez luketela jakingo zer egin edo modu oldarkorrean erreakzionatuko luketela. Izan ere, horrek asko zailtzen du abusuaren berri ematea, batez ere familia barrukoa bada. Alderantziz gertatzen da honelakoak esaten dituzten familiekin: “Zelan min egiten duen horrela sufritzen ikusteak eta norekin berba egin ez izateak! Ni txikia nintzenean ez zen gauza hauetaz berba egiten, baina oker geunden. Horretaz berba egin izan bagenu, gure gurasoekin horrelako filmak ikusi izan bagenitu, ez zen hainbeste kasu izango. Nik neuk uste nuen ezinezkoa zela hori zuei gertatzea, eta ez dut abusuez zuekin berba egin gura izan, horrela beldurrik izango ez zenutelakoan eta salbu egongo zinetelakoan. Hala ere, begira zer gertatzen den film honetan. Nik ez dut horrelako ama edo aita izan gura, gertatzen zaizuenaz, edozer dela ere, zuek nirekin berba egin ahal izatea gura dut, zeren beti egongo bainaiz hemen eta edozer konpondu ahal izango dugu kontatzen didazuen bitartean. Eta bakarrik ezin badugu, laguntza bilatuko dugu”.

Barkamena eskatzea gure aukera da. Gure konpromisoa. Guri barkatzea biktimen aukera da. Minaren integraziotik harago doan barkamena, lotura berreraikitzea dakarren barkamena, ezin da inoiz obligazio gisa planteatu, ez eta itxiera terapeutikoaren parte gisa ere, baizik eta aukera gisa. Sexu-abusuen biktimek, helduek eta haur eta nerabeek, barkatzeko eta ez barkatzeko eskubidea dute. Biak izan daitezke babesteko erabakiak. Besteak beste, barkatzeak berriro konfiantza izatea dakarrelako berekin. Eta hori egin ahal izan dezaten, lehenik eta behin konfiantzazko gizarte bihurtu behar dugu. Eta presentzia kontzientetik, prestakuntzatik eta entzutetik lortuko dugu. Eta familiaz, haurtzaroaz, afektuaz, indarkeriaz eta sexualitateaz ditugun ideiak zalantzan jartzetik. Ez omen dago ikusi gura ez duena baino itsu okerragorik. Eta gu, familia eta gizarte gisa, ikusten hasi gara. Oraingoz, ilunantzean.

Pepa Horno, psikologoa eta aholkularia haurtzaroan, afektibitatean eta babesan

BBK Family mediatekako material lagungarria:

BBK Family bideoak

BBK Family Learning

×